Friedrich Schiller
Johann Christoph Friedrich Schiller (Marback am Neckar, 1759ko azaroaren 10a - Weimar, 1805eko maiatzaren 9a), 1802tik aurrera von Schiller, alemaniar olerkari, antzerkigile, filosofo eta historialaria izan zen. Goetherekin batera, Alemaniako antzerkigilerik garrantzitsuenatzat hartua da, baita Weimarko klasizismoko pertsonaiarik garrantzitsuenetako bat ere. Bere antzezlanetako asko, alemanezko antzerkiaren ohiko errepertoriokoak dira. Bere baladak olerkirik ospetsunen artean daude.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jatorria eta prestakuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Friedrich Schiller jatorri apaleko familia batean sortu zen. Johann Caspar Schiller ofizialaren eta Elisabetha Dorotea Schilleren semea zen, azken hau Kodweiß abizenarekin jaioa. Bere aitak erreklutamendu ofizial postu bat lortu zuenez, familia 1763an Lorchen ezarri zen, Marbachetik ez oso urruti. Bere arreba Luise jaio eta gutxira, familia handik gertu joan zen, Ludwigsburgera. Urte horretan bertan joan zen Schiller eskolara. Jada hamairu urterekin, Absalon eta Die Christien ("Kristauak") antzezlanak idatzi zituen, kontserbatu ez direnak.
Aitak Wuttembergeko dukearen zerbitzuan lan egiten zuen, eta dukeak eragin handia izan zuen Friedrich Schillerren hezkuntzan, hark behartuta sartu baitzuten bere zuzendaritzapeko akademia militarrean; gurasoek semeak apaiz ikasketak egin zitzan nahi zuten, baina dukeak bere zerbitzuan jarduteko prestatu nahi izan zuen Schiller eta horrela, legeak ikasi zituen lehenengo eta medikuntza ondoren, Schillerren beraren eta gurasoen borondatearen kontra. Schillerrek zortzi urte egin zituen akademia militarrean, eta Stuttgarteko guda taldearen mediku gisa lan egin zuen ondoren.
Schillerri erresumina eragin zion duke despota eta tirano haren diziplina militarraren mende hezi izanak, lirika zalea eta asaldaria baitzen gaztetan, eta sentipen horrek garrantzi handia izan zuen bere bizitzan ez ezik, baita bere obran ere. Izan ere, Schillerren literaturan behin eta berriro agertzen da neurrigabeko boterearen ankerkeriaren gaia eta erresumina nabarmentzen zaio batez ere lehenengo olerkietan eta ospea eman zion Die Räuber (1781, "Bidelapurrak") antzerki lanean. Obra hartan goi mailako gizartearen ohitura itogarrien eta ustelkeriaren salaketa egin zuen eta kritika gogorra egin zien bere garaiko erakunde politiko eta sozialei; bestalde, bere heroiaren matxinadaren hutsaltasuna ere utzi zuen agerian, bere erruduntasunaz jabetzea izan baitzen heroi hark lortutako garaipen nagusia .
Lehen arrakasta eta krisia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wiittembergeko dukeak debekatu egin zion "Bidelapurrak" lana, baina Schillerrek Mannheimera alde egin zuen dukearen baimenik gabe eta han estreinatu ahal izan zuen, arrakasta handiz, 1782an; obra hark goitik behera aldarazi zuen alemaniar antzerkigintza. Schillerrek debekua hautsi eta bere obra beste dukerri batean estreinatu zuela-eta, atxilo hartu zuen dukeak eta sekula beste antzerki lanik ez idazteko debekua ezarri zion. Debeku hark asko gogaitu zuen Schiller, eta bere egoera larria zela-eta, sorterritik ihes egitea erabaki zuen.
Horrela aldatu zen Mannehimera. Lehenengo estreinaldiarekin lorturiko arrakastaren ondoren hango antzokiko zuzendari Dalbergen babesa jasoko zuelakoan zegoen, baina gauzak ez zitzaizkion berak nahi bezala atera.
Ordurako idatzita zeukan bere hurrengo lan ezaguna, Die herschworung des Fiesko zu Genua ("Fieskoren iraultza Genoan") eta Dalbergi aurkeztu zion, baina hark ez zion onartu, nahiz eta Schillerrek bigarren bertsioa prestatu zuen harentzat. "Bidelapurrak" obran bezala, hemen ere handinahikeriaren eta bertutearen arteko gatazka larria bizi duen arima bat da protagonista, Genoako matxinadan parte hartu zuen heroiaren arima hain zuzen ere. Boterearen erakarmen maltzurraren gaia, Schillerren heldutasun aroko literatura lanetako gai nagusia izan zena, iragartzen du.
Dalbergek ez zuen, nonbait, auzi diplomatikorik sortu nahi iheslari bat babestuz, eta azkenik Schillerrek Turingian, Wolzogen familiarenean, hartu behar izan zuen babesa 1783an. Turingian amaitu zuen, hain zuzen, bere hurrengo antzerki lana, Kabale und Liebe (1784, "Aierua eta maitasuna"). Aierua eta maitasuna obran gizarteko giro itxiak (Stuttgarteko gorteko giro absolutistak, adibidez) kondenaturiko maitasun puru baten porrota deskribatu zuen. Obra horretan azpimarratzeko ezaugarriak dira gizarteari egiten zizkion kritiken indarra, elkarrizketen bizitasuna eta bertan agertzen den pertsonaien konbinazio berezia.
Turingiatik Mannheimera itzuli zen berriro, gaixorik, eta gorteko antzerkigile gisa jardun zuen lanean, urtebetez. Kontratua amaitu zitzaionean, ordea, krisi sakon batean murgildu zen. Zorrak egin zituen eta ez zeukan haiei aurre egiteko baliabiderik; eta horrez gainera, krisi emozionala jasan zuen, emakume ezkondu batekiko maitasuna zela-eta. Berriro ere Mannheimetik alde egin behar izan zuen; Leipzigera joan zen lehenik, Christian Gottfried Kornerrek gonbidatuta, eta Dresdenera ondoren.
Heldutasun aroa eta Goetherekiko harremana
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aldi batez Korner adiskide minaren laguntzaren babespean bizi izandako aldiaren ondoren Weimarra alde egin zuen 1787. urtean. Urte hartan amaitu zuen 1784an hasitako Don Carlos ("Don Karlos"), bere antzerki lan poetiko nagusietako bat, Herbehereetan Karlos II.aren kontra aurrera eraman zen borrokan oinarritua. Asko luzatu zen obra hura idazten, historia ikasten jardun baitzuen, antzerki lan historiko bat osatzeko ezaguera aski ez zuela-eta. Bitarte horretan erabat aldatu zen egileak hasieran obra honekiko erakutsitako asmoa. Prosan hasi zen obra hura idazten, baina azkenean antzerki lan poetiko luze bat osatu zuen, Goetheren eraginez seguru aski. Bestalde, hasieran errege familiaren erretratu bat agertzeko asmoa agertu zuen idazleak, 1784an lehen ekitaldia irakurri zuenean, baina antzerki lana lehenengo aldiz osorik argitaratu zenean, bere asmoa errepublika baten ideal ausartena, hau da tolerantzia eta iritzi askatasunaren ideala, aurkeztea zela aitortu zuen egileak. Horrela, hasieran errege familiako istiluen kontakizun gisa aurkeztu zena, politikari buruzko erreferentzia ugari dituen obra bihurtu zen amaierarako.
"Don Karlos" argitaratu zuenez geroztik, olerkiak, saiakerak eta aldizkarietarako artikuluak idatzi zituen batez ere, 1800 inguruan berriro antzerkiari heldu zion arte. Lan hauetan estetikari buruz mintzo zen batez ere. Arteak gizonari harmonia gorena lortzen laguntzen diola adierazi zuen, eta gizabanakoaren heziketa estetikoaren bidez gizarte humanoago eta zoriontsuagoa lor daitekeela azpimarratu. Schillerren estetikaren inguruko gogoetak ere, ikusten denez, bat datoz bere pentsamendu politiko eta historikoarekin. Aipagarriak ditu, besteak beste: Anrnzd und Wiirde ("Grazia eta duintasuna", 1793), Biefe iiberdas asthetische Erziehung derMenschheit ("Gizadiaren heziketa estetikoari buruz", 1795), etab.
Heldutasun aroko urteetan bereziki azpimarratzekoa izan zen Schillerrek Goetherekin izandako harremana eta Kanten filosofiaren eragina. Schiller eta Goethe hasieran elkarren etsai izan ziren arren, Goethek Jenako unibertsitatean historiako irakasle postu baterako proposatu zuen Schiller eta adiskide min izatera iritsi ziren. Adiskidetasun horren erakusgarri da, adibidez, Xerrien epigrama bilduma (1796) elkarrekin idatzi izana. Hainbat gai poetiko, estetiko eta zientifikori emandako erantzunarekin eta bien artean eraikitako ikuspegi etiko-estetikoarekin Weimarko aldi klasikoa deritzona finkatu zuten 1794-1805 bitarteko hamarraldian; klasikotasun horren baitan, duintasuna, askatasuna eta neurrizkotasuna izan ziren Schillerren obran oinarrizko ideiak, gaztetako subjektibotasuna eta asaldura alde batera utzirik. Zalantzarik gabe, Schillerren bilakaeran berebiziko eragina izan zuen Goethek.
Azken urteetako obrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Schillerrek antzerkia idazteari ekin zion berriro 1800. urtetik aurrera, lehen esan bezala, eta ordurako oso gaixorik zegoen arren, ospe handiko zenbait obra historiko idatzi zituen.
Trilogia bat idatzi zuen 1798-1799 bitartean, aurreko urteetan eskuratutako ezaguera estetikoetan eta Hogeita hamar Urteko Gerrari buruz idatzitako lan bateko datu historikoetan oinarriturik, eta 1800ean eman zuen argitara, Walllenstein izenburupean. Haren ondoren Maria Stuart (1801) argitaratu zuen, Estuardo eta Tudor familien arteko liskarrari buruzko drama psikologikoa. Erdi Aroan Karlos VII.aren mende frantses eta ingelesen artean gertatutako borroken berri eman zuen Die Jungirau von Orleans ("Orleansko neskatxa", 1801) trajedia erromantikoan, eta, azkenik, Suitzako kantoietan Austriar gobernadorea hiltzeko eta askatasuna lortzeko aurrera eramandako borroka izan zuen kontagai Gilen Tell (1804) lanean.
Schillerrek aldi klasikoan idatzitako lan hauek guztiek dute zeinek bere xarma berezia, baina oro har, guztietan agertzen da mundu errealaren eta idealaren arteko borroka, eta, irabazi ala hil, beren baitan askatasunaren eta ernearen arteko borroka bizi duten heroien grazia eta duintasuna.
Literaturaren bilakaera eta eragina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Schillerren obraren azterketa egitea eta haren literatura definitzea ez da lan erraza.
Izan ere, Goetheren garaiko idazlea izan zen, eta garai hartan Alemaniak bizi izan zuen oparoaldi literario eta intelektualean higikundeak eta joerak elkarren gainka bezala, eta are batzuetan txandakaturik edo elkarri kontrajarririk agertu ziren. Egoera horretan, idazleek ez zioten, oro har, joera jakin bati heltzen eta hari leial irauten beren karrera guztian. Horrela gertatzen da Schillerren kasuan ere, eta nahiz eta badiren ezaugarri konstante batzuk -askatasunaren ideia adibidez- bilakaera nabarmena antzematen da haren literaturan.
Hasieran askatasunaren aldeko oihua eta indarrean zen sistema sozio-politikoaren kritika gogorra agertu zuen bere obretan.
Heldutasun aroan, berriz, gizadiaren perfekzioa eta askatasuna lortzeko baliabideen bilaketan murgildu zen, eta gizakiaren ahultasuna eta baldintza materialen presioa gainditzeko bide gisa arimaren barne askatasuna aldarrikatu zuen bere azkenaldiko obretan. Lehenengo aldian Stuam und Drang joeraren asaldura da nagusi ("Bidelapurra"k maisulanean esaterako), baina heldutasun aroan idealismo unibertsalagoa eta sentimenduen neurrizkotasuna nabarmendu zituen, Weimarko klasizismoaren ildoari jarraituz. Goethek Schiller hil ondoren hari buruz esan zuen bezala, gorputzez libre izan zen Schiller gaztetan, eta arimaz libre, berriz, bizitzaren amaieran.
Schillerren obrak garrantzi handia izan du Alemaniako literatura klasikoan eta Europa osoko literaturan. Eragina izan zuen, besteak beste, Coleridge, Constant eta Pushkinen obran, eta azpimarratzekoa da, halaber, musikaren munduari egindako ekarpena, Schillerren lanetan oinarrituak baitira Beethovenen "Alaitasunaren ereserkia" eta Verdiren zenbait opera. Azken urteetan egindako ikerketek Schillerrek estetikaren inguruan egindako lanen eta ekarpenen garrantzia azpimarratu dute.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo loturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Friedrich Schiller |
- Friedrich Schillerren idazlanak irakurgai. Gutenberg Proiektua (Alemanez) (Ingelesez)