Garapen iraunkor
Garapen iraunkorra, jasangarria edo sostengagarria garapen mota bat da (ekonomiarena, hiriena, gizartearena eta abarrena), ondorengo belaunaldien garapena eragozten ez duena, baliabide naturalen eta ondarearen kalitatea eta kantitatea gordetzen baititu.
Helburua, hiru zutabe hauek bateratzea da:
- Ingurumenaren babesa.
- Aurrerapen ekonomikoa.
- Bidezko gizartea.
Bateratze hori hiru zutabeen edo kontzeptuen arteko harremanean datza. Harreman hori 3 B kontzeptuak dira:
- Bideragarria (ingurumenaren eta ekonomiaren arteko oreka).
- Bidezkoa (ekonomiaren eta gizartearen arteko oreka).
- Bizigarria (gizartearen eta ingurumenaren arteko oreka).
3 B horiek betetzen badira, garapena iraunkorra izango da.
Izenaren inguruan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kontzeptu hau izendatzeko Euskaltzaindiak garapen iraunkor terminoa hobetsi du 2004ko urtarrilaren 30ean, frantsesaren bidetik: devéloppement durable (hala ere, Frantzian eztabaida handia piztu da termino egokiena zein den, eta askok devéloppement soutenable darabilte).[1] Izan ere, terminoa ingelesez sortu zen, eta hizkuntza hartan sustainable development du izena kontzeptu honek. Gaztelaniak bide horri jarraitu dio: desarrollo sostenible. Eta euskaraz ere bada bide horretatik sortutako termino bat: garapen sostengagarri.
Euskaraz, hala ere, hainbat adituk eta hiztegigilek garapen jasangarri terminoa darabilte; eta zenbait adituk nahiago dute kudeaketa jasangarri terminoa, haien ustez dena ez baita garapena.
Horiez gain, bada kontzeptu hori izendatzeko erabili den beste aukerarik, hala nola garapen eutsigarri, garapen iraungarri, iraunbidezko garapen eta abar.
Arloak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Garapen iraunkorraren edo jasangarriaren hiru arloko banaketa 1979. urtean proposatu zuen René Passet ekonomialariak.[2] Eztabaida ugari egon da antolaketa honi dagokionez, bai arloak zeintzuk izan behar diren erabakitzeko orduan zein laugarren zutabea ezartzerakoan
Ingurumena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gizakiaren oinarrizko beharrak —airearen, uraren, janariaren eta aterpearen kalitatea eta eskuragarritasuna— garapen iraunkorraren oinarri ekologikoak dira. Giza garapena, beraz, gizakiaren eta hurbileko ingurune naturalaren, sozialaren eta eraikitako ingurunearen[3] arteko harremanaren parte da.
Garapen iraunkorra ingurune natural, aberats eta oparoa bermatzeaz arduratzen da. Ingurunetik eskuratzen diren baliabideen urritasuna kezkagarria den momentutik, gizarteak baliabide-iturriak zainduta, baliabide horiek eskuratzeko plan jasangarri bat prestatu behar du. Hori lortzeko, hainbat modu daude, hala nola, Energia berriztagarrien erabilera eta uraren kontsumo kontrolatua.
Arazoa ondasun naturalaren ustiapena hornikuntza naturala baino azkarragoa denean dator. Hau da, eskaria asetzeko, baliabide naturalak horiek modu naturalean berriz agertzeko behar duten denbora baino azkarrago hartzean. Egoera horren ondorioa, gizartearen heriotza-tasa handitzea litzateke. Biztanleriak behera egingo luke, ingurumen degradatuak jasan dezakeen egoerara arte. Eta, egoera horrek aurrera jarraituko balu, giza arrazaren desagertzea eragingo luke.
Baliabide naturalen kontsumoa | Ingurumenaren egoera | Jasangarritasuna |
---|---|---|
Ustiapena naturaren hornikuntza baino azkarragoa | Ingurumenaren degradazioa | Ez-jasangarria |
Ustiapena naturaren hornikuntza bezain azkarra | Ingurumenaren oreka | Ekonomia egonkorra |
Hornikuntza ustiapena baino azkarragoa | Ingurumenaren berritzea | Ingurumenari dagokionez jasangarria |
Garapen iraunkorra sustatzeko zenbait proiektu jarri dira martxan, adibidez, Europako ingurumen ikerketa eta berrikuntza politika. Horren helburua da agenda eraldatzaile bat definitzea eta inplementatzea ekonomia eta gizarte ekologikoak egiteko. Horizon 2020 programak bultzatuta, mundu osora dago zabalik[4], sistema malgu eta itzulgarriak lortu nahian.
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]70eko hamarkadan jada, jasangarritasun kontzeptua, funtsezko ekologia-sistemarekiko orekan zegoen ekonomia deskribatzeko erabiltzen[5] zen. Arlo askotako zientzialariek The Limits to Growth[6][7] nabarmendu dute, eta ekonomialariek alternatibak aurkeztu dituzte; adibidez, egoera egonkorreko ekonomia,[8] planetan zehar gizarteak duen hedapenaren kezkaz aritzeko. 1978. urtean, Edward Barbier ekonomialariak The Concept of Sustainable Economic Development[9] ikerlana argitaratu zuen. Lan horretan adierazi zuen ingurumenaren kontserbazioaren eta ekonomiaren garapenaren helburuak ez direla elkarren kontrakoak eta elkarren indargarri izan daitezkeela.
Ikerketa ugarik adierazi dute energia berriztagarriekiko eta kutsadurarekiko politika eraginkorrek gizartearen ongizatean eragin zuzena eta positiboa dutela.[10][11][12][13]
Interpreting Sustainability in Economic Terms ikerlanak hiru oinarri bereizi zituen arren, Gilbert Ristek horren aurka egin zuen. Honela idatzi zuen: «From this angle, 'sustainable development' looks like a cover-up operation. [...] The thing that is meant to be sustained is really development».[14] Laburbilduz, garapen iraunkorra kontzeptua aitzakia dela dio, eta ekonomiaren garapenari berari iraunarazi nahi zaiola nola edo hala, ekosistemaren edo gizadiaren onurari begiratu gabe. Hala ere, Munduko Bankuak dio posible dela ekonomiaren hazkundearentzat eta egonkortasun ekologikoarentzat, bientzat onuragarriak omen diren aukerak bultzatzea, eta horretan jarraituko duela.[15]
Hazkunde jarraitua eta hazkunde iraunkorra kontzeptuak erabili izan dira ekonomia munduan, ezarri behar diren helburuei buruz hitz egiteko,[16], baina horrekin kritiko agertu direnek defendatu egiten dute ezinezkoa dela hazkunde iraunkorra mugatua den planeta batean, baliabide ekonomiko mugatuekin[17]. Baikorragoek diote giza adimena nolabait infinitua dela eta hazkunde ekonomikoari eutsi egin behar zaiola, kalitatea etengabe hobetuz, produktibitatea handituz, etab.[18]
Energia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ekonomiaren barne-atala da energiarena. Energia- jasangarria da denbora luzean erabil daitekeena eta garbia dena. Erregai fosilak dira munduan gehien erabiltzen direnak, baina indarra hartzen doazen Energia hidraulikoak, eguzki energiak eta eolikoak gutxiago kutsatzen dute.[19] [20] Energia berriztagarriak gero eta erabiliagoak dira, baina oraingoz ez dituzte energia iturri fosilak ordezkatzen, baizik eta haien osagarri izaten ari dira. Energia berriztagarrietara aldatzea onuragarria litzateke, adibidez, ekonomiaren jasangarritasuna eta komunitatearen horniduren segurtasuna indartzeko.[21]Kalkuluen arabera energia berriztagarriek, etorkizunean, nekez ordezkatuko dute energia ez-berriztagarriek eskaini izan duten energia kopurua.[22]
Kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Garapen iraunkorraren oinarrizko hiru kontzeptuen banaketa ez da nahikoa gaur egungo gizarte konplexua definitzeko. Hori horrela, zenbait erakundek laugarren zutabe bat bultzatu dute, kultura, Culture: Fourth Pillar of Sustainable Development adierazpenarekin. Dokumentu horrek kulturaren eta garapen jasangarriaren arteko erlazioarekiko hainbat ikuspuntu aurkezten ditu.[23][24][25]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1968: Erromako Kluba sortu zuten Aurelio Peccei Fiat enpresako administrazio kontseiluko kideak, Alexander King eskoziar zientzialariak eta beste hainbatek, munduaren garapen eta eboluzioa ikertzeko helburuarekin, batez ere hazkunde globalaren mugak aztertu nahian.
1972: Erromako Klubak txosten bat plazaratu zuen, Hazkundea gelditu? edo Hazkunderako mugak izenekoa (The limits to growth), klubaren enkarguz Massachusetts Institute of Technology erakundeko ikerlariek idatzia. Txosten honek gizadiaren eboluzioaren simulazio informatikoak ematen ditu, baliabide naturalen ustiapenaren arabera, 2100 urtea arte. Txostenak dioenez, orduko hazkunde ekonomikoak jarraituz gero XXI. mendean zehar munduko biztanleria neurrigabeki gutxituko zen, batez ere kutsaduraren handitzea, landa lurren antzutzea eta energia fosilen urritzea dela-eta.
1972: Giza ingurumenari buruzko Nazio Batuen batzarra Stockholmen. Eko-garapena kontzeptua agertu zen, hau da, garapen ekonomikoa ezin dela kontuan hartu horrekin batera gizarte garapenik eta naturaren babesik ez badago. Lehen Lurraren Goi Bilera izan zen. 1970eko hamarkadan, ingurumena munduko ondaretzat hartzen hasi zen, hurrengo belaunaldiei pasarazteko oinarrizko ondarea. Hans Jonas filosofoak ardura hau adierazi zuen Erantzukizun printzipioa liburuan (1979).
1973: Ernst Friedrich Schumacher ekonomialariak Small is beautiful liburu eraginkorra plazaratu zuen, non lehen aldiz kapital naturalaren kontzeptua agertu zen. Horrenbestez, gizateriaren kapital osoa hiru kapital ezberdinen batuketa gisa ulertuko zen, alegia, kapital naturala, kapital soziala eta kapital artifiziala. Gaur egun onartua dago garapen iraunkorrak ezin duela kapital naturala inondik ere murriztu.
1980: Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batasuna erakundeak txosten bat plazaratu zuen, Kontserbaziorako estrategia globala. Bertan agertu zen lehen aldiz garapen iraunkorra kontzeptua, ingelesezko sustainable development hitzekin.
1987: Brundtland txostena. Garapen iraunkorra garapen mota bat da, oraingo beharrei erantzuten diena baina ez dituena ondorengo belaunaldienak eragozten. Honi bi kontzeptu atxiki zaizkio: "beharren kontzeptua", batez ere probreenen oinarrizko beharrei lehentasuna ematea, eta gure teknikak eta gizarte organizazioaren "mugek" duten eragina ingurumenaren gaitasunean oraingo eta geroko beharrei erantzuteko.
1992: Rio de Janeiroko Goi Bilera (ekainaren 3tik 14ra). Garapen Iraunkorra kontzeptuaren garrantzia eta hau ezagutarazteko/mediatizatzeko ahalegina. Agenda 21 delakoen sorrera. Brundtland txosteneko definizioa, ingurumenaren babesa eta baliabide naturalen arrazoizko kontsumoa ardatz zuena, aldatu egin zen. Horrela, hiru zutabe edo kontzeptuak agertu ziren, garapen iraunkorraren arabera lortu beharrekoak, beti ere garapen ekonomikoa, gizarte justizia eta ingurumenaren babesa elkarrekin batuz.
2000: Johannesburgoko Goi Bilera (abuztuaren 26tik irailaren 4ra). Estatuburuek, gobernu ordezkariek eta Gobernuz Kanpoko Erakundeek itun bat hitzartu zuten, baliabide naturalen eta bioaniztasunaren babesa bultzatzeko.
2005: Kiotoko protokoloa. Berotegi efektua sortzen duten gas isuriak murrizteko ituna.
2007: Baliko goi-bilera, Kiotoko protokoloa eguneratzeko. AEBek eta Txinak ez zuten itunik sinatu nahi izan.
Protokoloak protokolo, atmosferako CO2aren kontzentrazioa handitzen segitu du[26], erregai fosilen erabilpena, murriztu beharrean, planetako leku batzuetatik beste batzuetara mugitu delako.[27][28][29] Petrolioaren gailurra eta ikatzaren gailurra gainditu badira, erregai fosilen erabilpenari eutsi zaio, erregai fosilak ez dira ordezkatu.[30]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Frantsesez) Developpement Soutenable webgunea.
- ↑ (Frantsesez) Passet, René. (1996). L'Économique et Le Vivant. Economica (programme ReLIRE) ISBN 9782717831047. (Noiz kontsultatua: 2018-09-28).
- ↑ (Ingelesez) Scerri, Andy; James, Paul. (2010-02). «Accounting for sustainability: combining qualitative and quantitative research in developing ‘indicators’ of sustainability» International Journal of Social Research Methodology 13 (1): 41–53. doi: . ISSN 1364-5579. (Noiz kontsultatua: 2018-09-28).
- ↑ (Ingelesez) «European Commission - PRESS RELEASES - Press release - Horizon 2020 – the EU's new research and innovation programme» Europa.eu (Noiz kontsultatua: 2018-09-28).
- ↑ (Ingelesez) Simmons, Paul D.. (1980-02). «Book Review: III. Historical Theological Studies: The Sustainable Society: Ethics and Economic GrowthThe Sustainable Society: Ethics and Economic Growth, by StiversRobert L.. Philadelphia: Westminster Press, 1976. 225 pp. $5.25.» Review & Expositor 77 (1): 128–128. doi: . ISSN 0034-6373. (Noiz kontsultatua: 2018-09-28).
- ↑ (Ingelesez) The Limits to growth; a report for the Club of Rome's project on the predicament of mankind. Universe Books [1972] ISBN 0876631650. PMC 307838. (Noiz kontsultatua: 2018-09-28).
- ↑ (Ingelesez) Meadows, Donella H.. (2004). The limits to growth : the 30-year update. Chelsea Green Publishing Company ISBN 1931498512. PMC 54035081. (Noiz kontsultatua: 2018-09-28).
- ↑ (Ingelesez) Prato, Tony; Daly, Herman E.. (1992-05). «Steady State Economics» American Journal of Agricultural Economics 74 (2): 503. doi: . ISSN 0002-9092. (Noiz kontsultatua: 2018-09-28).
- ↑ (Ingelesez) Barbier, Edward B.. (1987-06). «The Concept of Sustainable Economic Development» Environmental Conservation 14 (02): 101. doi: . ISSN 0376-8929. (Noiz kontsultatua: 2018-09-28).
- ↑ (Ingelesez) Ayong Le Kama, Alain D.. (2001-12). «Sustainable growth, renewable resources and pollution» Journal of Economic Dynamics and Control 25 (12): 1911–1918. doi: . ISSN 0165-1889. (Noiz kontsultatua: 2018-09-28).
- ↑ (Ingelesez) Chichilnisky, Graciela; Heal, Geoffrey; Beltratti, Andrea. (1995-08). «The Green Golden Rule» Economics Letters 49 (2): 175–179. doi: . ISSN 0165-1765. (Noiz kontsultatua: 2018-09-28).
- ↑ (Ingelesez) ENDRESS, LEE H.; ROUMASSET, JAMES A.. (1994-09). «Golden Rules for Sustainable Resource Management» Economic Record 70 (210): 267–277. doi: . ISSN 0013-0249. (Noiz kontsultatua: 2018-09-28).
- ↑ (Ingelesez) Endress, Lee H.; Roumasset, James A.; Zhou, Ting. (2005-12). «Sustainable growth with environmental spillovers» Journal of Economic Behavior & Organization 58 (4): 527–547. doi: . ISSN 0167-2681. (Noiz kontsultatua: 2018-09-28).
- ↑ (Ingelesez) The History of Development. (3. argitaraldia) 2008, 194 or..
- ↑ (Ingelesez) Castillo, Daniel P.. (2016-05-12). «Integral Ecology as a Liberationist Concept» Theological Studies 77 (2): 353–376. doi: . ISSN 0040-5639. (Noiz kontsultatua: 2018-09-28).
- ↑ Jorge Arbache: "¿Crecimiento sostenible o sostenido?"
- ↑ (Gaztelaniaz) «El crecimiento indefinido en un mundo finito es, obviamente, una imposibilidad» – Rebelion. (Noiz kontsultatua: 2022-02-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) Vázquez, Kike. (2012-12-03). «¿Se puede crecer de forma infinita en un planeta finito?» elconfidencial.com (Noiz kontsultatua: 2022-02-11).
- ↑ (Ingelesez) Doyle, Environment Correspondent Alister. «Biofuels cause pollution, not as green as thought - study» U.S. (Noiz kontsultatua: 2018-09-28).
- ↑ Fainstein, Susan S.. (2000-03). «New Directions in Planning Theory» Urban Affairs Review 35 (4): 451–478. doi: . ISSN 1078-0874. (Noiz kontsultatua: 2018-09-28).
- ↑ (Ingelesez) Campbell, Scott. (1996-09-30). «Green Cities, Growing Cities, Just Cities?: Urban Planning and the Contradictions of Sustainable Development» Journal of the American Planning Association 62 (3): 296–312. doi: . ISSN 0194-4363. (Noiz kontsultatua: 2018-09-28).
- ↑ (Gaztelaniaz) Antonio Turiel: «El máximo posible por medios renovables es el 30-40% de la energía que se consume hoy» – Rebelion. (Noiz kontsultatua: 2022-02-11).
- ↑ (Ingelesez) United Cities And Local Governments, Committee on Culture of. (2011-03-08). «United Cities and Local Governments (UCLG) Policy Statement: 'Culture: Fourth Pillar of Sustainable Development'» Culture and Local Governance 3 (1): 161. doi: . ISSN 1911-7469. (Noiz kontsultatua: 2018-09-28).
- ↑ (Ingelesez) «Principles for a Positive Urban Future» UCLG - United Cities and Local Governments (Noiz kontsultatua: 2018-09-28).
- ↑ (Ingelesez) James, Paul. Assessing Cultural Sustainability: Agenda 21 for Culture. (Noiz kontsultatua: 2018-09-28).
- ↑ (Gaztelaniaz) consciens, Homo. (2020-03-11). «La evolución del dióxido de Carbono en los últimos 800.000 años» crisis climática y e (Noiz kontsultatua: 2022-02-11).
- ↑ Petxarroman, Iñaki. ««Atmosferan pilatutako CO2aren erdia azken 30 urteetan isuritakoa da»» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-02-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Hay más CO2 en la atmósfera hoy que en cualquier otro momento desde la evolución humana» CNN 2019-05-13 (Noiz kontsultatua: 2022-02-11).
- ↑ «COVID-19ak ez du eten CO2-aren gorakada larria eta errekor berria ezarri da: atmosferan milioiko 417,1» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-02-11).
- ↑ Turiel, Antonio. (2020). Petrocalipsis : crisis energética global y cómo (no) la vamos a solucionar. (Primera edición en esta colección: septiembre de 2020. argitaraldia) Alfabeto ISBN 978-84-17951-10-8. PMC 1258409445. (Noiz kontsultatua: 2022-02-11).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Garapen iraunkorra, Itziar Eizagirre eta Amaia Lizarralde (2005), Zerberri (Alberdania)
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Euskaltzaindiaren erabakiari buruz, Sustatu.com.
- Garapen Iraunkorrari buruzko txostena, Bizkaiko Foru Aldundia.
- EAEko Ekarpena Garapen Jasangarrirako 2030 Agendari.