Bodhidharma
Bodhidharma | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Kanchipuram, Iran eta Western Regions (en) , 483 |
Heriotza | Shaolin, 540 (56/57 urte) |
Ikaslea(k) | ikusi
|
Jarduerak | |
Jarduerak | bhikkhu (en) , filosofoa, Zen master (en) eta monjea |
Lan nabarmenak | |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | budismoa Zena |
Bodhidharma (sanskritoz: बोधिधमृ, txinera tradizionalez: 菩提達摩; pinyinez: Pútídámó edo Dámó; Wade–Giles: Tamo, japonieraz 達磨 edo ダルマ Daruma) monje hindu bat zen, budismoaren 28. aitalehena eta Zen budismoaren aitalehena eta sortzailea. Indiaren hegoaldetik Txinara heldu zen Liang-eko Wu enperadorearen erreinaldian (K.o. 502-549).
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txinara baino lehen, Boddidharma edo Da Mo jadanik hiru meditazioaldi sakon egina zen.
Budismoa biziki hedatzen ari zen garai batean, abade nagusiak txartel bat ipini zuen monasterioaren ate nagusian monjeak Txinara joan zitezen budismoa irakasteko; monje eta ikasle askok irakurri zuten iragarkia, baina inortxo ere ez zen bolondres aurkeztu. Da Mok txartela ikusita kendu zuenez, abade nagusiarengana eraman zuten, eta honek zorrozki esan zion:
« | Egiteko honen pisua mendi batena baino handiagoa da. Eraman ahalko duzu? | » |
Da Mok erantzun zion:
« | Buda bihotz-bihotzetik zerbitzatuko dut | » |
Abadeak jarraitu:
« | Eta huts egingo bazenu? | » |
Da Mok erantzun:
« | Gure arauen arabera nire gorputza erruki gabe lehertzera zigortua izango naiz | » |
. Erantzunok entzun eta haren izpirituaren erabakitasuna ikusi ondoren, abadeak Da Mori Txinara joateko baimena eman zion.
Txinara heltzean, Da Mo Guangzhoutik igarota Nanjingera joan zen. Denbora igarota, iparraldera joatea erabaki zuen, haren dotrina irakasteko leku baten bila. Nanjing utzi eta Yangtze edo Ibai Urdina igarotzerakoan, bertakoek aterarazi zituzten ontzi guztiak, monje atzerritarra probapean jartzeko. Da Mok ibaira iristean ikusi zuen ez zegoela ontzi bakar bat ere, baina ibaiaren bi ertzetan jende pila bat zegoela, hura nola zeharkatzen zuen ikusi nahiz. Da Mo, zer gertatzen ari zen susmaturik, ingurura begiratuta andre zahar bat ikusi zuen ihi bat eskuan; Da Mo harengana inguratu zen, eskuak bildu eta gur egin zion, eta ihia maileguz eskatu, 400 metroko ibaia zeharkatu nahi zuela azaldurik. Emakumeak eman zionean, Da Mo urbazterrera joan, ihia uretan sartu zuen, eskuak bildu, burmuina lasaitu eta begirada bere barrualdera zuzendu; oinak ihian ipini zituen eta ibai erraldoia zeharkatzen hasi zen, hego-sortaldeko haizeak leunki bultzatua, zaharrari agur eta gur egiten zion bitartean.
Gaur egun badago harrizko taulatxo bat, heroi bitxiztatuen saloiaren aurrean eraikia, non monje bat grabatuta baitago; bekain sarriak ditu, begi handiak, masailezur irtenak, aurpegi zorrotza, bizar eta bibote sarriak eta uztai handiak belarrietan; oinutsik dago ihiaren gainean, ibaia zeharkatzen duen bitartean.
Songshanera (Txinako erdiko mendia) iristean, Da Mo Shaolinen geratu zen. Monasterioaren iparralderantz, Bost Animalien mendiaren erdibidean, kobazulo txiki bat dago, gela txiki baten tamainakoa, zuzenean eguzkira begira dagoena. Hasieran Da Mo egunero mendia igo eta kobazuloan eseri ohi zen hormari begira chana egoeran (Zen meditazioa) eta arratsaldero monasteriora jaitsi ohi zuen beste monjeekin budismoaz hitz egiteko. Une batetik aurrera ez zen gehiago monasteriora jaitsi: aldiz, hormaren aurrean eserita gelditu zen, funtsezkoenean kontzentratuta. Nekatzen zenean zutitu eta ariketak egiten zituen, horietako batzuk inguruan zituen animalien mugimendu eta estrategietan oinarrituta; honela garatu zuen gero Gong Fu Shaolin (mendebaldean Kung fu Shaolin izenaz ezaguna) garatuz. Giharrak askatutakoan kobazulora itzultzen zen, esertzen, pentsamentuak uxatzen eta ixilik geratzen zen.
Udaberri eta udazkenean meditatzea eramangarria da, baina udan, eltxoek eta beste intsektuek etengabe hozka egiten dutenean, eramanezina da. Urte batzuetan Da Moren aurpegia puztuta eta itxuragalduta zegoen ziztadaka; baina bera bere hartan jarraitzen zuen, ixiltasunean murgilduta. Shaolin eskualdea oso menditsua da, ibar sakonez inguratua. Neguan otsoak, tigreak eta panterak ikusten dira. Behin monje gazte batek kobazulora igo zuen Da Mori jatekoak eramatera, eta ikusi zuen otso batek maisuaren sorbaldetan pausatuak zituela hankak, muturra harnasestuka. Monje gazteak eginahalean egin zuen oihu; otsoak ulu egin eta korrika irten zen, Da Mok bere hartan ziharduen bitartean. Negu haizetsu eta lehor batean larrea suak hartu eta berehalakoan mendi osoa sutan ipini zen. Monasteriotik sua kobazuloaren sarreraino iristen zela ikusirik, monje batzuek garren artean igo zuten haize gogorraren kontra borrokatuz, baina heldu zirenean hantxe zegoen Da Mo hormari begira, mugitzeko zirkinik egin gabe.
Da Mok bederatzi urte eman zituen meditazioan. Hormari begira hiru mila egun eman ondoren bere itzala harrian markatu omen zen: izan ere, gizon baten irudia ikus daiteke, eserita, hankak gurutzatuta eta eskuak aurrean, meditatzen. Bederatzi urteen ondoren, jendeak "Da Moren kobazuloa" izena eman zion. Gaur egun Shaolin monasterioaren barruan dago, eta haren aurrean harrizko arku bat, hegoaldean "Mo Xuan Chu" ("Isiltasun sakonaren lekua") hitzak grabaturik dituena; hitzok Hu Bin delakoak ondu zituen, Song dinastian bizi izan zen gobernuaren ofizial batek; iparraldean "Dong Lai Zhao Ji" ("Ekialdearen hasieraren marka") hitzak grabatu ziren, Yandu-ko Jin Xi delakoak idatziak, Ming dinastiaren garaian. Kobazuloaren kanpoaldean, mendebaldeko horman, Ming dinastian Chandganeko Su Minwang-ek egindako poema bat dago, honela dioena:
« | Nork mendera dezake mendebaldeko jakituria handia? Bederatzi urteko entrenamendua Bost Animalien mendian. |
» |
Bere azken urteetan, gaixorik egon arren, Luoyang-eko Qianwang monasterioa bisitatu zuen zeremonia budista bat egiteko. Da Mo hiltzean, Shaolingo monjeek, haren omenez, meditatzen egoten zen hormako harria erauzi zuten. Arroka gaur monasterioaren barruan dago, guztiek mirets dezaten. XiaoYuanji poeta ospetsuak harriaren omenezko poema bat ondu zuen, honela dioena:
« | Shaolinen harri bat; denek diote gizon bat dela. Gizona da argiki, harria da argiki. |
» |
Zineman
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Bodhidharmaren bizitzari buruz, 1994an Brandy Yuen zuzendariaren Master of Zen (達摩祖師傳) filma (Hong Kong) estreinatu zen, a.[1]