Edukira joan

Ferdinand de Saussure

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ferdinand de Saussure

Bizitza
JaiotzaGeneva1857ko azaroaren 26a
Herrialdea Suitza
Lehen hizkuntzafrantsesa
HeriotzaVufflens-le-Château1913ko otsailaren 22a (55 urte)
Familia
AitaHenri Louis Frédéric de Saussure
Ezkontidea(k)Marie Faesch (en) Itzuli  (1892 -
Seme-alabak
Haurrideak
Familia
Leinuade Saussure (en) Itzuli
Hezkuntza
HeziketaCollège Calvin (en) Itzuli
Genevako Unibertsitatea
(1875 - 1876)
Leipzigeko Unibertsitatea
(1876 - 1880) doktoretza
Hizkuntzakfrantsesa
Swiss German (en) Itzuli
Irakaslea(k)Heinrich Zimmer (mul) Itzuli
Hermann Oldenberg (mul) Itzuli
Georg Curtius
Henri Frédéric Amiel
Alexis Giraud-Teulon (en) Itzuli
Hugues Oltramare (en) Itzuli
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakhizkuntzalaria, pedagogoa, unibertsitateko irakaslea, soziologoa, filosofoa eta phonologist (en) Itzuli
Enplegatzailea(k)École pratique des hautes études  (1880 -  1891)
Genevako Unibertsitatea  (1891 -  1913ko otsailaren 22a)
Lan nabarmenak

Ferdinand de Saussure (/fɛʁdi'nɑ̃ də soˈsyːʁ/) (Geneva, 1857ko azaroaren 26aVufflens-le-Château 1913ko otsailaren 22a) suitzar hizkuntzalari bat izan zen, estrukturalismoa sortu zuena.

Estrukturalismo linguistikoaren aitzindaritzat hartzen da, eta indoeuropar hizkuntzei buruz egindako lanagatik ere nabarmendu zen.

Hizkuntzalaritza modernoa sortu eta semiologiaren oinarriak ezarri zituen, batez ere Europan. Bere Cours de linguistique générale (1916, Hizkuntzalaritza Orokorreko Ikastaroa)[1] obra nagusian ―beraren ikasleek argitaratu zuten, Saussure hil ondoren― funtsezko zenbait kontzeptu definitu zituen (hizkuntza, hizkuntza eta hizketa bereiztea, sinkronia eta diakronia desberdintzea, hizkuntza zeinuaren izaera arbitrarioa, eta abar). inspirazio bat izan zirenak ez bakarrik ondorengo hizkuntzalaritzarako, baizik beste giza zientzietarako ere, hala nola etnologia, literaturaren teoria, filosofia eta psikoanalisi lacaniarra.

Ferdinand de Saussure zientzialari ospetsuen familia batean jaio zen, 1857an. Aita Henri Louis Frédéric de Saussure entomologoa izan zuen eta ama Louise de Pourtalès;[2] anai izan zituen Léopold de Saussure sinologoa eta René de Saussure esperantista. Halaber, haren arbasoen artean nabarmentzen dira Horace Bénédict de Saussure birraitona naturalista eta geologoa, alpinismoaren sortzaileetako bat; eta haren seme Nicolas Théodore de Saussure kimikari eta botanikoa. Marie Faeschekin[3] (1867-1950) ezkondu zen. Hiru seme-alaba izan zituzten: Jacques, Raymond eta André.

Genevako Unibertsitateko Letren Fakultateko B105 aretoaren sarrera, Saussurek hizkuntzalaritza orokorra erakutsi zuen ikasgela.

Bigarren hezkuntzako ikasketak Genevako institutuan amaitu zituelarik, 1875ean Leipzigera joan zen, han baitzegoen garai hartako filologia unibertsitate ospetsuena, eta, gero, seihileko bat egin zuen Berlinen, Heinrich Zimmer hizkuntza zelten adituarekin eta gero Parisen. 1877an, Ferdinand de Saussurek Parisko Hizkuntzalaritza Elkarteari jakinarazi zion bere lehen artikulua, Leipzigen agertua, hizkuntza indoeuroparretako bokalen jatorrizko sistemari buruzkoa.[4] Bi urte geroago, bere doktore tesia aurkeztu zuen Leipzigen: De l'emploi du génitif absolu en sanscrit.[5] Ferdinand de Saussureren karrera Parisen hasi zen, École pratique des hautes études erakundean, 1881-1891 bitartean hizkuntzalaritza konparatua irakatsi baitzuen, artean 24-34 urte zituela, garrantzi erabakigarria izan zuena frantses hizkuntzalaritzaren garapenerako.[6] Han indoeuropar hizkuntzalaritza irakatsi zuen, Suitzara itzuli aurretik. Genevako Unibertsitatean eman zituen ikasketak, hil arte: sanskritoa, lituaniera eta hizkuntzalaritza orokorra irakatsi zituen, besteak beste. Genevako Unibertsitatean 1907, 1908 eta 1910ean emandako hizkuntzalaritza orokorreko ikastaroa Cours de linguistique générale[7][8] ospetsua bihurtuko zen, haren ikasleen laguntzari esker. Ferdinand de Saussure 1913an hil zen Vufflens-le-Châteaun, Vaudeko kantoian, biriketako gaixotasun baten ondorioz. Biriketako minbizia izango zen, ziurrenik.[9]

Ferdinand de Saussure munduko hizkuntzalari aipatuenetako bat da, nahiz eta bizi izan zen bitartean oso lan gutxi argitaratu zituen. Horien artean, gainera, artikulu zientifiko gutxi batzuk polemikoak izan ziren. Adibidez, lituanieraren fonetikaz argitara eman zuen lana[10] Friedrich Kurschat ikertzaile lituaniarraren azterketetan oinarritu zen, neurri handi batean. Saussurek bi asteko bidaia egin zuen harekin batera Lituaniara, 1880ko abuztuan, eta haren liburuak alemanez irakurriak zituen.[11] Saussurek lituanieraren oinarrizko gramatika ikasi bazuen ere Leipzigen sei bat hilabetez, ez zen gauza lituanieraz mintzatzeko; beraz, Kurschaten mende zegoen. Bide beretik, galde daiteke Cours... bera Saussureren bakarkako lana izan ote zen. Ikerketen arabera, egungo bertsioak eta edukiak, gutxienez, Charles Bally eta Albert Sechehaya[12] hizkuntzalari eta editoreen lanetan dute jatorria. Ferdinand de Saussureren eta haren ondorengo Bally eta Sechehayaren lanek, multzo gisa hartuta, Genevako hizkuntzalaritza eskola edo, besterik gabe, Genevako eskola osatzen dute.[13][14]

Cours de linguistique générale landu aurretik, Saussurek antzinako poesiari buruzko azterketak egin zituen (saturnioa, poesia homerikoa, poesia latinoa, metrika vedikoa). Muga foniko partikularrak daudela erakutsi nahi zuen, metrika eta kopuru arauez gain. Haren intuizioa da azpian dagoen hitz batek (hipograma)[15] erabakitzen duela soinuek poemetan duten konfigurazioa. Bertso bakoitzak hitz erabakitzailean agertzen diren fonemak berreskuratu behar ditu. Adibidez, «Ad mea templa portato» bertso orakularioak, Tito Liviok emana, Apoloren anagrama du. Apo irakurtzen da «...a templa portato» zatian, l berriz «templa» hitzean, o luzea «portato» hitzean.[16] Testuaren lehen editoreak, Jean Starobinskik, argi utzi zuen metodo hori zalantzazkoa dela, «hipogramak» testuan proiektatuta nonahi aurkitzera eraman baitezake.[17]

Saussurek aldarrikatu zuen, halaber, anagramak erabiltzen dituela metrika vedikoak, forma gramatikal guztietan, jainkoaren izena txertatzeko, haren ohorez egina baitzen poesia mota hori. Haren arabera, poesia vedikoa hindieraren zientziaren lehen lerrokadurei lotuta egongo litzateke.[18]

Cours de linguistique générale, 1916an argitaratua, izan zen XX. mendean Saussureren pentsamendua ezagutzeko dokumentu garrantzitsuena.[19] Hala ere, testu hura ez zuen Saussurek berak idatzi, baizik eta haren bi ikaslek ―Charles Bally eta Albert Sechehaya― zeinak, beste ikasleen oharretan oinarrituta, haren pentsamendua islatzen zuen testu bat idatzi baitzuten.

1960ko hamarkadan hasi ziren iturriak zehatzago aztertzen, Saussureren eskuizkribuetatik abiatuta, haren ideiak xehekiago identifikatzeko.[14][20][21]

Mintzaira, hizkuntza eta hizketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Saussureren azken helburua zen hizkuntzaren teoria koherente bat proposatzea, objektua ahalik eta zehaztasun eta zorroztasun handienarekin atzemateko gai izango zena, hizkuntzaren izatasuna hurbileko beste edozein fenomenotatik bereizita. Horren ondorioz, Saussurek mintzaira ―sistema den heinean― eta hizkuntzak bereizten zituen.

Mintzaira, Saussureren pentsamoldean, da gizakiok zeinuen bidez adierazteko gaitasun orokorra. Ahalmen hori ez da hizkuntza naturalena, baina giza komunikazio mota ororen ezaugarria da. Hizkuntza da, berriz, Saussureren hitzetan, hiztun komunitate batek komunikaziorako erabiltzen dituen zeinu multzoa: euskara, frantsesa, edo alemana, adibidez.[22]

Baina bereizketa horretatik harago, Saussurek ere bereizten ditu hizkuntza eta hizketa. Haren aburuz, testuinguru zehatz batean hizkuntza zeinuak erabiltzea da hizketa. Hizketa kontzeptu horren bidez, Saussure hizkuntzaren erabilera zehatza eta hizkuntza bera ―zeinu multzo gisa ulertuta― bereizten saiatu zen.[23]

Sinkronia eta diakronia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Sinkronia eta diakronia»

Hizkuntzak, aldi berean dimentsio diakroniko bat du ―hori da, zeinuen bilakaera denboran zehar― eta dimentsio sinkronikoa ―zeinuen arteko erlazioak une jakin batean, alegia. Saussurek bereziki berritu zuen bigarren alderdi sinkroniko horren azterketa. Haren ustez, perspektiba diakronikoa aztertu beharrekoa zen, noski, baina ez zen aski eta, gainera, ikuspegi horren gailentasunak eragotzi egiten zuen hizkuntza sistema bezala ikertzea. Izan ere, azterketa diakronikoak denboran zehar hizkuntzak izan ohi dituen aldaketak baino ez ditu kontuan hartzen; ikuspegi sinkronikoak erakusten du zeinuen esanahia hizkuntza osoaren egituraren araberakoa dela.[24]

Hizkuntza sistema gisa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Saussureren teoria linguistikoa guztiz semiotikoa zen, hizkuntza zeinu multzo gisa interpretatzen baitzuen. Hizkuntzalariak bi elementu bereizten zituen zeinuan: adierazia eta adierazlea. Saussurek hala idatzi zuen: «adieraziak eta adierazleak elkarlotura bat hartzen dute». Pierre Legendre historialari eta psikoanalistak «hizkuntzaren izaera instituzionala» aztertzen zuenean, esaten zuen adieraziaren eta adierazlearen arteko lotura «halabeharrezko harreman bat» dela, «legezko lotura» dela. Egiaztatzaile baten behar logikoa planteatzen zuen, hirugarren baten beharra, adieraziaren eta adierazlearen harremana ziurtatzeko.[25]

Adieraziak kontzeptua azaltzen du, hau da, gauza baten irudikapen mentala. Ideia aski zabaldua den arren, hizkuntza ez da aurretik zeuden gauzak edo kontzeptuak islatuko dituen hitz sorta bat, gauzei edo kontzeptuei etiketak jarriz. Hala balitz, hizkuntza bateko hitzak, baita kategoria gramatikalak ere, beti izango lirateke berberak hizkuntza guztietan. Behaketa horren arabera, Saussurek bereizi zituen adierazia eta balioa: ingelesezko «sheep» eta frantsesezko «mouton» hitzek zentzu bera dute (ardia), baina ez balio bera, ingelesak bereizten baititu «sheep» animalia, eta «mutton» haren haragia. Beraz, esanahia (adierazia) negatiboki definitzen den kontzeptu bat da, hizkuntza batean aurkagarriak zaizkion beste kontzeptu batzuk daudelako edo ez daudelako.[26]

Adierazleak hitz baten irudi akustikoa izendatzen du. Hitz batean axola duena ez da bere soinua bera, beste hitzetatik bereizten duten desberdintasun fonikoak baizik. Hitzaren balioa bereizketa horietatik dator. Hizkuntza bakoitzak fonema kopuru mugatu batetik eraikitzen du bere lexikoa, eta fonemek ―adieraziek bezala― ez dira ezaugarritzen kalitate propio eta positiboagatik, baizik elkar aurkaratzen duenagatik: frantsesez «r» bat euskarazko «rr» bezala ahoskatzeak ez du eraginik ulermenean; euskaraz aldiz, nahasmenak sor ditzake, ongi bereizten baitira, alde batetik, dardarkari hobikaria [ɾ] (adibidez, aro) eta, bestetik, dardarraniztun hobikaria [r] (adibidez, arro).[27]

Zeinua osorik hartuta

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Saussureren ideia nagusia da hizkuntza zeinu sistema itxi bat dela. Edozein zeinu gainerakoeki harremanaren arabera definitzen da, diferentzia hutsagatik (negatiboa), eta ez bere ezaugarriengatik (positiboa): horregatik, Saussurek sistemaz hitz egiten du. Hil ostean «estrukturalismoaren aita» izendatua izan bazen ere, ez zuen inoiz «estruktura» kontzeptua erabili, «sistema »erabili izan zuen beti.[28]

Zeinuaren arbitrariotasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntzak, aldi berean, ebakitzen du adierazle bat soinuen masa moldegabean, eta adierazi bat kontzeptuen masa formagabean.

Adieraziaren eta adierazlearen arteko erlazioa arbitrarioa eta arrazoitu gabea da: ezerk ez du arrazoitzen, a priori, euskaraz, adibidez, [e--k-u] fonemen jarraitasuna («esku» zeinuaren adierazlea) lotzea «esku» kontzeptuarekin (adierazia). Harreman hori guztiz arbitrarioa da, izan ere, «giza besoaren amaierako zatia, ukitzeko eta gauzak hartzeko erabiltzen dena, eta bost hatz dituena» kontzeptu hori adierazteko «esku», eta ez «buru», erabiltzeko arrazoirik ez dago. Saussure, ikuspuntu epistemologikotik, nominalismoan kokatzen da.

Bi ardatz: erlazio sintagmatikoak eta elkartze erlazioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Banakoa linguistikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diskurtso bat zeinu jarraitasun batez osatuta dagoenez, zeinuaren mugaketaren arazoa planteatu zuen Saussurek, ezinbestekoa baita ahozko katea ulertzeko (entzumenak ezin du bereizi hizkuntza ezezagun bati badagokio). Hartara, banako linguistikoa sonoritate multzo gisa definitu behar da, eta, aurrekoa eta ondorengoa alde batera utzita, kontzeptu (adierazia) jakin bat esan nahi du. Beraz, [ʒ(ə)lapʁɑ̃] soinu segmentua (nazioarteko alfabeto fonetikoan idatzirik) frantses hiztun batek hiru banako linguistikotan aztertuko du: edo «je/la/prends/» («nik hartzen dut»), edo «je/l/apprends» (nik ikasten dut). Testuinguruaren arabera hautatuko du bata ala bestea. Azterketa horretara iristeko, hizkuntzak bi harreman mota ezartzen ditu zentzu unitateen artean, ezinbestekoak biak.

Erlazio sintagmatikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Banako linguistikoak elkarrekin lotzen dira ahozko katearen garapenean, eta elkarren mende daude. Bi zeinu linguistiko edo gehiagoren konbinazio oro sintagma bat da. Sintagma batean jarritako zeinu guztiek balioa lortzen dute aurreko, hurrengo edo biekiko aurkakotasunetik: «berrikusi», «guztien aurka» edo «eguraldi ona badago», bi banako linguistiko edo gehiagoko sintagmak dira. Horien artean erlazio sintagmatikoak daude.[29]

Elkartze erlazioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Horrela konbinatutako elementuak hiztunarengan elkartu egiten dira talde multiformeetan diren beste elementu batzuekin: «irakaskuntza» lotuta dago bai «irakasle» hitzarekin ahaidetasunagatik, bai «berrikuntza», «aldakuntza» eta abarrekin atzizki bera dutelako edo «ikasketa», «heziera» eta abarrekin esanahien analogiaz. Elkartze sintagmatikoak zuzenean ikus daitezke (in praesentia), baina elkartze erlazioak birtualak dira, azpian daudenak (in absentia).[30]

Ferdinand de Saussureren idazkun bat jasotzen duen plaka, Genevako Hiri Zaharrean.

Bi erlazio mota horiek lankidetzan aritzen dira; koordinazio espazialak (erlazio sintagmatikoak) elkarteak sortzen laguntzen du (elkartze erlazioak), eta horiek beharrezkoak dira sintagma bat identifikatu eta aztertzeko. Adibidez, [s̻es̺ateʝo] («Zer esaten dio») soinu katean, azken «-o» hori zentzua duen banako gisa aztertzen du entzuleak, elkartzen baitu «dit», «digu», «dizu», «die» eta abarrekin: «-o»-ren lekua har dezakete, haren aurkariak dira. Alabaina, aurretik duen guztia kontuan hartu gabe (erlazio sintagmatikoa) «-o» ez daiteke hartu banako linguistiko gisa, berak bakarrik ez bitu zentzurik.

Hizkuntzalaritza eta semiologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ferdinand de Saussurek beti nabarmendu izan zituen hizkuntzalaritzaren eta semiologiaren arteko harremanak. Berak semiologiatzat hartzen zuen zeinu orokorrak aztertzen dituen gizarte zientzia. Hala, hizkuntzalaritza semiologiaren adar bat zen Saussureren begietara. Hala izatekotan ere, hizkuntzalaritza da adarrik garatuena, eta garrantzitsuena, giza mintzairaren konplexutasunagatik.[31]

Saussureren oinordetza intelektuala izugarria izan zen, da estrukturalismoaren sortzailetzat hartua baita orobat, nahiz eta hitz hori geroagokoa den, berak hizkuntza sistema gisa izendatzen baitzuen. Estrukturalismoa giza zientzien adar desberdinetan ordeztutako pentsamendu mugimendua izan zen: besteak beste, Claude Lévi-Strauss etnologian; Louis Hjelmslev hizkuntzalaritzan; Tzvetan Todorov literaturaren analisian; Jacques Lacan psikoanalisian; eta Michel Foucault edo Jacques Derrida filosofian.[32][33]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Saussure, Ferdinand de. (1998). Hizkuntzalaritza orokorreko ikastaroa. Itzultzailea: Isabel Arrigain. Bilbo: Klasikoak ISBN 978-8488303448. OCLC .863164044.
  2. (Frantsesez) Famille de Pourtalès. 2024-04-09 (Noiz kontsultatua: 2024-05-01).
  3. (Frantsesez) Famille Faesch. 2023-05-01 (Noiz kontsultatua: 2024-05-01).
  4. (Frantsesez) Saussure, Ferdinand de (1857-1913) Auteur du texte. (1879). Mémoire sur le système primitif des voyelles dans les langues indo-européennes / par Ferdinand de Saussure. Bibliothèque national de France - Gallica (Noiz kontsultatua: 2024-05-01).
  5. (Frantsesez) Saussure, Ferdinand de. (1881). De l'emploi du génitif absolu en sanscrit. Genève : Impr. J.G. Fick (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-05-01).
  6. (Frantsesez) Benveniste, Émile. (1964). «Ferdinand de Saussure à l'École des Hautes Études.» Annuaires de l'École pratique des hautes études 97 (1): 20–34.  doi:10.3406/ephe.1964.4796. (Noiz kontsultatua: 2024-05-01).
  7. (Frantsesez) Saussure, Ferdinand de (1857-1913) Auteur du texte. (1931). Cours de linguistique générale (3e éd.) / Ferdinand de Saussure ; publié par Charles Bally... et Albert Sechehaye,... avec la collaboration de Albert Riedlinger,.... Bibliothèque national de France - Gallica (Noiz kontsultatua: 2024-05-01).
  8. (Frantsesez) Angenot, Marc. (1984). «Le Saussure des littéraires : avatars institutionnels et effets de mode» Études françaises 20 (2): 49–68.  doi:10.7202/036827ar. ISSN 0014-2085. (Noiz kontsultatua: 2024-05-01).
  9. (Frantsesez) «Ferdinand de Saussure, linguistique mon amour» Tribune de Genève (web.archive.org) 2016-01-27 (Noiz kontsultatua: 2024-05-01).
  10. (Frantsesez) Saussure, Ferdinand de. (1894). «Accentuation lituanienne» Bibliothèque de Genève - Manuscrits et archives privées (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-05-01).
  11. (Alemanez) Kurschat, Friedrich. (1843). Beiträge zur Kunde der Littauischen Sprache, Beilage zum Ruhig-Mielckeschen Wörterbuch. Königsberg (Noiz kontsultatua: 2024-05-01).
  12. Jürgen Trabant, « Saussure contre le Cours ». In: François Rastier (Hrsg.): De l'essence double du langage et le renouveau du saussurisme. Limoges: Lambert-Lucas. ISBN 978-2-35935-160-6
  13. (Frantsesez) Testenoire, Pierre-Yves. (2015). «L’école de Genève vue de la Société de Linguistique de Paris» Histoire Epistémologie Langage 37 (2): 53–70.  doi:10.1051/hel/2015370204. ISSN 0750-8069. (Noiz kontsultatua: 2024-05-01).
  14. a b (Frantsesez) Curea, Anamaria. (2015). Entre expression et expressivité : l’école linguistique de Genève de 1900 à 1940 : Charles Bally, Albert Sechehaye, Henri Frei. ENS Éditions  doi:10.4000/books.enseditions.3878. ISBN 978-2847886900. (Noiz kontsultatua: 2024-05-01).
  15. (Frantsesez) Tronchet, Gilles. (1995-09-01). «Des signes sous les signes : leçons d’une lecture hypogrammatique» Linx. Revue des linguistes de l’université Paris X Nanterre (7): 75–117.  doi:10.4000/linx.1129. ISSN 0246-8743. (Noiz kontsultatua: 2024-05-01).
  16. (Frantsesez) Bureau, Conrad. (1973). «Jean Starobinski, Les Mots sous les mots. Les Anagrammes de Ferdinand de Saussure, essai, Paris, Gallimard, Coll. « Le chemin », 1971, 161 p.» Études littéraires 6 (1): 131–135.  doi:10.7202/500278ar. ISSN 0014-214X. (Noiz kontsultatua: 2024-05-01).
  17. (Frantsesez) Starobinski, Jean. (1971). Les mots sous les mots: les anagrammes de Ferdinand de Saussure. Gallimard, 115. or. ISBN 978-8474326048. (Noiz kontsultatua: 2024-05-01).
  18. (Frantsesez) Starobinski, Jean. (1971). Les mots sous les mots: les anagrammes de Ferdinand de Saussure. Gallimard, 36-38. or. ISBN 978-84-7432-604-8. (Noiz kontsultatua: 2024-05-01).
  19. (Frantsesez) Martinet, André. «Biographie de Ferdinand de Saussure (1857-1913)» Encyclopædia Universalis (Noiz kontsultatua: 2024-05-01).
  20. (Frantsesez) Vilkou-Poustovaïa, Irina. (2003). «À propos de Ferdinand de Saussure. Écrits de linguistique générale» La linguistique 39 (1): 151–156.  doi:10.3917/ling.391.0151. ISSN 0075-966X. (Noiz kontsultatua: 2024-05-02).
  21. (Frantsesez) Depecker, Loïc. (2021). Siouffi, Gilles ed. «Ferdinand de Saussure aux portes de l’inconscient» Le sentiment linguistique chez Saussure (ENS Éditions): 113–145.  doi:10.4000/books.enseditions.17407. ISBN 979-1036203282. (Noiz kontsultatua: 2024-05-02).
  22. (Frantsesez) Turpin, Béatrice. (1993). «Modélisation, langage et langue chez Saussure» Cahiers Ferdinand de Saussure (47): 159. (Noiz kontsultatua: 2024-05-02).
  23. (Frantsesez) Arrivé, Michel. (2007). «Parole, discours et faculté du langage dans la réflexion de Saussure» À la recherche de Ferdinand de Saussure (Presses Universitaires de France): 101–117. (Noiz kontsultatua: 2024-05-02).
  24. (Frantsesez) Verleyen, Stijn. (2008). «Les avatars d'une dichotomie saussurienne : synchronie et diachronie dans les théories modernes du changement linguistique» Travaux de linguistique 57 (2): 133–153.  doi:10.3917/tl.057.0133. ISSN 0082-6049. (Noiz kontsultatua: 2024-05-02).
  25. (Frantsesez) Rappin, Baptiste. (2019). «Pierre Legendre ou le droit du point de vue de l’anthropologie dogmatique» Droit et société 102 (2): 397–411.  doi:10.3917/drs1.102.0397. ISSN 0769-3362. (Noiz kontsultatua: 2024-05-02).
  26. (Frantsesez) Rühl, Marco. (2000). «1. Sémiologie et linguistique : les bases jetées par Ferdinand de Saussure» Linguistique pour germanistes : Une tentative de médiation entre la tradition française et la tradition allemande de l'étude de la langue allemande (ENS Éditions): 19–33. ISBN 978-2-84788-442-5. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  27. (Frantsesez) Arrivé, Michel. (2007). «Qu'en est-il du signe chez Ferdinand de Saussure ?» Journal français de psychiatrie 29 (2): 39–41.  doi:10.3917/jfp.029.0039. ISSN 1260-5999. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  28. (Frantsesez) Sofia, Estanislao. (2017-07-31). «Système et systématicité chez Ferdinand de Saussure» Linx. Revue des linguistes de l’université Paris X Nanterre (74): 129–148.  doi:10.4000/linx.1748. ISSN 0246-8743. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  29. (Frantsesez) Touratier, Christian. (2002). Morphologie et morphématique: Analyse en morphèmes. Presses universitaires de Provence  doi:10.4000/books.pup.484. ISBN 978-2-85399-520-7. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  30. (Frantsesez) Bergounioux, Gabriel. (1995-09-01). «Saussure ou la pensée comme représentation» Linx. Revue des linguistes de l’université Paris X Nanterre (7): 173–186.  doi:10.4000/linx.1145. ISSN 0246-8743. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  31. (Frantsesez) Bouquet, Simon. (2001). «Linguistique et sémiologie: le projet de Saussure et l'interdisciplinarité» Cahiers Ferdinand de Saussure (54): 155–161. ISSN 0068-516X. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  32. (Frantsesez) Corvez, Maurice. (1968). «Le structuralisme de Jacques Lacan» Revue Philosophique de Louvain 66 (90): 282–308.  doi:10.3406/phlou.1968.5434. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  33. (Frantsesez) Drach, Marcel; Toboul, Bernard. (2008-01-01). «L'anthropologie de Lévi-Strauss et la psychanalyse» Cairn.info  doi:10.3917/dec.drach.2008.01. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]