Erkametz
Erkametz | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Fagales |
Familia | Fagaceae |
Generoa | Quercus |
Espeziea | Quercus faginea |
Banaketa mapa | |
Erkametza (Quercus faginea) Quercus generoko zuhaitz espezie bat da, mendebaldeko Mediterraneo aldean hazten dena. Oro har, klima mediterraneoa dagoen lekuetan hazten da.
Erdi mailako garaiera du, gehienez 20 metro garaierakoa. Hosto-erorkor zimelkorrak ditu, berde ilunak goitik eta gris antzekoak azpitik. 4-10 zentimetro luze eta 1,2-4 zentimetro zabal dira.
Apirila eta maiatza artean loratzen da. Bere fruituak, ezkurrak, iraila eta urria artean heltzen eta erortzen dira.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]20 metrorainoko zuhaitza da, adakera zabalekoa eta esferikoa edo elipsoidala. Baldintza desfaboragarrietan zuhaixka modura hazten da. Enbor zuzena dute, azal gris-arrearekin, ez oso lodia, zimurtsua, ezkatatsua eta zartatua ale zaharretan. Adar gazteak tomentoso edo glabreszenteak. Ernamuinak 2-5 milimetrokoak, konikoak, zorrotzak eta ezkatadunak (hasieran ezkata pubeszenteak).
Hostoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erkametzaren hostoak 3-15 x 1,5-9 zentimetrokoak dira, martzeszenteak, subkoriazeoak eta forma obobatukoak. Ertz horzduna edo lobulatua dute, lobulu edo hortzak ia oinarriraino iristen direlarik. Glabroak edo glabreszenteak eta berde ilunak dira gainaldean eta ile motz gutxi batzuk dituzte azpialdean, izar formakoak eta 125-155 mikrakoak. 6-12 pare nerbio sekundario dituzte eta 5-20 milimetroko peziolo tomentoso eta subzilindrikoa.
Loreak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erkametzak amentu motako infloreszentziak ditu, haizearen bidezko polinizaziora (anemofiliara) moldaturik daudenak. Zuhaixka monoikoa da, hau da, ale berdinak sexu bietako loreak ditu, ez oso deigarriak.
Lore arrak 2-7,5 zentimetroko amentuak ditu, horixkak, dilindariak eta errakis latz eta glabreszentea. Horien periantoak 6 lobulu oso ditu, zorrotzak eta ziliatuak direnak.
Aldiz, lore emeek pedunkulu motza dute eta 6 lobulu motzeko periantoa. Hauen estiloa motza da, tentea, eta espatula formako estigma erreflexuak ditu.
Fruituak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erkametzaren fruitua, ezkurra, akenio motakoa da. Karloak (txapelak)7-18 x 9-20 mm neurtzen ditu eta ezkata obatu-triangeluarrez estanita dago. Ezkata hauek elkarren artean oso estuturik daude eta mutur motzagoa dute, tomentosoak dira eta ezkurraren bi heren estaltzen dituzte.
Banaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eskualde mediterraneoan aurkitzen da, Iberiar penintsulatik Italiaraino, uharteak barne. Afrika Iparraldean ere ageri da. Euskal Herrian, mediterranear isurialdean izaten da: Araban eta Nafarroa Garaian.
Ekologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eguteran dauden basoetan hazten da, barne-haranetako zonalde baxuetan eta ondo drainatutako hegal karetsuetan, 500-1.500 metroko altituderaino. Argitasun ugari gustuko du, baina itzala ere ondo jasaten du. Tenperatura epelak behar ditu, baina tenperatura aldaketa handiak ere ondo jasan ditzake. Lur lehor eta basikoak behar ditu, pH 5,5-8 bitartekoak, eta nitrogenoan txiroak.
Fenologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Martxotik maiatzera loratzen da, eta fruituak iraila eta urria bitartean heltzen dira.
Erabilerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zezidioak nahiko preziatuak dira, duten tanino kontzentrazio altua dela eta. Erkametzaren ezkurrak abeltzaintzan erabiltzen dira, artearenak baino lehenago heltzen baitira. Azkenik, erkametzaren zura egokia da eraikuntzarako habeak egiteko, bai eta egurrikatza egiteko ere.
Espezieen arteko elkarrekintzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erkametzak askotan izaten ditu zezidio izeneko egiturak, intxaur baten tamainakoak eta kolore marroikoak, maiz fruituarekin nahas daitezkeenak. Barrualde hanpatu eta kortxoztatua dute eta cynipedoen familiako intsektuen ziztadagatik sortzen dira. Cynips generoko liztor horiek kimu gazteetan arrautzak ziztatzen dituzte, babestuta uzteko.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat EuskalNatura.eus webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC BY-SA 3.0 ES Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).