Edukira joan

Atrio (bihotza)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Aurikula» orritik birbideratua)
Atrio (bihotza)
Xehetasunak
Identifikadoreak
Latinezatrium cordis
MeSHA07.541.358
TAA12.1.00.017
FMA7099 85574, 7099
Terminologia anatomikoa
Bihotzaren aurreko ikuspegia non atrioak ikusten diren.

Atrioa bihotzaren goiko aldean kokatzen den ganberetako bakoitza da. Ez da aurikula terminoarekin nahastu behar, izan ere, honek atrioaren belarritxoari egiten dio erreferentzia[oh 1]. Giza bihotzak bi atrio ditu: ezkerrekoa birika-zainetatik odol oxigenatua jasotzen duena eta eskuinekoa kaba zainetik odol desoxigenatua jasotzen duena. Atrioak odolez betetzeko diastolean egon behar dira (erlaxatuta) eta odola bentrikuluetara ponpatzeko, berriz, sistolean (uzkurtuta).

Irudi honetan atrioen goiko ikuspegi bat dugu, non zainak ikus ditzakegun.
Irudi honek eskuineko atrioaren atalak erakusten dizkigu.

Gizakion bihotza lau ganberaz osatuta dago eta atrioak goialdean kokatzen diren bi ganberak dira, eskuineko atrioa eta ezkerreko atrioa.

Eskuineko atrioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskuineko atrioak gorputz osotik datorren odola biltzen du, zirkulazio nagusiko odola, hain zuzen ere. Horretarako beheko eta goiko Kaba zainetaz baliatuko da, baita sinu koronarioataz. Horretaz gain, eskuineko atrioak bi atal ditu:

1. Atzeko atala edo leuna: hemen aurkituko ditugu goiko eta beheko Kaba zainak eta koronario sinuaren zuloa.

2. Aurreko atala edo giharrezkoa: Pektinati giharrak izango ditugu atal honetan.

Bi atalak banatzeko Crista terminalis edo bukaera gangarra deritzon egitura izango dugu. Gangar honen atzean bukaerako ildoa egongo da.

Horretaz aparte, bi atrioak banatzeko atrio arteko trenkada dago; trenkada honek, eskuineko atrioan, hobi arrauzkarra edo ovala izango du. Hobi honek ertz lodia du eta horri linboa deritzo.

Aipatutako beheko Cava zainak balbula bat izango du eskuineko atrio honetan: Eustakioren balbula. Era berean, koronario sinuak bere balbula izango du: Tebesio balbula.

Ezin dugu ahaztu eskuineko atrioak atrio-bentrikuluetako balba bat izango duela: trikuspide balba, 3 balbulaz osatuta.

Gainera, goiko Kaba zaina eta bukaera gangarraren artean nodo sinusala edukiko dugu. Are gehiago, eroapen-sistemarekin ere erlazionatuta, sinu koronarioaren zuloa eta trikuspide balbaren artean, atrio-bentrikuluetako nodoa dugu.

Azkenik, kanpo morfologiari dagokionez, eskuineko atrioak luzapen bat izango du, belarritxoa deritzona, odol-hodiak babesteaz arduratuko dena. [1][2][3]

Ezkerreko atrioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Irudi honetan ezkerreko atrioa ikus dezakegu, bere bentrikuluarekin.

Ezkerreko atrioak zirkulazio txikiko odola biltzen du, hots, lau birika-zainetatik datorrena. Eskuineko atrioarekin alderatuz, txikiagoa eta leunagoa izango da, baina horma lodiagoa du.

Eskuineko atrioan aipatutako bi atalak ditu, leuna (non birika-zainak aurkituko ditugun) eta giharrezkoa (Pektinati giharrekin). Bukaera gangarra ere aurkituko dugu, zertxobait txikiagoa.

Atrio honen barruan, atrio arteko trenkadan, arrautza-itxurako foramen balbula izango dugu.

Ezkerreko atrioak atrio-bentrikuluetako balba desberdin bat izango du: balba mitrala, 2 balbulaz osatuta.

Amaitzeko, eskuineko atrioan aurkitzen dugun belarritxoa ezker bentrikuluan ere izango dugu, pixka bat txikiagoa. [1][2][3]

Atrioaren funtzioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atrioetara gorputzeko errai eta atal guztietako odola iritsiko da; eskuineko atriora, goiko eta beheko kaba zainen eta sinu koronarioaren odol desoxigenatua iritsiko da eta ezkerreko atriora aldiz, eskuineko eta ezkerreko birika zainen odol oxigenatua. Beraz, bihotzeko ganbara hauen funtzio nagusia bentrikuluen uzkurketa ematen den bitartean bihotzari gelditu gabeko odol fluxua eskaintzea izango da.

Aurretik aipatutako balbek presioaren arabera funtzionatzen dute, hau da, presio aurikularrak bentrikularra gainditzean ireki egingo dira eta itxi egingo dira presio bentrikularrak aurikularra gainditzean, atzeranzko fluxua ekiditeko (odola presio gradientearen arabera mugitzen baita).

Bihotz zikloan zehar, atrioek sistole eta diastole bat jasango dute. Zikloaren iraupenaren gehiengoan diastolean egongo dira eta bitartean, bentrikuluen sistolea eta diastolea emango dira. Beraz, bentrikuluak erlaxatuta daudenean ere, bihotzak odolez betetzeko denbora izango du eta horretarako balba atrio-bentrikularrak irekita mantenduko dira atrioetara iristen den odol guztia bentrikuluetara zuzenean pasatzea ahalbidetuz. Diastole bentrikular honen amaieran, atrioen sistolea gertatuko da, honen bidez bihotza odolez erabat beteko delarik (odol guztiaren %20a bakarrik ponpatzen da).

Atrioek, bihotzerako etengabeko odol iritsera mantendu egiten dute eta iritsera hau jarraia eta pultsu gabekoa izango da, hau da, etengabea. Atriorik gabe odol-fluxua zirkulazio aparatuan zehar ez litzateke jarraia izango, etena baizik, bizitzarekin ez bideragarria. Odol mugimendu hau mantentzeko, ez dago balbarik odol honen atrioetarako sarreran, fluxua ez eteteko. Gainera, atrioen uzkurketak ez dira totalak, izan ere, honek, zainetatik atrioetarako fluxua etengo luke ere eta uzkurketa honen indarrak ezingo du zainen itzuleraren presioa gainditu. Bestalde, odol fluxu hau etengabea mantentzeko bentrikuluen uzkurketarekin erabat koordinatuta egon behar da atrioetako odolaren ateraldia, bentrikuluen uzkurketa baino lehen berriro erlaxatzen hasi beharko baitira atrioak.[4][5]

Beraz, atrioen funtzionamendua beharrezkoa da geroagoko bentrikuluen sistolean odola kanporatu ahal izateko, bestela ez litzateke bentrikuluetara odolik iritsiko eta ez litzateke ponpatzeko odolik egongo.

Amaitzeko, aipagarria da atrioetan dagoen bolumen hartzaileen presentzia. Hauek hipotalamora seinaleak bidaltzen dituzte atrioen presioaren jeitsiera bat dagoenean (zeinak odol bolumenaren jeitsiera adierazten duen). Erantzun gisa basopresina hormonaren jariaketa egiten da odol presio hori berreskuratzeko.[6]

Eroate sistema eta inerbazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eroate sistema

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eroate sistema taupadak frekuentzia erregular batekin gertatzeko sistema automatikoa da, non miokardioko zelulek bat-bateko kinada modu esponteneo eta koordinatuan jasotzen duten. Honen zuntzak eta zelulak kinadak garraiatzeko gaitasuna duten miokardio zelula espezializatuak dira, eta nahiz eta hauek kinada berez sortzeko gaitasuna izan, sistema hau nerbio sistema autonomoaren eraginpean dago (NS sinpatiko eta NS parasinpatiko).

Argazki honen hasiera nodo aurikulo-bentrikularrean da, hemendik gora kaba zaina eta bukaera-gangarraren artean nodo sinusala egongo litzateke eta hauen artean nodo arteko faszikuluak egongo dira.

Eroate sistema honetan aurkitzen diren ataletatik bi atrioetan kokatuko dira: nodo sinusala edo sinu-atrioetakoa eta atrio-bentrikuluetako nodoa. Nodo sinusala edo sinu-atrioetakoa goiko kaba zaina eta bihotzaren bukaera-gangarraren artean kokatuko da, goiko kaba zainaren aurrealdean eta bukaera-gangarraren atzealdean hain zuzen. Perikardioaren errai-orriak nodoa estaliko du eta eroate-sistema honen markapausu fisiologikoa izango da, izan ere hemen aurkitzen diren zelulak espostaneoki despolarizatuz bihotzaren uzkurketa bideratuko duten ekintza potentzialak sortuko dituzte.

Atrio-bentrikuluetako nodoa aldiz, eskuineko atrioaren atze-behealdean kokatuko da, koronario sinuaren zuloa eta trikuspide balbaren trenkada balbularen artean. Hona kinada edo despolarizazioa nodo arteko faszikuluetatik helduko da. Hiru faszikulu daude; alde batetik aurreko eta erdiko adarrak, atrio arteko trenkadatik doazenak eta bestetik, azteko faszikulua, bukaera gandorretik joango dena. Kinada honek atrio guztiko miokardioko zelulak kitzikatuko ditu eta modu honetan informazio hori atrio-bentrikuluetako nodora helduko da. Hemen kinadaren atzerapen bat emango da, garrantzitsua izango dena atrioak odolez ondo husteko.[7]

Nahiz eta bihotz taupadak eragiten dituen kinada bihotzean bertan sortzen den, esan bezala sistema hau nerbio sistema autonomoaren eraginpean dago (NS sinpatiko eta NS parasinpatiko).

Hasteko, atrioetako inerbazioa nerbio sistema sinpatikoak zein parasinpatikoak bideratuko dute, gainera parasinatikoak soilik atrioetan izango du eragina (bertan dauden nodoak barne), sinpatikoak adiz bentrikuluak ere inerbatuko ditu. Nerbio sistema sinpatikotik bihotzera helduko den inerbazioa kate ortosinpatikoko T1-T4 mailatik ateratako gongoil osteko zuntzek bideratuko dute, bai iduneko bai toraxekoak. Toraxekoak aipatutako mailetako gongoiletan izango dute bigarren neurona, idunekoak aldiz bizkar nerbioa ateratzen den mailatik baino apur bat gorago. Eta bertatik aterako diren iduneko goiko, erdiko eta beheko bihotz nerbio sinpatikoak eta toraxeko nerbioak bihotz plexura bideratuko dira eta bihotzeko leku ezberdinen artean atrioa inerbatuko dute.

Parasinpatikoaren inerbazioa aldiz, erraboilean hasten den vagus nerbioak bideratuko du. Nerbio honen bizkar nukleoan lehenengo neurona egongo da, baina bertatik bihotzera ailegutuko diren zuntzak gongoil aurrekoak izango dira (toraxeko eta iduneko goiko eta beho bihotz nerbio vagalak). Bihotzetan kokatuta dauden goiko bihotz gongoilean (Wrisberg) (aorta-arkuaren behealdean), beheko bihotz gongoilean (eskuin-atrioaren atzealdean) eta bihotz hormetan dauden gongoiletan egingo dute sinapsia, bertan bigarren neurona baitago.

Modu honetan, nerbio guzti hauek bihotz plexua osotuko dute eta honek bai eroate sisteman bai koronaria hodietan izango du eragina.[8]

Atrioaren odoleztapena eskuineko eta ezkerreko koronario-arteriek burutzen dute. Eskuinekoari dagokionez, aurreko eta eskuineko birika aldeko adarrak diren atrioko adar batzuk eta nodulu sinusala odoleztatzen duen sinu-atrioetako nodoaren adarra emango ditu. Azken hau eskuineko koronario-arteriatik (%60ko probabilitatea) edo ezkerreko koronario-arteriatik (%40ko probabilitatea) sor daiteke. Era berean, diafragma aurpegian eta oinaldeko adarrak diren atrio-bentrikuluetako adarrak ere emango ditu, hala nola, atrio-bentrikuluetako nodoaren adarra[9].

Eskuineko eta ezkerreko koronario-arteriak.

Ezkerreko koronario-arteriaren kasuan, koronario-ildoa ezkerretik inguratzen eta alde diafragmatikotik beherantz egiten duen adar inguratzailearen atrioetako adarrek odoleztapena burutuko dute.

Atrioetako itzulera benosoa enbrioi garaiko kardinal primitibotik datorren ezker atrioaren lapraneko zainaren (Marshall zaina) bidez egiten da. Marshall zainak sinu koronarioan drainatuko du odola. Sinu koronarioa bihotzaren ezkerraldean sortzen da eta eskuinalderantz bideratuko da odola eskuineko atrioan isuriz[10].


Atrioaren garapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bihotzaren atrio egituraren bilakaera azaltzeko enbriologian zentratuko da.

Bihotzaren jatorria eta garapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasteko, bihotza, bai atrioak eta bai bentrikuluak, zelula mesodermikoetatik sortuko dira, zelula hauek epiblastotik sortutzen dira eta enbrioiaren bigarren leinu zelularra izango da. Gainera, mesodermoak bihotza sortzeaz gain, gorputzeko zirkulazio aparatua ere sortuko du.

Enbrioiaren 22.egunean bihotzak lehenengo taupadak ematen hasiko da. Momentu honetan enbrioiaren bihotzari tubo kardiakoa deitzen zaio eta barrunberik gabeko egitura izango da, hala ere, hainbat osagaiz osatuta egongo da:

  • Atal arteriala: bulbo kardiakoak eta bentrikuluak osatuko dute. Tubo kardiakoaren goialdean kokatuta daude.
  • Atal benosoa: atrioak eta altzo benosoak osatuko dute. Tubo honen behekaldean kokatuta egongo da.

Kasu honetan, odolaren norabidea, alde kaudaletik alde kranealera abiatuko da, hau da, tubo kardiakoaren behekaldetik (altzo benosoa eta atrioa igaroz) goikaldera (bentrikulua eta bulboa igaroz) da.

Data garrantzitsu horretatik aurrera, enbrioiaren bihotzak tolesdurak jasango ditu eta desplazamenduak gertatuko dira. Bihotza garatzen joango da eta azkenean, atrioa gorantza edo beste hitzetan, alde kranealera mugituko da eta bentrikuluaren gainean kokatuko da, aldiz, bentrikulua beherantza edo alde kaudalera mugituko da. Bihotzaren barrunbe hauen kokapena, bihotz heldu baten kokapen berdinak izango dira.[11]

Forma hau daukan bihotzak odolaren norabidea bestelakoa izango du. Odola alde kranealetik alde kaudalera abiatuko da, hau da, odola goitik behera edo atriotik bentrikulura garraiatuko da.

Bihotzaren tabikeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bihotzaren kabitate ezberdinak kokapen aldaketak jasateaz gain, bihotzaren paretetan ere aldaketak gertatuko dira.

Bihotzean tabikeak sortu behar dira bihotzeko barrunbeak banatzeko, hain zuzen, 2 atrioak eta 2 bentrikuluak sakabanatzeko.

Bihotzaren tabikazioa burutzeko oso garrantzitsua den osagai bat behar da, almoadilla subendokardikoa edo kojinete kardiakoa izenekoa. Bihotzaren erdialdean dagoen zuloan sortzen den elementua da eta jatorri endoteliala dauka. Kabitateak banatzeko behar ditugun paretak almoadilla horretan iltzatuko dira, barrunbeen itxiera gauzatuz.

Atrioen tabikazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasi baino lehen, atrio bakoitzak 2 atal izango ditu: atzeko atala edo leuna eta aurreko atala. Eta bakiotzak jatorri desberdin bat dauka:

  • Atzeko atala: zain sinutik eratorria da.
  • Aurreko atala: atrio primariotik sortzen da.
Septum primum paretaren garapena ikusten da, baita ostium primum zuloa.

Atrioen tabikazioa 27.egunean, hau da, 4.astean hasten da eta fetoa jaio arte irangu du. Esan beharra dago, bentrikuluen tabikazioa atrioarenarekin batera hasi egiten dela. Tabikazioaren bidez, atrio batetik 2 atrio lortuko ditugu:

  • Atrioaren dortsaldean septum edo pareta txiki bat sortuko da: septum primum. Alde dortsalaren goikaldetik alde bentralaren behekaldera abiatzen da.
  • Almoadilla subendokardikora iritsi aurretik, 2 atrioak guztiz banatuta ez daudenez zulo bat geratuko da: ostium primum. Zulo hau probiasionala izango da, geroago itxi egiten baita.
  • Septum primum-a guztiz itxi baino lehen, bere dortsaldean puskatzen hasiko da, beste zulo bat eratuz goiko aldean: ostium secundum. 2 atrioen arteko komunikazioa ezin da eten eta hauxe ez gertatzeaz arduratuko da bigarren zulo hau.
  • Ostium secundum-a ixteko bigarren pareta edo septum-a sortzen da hasierako septum primum-aren eskuinaldean: septum secundum. Hala ere, septum hau ez da guztiz ixtea lortuko. Septum secundum honetan zulo bat aterako da almoadillara iristean: foramen ovala.[12]

Horrela, bi atrioen artean 2 pareta izango ditugu eta bakoitzak zulo bat izango du. Zulo hauen bidez, ezkerreko eta eskuineko atrioak komunikatuta jarraituko dute, eta azkenengo hau, oso garrantzitsua izango da fetoaren odol zirkulazioa egokia izateko.

Azkenik, jaioberria jaiotzean, bere lehen arnasketa egingo du, horrela, ezkerreko atriora biriketako odola helduko da barrunbe honen presioa igoaraziz. (gogoratu- fetoa amaren zaku amniotikoaren barruan dagoen bitartean ez ditu birikak erabiliko, amaren bidez jasotzen baitu odol oxigenatua eta kanporatu odol desoxigenatua). Presio altua dela eta atrio arteko 2 paretak hurbiltzen joan eta itsatsi egingo dira. Horren bidez, 2 atrioen artean zegoen komunikazioa eten egingo da eta zuloak itxi egingo dira (foramen ovala eta ostum secundum). Orain, atrio bakoitzera odol mota ezberdina helduko da: eskuineko atriora gorputzetik datorren odol desoxigenatua eta ezkerreko atriora birikatik datorren odol oxigenatua.

Horretaz aparte, heldu baten bihotza aztertzean, eskuineko atrioan foramen ovalaren aztarna ikusi daiteke eta ezkerreko atrioan septum primun-aren aztarna.

Atrioarekin erlazionaturiko gaixotasunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atrioen arteko komunikazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atrioen arteko komunikazioa jaiotzetik agertzen den bihotzeko patologia da. Patologia honetan, atrio arteko trenkadan zulo bat gelditzen da bi ganberak erlazionatzen dituena eta hauen odola nahasten duena.[13]  

Enbrioi garaian atrioen artean ostium secundum eta foramen ovala izeneko zuloak sortuko dira sortu berri diren paretetan. Zulo horiei esker enbrioi garaian zirkulazio sistemaren funtzioa egokia izatea lortzen da. Izan ere, enbrioiak ez ditu birikak guztiz garatuta, beraz, birika- arteria ez da funtzionala oraindik. Hala ere, umea jaiotzean zulo horiek itxiz joango dira atrioen arteko komunikazioa eten egingo da.

Komunikazio hori eteten ez denean sortuko da patologia hau. Eskuineko atrioan gorputzetik datorren odol ez-oxigenatua bilduko da, ezkerrekoan aldiz, biriketatik datorren odol-oxigenatua . Atrioen artean komunikazioa dagoenez, ezkerreko atrioan dagoen odola eskuineko atriora pasako da, odol ez oxigenatuarekin nahastuz. Ondorioz, biriketara askatuko den odol bolumena ohikoa baino handiagoa izango da biriketako hipertentsioa sortuz.

Arazo honek ohikoa ez den bihotzeko soinu bat eragiten du, soplo kardiako deritzona. Soinu hau oso garrantzitsua da medikuentzat atrioen artean komunikazioa dela adierazten duelako.[1]

Atrio arteko komunikazioa trenkada aurikularraren toki desberdinetan aurki daiteke eta zuloaren tamaina ere desberdina izan daiteke pertsona batetik bestera.

Atrioen arteko komunikazioaren azalpena

Hainbat mota ezagutzen dira, gehienetan secundum motakoa ematen da, zuloa trenkadaren erdian ematen da. Horrezgain, primum, sinu benoso eta sinu koronario motakoak ere izan daitezke.

Kasu batzuetan, gaixotasun hau heredatu egiten da, kromosomen atal baten falta egoten delako. Hala ere, gehienetan ez da patologiaren kausa ezagutzen. Ohikoagoa da nesketan agertzea baina honen arrazoia ere ezezaguna da.[1]

Orokorrean patologia hau duten umeek ez dute inolako sintomarik pairatzen eta fisikoki osasuntsuak direla ematen du. Baina komunikazioa oso handia denean eta gaixotasuna larria denean honako sintomak ohikoak izaten dira:

  • Jateko gogo eza
  • Hazkuntza geldoa
  • Neke handia
  • Usaimen eza
  • Biriketako arazoak, askotan pulmonia sortuz

Gaixotasun hau tratatzen ez bada haurtzaroan, larritasun handiagoko patologietan bilakatu daiteke. Batez ere, bihotzaren erritmoa anormala bihurtzen da (arritmia) eta ponpatzeko arazoak sortzen dira. Muturreko kasuetan, biriketako hipertentsioa Eisenmenger sindromea garatzen dira.

Tratamendua umearen adinaren, zuloaren kokapenaren eta tamainaren araberakoa izango da. Zuloa txikia baldin bada askotan ez da tratatzeko beharrik egoten. Beste batzuetan, jarraipenekin nahikoa izaten da. Kasu larrienetan bihotzeko ebakuntzaren edo kateterismo kardiako baten bidez itxi daiteke zuloa, gaixotasunarekin bukatuz.

  1. Aurikula erabili izan da askotan, gaztelaniaz aurícula izena duelako atrioak. Aurikula terminoa latinezko auricula atrii terminoaren baliokidea da euskaraz.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d «Comunicación interauricular (para Padres) - Nemours KidsHealth» kidshealth.org (Noiz kontsultatua: 2020-10-12).
  2. a b (Ingelesez) «Zirkulazio sistema» prezi.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-10).
  3. a b (Gaztelaniaz) Sistema de conducción eléctrica del corazón. 2020-03-22 (Noiz kontsultatua: 2020-10-10).
  4. (Ingelesez) The Gross Physiology of the Cardiovascular System. Robert M. Anderson 1999 (Noiz kontsultatua: 2020-10-14).
  5. «The Gross Physiology of the Cardiovascular System - Home Page» cardiac-output.info (Noiz kontsultatua: 2020-10-14).
  6. (Ingelesez) Sherwood, Lauralee. (2008-12-22). Human Physiology: From Cells to Systems. Cengage Learning ISBN 978-0-495-39184-5. (Noiz kontsultatua: 2020-10-14).
  7. (Gaztelaniaz) Sistema de conducción eléctrica del corazón. 2020-03-22 (Noiz kontsultatua: 2020-10-10).
  8. (Gaztelaniaz) Inervación del corazón. 2020-09-30 (Noiz kontsultatua: 2020-10-13).
  9. Moore, Keith L.. (2010). Clinically oriented anatomy. (6th ed. argitaraldia) Wolters Kluwer Health/Lippincott Williams & Wilkins ISBN 978-0-7817-7525-0. PMC 216940468. (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  10. Malena Wendler. (2019-10-18). Irrigación Venosa y Arterial del corazón. (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
  11. (Ingelesez) Mauricio. «Embriología del corazón» cardioacademic.org.mx (Noiz kontsultatua: 2020-10-13).
  12. (Gaztelaniaz) Primera parte, Desarrollo embriológico y evolución anatomofisiológica del corazón. (2012). «medigraphic.org.mx» www.medigraphic.org.mx (revista mexicana pediatría): 92-101. (Noiz kontsultatua: 2020-10-13).
  13. «Comunicación interauricular - Síntomas y causas - Mayo Clinic» www.mayoclinic.org (Noiz kontsultatua: 2020-10-12).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]