Edukira joan

Else Granheim

Wikipedia, Entziklopedia askea

 

Else Granheim

IFLA President (en) Itzuli

1979 - 1985
Bizitza
JaiotzaOslo1926ko martxoaren 16a
Herrialdea Norvegia
HeriotzaAsker1999ko martxoaren 7a (72 urte)
Jarduerak
Jarduerakfuntzionarioa eta liburuzaina

Else Hildegard Brevig Granheim (Oslo, Norvegia,1926ko martxoaren 16aAsker, 1999ko martxoaren 7a) Norvegiako liburuzain bat izan zen, eta Norvegiako liburutegi publikoen eta eskola-liburutegien sistemako funtzionario publikoa. 1979 eta 1985 artean, Liburuzainen eta Liburutegien Elkarteen Nazioarteko Federazioko (IFLA) presidente izan zen, eta, ondorioz, federazio horretako lehen emakumezko presidentea izan zen, sortu eta 52 urtera.[1][2][3]

Else Granheim Oslon jaio zen, Torstein Brevig eta Ingeborg Hauge baserritarren alaba. Familiarekin Enebakken bizi ondoren, gurasoen dibortzioa zela eta, amarekin Trondheimera joan zen bizitzera, lau urte zituela. Bigarren hezkuntzan, literaturarekiko interesa piztu zitzaion, eta liburuzain karrera egitea aukeratu zuen.

Harald Granheimekin ezkondu zen 1952an.[4]

Karrera profesionala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Granheim urgazle hasi zen Trondheimeko Liburutegi Publikoan, eta gero Estatuko Liburutegi Eskolan ikasi zuen, Oslon. 1949an bertan graduatu ondoren, liburuzain gisa itzuli zen bere hirira urtebetez.

1950ean Norvegiako Liburutegi Publiko eta Eskolarren Zuzendaritza Nazionalean (Statens bibliotekektilsun) liburuzain kargua betetzeko sartu zen. Bere karrerak gainbegirale eta aholkulari postuetan jarraitu zuen; gainbegiratze zuzendari izendatu zuten 1973tik 1991n erretiratu zen arte.[5]

Zuzendari karguaz gain, Bok og biblioiotek (Liburua eta Liburutegia) aldizkariaren ardura editorialak izan zituen 1970etik 1985era, eta Scandinavian Public Library Quarterly argitalpenaren argitaratzailekide 1968tik 1973ra.[5]

Trondheimeko liburutegian egindako lanak ezaugarritu zuen Granheimen ibilbide profesionala. Sekulako fedea zuen liburutegian, erakunde demokratiko gisa; non denek eduki beharko lukete informazio bera, diru-sarrerak eta bizilekua alde batera utzita. Baliabide gutxien zituztenek ere, urritasunak zituztenek, liburutegia bisitatzeko aukerarik izan ez zutenek, denek izan behar zuten liburutegiaren zerbitzura sartzeko aukera. Honen alde borrokatu zuen batzorde publikoetan, idatziz eta hitzaldietan.[4]

Else Granheim "liburutegi eskubide modernoaren ama" izendatu zuten Norvegian. Liburutegien lege berri baten proposamena sustatu zuen batzordeko idazkari gisa, 1971n onartu zena, eragin handia izan zuen prestakizunetan. Legearen berritasun bat izan zen liburutegi publikoak hezkuntza eta kulturako politika publiko orokorraren parte izateaz gain, eskola- eta hezkuntza-politikaren elementu nagusitzat hartu beharko liratekeela. Udalerrietako liburutegi-sistema sistema bakar gisa antolatu behar zen.[6]

UNESCOrako Norvegiako Batzorde Nazionaleko kide, UNESCOren Informazio Orokorreko Programaren (PGI) Gobernuarteko Kontseiluko kide eta Ministroen Kontseilu Nordikoaren Literatura eta Liburutegi Batzordeko presidente ere izan zen.

Nazioarteko jarduera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batez ere, Liburuzainen eta Liburutegien Elkarteen Nazioarteko Federazioan (IFLA) egindako nazioarteko lanagatik gogoratzen da. 1962tik aurrera aktiboki parte hartu zuen, Liburutegien Eraikinak ataleko korrespontsal gisa, eta, ondoren, Liburutegi Publikoen Ataleko batzorde iraunkorreko kide izan zen.[7] IFLAk bere 41. Konferentzia Orokorra eta Kontseiluaren Bilera egin zituenean, Oslon, 1975ean, Norvegiako Antolaketa Batzordearen koordinatzailea izan zen.[8] 1977tik Gobernu Batzordeko kide izaten hasi zen, eta 1979an erakundearen historian presidente hautatu zuten lehen emakumea izan zen.[3][9][10][11]

Sei urteko lehendakaritzak bereziki markatu zuena garapen bidean dauden herrialdeak liburutegien hobekuntzan inplikatzeko borroka izan zen. Aldi horretan, IFLAk bere lehen hitzaldiak antolatu zituen Asian eta Afrikan.[1][12][13] Gainera, Else Granheim Europa ekialdeko eta mendebaldeko liburutegien arteko aliantzen eraikitzailea izan zen.[7]

Presidente zen bitartean, gai senidetuen nazioarteko beste erakunde batzuekin harremanak garatzeaz arduratu zen batez ere. FID (International Federation for Information and Documentation) eta ICA (International Council on Archives) adibidez, 1980an Bellagion (Italia) goi mailako topaketa politiko batera deitu zituen.[8]

Hirugarren Mundurako liburutegien programa propioa sortzeko ere lan handia egin zuen, Advancement of Librarianship in the Third World izenekoa. (ALP).[14]

"Haren agintepean, IFLA erakunde globalagoa bihurtu zen, eta, ahaleginik egin gabe, bere espiritu profesionala negoziatzeko gaitasunarekin, talde-espirituarekin eta berotasunarekin uztartzea lortu zuen".[4]

Else Granheim gaixotasun luze baten ondoren hil zen, 1999ko martxoaren 7an.[8]

Sariak eta aintzatespenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • San Olaf Ordenako lehen mailako Zaldun kondekoratua izan zen 1989an.[4]
  • IFLAk ohorezko presidente izendatu zuen 1985ean.[15]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b (Ingelesez) «Past Presidents» IFLA (Noiz kontsultatua: 2022-12-29).
  2. «In the News» American Libraries 10 (10): 572–579. 1979 ISSN 0002-9769. (Noiz kontsultatua: 2022-12-29).
  3. a b Campbell, Henry C.. (2002). «IFLA: Library Universality in a Divided World». IFLA Journal (ingelesez) 28, 118-135 or..
  4. a b c d (Norvegieraz [bokmål]) Nilsen, Sissel. (2022-06-29). Else Granheim. (Noiz kontsultatua: 2022-12-29).
  5. a b (Norvegieraz [bokmål]) Else Granheim. 2022-07-28 (Noiz kontsultatua: 2022-12-29).
  6. (Ingelesez) Granheim, Else. (1990). «Norwegian Public Library Policy: A Possible Model for the Third World?» World Libraries 1 (2) ISSN 2155-7896. (Noiz kontsultatua: 2022-12-29).
  7. a b (Ingelesez) Laverne Carroll, Frances. (1991-01). «Word from an IFLA fox: an interview with Else Granheim» Information Development 7 (1): 12–18.  doi:10.1177/026666699100700104. ISSN 0266-6669. (Noiz kontsultatua: 2022-12-29).
  8. a b c «NOTÍCIAS N. 35, diciembre de 1999 - Sección para la América Latina y el Caribe» archive.ifla.org (Noiz kontsultatua: 2022-12-29).
  9. «Sleep No More at IFLA: Report on the International Federation of Library Associations & Institutions 51st Council and General Conference, August 18-24, Chicago, U.S.A.» American Libraries 16 (9): 610–618. 1985 ISSN 0002-9769. (Noiz kontsultatua: 2022-12-29).
  10. Galvin, Thomas J.. (1983). «Yanks Well Represented at IFLA in Munich» American Libraries 14 (9): 584–585. ISSN 0002-9769. (Noiz kontsultatua: 2022-12-29).
  11. Rayward, W. Boyd; Leens, Alain; Dougherty, Richard M.; Plotnik, Art. (1977). «[The World Congress of Librarians: IFLA 1977»] American Libraries 8 (11): 606–625. ISSN 0002-9769. (Noiz kontsultatua: 2022-12-29).
  12. Fang, Josephine Riss. (1984). «"Karibuni Kenya"—Welcome to Kenya! First IFLA in Africa Inspires Delegates» American Libraries 15 (10): 689–691. ISSN 0002-9769. (Noiz kontsultatua: 2022-12-29).
  13. Pearson, Lois R.. (1980). «In the News» American Libraries 11 (9): 519–524. ISSN 0002-9769. (Noiz kontsultatua: 2022-12-29).
  14. «CAS – Central Authentication Service» loginsso.enssib.fr (Noiz kontsultatua: 2022-12-29).
  15. (Ingelesez) «Honorary Presidents» IFLA (Noiz kontsultatua: 2022-12-29).
  • Granheim, Else. Public Library Legislation in Europe: A Comparative Study. Oslo: Statens Bibliotektilsyn, 1996.
  • Granheim, Else, Marit Bødtker, Lis Byberg, and Jan Olav Gatland. Fast følge: festskrift til Else Granheim. Oslo: Statens bibliotektilsyn, 1991. 143 p. ISBN 978-82-9005097-4
  • Wilhite, Jeffrey M. 85 Years IFLA: A History and Chronology of Sessions 1927–2012. Berlin, Boston: De Gruyter, 2012. 359 p. IFLA Publications; 155. ISBN 978-3-11025329-0