Edukira joan

Apolo eta Dafne

Wikipedia, Entziklopedia askea
Apolo eta Dafne, ustez Piero Pollaiuoloren koadroa (1441-1496)

Apolo eta Dafne greziar mitologiako istorio bat da, hainbat autore greziar eta erromatarrek jasotakoa. Ovidiok Metamorfosiak izeneko bere poeman kontatzen du mito hau.

Apolo, arteen eta musikaren jainkoa, Eros gazteak zigortu zuen, arku batekin eta gezi batzuekin jokatzeagatik iseka egin ziolako. [1]

Erosek, haserre, bi gezi hartu zituen, bata urrezko bat diamantezko punta zuena, eta bestea, burdinazko punta zuena, berunez estalita. Urrezko geziak maitasuna eragiten zuen, burdinazkoak gorrotoa. Burdinazko gezia Daphne ninfari jaurti zion, eta urrezkoa, berriz, Apolori bihotzera. Apolori Dafnerenganako grina handia eragin zion, baina ninfaren bihotzean Apolorenganako gorroto izugarria sortu zen. Iraganean Daphnek haren maitale izan nahi zuten asko baztertu zituen eta, gainera, ehiza eta basoak esploratzea zen gehien maite zuena. Haren aitak, tradizio baten arabera Ladon izena eta beste baten arabera, aldiz, Peneo izena zuen ibai-jainko batek, ezkontzeko eskatu zion, bilobak eduki ahal izateko. Dafnek, ordea, ezkongai izaten jarraitzeko eskatu zion aitari, Apoloren arreba biki Artemis bezala. Nolanahi, aitak esan zion politegia zela berarekin ezkondu nahi zuten senargai guztiak beti urruntzeko.

Apolok etsi gabe jarraitzen zuen Dafneri eskatzen berarekin gelditzeko, baina ninfa, beldurtuta, ihesi atera zen. Jainkoek, ordea, esku bat bota zioten Apolori, eta ninfaren ondora iristen utzi zioten. Apolok harrapatuko zuela ikusita, Dafnek aitari laguntza eskatu zion. [2] Bat-batean, larruazala zuhaitz-azal bihurtu zitzaion, ilea hosto eta besoak adar. Korrika egiteari utzi zion, oinak sustrai bihurtu zitzaizkiolako. Apolok adarrak besarkatu zituen, baina horiek ere laburtu eta uzkurtu egin ziren. Jada ezin zuenez emaztetzat hartu, betiko maitatuko zuela agindu zion eta bere zuhaitza izango zela (erramu-zuhaitza) eta haren adarrak eta hostoak heroien eta Olinpiar Jokoetako txapeldunen buruak koroatzeko erabiliko zirela. Apolok bere betiko gaztetasun eta hilezkortasun ahalmenak erabili zituen erramua beti berde mantentzeko. [2]

Apollo eta Dafne artean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Apolo eta Dafne, Berniniren eskultura.
Apollo Dafneren atzetik ( Theodoor van Thulden )

1622 eta 1625 artean, Gian Lorenzo Berninik Apollo eta Daphne obra ospetsua egin zuen marmola erabiliz. Bertan, Apolok Dafne harrapatzen du, ninfa ihesi dabilen bitartean. Apolok erramu-koroa bat darama, Dafneren metamorfosia iragarriz bezala. Dafne eraldaketa prozesuaren erdian azaltzen da: besoak adarren itxura hartzen ari dira, ihesean aitari Apolorengandik salbatzeko eskatzen dion bitartean. [3]

Antonio Pollaiuolok greziar mitoa manipulatu eta bere garaira egokitu zuen. Apollo eta Dafne margolanean, pertsonaiek janzkera errenazentistak dituzte eta Dafne eraldaketa prozesuaren erdian azaltzen da. Lana Londresko National Galleryn dago ikusgai. [3]

Bestalde, iradoki da Gustav Klimt austriarraren The Kiss lanak mito hau iradoki dezakeela, hain zuzen ere Apolok Dafneri musu ematen dionean, ninfa erramu-zuhaitz bihurtzen den bitartean. [4]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]