Edukira joan

Gaelikoak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Britainiar Uharteetako herrien kokapen hipotetikoa anglosaxoien inbasioaren garaian: gaelikoak (berdez), britoiak (gorriz) eta piktoak (urdinez) .

Gaelikoak, goidelikoak, gaelak edo goidelak (irlandera zaharretik, Goídel) Irlandako, Eskoziako eta Man uharteko zelta herriei eta euren hizkuntzen hiztunei ematen zaien izena da. Hain zuzen ere, hizkuntza horiek Irlandako gaelera (irlandera ere deitua), Eskoziako gaelera eta Man uharteko gaelera (manxera izenaz ezagunagoa) dira eta hizkuntza goideliko delakoen barruan daude. Hizkuntzen multzo hori, berriz, Britainiar Uharteetako zelta hizkuntzetako azpitaldeetako bat da; beste adarra britoi taldeko galeserak, bretainierak, kornubierak eta kunbrierak osatzen dute.

Gaelak Irlandara iritsi ziren azken zelta herria izan ziren. Historialariek K.A. 100. urte inguruan kokatu izan dute haien helduera baina zalantza ugari daude.[1][2] Bestalde, tradizionalki, Lebor Gabála Érenn izkribuan (Irlandako Konkistaren Liburua) agertzen diren milesiarrek gaelikoak sinbolizatzen zituztela uste izan da baina zenbait ikerlariren ustez, baliteke liburu horretan agertzen diren Tuatha Dé Danann delakoak izatea benetazko gaelak, liburu hori idatzi zuten monje kristauek, anti-pagano sutsuak izan arren, haien aldeko jarrera azaldu baitzuten bertan behin eta berriz, gerora milesiarrekin egingo zuten bezalaxe. Hori hala balitz, orduan milesiarrek gaeliko kristautuak sinbolizatuko lituzkete. Edonola ere, ez dago ezer garbirik eta ezin da ahaztu "Lebor Gabála Érenn" printzipioz historia liburu soil bat ez baino batez ere mito liburu bat dela.[3]

Erromatarrek eta greziarrek gaelei Hiberni deitu zieten (Hibernia izena eman baitzioten gaur egungo Irlanda irlari). IV. mendetik aurrera ordea, Britania erromatarra erasotzen zuten gerlari irlandarrei Scoti edo eskoto deitzen hasi ziren idazle latindarrak (zeinak nonbait "lapurrak" edo "legez kanpokoak" esan nahi zuen) eta azkenerako hitz hori gael guztiak izendatzeko erabili zen. Hala, gaur egun bitxia iruditzen baldin bazaigu ere, Irlandari Scotia deitu zioten.

"Gael" izena berriz irlandera zaharreko Goídel hitzetik dator eta aldi berean azken hitz hau IV. mendean galeserazko Gwyddyl hitzetik hartutakoa dela uste dute ikerlariek.[4] Gwyddyl honek dirudienez "basoko / Mendiko jendea" esan nahi zuen eta irlandarrak izendatzeko erabiltzen zen.

V. mendean, gaelak Irlandatik atera eta Man uhartea eta ordu arte piktoek populatua zegoen Kaledonia inbaditu zituzten, horren ondorioz, pixkanaka pixkanaka azken lurralde hau ere Scotia izenez ezaguna izaten hasi zen (hortik gaur egun daraman izena). Gaelen sorleku zenari ordea Irlanda deitzen hasiko dira gutxi gorabehera 1169tik aurrera (anglo-normandarrek uhartea inbaditu ostean).[5]

Nahiko informazio gutxi dago herri gaelikoei buruz, idazle eta nabigatzaile klasikoek deskribatu dituzten arren. Esan bezala, erromatarrek eta greziarrek, Hibernia deitu zuten gaur egun Irlanda dena, olerki batean, Juverna ere deitzen den arren, eta, ondorioz, irlandarrei, hiperboreo deitu zieten.

Hasiera batean, beren hizkuntza aitzinirlandera (IV. mendetik VII. edo VIII. mendeetara) eta irlandera zaharra (VI. mendetik eta X. mendera) izan ziren baina denboraren poderioz azken honen ondoren sortutako eta Erdi Aroan erabilitako Erdialdeko Irlanderatik hiru hizkuntza ezberdin sortuko ziren: Irlandako gaelera, Eskoziakoa eta Man uhartekoa.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. http://irelandahistory.blogspot.com.es/
  2. http://www.electricscotland.com/webclans/cairney/18.htm
  3. RANELAGH, John O'Beirne: A short history of Ireland. Cambridge: Cambridge University Press, 1994. 19. orria. [Helbide honetan ikus daiteke: http://books.google.es/books?id=xfx0VGIXiPYC&printsec=frontcover&hl=es#v=onepage&q&f=false]
  4. Ibídem, 20. orria.
  5. Scot means Irish, Irish history in compendiary format (blogspot)

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]