Hartz txiki
Artikulu hau hobetzeko lanean ari da wikilari bat. Hori dela eta, beharbada hutsuneren batzuk izango dira edukian edo formatuan. Mesedez, aldaketa handi bat egin baino lehen, eztabaida ezazu haren lankide orrian edo artikuluaren eztabaida orrian, erredakzioa koordinatzeko. |
Hartz Txiki | |
---|---|
Argitalpena | |
Sortzailea | Else Holmelund Minarik |
Marrazkilaria | Maurice Sendak |
Datu biografikoak |
Hartz Txiki Haur eta Gazte Literaturako pertsonaia literarioa da. Else Holmelund Minarikek sortu zuen 1957an, Hartz Txiki (Little Bear) deituriko liburuan eta Maurice Sendakek ilustratu zuen. Hartz Txikiren istorioak sei liburuz osatutako bilduman izan dira jasoak eta lehen bostak Manu Lopez Gasenik itzuli zituen euskarara 2015ean.
Gurasoekin landa inguruan bizi den eta lagunekin jolastea zein etxekoen maitasuna jasotzea gustuko duen hartz kumea da Hartz Txiki, zeinak abentura ugari biziko dituen Milia, Oilo, Katu, Ahate eta gainerako lagunekin.
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Inguratzen duen mundua ezagutu nahi duen asmo oneko hartz kumea da Hartz Txiki, lehen haurtzaroko haurren antz handia duena: onbera, hurbilekoa eta segurtasun afektiboa bilatzen duena.[1] Hartz Txikik, mundua ikertzeko gogo ase ezina duenez, bere adineko haurren antzera mugimenduaren askatasun beharra adieraziko du, nahiz eta amaren albora itzultzea ezinbestekoa izango zaion. Bi indar horien orekan garatzen da haurra.[2] Bide horretan, anitzak dira pertsonaia literario honen eskutik aurkezten zaizkigun gaiak, besteak beste: inozentzia, irudimena, segurtasunaren eta independentziaren beharra, amarekiko atxikimendua, familiaren maitasun beharra, laguntasuna eta umorea.
Sendaken iustrazioek ederki erakusten dute Hartz Txikiren irudimena, amaren sentimenduak, beraien arteko konplizitatea etab.[3] Gainera, hauek, errealismo narratibora gerturatzen badira ere, giza familia klasiko baten antzera jokatzen duten fantasiazko hartz familia bat irudikatzen dute.[1] Testu idatziari ñabardura berriak gehitu eta haien erakargarritasunaren iraunkortasunean eragin dute. Testu eta irudi bereizi ezinek Hartz Txiki eta Hartz Ama pertsonaiak istorioan zehar ondo zehaztuak gera daitezen ziurtatzen dute bereziki, kontakizunaren sinpletasuna eta hizkuntza zein sintaxi xumea ikusirik askok pentsa zezaketenaren kontra.
Hartz Txikiren ipuinek haurrentzako duten erakargarritasuna azpimarragarria da, pertsonaiaren irudimenezko munduan behin eta berriz sartzera gonbidatzen baitu irakurlea. Gainera, arreta handia jartzen da Hartz Amaren heziketa estilo pazientea azpimarratzerakoan, nahiz eta Hartz Txiki ez den haur errebelde baten gisakoa, guztiz kontrakoa baizik.[4]
Pertsonaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erdigunean beti Hartz Txiki egonik, ondorengo pertsonaiak ditu bidelagun:
Hartz Ama
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen liburutik agertzen da Hartz Txikirekin alboan.[2] Ama eta Hartz Txikiren arteko erlazioa, maitasuna, ardura; hasieratik ikus dezakegu ama dela Hartz Txiki zaintzen duena, horixe da bere lana, horixe betebeharra.[3] Beti eskaintzen dio babesa eta, haurraren amets eta jolasak errespetatuz, Hartz Txikiren jolas fantastikoei jarraipena ematen die.
Hartz Aita
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bigarren liburuan agertuko da. Aita arrantzalea da, hor zehar dabilena, eta munduari buruzko metaforak sortzeko motiboak dira Hartz Txikirentzat berak kontatutako istorioak: mundua zabala eta anitza da.[2] Munduarekiko ezagutza eskaintzen dio Hartz Txikiri.
Adiskideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oilo, Ahate, Katu, Hontza, Milia eta haren Luzia panpina.
Hirugarren liburuan adiskidetasuna zer den ezagutuko du Hartz Txikik, Miliaren eskutik batez ere.[2] Gainerako animaliak, lehen liburutik joango dira agertzen, Hartz Txikiren abentura eta jolasetan. Beti lagun, eskuzabal eta Hartz Txikiren fantasia eta ametsekin bat eginez.
Aitona-amonak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Laugarren liburuan agertzen dira, familia gunea eraikitzen.[2] Hartz Txikiren jolasekin bat egin, ipuinak kontatu eta maitasun giroan murgiltzen dute Hartz Txiki.
Bilduma
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bilduma sei liburuz osatua dago, bertan, Hartz Txikiren abenturak kontatzen dira. Lehen lau liburuen barnean lau istorio txiki kontatzen dira. Elkarrizketaz beteriko kontakizun labur horiek aske kontatzeko moduan proposatuak badira ere, liburu bakoitzak biltzen duen diskurtsoa eraikitzen da lauen artean. Liburu denek lotura dute beraien artean eta familia giroan kokatzen dira.[4]
- Hartz Txiki (2015): 1957. urtean argitaratua. Hartz Txiki aurkezten du. Bere kezka eta beharrak deskribatzen ditu. Hartz Amak, Hartz Txiki zaindu nahian, hotzetik babesten du, urtebetetze-tarta bat oparitzen dio, adarra jotzen dio ilargira joan nahi duela esaten dionean eta ipuina kontatzen dio lotara joan baino lehen. Liburu honen barnean agertzen diren istorioak:
- Zer jantziko du Hartz Txikik?
- Urtebetetze zopa.
- Hartz txiki ilargira doa.
- Hartz txikiren nahia.
- Hartz aita etxera dator (2015): 1959. urtean argitaratua. Hartz Aita arrantzan dabil etxetik urruti. Hartz Aita etxera dator eta bere bidaietan bizitakoa kontatzen dio Hartz Txikiri. Liburu honen barnean agertzen diren istorioak:
- Hartz Tixki eta Hontza.
- Hartz Aita etxera dator.
- Zotinka.
- Hartz Txikiren Itsaslamia.[2]
- Hartz Txikiren laguna (2015): 1960. urtean argitaratua. Hartz Txikik Milia izeneko neskato bat ezagutuko du eta adiskidetasuna zer den ezagutuko du. Liburu honen barnean agertzen diren istorioak:
- Hartz Txiki eta Milia.
- Ahate, umezain.
- Festa Hontzaren etxean.
- Zure laguna, Hartz Txiki.
- Hartz Txikiren bisita (2015): 1961. urtean argitaratua. Aitona-amonak Hartz Txikiren etxera doaz. Familia giroan kokatzen dira kontakizunak. Liburu honen barnean dauden istorioak:
- Hartz aitona-amonak.
- Hartz Amaren txantxangorria.
- Iratxoen ipuina.
- Nekerik ez.
- Musu bat Hartz Txikirentzat (2015): 1968. urtean argitaratua. Liburu hau besteengandik desberdina da. Jolas baten narrazioa burutzen du. Maitasuna aldarrikatzen duen musu kate batean oinarrituta, lagun artearen erretratua egiten du eta obra osoari biribiltasuna ematen dio.[2]
- Little Bear and the Marco Polo (2010).
Bildumaren liburuetan, haurraren egunerokotasuna eta ingurunea nolakoa den deskribatzen da eta haurrari bere ingurunearengandik zer espero dezakeen adierazten zaio.[2] Izan ere, Hartz Txikiren istorioen bitartez, hezteko modu lasai eta afektibo bat erakusten da: haurrak istorioetako protagonistak bilakatuz, gauzak norberak deskubritzeko aukera emanez, besarkatuz, ipuinak kontatuz, lagunekin jolastera animatuz…[1]
Kontakizunak sinpleak eta hizkuntza zein sintaxia xumeak izan arren, idazleak liburu bakoitzeko gaiak sakontasunez jorratzea lortzen du.
Hartz Txikiren sorrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Irakasle zen garaian, Else Holmelund Minarik idazle iparramerikarrak bere alaba txikia eta bere eskolako ikasleentzako istorioak idazteari ekin zion. Horrela sortu zen Hartz Txiki, 50eko hamarkada erdialdean. Garai horretan irakurketa errazerako haur liburu gutxi zeuden eta Hartz Txiki sailak arrakasta handia lortu zuen lehen irakurleen artean.[4] Heldu batek irakurriak izateko, bakarrik irakurtzeko, eta batez ere, irakurketan lehen pausoak ematen ari direnentzako sortu ziren liburu hauek.
Hartz Txikiren istorioek eskolan izandako arrakasta ikusita, Minarik New Yorkera joan zen editore baten bila. Argitaratu baino lehen, editore batek Hartz Txikiaren pertsonaia haur batenarekin aldatzea proposatu zion, bilduma argitaratu ahal izateko baldintza hori jarriz. Baina, ezezkoa eman eta idazle daniarrak ez zuen eskaera onartu. Haren hitzetan, bere hartz familiaren bitartez istorioen errealismoak erakargarritasun unibertsala lortzen baitzuen.[1] Hala, 2006 urtean elkarrizketa batean aitortu zuenez:
« | “Nire baitarako zera pentsatu nuen: Kolore guztietako haurrek irakurriko dituzte nire istorioak. Haur guztiek maite dituzte animaliak. Hartza atsegina da. Nik hartzak maite ditut amak egunero-egunero eramaten ninduelako Bronx-eko Zoologikora. Bertan, hartz kumeekin maitemindu nintzen. Hala, familia bat osatu zuten nire hartzek.” (Minarik, 2006) | » |
Interpretazio eta kritika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ikuspegi literario garaikideago batetik begiratuta, Xabier Etxaniz Erlek honakoa dio Hartz Txikiren inguruan:[3]
« | Liburua duela hirurogei urteko mentalitatean eta giroan kokatuta dago.(...)Eta gaur egungo begietatik ikusita agian ikuspegi sexista ere baduela esan dezakegu. Liburuko lehen irudiak, 11. orrian ageri denak, ongi islatzen du ikuspegi hori. (...)Liburuak, baina, baditu alderdi on asko; protagonistaren irudimena, umorea, askatasunaren erreibindikazioa, fantasiaren indarra; horiek guztiak kontuan izateko moduko elementuak dira istorio hauetan. Eta hortxe dago liburuaren indarra, kontakizun sinpleetan, Ama eta Hartz Txikiren arteko elkarrizketetan, bestelako animaliekin izandako gertakarietan, irakurleak –edo istorioa entzuten duenak Sendaken irudiak ikusiz– ederki goza dezake argumentu eta ateraldiengatik. (Etxaniz 2015) | » |
Bestetik, Imanol Mercerok ere ondorengoa dio Hartz Txiki sailaren inguruan:[2]
« | Agertzen dituen irudi xalo eta testu labur herabe horiekin, lehen begiratuan irudi luke lan ezdeus bat dela, inozoa eta balio eskasekoa. Haatik, bai irudien trataera, zein gidoiaren eraikuntza literatur ariketa burutsu baten emaitzak dira, eta bien elkarketak emaitza biribildu egiten du. (Mercero 2015) | » |
Egokitzapenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Telesaila:[5]
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Liburua telebistarako moldatua izan zen 1995 urtean Nikelodeon eta Nelvana produktoren eskutik. Egindako 65 atalak Euskal Telebistan euskaraz ikusteko aukera dago. Produkzio lanetan Maurice Sendak eta John B. Carlak jardun zuten. Telesail honetan, ordea, liburuaren egokitzapen ezberdinak egin ziren. Batetik, pertsonaia batzuen izenak aldatu ziren: Ahatek "Pattal" izena hartu zuen, Oilok "Mokoilo", Katuk "Zapi", Hontzak "Gautxori" eta Miliak esaterako ingelesezko "Emily" izena hartu zuen. Kontuan izanda, noski, liburuen euskarazko itzulpenak baino lehenagokoa dela telesailaren euskarazko emisioa.
Telesailerako liburuetan agertzen ez diren istorio berriak sortu dira. Hona hemen 65 atalak:
01. Zer jantziko ote du Hartz Txikik
02. Urtebetetzeko salda 03. Gau osoa parrandan 04. Gripea 05. Hartz Txikiaren guraria 06. Amonarenera 07. Zotina 08. Hartz Txikiren itsasneska 09. Senitartea 10. Pattal umezain 11. Hartz Txiki eta haizea 12. Aitonaren ganbara 13. Euri dantzaren saioa 14. Hartz Txiki aztia 15. Hartz Txiki izarretara 16. Hartz Txikik Ankabako aurkitu du 17. Zapiren bidezidorra 18. Etxegintzan 19. Hartz Txikiren hagina 20. Elur urtika 21. Hartz Txikiren baratza 22. Gidariari jarraika |
23. Ibaian behera
24. Izeba Mokoilo 25. Lagun artean 26. Pudding Hill-eko bazkaria 27. Gautxoriren arazoa 28. Balearen istorioa 29. Hartz Txikiren abestia 30. Artzaina 31. Mitziren munstro txikia 32. Aitaren pijama 33. Eztia agorturik 34. Non da Pittin? 35. Gengibrezko gailetak 36. Hari gorria 37. Ama lurra 38. Emily-ren urtebetetzea 39. Kilkir jauna 40. Oazaleko mendixkak 41. Ni zu eta zu ni 42. Bainu ordua 43. Ilbeteari dantzan 44. Gau pasa |
45. Inuxente eguna
46. Izotz-haustekoa 47. San Valentin eguna 48. Luma urdina 49. Mofetatxo txuria 50. Egun euritsuetako lagunak 51. Itsas mamua 52. Marrazkia 53. Pattal-en mutualdia 54. Zerua lurrera 55. Sorgin belarra 56. Limoi ur magikoa 57. Lehen izotza 58. Hartz Txiki bere baitan 59. Neuk ere bai 60. Munduko ikuskizunik handiena 61. Alderantzizko eguna 62. Zuhaitz kuttuna 63. Iparpoloan galduta 64. Hartz Txiki ikaragarria 65. Nola maite arantzurdea |
Filma:
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hartz Txiki, film luzea (2004). Canada, Raymond Jafelice.
Paramount Pictures eta Nelvana produktorak ekoiztu zuten.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d Osito. Else Holmelund Minarik y Maurice Sendak. 2013-03-09 (Noiz kontsultatua: 2017-03-16).
- ↑ a b c d e f g h i Mercero, Imanol. «Sinple bezain sakon» Berria (Noiz kontsultatua: 2017-03-16).
- ↑ a b c SA, Baigorri Argitaletxea. (2015-07-17). «Konplizitatea eta irudimena» GARA (Noiz kontsultatua: 2017-03-16).
- ↑ a b c bienvenidosalafiesta. Ficha del autor 'MINARIK, Else Holmelund' :: bienvenidosalafiesta ::. (Noiz kontsultatua: 2017-03-16).
- ↑ HARTZ TXIKI [2S/MG[65/65]. ] (Noiz kontsultatua: 2017-03-17).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- https://web.archive.org/web/20170410213733/http://www.eitb.eus/eu/hiru3/marrazki-bizidunak/osoa/815784/hartz-txiki/ (Euskaraz)
- https://www.youtube.com/channel/UCncFzSeWqySvOXEbQoEJsZg (Ingelesez)
- https://web.archive.org/web/20170405200805/http://sendakexhibition.com/ (Ingelesez)