Edukira joan

Bihotzaren hotsak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Toraxaren aurrekaldea.

Bihotzaren hotsak, bihotza auskultatzerakoan entzuten diren hotsak dira. Normalean, bi hots entzuten dira (lehena eta bigarrena), bien artean bi isilune daude. Batzuetan, beste hirugarren hots bat suma daiteke, eta oso gutxitan, laugarren bat. Bentrikuluen barneko edo arteria handien hasieran dauden balbulak ixterakoan sortzen dira bihotzaren hotsak. Intentsitate handiko soinuak direnez, toraxaren hormetara hedatzen dira, eta horren ondorioz, belarriaren bidez entzun ahal dira kanpotik.

Lehen hotsa (S1)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bihotzaren lehen hotsa sistole bentrikularraren hasierarekin ematen da. Bigarrena baino askoz luzeagoa eta ozenagoa da. Balbula mitral eta trikuspide (balbula aurikulobentrikularrak) ixterakoan eta aortako eta birikako balbulak (balbula sigmoideak) irekitzean sortzen da. Aldi berean, uzkurdura bentrikularra ere gertatzen da bihotzean.

Lehen hotsa balbula aurikulobentrikularren kontra odolak egiten duen kolpaketaren ondorioz sortzen da. Odolaren eta bentrikuluaren hormen mugimenduak sortzen du soinua. Bibrazio hauen hedapenak lehen hotsa sortzen du.

Normalean, balbula mitrala trikuspidea baino arinago ixten da. Hala ere, bi ixte-prozesuei dagozkien hotsak ez dira banatuta nabaritzen, denbora-aldea oso txikia baita. Kasu berezietan, denbora-alde hau handitu ahal da, eta honen ondorioz, bi balbulen ixtea entzuten da (lehen hotsaren banaketa). Beste kasu batzuetan, balbulak indar handiagoz ixten dira, soinu garbi eta indartsua sortuz ( lehen hotsaren tonuaren sendotasuna).

Bigarren hotsa (S2)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bihotzaren bigarren hotsa, diastole bentrikularraren hasierarekin ematen da. Zehazki, balbula sigmoideak (aortakoa eta birikakoa) ixterakoan eta balbula aurikulobentrikularrak ( trikuspide eta mitrala) irekitzerakoan sortzen da soinu hau. Lehen hotsarekin gertatzen den bezala, balbulen mugimendua ez da momentu berean gertatzen, denbora-tarte txiki bat dago haien artean. Egoera ezohikoetan, birika-balbula geroago zarratzen denean, balbulen arteko ixtearen denbora-tartea handitzen da, eta horrela, posible egiten da nabarmentzea ( bigarren hotsaren banaketa). Kasu berezietan, umeetan batez ere, bigarren hotsaren banaketa ohikoa eta normala da. Paziente helduetan nahiz eta bihotzeko gaixotasunik ez izan, gertaera hau ere eman daiteke. Azken kasu honetan, arnasgorarekin lotuta dago. Estenosi mitral edo trikuspide kasuetan, irekitze klaska nabaritzen da. Bigarren hotsaren ezaugarriak ditu eta honen segidan ematen da.

Hirugarren hotsa (S3)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arraroa da, baina bihotzeko soinuetan hirugarren hots bat agertu daiteke. Soinu honi arrapalada-hots protodiastiko, arrapalada-hots bentrikular edo kentucky arrapalada-hots deitzen zaio. Izen hauek S1, S2 eta S3 soinuetan agertzen diren erritmo edo estresaren erreferentzia onomatopeiko bezala hartuz sortzen dira izen hauek.

Bihotz-hots hau, S2-ren ostean eta diastolean agertzen da. S1 eta S2 baino tonu baxuagoa du. Hirugarren hotsa gaztaroan, atletetan eta haurdun dauden emakumetan agertzen bada, ez du osasun-arazorik adierazten. Baina egoera beste adin batzuetan azaltzen bada, bihotz-arazoak egon ahal direla susma daiteke. Hirugarren hotsa bentrikuluen barruan dagoen odolaren mugimenduak sortzen duela pentsatzen da, aurrera eta atzera egitean. Bentrikuluek guztiz beteta ez badaude, diastole erdian baino ez da agertzen hots hau; beraz, ez dago hotsaren erreberberazio-tentsioa erregistratzeko beharrik.

Laugarren hotsa (S4)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pertsona helduetan laugarren hotsa entzuten denean, arrapalada presistolikoa edo fibrilazio hots-arrapalada deritzo. Hipertrofiko edo zurruna den bentrikulu batera joan behar duen odolak sortzen du hots hau. Egoera patologiko baten zeinua da, batez ere ezkerreko bentrikulu hipertrofikoa bihurtu delako edo hutsegite baten ondorioz. Honek arazo ezberdinak ekar ditzake, hala nola, hipertentsio sistemikoa, aorta-estenosi larria edo kardiomiopatia hipertrofikoa.

Laugarren hotsa uzkurketa aurikularra eta gero, diastolearen amaieran, S1 baino lehen agertzen da. Sortzen den erritmoa Tennessee hots-arrapalada bezala ezagutzen da. Hots hau entzuteko modurik aproposena hauxe da: bihotzaren apexean kokatu, pazientea ezkerretara etzanda jarri eta arnasa eusteko agindu. S3 eta S4 soinuen presentzia konbinatua hots-arrapalada laukoitza da, eta Hello-Goodbye hots-arrapalada bezala ezagutzen da. Bihotz-erritmo azkarra dagoenean, S7 hots-arrapalada gisa ezagutzen dena agertzen da, S3 eta S4 hotsen batura dena.

Bihotz normalaren eta murmuriodun bihotzen auskultazioak

Bihotz murmurioak odol-fluxu turbulentu baten ondorioz sortzen dira. Fluxu honek indar nahikoa izan behar du hotsa sortzeko. Hots hauek normalean burrunba modukoak dira. Garrantzitsua da jakitea bihotz-arazo gehienek ez dutela inongo murmuriorik sortzen, balbula-arazoek ere ez.

Kasu gehienetan, jaiotzako bihotz-arazo garrantzitsurik gabeko pertsona nagusietan entzun daitezke murmurioak. Arrazoiak honako hauek izan daitezke:

  • Balbula mitralaren berrahoratzea izan ohi da murmuriorik komunena. Fenomeno honek murmurio pansistoliko/holosistolikoa eratzen du. Murmurio hau nahiko ozena da belarri aditu batentzat, nahiz eta odolaren fluxu berrahoratua txikia izan. Izan daiteke berrahoratze mitralek murmuriorik ez sortzea (kasu guztien % 20).
  • Aortako estenosia hurrengo murmurio komunena da, eiekzioko murmurio sistolikoa deitu ohi zaio. Gehienbat adineko pertsonengan ematen da.
  • Balbula aortikoaren berrahoratzea batzuetan kalitate altuko anplifikadore elektronikoekin entzungaia da. Bestela, gutxitan izaten da entzungaia, nahiz eta balbula aortikoaren berrahoratzea nahiko normala izan.
  • Balbula mitralaren estenosia soilik entzun daiteke oso arazo larria denean.
  • Beste murmurio batzuk erlazionatuta daude eskuin eta ezker bentrikuluen arteko irekitze ezohikoarekin.

Nahiz eta bihotz-gaixotasun desberdinek murmurio kardiakoak sortu, gaixotasunaren larritasunaren arabera murmurioak asko alda daitezke. Aditua den mediku batek, murmurioetan oinarrituz gaixotasun kardiakoa zehaztasun handiarekin diagnostika dezake. Ondorioz, gaur egun medikuaren esperientziarekin eta estetoskopio batekin soilik gaixotasun kardiako asko diagnostika daitezke.

  1. University of Michigan Heart Sound and Murmurs Library. Kontsultatu:http://www.med.umich.edu/lrc/psb_open/html/repo/primer_heartsound/primer_heartsound.html (Azken kontsulta: 2016/06/11)
  2. Auscultation Assistant. Kontsultatu: https://web.archive.org/web/20120606134941/http://www.med.ucla.edu/wilkes/intro.html (Azken kontsulta: 2016/06/09)
  3. Heart Sounds-Heart Murmurs. Kontsultatu:https://web.archive.org/web/20160615030007/http://www.practicalclinicalskills.com/heart-sounds-murmurs.aspx (Azken kontsulta:2016/06/09)

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]