Azatioprina
Azatioprina botika immunosupresorea da, batez ere hainbat gaixotasun autoimmuneren tratamenduan erabiltzen dena. Profarmakoa da, hots, modu inaktiboan administratzen den substantzia, gorputzaren barruan aktibo bihurtzen dena. Egitura kimikoari dagokionez, tiopurinen taldeko molekula da: molekula horiek, era berean, purinen deribatuak dira.
Azatioprinak garrantzi historikoa du, errefusa ekiditeko erabilitako lehenengo immunosupresorea izan zelako, organoen transplanteetan [1] [2]. Gaur egun, aldiz, gutxi erabiltzen da horretarako, beste immunosupresore batzuek emaitza hobeak ematen dituztelako.
Botika hau MOEren "funtsezko botiken" zerrendan agertzen da [3].
Aho bidetik hartu ohi da. Maila gastrointestinalean ondo xurgatzen da, eta bertan bi osagaietan banatzen da: 6-merkaptopurina eta metilnitroimidazola. Lehena da farmako aktiboa, erantzun immunea moteltzen duena.
Crohn gaitza, ultzeradun kolitisa, esklerosi anizkoitza, hepatitis autoimmunea, artritis erreumatoide latzak, miastenia gravis edo lupus eritematosoaren tratamenduan, besteak beste, erabiltzen da, bakarrik edo kortikosteroideekin batera.
Bere jarduerari dagokionez, purinen sintesia inhibiltzen du, DNA eta RNAren sintesia eragotziz. Ez dira ondo ezagutzen horren ondorioak leukozitoen eta linfozitoen kopuruaren jaitsieran, baina zelula horien murrizketa eragiten dute [4].
Azatioprinaren erabilerak kontrol mediko zorrotz baten menpe egon behar du, dituen albo-ondorio ugariak direla eta. Tratamendu luzeek aregotu egiten baitute minbizi batzuen agerpenaren arriskua, batez ere ez-Hodgkin linfomak eta larruazaleko minbiziak.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Azathioprine The American Society of Health-System Pharmacists
- ↑ Murray, J. E.; Merrill, J. P.; Harrison, J. H.; Wilson, R. E.; Dammin, G. J. «Prolonged Survival of Human-Kidney Homografts by Immunosuppressive Drug Therapy». New England Journal of Medicine, 268, 24, 1963, 1315–1323 orr.
- ↑ WHO Model List of Essential Medicines World Health Organization, 23rd list, 2023
- ↑ Azatioprina AEP, Asociación Española de Pediatría, 2021eko maiatza