Gizakien iritsiera Amerikara
Gizakiaren iritsiera Amerikara fenomeno historiko funtsezkoa baina ez guztiz argitua da. Amerika europarrek aurkitu zutenetik, galdera historikoa izan da bertako biztanleen arbasoak kontinentean noiztik ote dauden argitzea, eta nondik zetozen ere bai.
Amerikako lehen biztanleak paleoindiar ere esaten zaie. Aurkikuntza arkeologikoen arabera, K.a. 15.000 ingurukoak dira antzinatasunez, gutxienez. Ikerketa genetikoek erakusten dute halaber gutxienez lauzpabost immigrazio ezberdin egon zirela Siberiako garaiko jatorrizko herrietan sortuak. [1]
Clovis kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]19. mendean, amerikar natiboen jatorriari buruzko lehen ikerketa zientifikoak egin ziren Aleš Hrdlička txekiar estatubatuarra izan zen amerikar indigenak Bering itsasartetik Amerikara migratu zutela iradokitzen lehenetariko bat, baina milurte gutxiko kontua izan behar zuela pentsatu zuen. 1876an, Charles Abbott mediku eta arkeologo amateurrak tresna litikoak aurkitu zituen Delawaren, eta 10.000 urte zituzela kalkulatu zuen. Hrdličkak eta beste hainbatek ezinezkotzat jo zuten hori hasieran.
Geroago, Folsom (1908an) eta Clovisen (1932an) egindako aurkikuntza gehigarriek argi utzi zuten Ameriketako giza kokalekuen aroa Abbottsengandik hurbilago zegoela Hrdličkaren usteetatik baino. Erradiokarbonoko datazioarekin, argi geratu zen Clovisen aurkitutako gezi-puntak duela 12.900 eta 13.500 urte fabrikatu zirela. Antzeko itxura eta fabrikazio-metodoak aurkitu zituzten beste leku batzuetan Ameriketan, eta kultura honi Clovis kultura deitzen zaio harrezkero. Folsom izeneko kultura, ondorengoa dela ere ikusi da.
Aldi berean, Vance Haynesek 1967an egindako ikerketek erakutsi zuten Clovis kulturaren aurreko garaian, Amerika eta Asia oraindik Beringiako lur-zubiaren bidez konektaturik zeudela, Izotz Aroan. Era berean, Kanadako mendebaldea estaltzen zuen Laurentiar izotz-geruza erraldoia, duela 12.000 urte erditik zatitu zitekeelako teoriak zabaldu ziren, pasabide bat eskainoz, eta horrek posible egin zuen populazioaren mugimendua, Beringiatik kontinentearen hegoaldera.
Paul Martin paleontologo kanadarrak overkill teoria argitaratu zuen 1970ean. Teoria honek zioen Clovis kulturaren ondoren, animalia espezie handi asko desagertu zirela, seguruenik paleondiarrak iritsi ondoren gehiegizko ehizak eraginda. Aurkikuntza horien ondoren, Clovis teoria antropologo eta historialarien artean onartutako teoria bihurtu zen.
Clovis baino lehenago
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Clovis kulturakoak lehen paleoindiarrak izan zitezkeelako teoria zabaldu ondoren, 20. mende amaiera aldean, zalantzak sortu ziren zeren aztarnategi zaharragoak aurkitu izan dira. Estatu Batuetako Topperren, Brasilgo Pedra Furadan eta Mexikoko Tlacapoyan indsusketak egin dira, besteak beste, Clovis baino askoz zaharragoak direla uste da. Hiru adibide hauek eztabaidagarriak dira, baina 1997an argi geratu zen Txileko Monte Verdeko aztarnategia Clovis baino zaharragoa zela, mila bat urtez. Duela 14.550 urteko harrizko tresnak ere aurkitu dira, Clovis baino askoz lehenagokoak, Floridan. Mastodonteen hezurretan harrizko tresneriaren arrastoak daude. [2] Kolonbian milaka petroglifo daude gutxienez duela 12.500 urte desagertu ziren animalia espezieak irudikatzen[3]. Mexiko Berriko White Sands Parke Nazionalean historiaurreko gizakien 60 aztarna aurkitu dira, ondorioztatu delarik gizakiak jada Mexiko Berrian bizi zirela duela 23.000 eta 21.000 urte bitartean. [4]
Honengatik, Kanadako izotz guztia desagertu aurretik, Alaskatik hegoalderanzko kostaldearen bidezko Amerikaren kolonizazio goiztiar bat posibletzat jo dute teoria berriagoek. Itsasoko elikagaien kontsumoan oinarritutako kultura Alaskatik Monte Verderaino (oso hegoaldean dagoen aztarnategia). Teoria honen arazo nagusia da froga arkeologikoak guztiz falta direla eta, Izotz Arotik itsasoaren mailak gora egin duenez, eta nekez aurkituko dira halako frogak itsasertzeko aztarnategi galdetuetan.
Ikerketa genetikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]21. mendearen hasieratik, DNA ikerketen aurrerapenek argi gehiago eman dute gaur egungo amerikar natiboen jatorriaz. Hala ere, batzuetan ustekabeko emaitzek ez dute oraindik ebatzi noiz eta nork kolonizatu zuen kontinentea lehen aldiz.
Amerikako natiboen egungo DNA haplotalde mitokondrial guztiak jatorrizko bost ama-lerrotatik datoz, guztiek K.a. 18.000 eta 15.000 urte bitarteko arbaso komun bat zutelarik. Horrek esan nahi du garai honetan biztanleriaren botila-lepo bat gertatu zela. Era berean, ondoren isolamendu fase bat gertatu zela uste da, zeinean paleoindiar haiek, hegoaldera hedatu aurretik ere, Beringian egonik, Eurasiako populazioetatik isolatuta egon ziren. [1].
Beringian isolatuta garatu eta ondoren zatitu zen populazio horren jatorrian, Eurasiako talde desberdinen aportazioak igarri dira DNA analisietan.
Azpimarragarria da, halaber, ipar-eurasiar jatorrietatik aparte, aurkitu dela melanesiarrekin, australiar aborigenekin eta andamandarrekin lotutako leinu baten presentzia txikia, baina estatistikoki garrantzitsua. Ikertzaileek populazio honi Y populazioa deitu izan diote (Ypykuéra hitzetik, arbaso tupi hizkuntzan). [1] eta Amazoniako arroko herrietan bakarrik agertu da. Osagarri genetiko hau migrazio zaharrago batetik etor litekeela pentsatu da,
Amerikaren lehen populazio antzinako horien ondoren, Asiarekin nahasketa genetiko gehiago ere izan direla uste da. Erdialdeko eta Hego Amerikako indiarrek ez bezala, Ipar Amerikako bertako biztanleek argi erakusten dute Asiaren geroagoko eragina. Gutxienez bi migrazio bereiz daitezke. Lehenengoa Paleo-eskimalekin eta Na-Dené herriekin lotuta dago; bigarrena gaur egungo eskimo-aleutiar herrien arbasoekin. Na-Dené herriek ekialdeko Asiako osagai baten %10 inguru dute, ziurrenik paleo-eskimalen artean aurkitutakoaren antzekoa. Hala ere, elementu paleoindiar zaharragoak jarraitzen du nagusi izaten haien genoman. DNA ikerketek erakusten dute Kanadako Mendebaldeko kostaldeko indiar tribuek duela 10.000 urte jatorrizko biztanleen ondorengo direla. [5]
Eskimal edo Inuit herriek ere Asiako ekialdeko arbaso bat erakusten dute, baina paleoeskimoen eta Na-Denéen ezberdina. Guztiarekion, inuit herrien genoma ere paleoindiar DNAk osatzen du %50 inguruan. [6]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, neerlanderazko wikipediako «Oudste bewoners van Amerika» artikulutik itzulia izan da, 2021-11-01 data duen 60264147 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2021-11-01 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
- ↑ a b c A genomic view of the peopling of the Americas
- ↑ Pre-Clovis civilization in Florida; settlement 1,500 years earlier than previously believed, Science Daily
- ↑ 'Sistine Chapel of the ancients' rock art discovered in remote Amazon forest; The Guardian, 29 november 2020
- ↑ NOS, 24-9-2021:, Science, Vol 373, Issue 6562, p. 1528-1531
- ↑ study reveals 10000 years genetic continuity northwest north
- ↑ Reconstructing Native American Population History