Edukira joan

Errumaniako historia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Errumaniako historia duela 42.000 urte hasi zen, aztarnen arabera Homo Sapiens orduan sartu baitzen, Europako lurraldeetara iritsi zen lehena.

Egungo Errumaniari buruzko idatzitako arrastorik zaharrena Herodotok idatzia da, K. a. 513an. Haren liburu baten arabera, Dario I.a Handia persiar enperadoreak geta izeneko tribua garaitu zuen[1]. Nolanahi ere, daziarrak ziren Antzinatean eremu horretan bizi ziren herri garrantzitsuena. Daziar erresuma erpinera K. a. 82 inguruan iritsi zen, Burebista erregearen agintaldian. Erromatarren jomugan jarri zen erresuma hori K. o. 87an, Mesia probintzia erromatarra erasotutakoan. Azkenean, 101-106 bitartean, bi kanpainatan, Trajanok garaitu zituen daziarrak[2], haren lurraldea Dazia probintzia bihurtuta.

Urrea eta zilarra ugari izanik[3], erromatarrek sakonki kolonizatu zuten Dazia. Haiekin batera, latin arrunta eraman zuten, erromanizazio prozesu sakonari hasiera emanez (honela proto-errumaniera sortu zen). Alabaina, III. mendetik aurrera, hainbat herriren inbasioarekin, godoena esaterako, Erromatar Inperioak Dazia bertan behera utzi behar izan zuen 271 inguruan, utzi zuen lehendabiziko probintzia hain zuzen ere.

Bran gaztelua

Erromak alde egindakoan, godoek hartu zuten Dazia. Bertakoekin bizi izan ziren, IV. mendean hunoak iritsi arte. Ondoren, gepidoak, abaroak, eslaviarrak eta beste herri batzuk igaro ziren oldeka Errumaniatik. Daziako laborariak, erromatarrak eta erromatartuak, Karpatoetako mendietan babestu ziren, eta gorde zituzten beren ohitura eta hizkuntza latinoak. Bulgariarrek inbadituta, XI. mendera arte haien mendean egon zen.

X-XIII. mendeetan sortu ziren egungo Errumaniako lehen printzerriak: Valakia (errumanieraz: Ţara Românească -errumaniar lurraldea-), Moldavia (errumanieraz: Moldova) eta Transilvania. Erlijioa kristau ortodoxoa zen eta hizkuntza latinoa. XIII. mendean, Transilvaniaz jabetu ziren hungariarrak eta bertako jende askok jo zuen Valakia eta Moldavia aldera. XIV. mendean moldatu ziren egungo Errumaniako hiru lurralde nagusiak: Transilvania, Valakia eta Moldavia.

  • Moldaviako Printzerriak Eztebe III.aren agintaldian, 1457-1504 bitartean, ezagutu zuen garairik loriatsuena. Buru militar arrakastatsua, garaipen bakoitzaren ostean eliza edo monasterio bat eraikitzen zuen[5]. Otomandarrak geldiarazi ahal izan bazituen ere, bere heriotzaren ondoren, XVI. mendean zehar, Inperioak Moldavia ere bereganatu zuen.

Mikel Ausarta (errumanieraz: Mihai Viteazul) Valakiako (1593-1601), Transilvaniako (1599-1600) eta Moldaviako (1600) printzea izan zen. Laburki bazen ere, haren agintaldian batu egin ziren lehen aldiz hiru errumaniar printzerriak. Beti ere, turkiarrak nagusi egon ziren XVII. mendearen bukaera arte. Garai hartan sendotu zen Errumaniaren aldeko abertzaletasuna.

Independentzia eta monarkia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Errumaniaren lurralde eremuaren aldaketak, 1859tik gaur egun arte.

Transilvanian Austro-Hungariar aginteak eta Valakian eta Moldavian otomandar subiranotasunak zirautenen bitartean, errumaniar gehienak bigarren mailako herritarrak ziren, populazioaren gehiengoa izanda ere. XVIII. mendearen bukaeran indartu zen Errumaniako abertzaletasuna: Eliza ortodoxoak sustatzen zuen eslavieratik urrundu eta errumanieraren alde hasi ziren lanean. Politikari dagokionez, inguruko estatuek gutiziatzen zuten lurraldea zen Errumania: austriarrak Bukovinaz jabetu ziren 1775. urtean eta errusiarrak Besarabia eta Moldaviako zati handi batez 1812an.

1845ean bertako printzeak gobernari izateko eskubidea eskuratu zuten errumaniarrek. 1848ko iraultzek eragina izan zuten Errumanian ere. Urte horretan, Errumaniaren independentziaren alde altxatu zen herria, burgesia abertzalea gidari zuela, baina gogor zapaldu zuten saio hura errusiarrek eta turkiarrek. Nolanahi ere, 1859an, hautatzaileek bai Moldavian bai Valakian pertsona bera, Alexandro Joan Cuza, aukeratu zuten printze (errumanieraz: domnitor). Horrela, Errumania sortu zen batasun pertsonal gisa, nahiz eta Transilvania bere baitan ez hartu. Beti ere, errumaniar nazionalismoa areagotu zen Hungariaren aurrean, aristokrazia eta goiko klasea hungariarrak baitziren.

Cuza kanporatuta zuten 1866an, estatu-kolpe bat zela-eta. Haren ordez, Karl Hohenzollern-Sigmaringen bihurtu zen printze. Honek Erdialdeko Europako estatuei begira jarri zuen herrialdea, eta guztiz neurri gogorrak bideratu zituen langile eta nekazarien aurka. Errusia-Turkia Gerran, Errumania errusiarren alde borrokatu zen eta, 1878ko Berlingo Itunarekin, Errumania estatu independentetzat jo zuten Europako botere nagusiek. Trukean, Errumaniak Besarabiako hegoaldeko eskualdeak Errusiari eman behar izan zizkion, Dobruja bereganatu arren. 1881ean, printzerria erresuma bihurtu zen. Hitzarmen bat sinatu zuten, urte berean, Errumaniak, Austriak eta Alemaniak, Errusiaren erasoei aurre egiteko (Italiak izenpetu zuen 1888an). 1912. urtean, ordea, hitzarmen hura hautsia zen. 1913an, Balkanetako Bigarren Gerran, Grezia, Serbia, Montenegro eta Turkiarekin bat egin zuen, Bulgariaren aurka. Bukaresteko Itunarekin, Hegoaldeko Dobruja jaso zuen Errumaniak.

Munduko Gerrak eta Errumania Handia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Errumania 1941ean

Lehen Mundu Gerra piztean, 1914an, neutraltzat jo zuen bere burua Errumaniak. Bi urte geroago, aliatuekin egin zuen bat Frantziak fronte berri bat ireki nahi baitzuen. Austria-Hungariari gerra deklaratu zion batasun nazionala bermatuko zen aginduarekin. Hala ere, Austria-Alemaniako eta Bulgariako armadek Errumaniako bi heren hartu eta oso egoera larrian geratu zen, gosete eta izurrite handiak eragin baitzituen gerrak.

Aliatuen garaipenaren ondoren, Besarabia, Bukovina, Transilvania eta Banateko lurraldeak berreskuratu zituen Errumaniak. 1920ko Trianongo Itunaren bidez, Hungariak Transilvaniako aldarrikapen orori muzin egin zion. Errumania Handia (România Mare errumanieraz) gerren arteko garaiko estatuari esaten zaio, historiako hedapen handiena lortu baitzuen. Urte latzak izan ziren, zailtasun ekonomikoek faxismoa ekarri zuten-eta, Burdinazko Goardia alderdi faxistaren ildoan, Alemania Naziaren eraginpean geratu zen Errumania. Karlos II.ak diktadura ezarri zuen 1938an.

Bigarren Mundu Gerran, Errumania neutral izaten saiatu zen. Moskuren eta Berlinen presiopean, errumaniar administrazioak eta armadak Besarabia eta Ipar Bukovina utzi behar izan zituzten gerra saihesteko. Beste eskualde batzuk galdu ostean, Karlos II.ak abdikatu zuen 1940an. Ion Antonescu faxistaren legionarioek hartu zuten boterea. Ardatzaren alde eginda, Alemaniarentzat petrolio hornitzaile nagusiena izan zen Errumania.

1944ko abuztuan, Armada Gorria Errumanian sartu zenean, Migel I.a erregeak Antonescu atxilotzeko agindu zuen, eta herrialdea Aliatuen aldera lerratu zen; baina Hirugarren Reicha garaitzeko ahalegina ez zuten aintzakotzat hartu 1947ko Parisko Bake Konferentzian. Armada Gorria de facto-ko boterea izanik, Migel I.ak sozialistak eta komunistak onartu behar izan zituen gobernuan. Gerraren ondoren Transilvania berreskuratu zuen Errumaniak.

Komunismoren garaia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Nicolae Ceaușescu

1947an Migel I.a erregeak kargua utzi eta herrialdetik alde egin zuen, eta Errepublika Sozialista bilakatu zen Errumania 1948an, Sobietar Batasunaren kontrol militar eta ekonomiko zuzenarekin. 1955ean, Varsoviako Itunaren barruan sartu zen. 1961ean, nolabaiteko independentzia lortu zuen Sobietar Batasunaren agintetik. 1967an, Nicolae Ceaușescu, Alderdi Komunistako Idazkari Nagusia, izendatu zuten Estatuko Kontseilu Goreneko Lehendakari. 1968an, Errumania izan zen Varsoviako Ituneko herrialde bakarra Txekoslovakiako inbasioaren kontra agertu zena. Horrezaz gainera, Sei Eguneko Gerraren ondoren segitu zuen Israelekin harreman diplomatikoak izaten, eta Mendebaldeko Alemaniarekin hitzarmen diplomatikoak eta ekonomikoak jarri zituen abian[6].


1974an, Errumaniako lehendakaritza, hilabete bat lehenago sorturiko kargua, hartu zuen Ceaușescuk. 1970eko hamarkadatik aurrera, zorra handitu zen eta, kitatu ahal izateko, ekonomia eta hiritarrak txirotu zituen politika jarri zuen abian Ceauşescuk. Polizia estatua areagoturik eta haren buruaren gurtza bultzaturik, Ceauşescuren ospeak behera egin zuen. Matxinadak sortu ziren, eta 1989ko abenduan manifestazio handiak izan ziren nonahi. Gobernuak gogor erantzun zien manifestazioei eta, zapalkuntza horren ondorioz, hildako asko izan ziren Timisoaran. Armada ere gobernuaren kontra jarri zen. Ceaușescu eta haren emaztea atxilotu eta hil egin zituzten. Alderdi komunista agintetik kendu eta hauteskundeetarako deia zabaldu zen.

Egungo demokrazia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1989. urtearen bukaeran izan ziren gobernuaren aurkako matxinada gogorren ondoren, zeinetan hiritar asko hil zen, Nicolae Ceaușescu eta emaztea 1989ko abenduaren 25ean fusilatu zituztelarik, Nazio Osasunerako Fronte batek hartu zuen aginpidea, erregimen politiko askotarikoa eta demokratikoa bideratzeko helburuaz. Frontea behin-behineko egitura moduan aurkeztu zen arren, hurrengo hauteskundeetan parte hartu zuten –istilu handiak sorraraziz–, eta Frontearen lehendakaria, Ion Iliescu, irten zen presidente, botoen %85arekin; haren alderdia, erreformatzaileek eta Mendebaldean hezitako teknokratek osatua, izan zen alderdi garailea.

Agintari horiek neokomunistatzat hartzen zituen oposizioak, alegia, 1947an debekaturiko alderdi historikoek (Nekazari Alderdi Nazional Kristaua eta Demokrata, PNTCD; Nazio Alderdi Liberala, PNL, eta Errumaniako Alderdi Sozial-demokrata, PSDR). Protesta handiak izan ziren kalean, Bukaresteko unibertsitatean batez ere. Baina Jiuko meatzariak etorri ziren gobernuari laguntzera, eta gogorkeriaz ezabatu zituzten protestak; hori zela-eta, guztiz gaiztotu ziren aginpidearen eta oposizioaren arteko harremanak. 1991n, erreferendum bidez, konstituzio berria onartu zen, Errumania errepublika, estatu nazional eta bateratu gisa definitzen zuena, oposizioaren kontrakotasunarekin ordea. Urte berean, Petre Roman lehen ministroak dimisioa aurkeztu behar izan zuen Jiuko meatzarien presiopean; haren ingurura bilduta, 1993an Alderdi Demokrata (PD) sortu zuten erreformatzaileek.

1992an, Ion Iliescu hautatu zuten berriz errepublikako presidente, botoen %61ekin. Haren alderdiak, FDSN, Osasun Nazionaleko Fronte Demokratikoak (%28), aurrea hartu zien alderdi historikoen koalizioari eta Petre Romanen PDari. Teknikari gobernu bat osatu zen, Nicolae Vacaroiuren buzuzagitzapean, zeina, Nazioarteko Diru Funtsak eta Mundu Bankuak lagunduta, erreforma batzuk egiten hasi baitzen, 1995ean ekonomiaren egonkortzea ekarri zutenak. 1993an, Europar Batasunarekin elkarterako akordio bat izenpetu zuen Errumaniak; urte bereko irailean, Europako Batzordean onartu zuten, eta 1994aren urtarrilean, Errumania izan zen NATOrekin bakerako kidetasuna izenpetu zuen lehen herrialdea; azkenik, 1995ean, Europar Batasunean sartzeko eskaria egin zuen.

1996ko hauteskundeetan, aldatu egin ziren gauzak, oposizioa irten baitzen garaile, hiru alderdi historikoen koalizioa alegia, eta Emil Constantinescu (%54) hautatu zuten presidente. CDR, PD eta UDMR alderdiek gobernu koalizio bat osatu zuten. Victor Ciorbea, sindikatuetako lider ohia, Bukaresteko alkate 1996ko ekainaz gero, izendatu zuten lehen ministro, eta hark argi agertu zuen erreforma politikoak eta ekonomikoak bideratzeko, bizitza publikoa txukuntzeko eta ustelkeriari kontra egiteko asmoa. Koalizioa, ordea, ahula zen, eta arazoak aldizka sortzen ziren, bereziki hungariar gutxiengoaren ingurukoak. Victor Ciorbeak azkenean dimisioa aurkeztu behar izan zuen 1998ko martxoan, eta Radu Vasilek hartu zuen haren lekua, PNTCD Nekazari Alderdiaren buruak. 2000an, Ion Iliescu izendatu zuten lehendakari; 2004an, berriz, Traian Băsescu eskuindarrak hartu zuen agintea. 2004an, Errumania NATOn sartu zen, eta Irak inbaditu zuen ingeles-estatubatuar koalizioan parte hartu zuen. 2007an, Europar Batasunean sartu zen.

Historiografia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Bucur, Maria. Heroes and victims: Remembering war in twentieth-century Romania (Indiana UP, 2009).
  • Hitchins, Keith. "Romania." American Historical Review 97.4 (1992): 1064–1083. online
  • Livezeanu, Irina. Cultural Politics in Greater Romania: Regionalism, Nation Building and Ethnic Struggle, 1918–1930 (Cornell UP, 1995)
  • Michelson, Paul E. "Recent American historiography on Romania and the second world war" Romanian Civilization. (1996) 5#2 pp 23–42.
  • Trencsényi, Balázs and Constantin Iordachi. "In Search for a Usable Past: The Question of National Identity in Romanian Studies, 1990–2000" East European Politics and Societies 17 (2003), 415–453.
  • Turda, Marius. "The Nation as Object: Race, Blood, and Biopolitics in Interwar Romania" Slavic Review 66#3, (2007): 413–441 online.
  • Weinbaum, Laurence. "The Banality of History and Memory: Romanian Society and the Holocaust", Post-Holocaust and Anti-Semitism No. 45 (June 2006)
  • Zavatti, Francesco. "Writing History in a Propaganda Institute: Political Power and Network Dynamics in Communist Romania" (Diss. Södertörns högskola, 2016) online.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Herodoto. The Ancient History of Herodotus. Derby & Jackson, books.google.com (Noiz kontsultatua: 2017-05-20).
  2. Assorted Imperial Battle Descriptions. De Imperatoribus Romanis, An Online Encyclopedia of Roman Emperors, roman-emperors.org (Noiz kontsultatua: 2017-05-20).
  3. Dacia-Province of the Roman Empire. unrv.com (Noiz kontsultatua: 2017-05-20).
  4. Vlad Tepes - The Historical Dracula. donlinke.com (Noiz kontsultatua: 2017-05-21).
  5. St. Stephen the Great. oca.org (Noiz kontsultatua: 2017-05-21).
  6. Romania - Soviet Union and Eastern Europe. countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2017-05-26).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]