Donostiako Setioa
Donostiako Setioa | |||
---|---|---|---|
Iberiar penintsulako Gerra | |||
Donostiaren aurkako erasoa, 1813ko abuztuaren 31n. | |||
Data | 1813ko uztailaren 7-irailaren 8 | ||
Lekua | Donostia Gipuzkoa 43°19′17″N 1°59′8″W / 43.32139°N 1.98556°W | ||
Koordenatuak | 43°19′N 1°59′W / 43.32°N 1.98°W | ||
Emaitza | 1. setioa: Frantziarren garaipena 2. setioa: Aliatuen garaipena | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Indarra | |||
| |||
Galerak | |||
|
Donostiako Setioa Espainiako Independentzia Gerra garaian gertatu zen gudua izan zen, 1813ko uztailaren 7 eta irailaren 8 artean hain zuzen ere.[1] Setioa hiriaren arpilatzeaz eta errausteaz amaitu zen.
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1813ko ekainaren 21ean Gasteizko guduan garaipena lortu ondoren, Wellingtonen armada mendebaldeko Pirinioetara joan zen Nicolas Soult mariskalaren tropei aurre egiteko. Baina erretagoardian etsairik ez izateko eta baita hornigaiak lortzeko portua izateko, Wellingtonek Donostia setiatzea erabaki zuen.[2]
Orduko Donostiak 9.104 biztanle zituen eta, Gipuzkoa ez bezala, politikoki liberala zen. Hiriko historian frantziar eta gaskoien eragina nabarmena izan zen, izan ere historian gaskoi hizkuntza mintzatu izan da Donostiako kaleetan.
1808an Jose I.a Espainiako errege bilakatu zenean, Francisco Amorós frantsestua hautatu zuen alkate. Nahiz eta bertokoen begiko ez izanda, 1813 arte baketsua izan zen hiriburuko bizitza eta frantziar armada donostiarrek onartua izan zen. Egoera hau erabat aldatu zen Gasteiztik errefuxiatuak etortzen hasi zirenean.[3]
Hain zuzen ere, iturri batzuen arabera[erreferentzia behar] 1813ko suntsipena aldez aurretik planifikatua izan zen, azken bost urteetan hiritarrek frantziar okupatzaileekin izandako jarrerarengatik errepresalia bezala. Izan ere, donostiarrek frantziarrekin izan zuten harremana gazi-gozoa izan zen, eta udalak okupatzaileekin kolaborazio deseroso bat eraman zuen, batez ere Jose I-aren funtzionariek eskatzen zituzten zergak zirela eta. Halere, herritarren harremana militarrekin ez zen txarra izan. 1810eko Abuztuko Andra Mariren bezperako ospakizunetan, adibidez, Napoleon I enperadorearen urtebetetzearekin, autoritate donostiar eta frantsesek elkarrekin parte hartu zuten, Thouvenot gobernadorea aurrean zela; gero zezenketa herrikoia izan zen; gauean, artillero frantsesek su artifizialak prestatu zituzten, eta jendeak etxeetan koloreetako lanparatxoak piztuz erantzun zuen; eta dantzaldiak gau osoa iraun zuen. 1812an, frantses funtzionarien zenbait kronikak ere donostiarren eta frantsesen arteko harreman ona azpimarratzen dute, tartean Caffarelli gobernadore militar frantsesak Udaletxean 400 pertsonentzat emandako dantzaldia, eta erantzun bezala herriko Merkataritza Ganberak Caffarelliren omenez emandako festa (zezenketak eta dantzaldia). Halere, jarrera honek itxurakeriatik ere bazuen: Napoleonek Berezinan izandako porrotaren berria etorri zenean, donostiarrek sekretuan ospatu baitzuten. Beraz, badirudi udal arduradunek okupatzaileekin formak gordetzearen alde egiten zutela; baina herritar burgesen artean batzuek ongi konpontzea hautatu zuten bitartean, beste batzuek aliatuak etortzeko irrikan zeudela. Edonola ere, aliatuek ez zuten donostiarren jarrera onartu: eta iturri hauen arabera horixe izan zen tropei etxeak arpilatzeko, jendea hiltzeko eta hiria erretzeko agindua espreski emateko arrazoia.[4]
Donostia Bizkaiko golkoan sartzen den penintsula batean dago, iparraldetik hegoaldera joaten dena. Hegoaldean frantziarrek gotorleku handiak zituzten. Ekialdean hiria Urumearen bokaleak babestuta dago. Britainiar ingeniarien aburuz hego-ekialdeko muturrean ahulezia zuen hiriko defentsa itsasbehera aprobetxatuz. Hala ere, bertako dunetan bateriak ere bazeuden.
Erresuma Batuko Itsas-Armadak ez zituen hiria blokeatzeko behar beste itsasontzirik. Izan ere, frantziar itsasontziek hornigaiak eta tropa berriak ekartzeaz gain, zaurituak hustu zituzten. Wellingtonek bazekien hiria gosez ez zuela hartuko harresiak apurtuz eta erasoz baizik.
Armadak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Louis Emmanuel Rey frantziar jeneralak 3.000 soldadu zituen frantziar goarnizioan. Goarnizioan 22. dibisio (batailoi bat), 64. dibisoi (batailoi bi), 1. arin eta 34. dibisioen kide batzuk, zulatzaile eta aitzindari konpainia bana eta 97 kanoi zituen.
Thomas Grahamek 11.000 soldadu zituen, ingeles-portugaldar armadan. Berarekin batera, Kenneth Howarden 1. dibisioa, John Oswalden 5. dibisioa, Denis Packen portugaldar brigada eta 40 kanoi zituen.
Lehenengo setioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erasoaldiak uztailaren 7an hasi ziren. Wellingtonek berak zuzendu zuen erasoa uztailaren 25ean. Hala ere, garaipena lortu ez eta Soultek armada berrantolatzeko denbora izan zuen. Aliatuek setioa utzi eta Nafarroara joan ziren Pirinioetako guduan parte hartzeko. Lehendabiziko setioan britainiarrek 693 erori eta 316 preso izan zituzten, Reyk berriz 58 hildako eta 258 zauritu izan zituen.
Bigarren setioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Soult Ipar Euskal Herrira bidali eta gero, Wellington abuztuaren 8an itzuli zen Donostiara. Ordurako, Soult Reyri 3.600 soldaduko tropa eman zion, tartean 1. Arin, 34. eta 119. dibisioen batailoi berriak. Grahamek, berriz, 18,000 soldadu zituen. Ingeniari aliatuek abuztuaren 26an kokatu zituzten bere bateriak. Abuztuaren 30erako, hegoaldean zeuden 15 kanoiek eta ekialdean zeuden 42ek harresietan zulo bi eginak zituzten: nagusia hego-ekialdeko muturrean eta txikiena ekialdean. Graham hurrengo egunean erasotuko zutela agindu zuen.
Itsasbehera aprobetxatuz egin behar zenez, abuztuaren 31ko goizeko hamaiketarako antolatu zuen erasoaldia. 5. dibisioak zulo nagusiaren hegoaldetik eraso zuen. Lubaki eta zuloen arteko 165 metroetan apenas ez zituzten eroririk izan baina zulo ailegatu eta berehala defendatzaileek su eman eta sarraskia izan zen. Frantziar ingeniariek barneko harresia eraiki zuten erasotzaileak geldiarazteko eta bertan ehundaka soldadu hil ziren. Graham 1., 4. eta dibisoi arinean lortutako 750 boluntarioek ezin zuten frantziarrak menderatu. Era berean Urumea zeharkatu eta ekialdeko harresiaren zuloa eraso zuten portugaldar brigada ezin zuen aurrera egin. Ordu bi pasa ondoren, bizirik zirauenak lurrera bota ziren.
Alexander Dickson artilleria komandantea kontsultatu eta gero, Grahamek barneko harresia bonbardatzeko agindua eman zuen, inguruan zeuden britainiar soldaduak hiltzeko arriskua izan arren. Britainiar kanoiak bere buruen gainetik erasotzen ari zirela ikustean, bizirik zirautenak izutu egin ziren. Baina kea joan eta barneko harresia bota zutela ikustean, berriro eraso eta hirian sartu ziren. Defentsa lerroa apurtuta zeudela konturatu zirenean, frantziarrek Urgullen zuten gotorlekura joan ziren defentsa egokiago baten babesaren bila. Eguerdirako hiria ingelesek konkistatuta zegoen [5] Reyk eta haren soldaduek irailaren 5era arte jarraitu zuten borrokan. Azkenean, irailaren 8an errenditu ziren.
Donostia erretzea, arpilatzea eta odoleztatzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aliatuak hirira sartzea dramatikoa gertatu zen: hiritar askok aliatuak txaloka eta bibaka hartu bazituzten ere, hauek haiek tirokatuz erantzun zuten. Are, ofizialen oniritziarekin, Urgullera erretretan zihoazen frantsesak utzi zituzten, indarra zibilen kontra zuzentzeko.[4]
Urgull eraso bitartean, ingeles-portugaldar armadak, tartean ofizialek ere, astebete eman zuten hiria arpilatzen eta erretzen. hilketa, bortxaketa, lapurreta eta kalte ugari egin zituzten. Hiriak zituen 600 etxeetatik 36 bakarrik geratu ziren zutik (udaletxeari eta kontsulatuei ere su eman zieten); 1.000tik gora donostiar tiroz edo baionetaz erail zituzten; tropek eta beren ofizialek emakumeak —zahar nahiz neskatoak ere— sistematikoki bortxatu zituzten; donostiarren batek dirua edo harribitxiak ezkutatuak zituela susmatzen bazuten, torturatu egiten zuten.[6] Bost lekukok adierazi zutenez, soldaduei entzun zietenez, «Francisco Javier Castaños jeneralaren agindua zuten, hiria kiskalita uzteko eta herritarrak ezpataz hiltzeko».[7][8] Hala ere, Iñaki Egaña historialariak eta hainbat herritarrek leporatze hori egiazkotzat hartzen duten arren,[9][10] historialarien arteko iritzi orokorrak dio Donostia suntsitzeko eta donostiarrak hiltzeko agindua Castañosek eman izana dokumentatu gabeko zurrumurrua dela.[11][12] Gertatutakoaren erantzukizuna Graham eta Wellington britainiar jeneralek izan zutela ematen du aukerarik sinesgarriena, beren soldaduak ez baitzituzten behar bezala menpean izan, aurretik Badajozen eta Ciudad Rodrigon ere gertatu zitzaien bezala.[13][14]
Badira lekukoen 75 adierazpen, abuztuaren 31n bertan istiluak hasi zirela esaten dutenak. Lekukoa izan eta bizirik irten zen Gabriel Serresek zioen:[15]
« | [erasotzaileek] bihozgabekeria handienak egin zituzten: biztanle asko zauritu eta erail, eta emakume gehienak bortxatu. | » |
Sutea gau hartan bertan hasi zen eta, bertoko lekukoen arabera, hasieran britainiar ofizialek frantziarrek egina zela esan zuten. Donostiarren iritsi orokorra bertako merkataria zen Domingo Etxabek laburbildu zuen. Hark, etxe batetik atera berria zen soldadu ingelesaren hitzak gogoratu zituen, garrei seinalatuz:[15]
« | Ikusten duzu etxe hori sutan? Ardura zaitez, bihar guztia horrela izango da eta. | » |
Zazpi egun pasa behar izan ziren ordena berreskuratzeko eta ordurako eraikin bakan batzuk baino ez ziren zutik. Bestea- 600 etxe, udaletxea eta epaitegia- guztiz kiskalita zegoen.
Sutearen ondorioz, udaleko ordezkari batzuk eta Donostiako zenbait jauntxo Zubietako Aizpurua baserrian elkartu eta herria berreraikitzea erabaki zuten, Zubietako Batzarra deitu izan den biltzarrean. Udal berriak ingelesei 2.000 gose-saria eskatu zizkien baina Wellingtonek ezetz esan zuen.[16]
Ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Reyren goarnizioaren soldaduetatik 1.900 hildako edo zauritu eta 1.200 preso hartu zituzten. Grahamek 1.200 hildako, 3.800 zauritu eta 300 desagertu izan zituen, horietatik azken erasoaldian 856 hildako, 1.216 zauritu eta 44 desagertuak izanik. Zaurituen artean 5. dibisioaren buruzagia zen James Leith, eta hildakoen artean Torres Vedrasen izandako Sir Richard Fletcher eta Sir Harry Burrarden seme bat zeuden.
Donostia berreskuratzeko beranduegia zela jakin barik, Soultek abuztuaren 31n eraso zuen San Martzialen. Hala ere ezin zuen garaipenik lortu. Wellingtonek Ipar Euskal Herria erasotzeari ekin zion, behin Donostia hartuta. Urriaren 7an Bidasoan eta azaroan Ugaranan borrokatu zen. Iruñeko zitadelan zegoen frantziar goarnizioa urriaren 30ean errenditu zen.[17]
Gerraren ondorengoa[18]
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1814ko otsailaren 20an Gregorio Iturbe alkateak gutun bat igorri zuen Espainiako Erregeordetzara, laguntza eske eta erantzunik ezaz kexu. Sarreran Donostia “munduko hiririk zorigaiztokoena, ia izate fisikorik gabea, eta izate moralaren azkenetan dena” zela zioen gutunak. Iturbe eta gainerako zinegotziek zioten bost hilabetetan bitan ahalegindu zirela hiriaren egoeraren berri ematen eta laguntza lortzen, baina Espainiako Kongresuak ez ziela ordurarte erantzun. Madrilgo agintariek entzungor egin zieten, hirugarrenez. Suntsiketaren arduradun militarrengana ere jo zuten, berreraikuntzarako nahiz soldaduek jaten zituzten anoa berak jasotzeko laguntza eske. Graham, Castaños eta Alava jeneralek ez zuten erantzun. Wellingtonek atzerritarra zela eta lurraldeaz ezertxo ere ez zekiela esan zuen. Sutearen ondorengo egunetan bertan, eraikinen hondakinak garbitzeko laguntzarik ez zen izan, eta inguruko herrietan lantaldeak antolatu zituzten lan horretarako. Ez Espainiako Gobernutik, ez haren aliatuengandik, ez zuten kalte-ordainik, diru-laguntzarik edo finantzaketa biderik jaso, hiria berreraikitzeko.
Hiria suntsitu eta hurrengo hilabeteetan, harresien barruan 300 biztanle inguru geratu ziren. Donostiar gehienak kanpoko 400 bat baserrietan bizi ziren. Baina harresiz kanpo hiria berreraikitzerik ez zegoen. 1814 eta 1817 artean, kanpoko auzoetako biztanleek ez zuten Espainiako Gerra Ministerioaren baimenik lortu etxeak berreraikitzeko.
Laguntza sinbolikoa 1816an iritsi zen. Fernando VII.a erregeak bere burua hiriaren babesle izendatu zuen. Baina 1824ko uztaileko agiri batek zionez, hiriak kalte-ordainik jaso gabe jarraitzen zuen. Erregearen laguntzak ez zuen maila sinbolikoa gainditu 1828ko ekainaren 10ean, Plaza Berriko Udaletxeko lehen harria jarri zutenean.
Militarren jarrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Laguntzarako jarrera pasiboa izan arren, arpilatzean aktiboki jardun zuten suntsiketaren erantzule militarrek. Lapurtutakoa ingelesen kuartelaren parean saltzen zuten, Graham jeneralak bazekien arren. Irailaren 4an bertan Gipuzkoako Foru Aldundiak harrapaketa eteteko eskaera alferrik egin zuen. Arpilatzea hilabetetan luzatu zen. Jarduera zer lapurtu apenas geratzen zelako apaldu zen. Azaroaren amaiera aldera, San Martin auzoko hainbat etxejabek salatu zuten ofizial ingeles batek beren etxeetako harlanduak eraman nahi zituela.
1814ko udaberrian zeharkako lapurretak hasi ziren, espekulatzaileen eskutik. Sutearen aurretik urteko 900 errealeko errenta zuten biltegiengatik 12.000 eskatzera iritsi ziren. Udan ogiaren prezioaren igoerak protestak eragin zituen. Ingurua basoz inguratuta egon arren, egurra garraiatzeko baliabiderik ez zegoen. Igeldoko itsasargia piztuta atxikitzeko egurrik gabe ere geratu ziren.
Donostiako Udalaren egoera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Udalaren finantza porrota erabatekoa zen. Udal medikurik ez zegoen, ospitalerik ere ez eta, hala, donostiarrak babesgabe zeuden gaixotasunen eta epidemien aurrean. Ibaetako ihitzetako jabe Juan Miguel Zatarainek ere ez zuen zingirak sanotzeko dirurik, eta anofele eltxoak bertan ugaltzen hasi ziren. Garaiko kroniken arabera, neguan malariak eguneko 8-10 heriotza eragin zituen. Soldadu aliatuek baino donostiar gehiago hil zituen helgaitzak, milatik gora. Udalak berehala Zataraini zingirak garbitzeko agindu arren, lurjabeak afera epaitegietara eraman zuen, eta hiru urte behar izan ziren inguru kutsakorra sanotu eta epidemiaz libratzeko.
Urte gehiago igaro ziren sutearen ondorioak itzaltzeko, militarrek utzitako zorra kitatzeko eta Zubietan erabakitakoa gauzatzeko.
Oroigarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sarraskia gogoratzeko, urtero abuztuaren 31n kandelak pizten dituzte Donostian Abuztuaren 31 kalean.
1913. urtean, lehen mendeurrenan, Mendeurrenaren Monumentua inauguratu zen Alderdi Ederren. 1924an eraitsi zuten multzo monumental hau.
Mendeurrenaren Plaza ere inauguratu zen 1913an Amara aldean.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) Chandler, David. (1979). Dictionary of Napoleonic Wars. Macmillan.
- ↑ (Ingelesez) Glover, Michael. (2001). The Peninsular War 1807-1814. Penguin ISBN 0-141-39041-7..
- ↑ (Gaztelaniaz) Sada, Javier; Sada, Asier. (1995). Historia de San Sebastián. Txertoa, 67 or. ISBN 84-7148..
- ↑ a b Murugarren Zamora, Luis.. (1993). 1813 : San Sebastián incendiada : británicos y portugueses. Instituto Dr. Camino ISBN 8471732157. PMC 39051541. (Noiz kontsultatua: 2019-07-30).
- ↑ (Gaztelaniaz) Sada, Javier; Sada, Asier. (1995). Historia de San Sebastián. Txertoa, 73 or. ISBN 84-7148..
- ↑ (Gaztelaniaz) Barrena Osoro, Elena; Miranda de Lage, Paloma; Valverde Lamsfus, Lola; Barruso Barés, Pedro. «Donostia/San Sebastián (historia: Edad Contemporánea. Siglo XIX. Penoso arranque)» Auñamendi Eusko Entziklopedia. http://www.euskomedia.org/aunamendi/45908/144169.
- ↑ (Gaztelaniaz) Miranda de Lage-damon, Paloma. «Donostia-San Sebastián (historia: época moderna). Declaraciones testificales juradas» Auñamendi Eusko Entziklopedia. http://www.euskomedia.org/aunamendi/45923/35138.
- ↑ (Gaztelaniaz) «Primer manifiesto del Ayuntamiento de Donostia del 7 enero 1814».
- ↑ (Gaztelaniaz) «Iñaki Egaña: “Creo que los donostiarras, en general, desconocen lo que sucedió en 1813 y, sin embargo, el sentimiento de aquella tragedia está en nuestro ADN colectivo”»[Betiko hautsitako esteka], Postdata, 2012-07-02.
- ↑ «1813ko sarraskiaren 79 testigantzak», Donostia sutan 1813-2013 bloga.
- ↑ (Gaztelaniaz) Xabier ALBERDI LONBIDE, Carlos RILOVA JERICÓ: «Novedades históricas para el 31 de agosto de 2010», Los papeles de Pedro Morgan, 2010-08-31.
- ↑ (Gaztelaniaz) Carlos RILOVA JERICÓ, Alvaro ARAGON RUANO: «Decidnos, ¿quién quemó realmente San Sebastián en el año 1813?. Algunas reflexiones sobre la Historia y la Pseudohistoria a partir de un libro de Iñaki Egaña», El correo de la historia, 2012-09-03.
- ↑ (Gaztelaniaz) Guirao Larrañaga, Ramón (2011), San Sebastián 1813, Almena, Madrid, 72.-75. or., ISBN 978-84-92714-23-0.
- ↑ (Gaztelaniaz) Artola, Miguel (2000), Historia de San Sebastián, Nerea, Donostia, 238.-244. or., ISBN 84-89569-49-5.
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Sada, Javier; Sada, Asier. (1995). Historia de San Sebastián. Txertoa, 74 or. ISBN 84-7148..
- ↑ (Gaztelaniaz) Sada, Javier; Sada, Asier. (1995). Historia de San Sebastián. Txertoa, 78 or. ISBN 84-7148..
- ↑ (Ingelesez) Smith, Digby. (1998). The Napoleonic Wars Data Book. Greenhill ISBN 1-85367-276-9..
- ↑ Nagore IRAZUSTABARRENA, «1813ko abuztuaren 31ko biharamon luzea» CC-BY-SA, Argia, 2014-03-09
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]