Edukira joan

Errusiar oligarka

Wikipedia, Entziklopedia askea
Vladimir Putin eta Khodorkovski oligarka 2002an: laster etsaitu ziren. 1990ko hamarkadako beste oligarka askok XXI. mendean oso aberats jarraitu du Errusian.

Errusiar oligarkak sobietar errepublika izandakoetan, bereziki Errusian, 1990etik aurrera sortutako enpresaburu izugarri aberatsak dira. 1990eko hamarkadan Sobietar Batasuna desegin ondoren, Errusiaren pribatizazio-aroan berehala metatutako aberastasun izugarria batez ere gutxi batzuen eskuetan geratu zen.

Lehen oligarka errusiar modernoak enpresaburu gisa agertu ziren Mikhaíl Gorbatxoven agintaldian (1985-1991 bitartean), merkatuaren liberalizazio urrats batzuk hartu zirenean.[1] Aro horreran, bereziki egitura estatal komunista batzuetan gazte batzuek (Komsomol gazte erakundean, adibidez, Mikhail Khodorkovskik), monetizazio aukera berriak (lehen debekatuak estatu aparatuetan) aprobetxatu zituzten, inportazioan negozio paraleloak eginez dirua poltsikoratzeko[2].

Hastapenetako beste irabazi bide bat banku pribatuen sorkuntza izan zen: estatu aparatuen finantzak, banku hauen bitartez bideratuz, ekonomia pribatu hazkorraren eta estatalaren artean irabazi izugarriak egin ahal izan ziren. Kontaktu egokiak eta une zehatza aprobetxatzea funtsezkoak izan ziren honetan ere. Vladimir Potanin izan zen esportazio-inportazioetan zein banku pribatuetan aberastasuna lortu zuen lehenetako bat.

Jeltsinen garaiko pribatizazioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren izen-sorta bat oso azkar etorri zen ondoren, jada sobietar estatua eroririk, pribatizazio orokorra egin zuenean estatu errusiarrak, batez ere 1992-1994 urteetako kupoi-pribatizazioa aprobetxatzen jakin zutenek. Fase honetan Errusiako aberastasun handiak kudeatzen zituzten enpresetan, aluminioan edo nikelean adibidez, kudeatzaileek langileen gaineko kontrola lortu zuten akzioen jabetza prezio oso merkeetan erdietsiz, Norilsk enpresan gertatu zen bezala[3]. Zuzendari gorrien aukera gisa deskribatu dute gertatua kazetari eta historialariek.

Zuzendari gorrien adibide bat Aleksei Mordaxov gaztearena izan zen, finantzaburu izendatu berri bere hiriko metalurgia batean (Txerepovets)[4]. Honek erabili zituen enpresako fondoak langileei akzioak dirutan erosteko, jendeak likidezia beharra zuen une batean, eta horrekin ez bakarrik trunpatu zituen akziodunak, baita ere enpresako zuzendaria (enkargua egin ziona, bere aitaginarreba), zeinak bat-batean deskubritu zuen berak ere ez zuela akziorik, gehiengo osoa Mordaxovek berak zeukala: Txerepovetsko metalurgia Severstal Errusiako metal enpresa handiena bilakatu zen, eta Mordaxov 21. mendeko errusiar aberatsena una jakin batean[5].

Lehen pribatizazioaren ondoren, estatu errusiarrak oraindik jabetza handiak zituen, batez ere petrolio eta gas alorrean, baina horiek ere 1995-1996 urteetan esku pribatuetan geratu ziren. Krisian zegoen gobernua, eta banku komertzialetan mailegu bereziak lortu zituen industriako akzioen abalarekin: 1996ko irailerako itzultzen ez baziren maileguak, bankuek lortuko zuten akzioaren jabetza. Maileguak akzioen truke izendatu zen sistema honen aroan, 1996ko urtarrilean, Olga Krixtanovskaia kazetaria izan zen oligarka hitza erabiltzen lehenetakoa, Izvestia egunkariko artikulu batean[6].

Maileguak akzioen truke prozeduran, beste baliabide mordoa pasatu ziren oligarken eskura, eta Khodorkovskik, ordura arte bankuetan zebilena batez ere, Yukos petrolio konpainiaren jabe bihurtu zen adibidez. Roman Abramovitx, Vladimir Potanin eta Boris Berezovski jadanik aberatsak, are aberatsago bihurtu ziren jokaldi honetan[7].

Dirutzarako beste bide batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pribatizazioez gain, beste bide batzuk ere egon ziren aberastasuna lortzeko, "ohikoagoak" nolabait esateko munduko ekonomietan: kontratu publikoetan mesedeak. Moskuko alkatetza bereziki indartsua izan zen 1990eko hamarkadan Juri Luzhkov alkate zela; ez zen bereziki jabetza publikoaz desegin, baina kontratu publikoetan diru-banaketa handiak egin zituen. Jelena Baturina Luzhkoven emaztea (1991tik), Inteco konpainiaren bidez, hiriko hainbat eraikuntza eta garapenez enkargatu zen[6]. 1990eko hamarkadatik 2020raino, Errusiako emakumerik aberatsena izan zen Baturina, herrialdeko lehen emakumezko bilionaria (zentzu amerikarrenan, 1.200 milioiko aberastasunarekin), Tatiana Bakaltxukek 2020an 1.400.000 milioiko jabetzarekin gainditu zuen arte[8].

Sistema horrek jarraitu du Vladimir Putinen aroan ere: Sotxiko 2014ko neguko joko olinpikoen eraikuntzetarako Arkadi eta Boris Rotenberg anaien negozioek lehiaketarik gabeko 7.000 milioi dolarreko kontratuek lortu zituzten[6].

20. mendearen amaieran, 1998an, krisi finantziario gogor batek jo zuen Errusia, eta bankuetan interesak zituzten oligarkek kolpea jaso zuten.

Vladimir Putinen agintaldian, 21. mendean, oligarka hauetako batzuek boterea galdu zuten, eta kartzela edo desterrua ezagutu, hala nola Khodorkovskik, baina motiboa ez da horrenbeste klase honen eta beren kapitalismo-eraren kontra dagoelako Putin, baizik eta estatuaren ildo politikoetan ez sartzeko ohartarazpen gisa[6].

Segun eta aberastasunaren iturria zein izan, orduan ere aldaketa izan zen 21. mendean: oro har, finantza eta bankuetan edo hedabideetan zutenek aberastasuna beherantz jo zuten (Gusinski eta Berezovski desterrura ere joan ziren), lehengaietan (metalak, hidrokarburoak) zihardutenek aberastasun hori hobeto aprobetxatu ahal izan zuten. Hala ere, bereizketa ez da erabatekoa: Khodorkovski dagoeneko petrolioaren magnate bat zen, eta behea jo zuen; eta aldiz Piotr Aven bankariak Putinen ondoan jarraitu zuen[6].

Izen propioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1990ko urretako, Boris Jeltsinen garaiko, oligarka nabarmenenak, besteak beste:[9][10][11]

21. mendean, oro har, politikan putinista izanik, oligarkek aurrera jarraitu ahal izan dute, eta Vladimir Putinen garaiko oligarka ezagunen izenen artean, aurreko garaiko izenak ere errepikatzen dira:

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Scheidel, Walter (2017). The Great Leveler: Violence and the History of Inequality from the Stone Age to the Twenty-First Century. Princeton University Press. pp. 51 & 222–223
  2. (Ingelesez) Galeev, Kamil. (2022). «What was Khodorkovsky doing back then?» Twitter (Twitter) (Noiz kontsultatua: 2022-02-28).
  3. (Gaztelaniaz) Simón, Pablo. (2018-07-04). Capitalismo de cupones - Jot Down Cultural Magazine. (Noiz kontsultatua: 2022-02-28).
  4. Fortescue, Stephen. (2006). Russia's oil barons and metal magnates : oligarchs and the state in transistion. Palgrave Macmillan, 47 or. ISBN 978-0-230-80074-8. PMC 314846612. (Noiz kontsultatua: 2022-03-03).
  5. Bouquet, Tim. (2009). Cold steel : Lakshmi Mittal and the multi-billion-dollar battle for a global empire. Abacus ISBN 978-0-349-12097-3. PMC 297800744. (Noiz kontsultatua: 2022-03-03).
  6. a b c d e Wood, Tony. (2018). «1. The Man and The System» Russia without Putin : money, power and the myths of the new Cold War. ISBN 978-1-78873-124-9. PMC 1023858983. (Noiz kontsultatua: 2022-02-28).
  7. (Ingelesez) «Russia: The End Of Loans-For-Shares» RadioFreeEurope/RadioLiberty (Noiz kontsultatua: 2022-02-28).
  8. (Errusieraz) «Elena Baturina is no longer Russia's richest woman» en.vestikavkaza.ru (Noiz kontsultatua: 2022-03-02).
  9. The Russian Oligarchs of the 1990s: Boris Berezovsky, Mikhail Friedman, Vladimir Gusinsky, Mikhail Khodorkovsky, Vladimir Potanin, Alexander Smolensky, Vladimir Vinogradov. San Jose State University.
  10. British Paper Names Banking Clique. 5 November 1996.[Esteka hautsia]
  11. Butrin, Dmitry. (5 March 2002). «Итоги капиталистической десятилетки» Kommersant.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]