Antzinako Greziako eskultura
Eskultura da, ziurrenik, Antzinako Greziako artearen ezaugarririk ezagunena. Eskulturaren eta pinturaren bitartez, garai hartako greziarrek jainko-jainkosei opari politak eskaintzen zizkieten, eta heroiak goraipatzen zituzten haien babesa jasotzeko. Greziako eskulturako ekoizpen guztiaren zati txiki bat bakarrik iritsi zaigu, eta, tamalez, pintura lan ia guztiak desagertu dira. Antzinako literaturan deskribatzen diren maisulan asko galdu dira, edo oso hondaturik heldu zaizkigu. Lan horien beste zati handi bat, aldiz, erromatar garaiko kopien bitartez baino ez ditugu ezagutu. Horietako asko mendebaldeko eskultoreek zaharberritu dituzte Berpizkundetik gaur egun arte. Berriztapen lanei esker, batzuetan lanak berreskuratu ahal izan dira, zatika bada ere. Aipatu behar da garai hartako lanetan nabarmena dela Ekialdeko eragina.
Materialak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aro Modernora iritsi diren eskultura greziar gehienak harriz eginak daude, marmol txuriz, batez ere. Antzinaroan, aldiz, ez zen hori gehien baliatzen zuten materiala, eta bestelako teknikak eta materialak erabili zituzten; adibidez, teknika kriselefantinoa, brontzea edo egurra.
Egurra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Egurra aro arkaikoan erabili zen batez ere, xoanak egiteko (erlijio aurre-olinpikoaren adierazgarri ziren figura landugabeak). Ezagunena Ortiarena da, gerora Artemisa gisa ezagutu zena, eta Espartako Artemisa-Ortiaren santutegian agertu zen.
K.a. VII. mendean batez ere, greziar arkaikoak sphyrelaton teknika erabiltzen hasi ziren; lehenago hititek eta egipziarrek erabilitako teknika: egurrezko muin bat mailukatutako brontzezko plakekin estaltzean datza. Horrela egin ziren Kretako Dredos santutegian aurkitutako Apoloren, Artemisaren eta Letoren kultu estatuatxoak (K.a. VIII. mendea), Hala ere, egurra lan finagoak egiteko ere erabili zen, adibidez, Cipseloren Kutxa. Zedroz egina zen eta bolizko eta urrezko apaindurak zituen. Kutxa Olinpian egon zen ikusgai K.a. lehen mendeetara arte, baina gero desagertu zen.
Materialaren hauskortasuna dela eta, egurrez egindako eskultura gutxi iritsi zaizkigu. Aipa dezakegun bat Samosen aurkitutako 28 cm-ko botozko estatuatxo bat da, Heraren kultu estatuaren kopia izan litekeena. Egun, Samoseko Arkeologia museoan dago ikusgai.
Terrakota
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zibilizazio minoikotik aro helenistikora arte, terrakota askotan erabili zen idoloen edo botozko estatuatxoak sortzeko. K. a. VIII. mendean, Beozian, horrela sortu ziren «kanpai-idoloak»: hanka mugikorrak eta kanpai itxurako gorputza dituzten emakumeen estatu txikiak. K.a. VIII. mende hasieran, «heroien» hilobiei ehunka edo milaka estatuatxo jartzen zitzaizkien, eta orokorrean besoak altxaturik zituzten pertsonaiak irudikatzen zituzten; hau da, jainkoak apoteosian.
Geroago, terrakotaz egindako estatuatxoek izaera erlijiosoa galdu zuten eguneroko bizitzako pertsonaiak irudikatzeko. K.a. IV. eta III. mendeetako hiri batzuetan, hala nola Alexandrian, Esmiran edo Tarson, figuratxo grotesko ugari egin ziren. Figuratxo horien gorputz-adarrak desitxuratuak zeuden eta begiak irtenak; gainera, irribarrez zeuden.
Terrakota oso gutxi erabili zen estatua handiak egiteko. Salbuespenik ezagunena Olinpiako Zeus Ganimedes bahitzen da, K.a. 470 urte inguruan egin zena. Kasu horretan, terrakota margotuta dago.
Teknika kriselefantinoa: urrea eta bolia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Greziarrek gustukoen zituzten materialak ziren, baina garestienak ere baziren. Boliz xaflaztatutako egur muin bat erabiltzen zen gorputza irudikatzeko, eta urrea jantzietarako. Adibiderik ezagunenak Atenasko Atenea Partenos eta Zeusen Olinpiako estatua (Munduko Zazpi Mirarietako bat) dira. Biak Fidiasek egin zituen eta galdu ziren.
Estatua mota horretako aztarna gutxik irauten dute gaur egunera arte, teknika horrekin egindako lanak hauskorrak baitira. Gainera, bolia eta urrea material preziatuak direnez, askotan lapurtu egiten zituzten. Delfoseko bide sakratuaren azpian garai hartako eskultura batzuen hiru zati handi eta hiru buru aurkitu ziren.
Bolia bakarrik ere lantzen zen. Elefanteen letaginen tamainaren ondorioz, tamaina txikiko estatuak baino ez ziren egiten material horrekin.
Metala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Teknika kriselefantinoaren ondoren, metala iritsi zen, batez ere, brontzea. Asko erabili zen material hori garai mizenastarrean, baina teknika hori galdu «mende ilunak» deituriko garaian. Greziarrek Ekialde Ertaineko eta Egiptoko herrietatik ikasi zuten.
Brontzeaz eta antzeko aleazioez gain, eskultoreek metalezko beste hainbat material erabiltzen zituzten, batez ere estatuak inkrustazioen bidez polikromatzeko. Horregatik, gehienetan ezpainak kobre asko zuten aleazioekin egiten ziren, eta ondorioz gorriak ziren. Teknika hau erabiliz, oso kolore finak lortu zituzten.
Marmola
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Marmola lehenetsitako materiala izan zen garai arkaikoan, eta K.a. V. mendean brontzeak ordezkatu zuen arren, asko erabili zen arkitekturako eskulturetan. Marmola askotan margotzen zen K.a. IV. mendean zehar (Cnidoko Afroditan, adibidez), eta batzuetan, brontzezko elementuak gehitzen zitzaizkion, noizean behin, urreztatuak.
Eskultore profesionalek urtebete behar izaten zuten tamaina handiko eskultura bakarra egiteko; orokorrean, garai klasikoko gizakien tamaina baino askoz handiagoa izaten zuten.
Aroak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aro neolitikoa (K.a. 7000 – K.a. 3000)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aro neolitikoan dagoeneko eskulturak egiten ziren. Terrakota erabiltzen zuten eta gehienetan emakumeen figurak egiten zituzten. Emakumearen formak azpimarratzen zituzten bularraldeari, sabelari eta aldaka zabalei atentzioa jarriz. Horren helburua emakumeen ugalkortasuna azpimarratzea zen. Gizonen figuretan, aldiz, biluzik egotea zen ezaugarririk nabarmenena.
Aro geometrikoa (K.a. 1050 – K.a. 700)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aro geometrikoaren hasieran (K.a. 1050-900) terrakotaz egindako figura asko aurkitu dira. Gorputzak egiteko bolumen geometrikoak erabiltzen ziren, eta forma geometriko gehiagoz apaintzen ziren.
Aro geometriko berrian (K.a. 770-700) brontzezko figuratxoak egiten ziren batez ere, eta apaintzeko erabiltzen ziren.
Rafael Agustí Torresek protogeometrikoaz ( K.a. 1100–900) eta geometrikoaz ( K.a 900-700) hitz egiten du. Aro Iluna historikoari "garai geometrikoa" ere esaten zaio garai horretako estilo artistiko bereizgarria baita, nahiz eta aldi historikoa garai artistikoa bera baino zertxobait luzeagoa izan.[1]
Aro orientalista
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Garai honetan egiten zituzten gizaki itxurako eskulturek hiruki formako aurpegi meheak zituzten, eta ile astunaz inguratuak zeuden. Garai honen erdialdetik aurrera, aldiz, aurpegiak zabalagoak egiten hasi ziren eta guztiz biribilak egiten zituzten. Emakumeak zutik eta zuzen irudikatzen zituzten. Gorputza ezkutatzen zien tunika bat eramaten zuten soinean, baita gerriko zabal eta luze bat ere. Badaude gizakien itxura ez daukaten eskulturak ere.
Aro arkaikoa (k.a. 700-480)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Garai arkaikoaren ezaugarririk nabarmenena forma eta jarrera sinpleak dira. Espresio ohikoena kuroietan (κοῦροs, "mutil gaztea") eta koraietan (κόρη “neska gazteak”) ikus daiteke. Azken horiek zutik dauden gizakien figurak dira, gizonezkoak nahiz emakumezkoak. Hiriek jainko-jainkosei egiten zizkieten eskaintzak ziren. Estatua horiek, orokorrean gizakien tamainakoak, errealismo naturalistaranzko lehen bilakaera izan ziren. Hala ere, proportzioak ez zituzten guztiz errespetatzen; izan ere, izter handiegiak eta sorbalda zabalegiak egiten zituzten. Aurpegiko ezaugarri nagusiak hauek ziren: irribarrea, masaileko hezur irtenak eta almendra itxurako begi handiak. Kuroiak (maskulino plurala) guztiz biluzik daude, ile luzea dute, besoak gorputza bezain luze, zutik daude, ezkerreko hanka aurreratuta, eta anatomia aztertuta zutela adierazten dute. Koraiak (femenino plurala) zutik daude, hankak elkarturik dituzte, lihozko tunika batez edo artilezko tunika batez jantziak daude, eta agerian uzten dute tolesdurak eta arroparen efektuak aztertuta zituztela. Estilo hori, ziurrenik, K.a. VII. mendetik aurrerako merkataritzaren bitartez aurkitutako lan egiptoarretan inspiratu zen. Estilo horren ezaugarriak dira txirikordak, ezkerreko hanka aurreraturik izatea eta frontalitatea. Muskulaturaren xehetasunak ez dira batere errealistak, eta batzuetan harrian ebakiak eginez irudikatzen zituzten. Garai honetako obrak, batez ere marmolez, harriz, terrakotaz eta brontzez egin ziren, eta batzuetan polikromaturik zeuden. Ematen du estatuak margotzeko ohitura nahiko hedatua zegoela Grezian.
Aro klasikoa (K.a. V.-IV.)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aro klasikoa bi epetan bana daiteke. Lehen klasizismoa, K.a. V. mendean, non Miron, Fidias eta Polikleto izan ziren artista garrantzitsuenak. Garai horretan jainko-jainkosak eta heroiak irudikatzen zituzten batez ere. Edertasun fisiko eta espirituala bilatzen zuten, eta ikerketa matematikoak egin zituzten proportzio idealak lortzeko; horri kanon deritzogu. Eskulturak aurretik ikusiak izateko sortzen zituzten.
Mironek Diskoboloa sortu zuen, ziurrenik brontzeaz baliatuz; hala ere, jatorrizko lana galdu zen eta marmolez egindako kopiari esker ezagutu dugu. Lan honetan, argi ikusten da garai hartan anatomia menperatzen zutela; gainera, gorputzen mugimendua lortzen saiatzen ziren, baina aurpegietan ez zuten espresiorik lortzen.
Polikletok perfekzioa bilatzen zuen, eta kanona delakoa sortu zuen: gizakien gorputz perfektua irudikatzen saiatu zen. Ezaugarri fisiko jakin batzuk erabiltzen zituen; adibidez, gorputzaren altuera buruaren neurria zazpi aldiz izatea, edo gorputz sendoa izatea. Gainera, kontrapostoaz baliatzen zen (ezkerreko hanka aurreratzea) mugimendua irudikatzeko eta simetriarekin hausteko. Oso ongi ikus daitezke ezaugarri horiek Polikletok egindako Doriforoan.
Fidiasek Partenoiko apaindurarako ziren eskulturak egin zituen. Frontoietan, Atenearen jaiotza eta Atenea eta Poseidon agertzen ziren; metopetan, zentauromakia eta amazonamakia, hau da, zaldi gorputza zuten gizakiak; frisoetan Panateneen desfilea eta zaldunak agertzen dira. Garai klasikoa eskultura erraldoien aroa ere izan zen, eta argi eta garbi ikus daiteke Fidiasek egindako Atena Partenos eskulturan edo Zeusen Olinpiako estatuan.
Bigarren klasizismoan (K.a. IV. mendea), Praxiteles, Lisipo eta Skopas izan ziren ezagunenak. Errealismo handiagoa lortu zuten pertsonaiengan, eta giza-sentimenduak irudikatzen hastea lortu zuten. Jainko-jainkosak irudikatzen zituzten baita ere, baina geroz eta gizatiarragoak ziren. Edertasun idealaren proportzioak berritu zituzten. Garai horretako eskulturak dagoeneko aurretik nahiz atzetik ikusteko sortzen zituzten, hau da, multilateroak ziren.
Praxitelesen lanetako bat Hermes Dionisos haurrarekin da eta hor argi ikus daiteke teknikak findu zituztela; adibidez, ilearen formak argilunak sortzen ditu, eta, horrekin alderatuz, aurpegia oso leuna da. Sfumatoa erabili zuen baita ere; hau da, modelatu suabea. Praxtilesen lanetan, mugimendua adierazteko pertsonaien aldaka alde batera mugitzen zen, eta horri kurba praxiteliar deritzogu.
Lisipok Apoxiomenoa sortu zuen. Heroitasunik gabeko atleta bat irudikatzen du, aurpegian kezka zantzuak dituena. Proportzio idealen kanon berria eskultura honetan ikus daiteke: altuera ideala jada ez zen burua zazpi aldiz, baizik eta zortzi.
Skopasek espresio patetikoak irudikatzen zituen, sentimendu tragikoak. Gorputz bihurkatuak eta jantzien tolesdura gogorrak egiten zituen, eta ondorioz, mugimendua ere nahiko gogorra izaten zen. Hori, adibidez, Menadea eskulturan ikus daiteke.
Aro helenistikoa (K.a. III. – I.)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aro hau Alejandro Handiaren heriotzarekin (K.a. 323 urtean) hasi zen, eta K.a. I. mendearen inguruan amaitu zen; hala ere, ez dago oso zehaztua noiz amaitu zen. Garai hau gizarte zatiketak eta egoera ezegonkorrak markatu zuten. Atenasek garrantzia galdu zuen, eta, askotan, garai klasikotik estilo erromatarrerako trantsizioa izan zela esaten da. Garai honetan eskulturako eskolak sortu ziren, eta errealismo handiagoa lortu zuten. Dagoeneko ez zituzten bakarrik jainko-jainkosak eta heroiak irudikatzen, baizik eta mota eta adin guztietako pertsonaiak. Garai honetan hiru estilo ezberdin bereiz daitezke: Barroko helenistikoa, Rokoko helenistikoa eta erretrospektiboa. Barroko helenistikoa arte izugarria zen, eta bere helburua ikusleak harritzea zen. Eskulturak dinamikoak eta multidimentsionalak dira. Espresibitate eta errealismo handia lortu zuten eszena patetikoak irudikatuz. Pertsonaiek muskulatura oso garatua izan ohi zuten. Adibiderik ezagunena Pergamoko Zeusen aldarea da. Rokoko helenistikoak, aldiz, gai anekdotikoagoak lantzen zituen, adibidez, haurrak jolasten edo Dioniso eta Afroditaren segizioak. Lan hauek apaintzeko egiten ziren. Estilo erretrospektiboari dagokionez, hazten ari zen helenizazioarekin eta K.a. V. eta IV. mendetako maisuen gorestearekin lotuta zegoen.
Aro helenistikoan hainbat eskola sortu ziren: Rodakoa, Pergamokoa edo Neoatikoa, adibidez. Pergamoko eskolako lanik ezagunena Pergamoko Zeusen aldarea da, eta horren egilea ezezaguna da. Rodako eskolan Samotraziako Garaipena lana sortu zuten. Itsaso baten aurreko aldean dagoen Jainkosa hegaldun bat irudikatzen du; gorputza aurreraka makurtuta dauka, eta arropak, haizearen eraginez, atzera egiten du gorputzaren forma agerian utziz. Teknika horri jantzi bustien teknika deritzogu. Eskola honetako beste lan oso ezagun bat Laokoon da. Lan hau Barroko helenistikoaren barnean kokatuko genuke. Aita bat bere bi semeekin suge baten aurka borrokan ageri dira; gorputzak bihurkaturik dituzte, eta giharrak hazita; gainera, aurpegietan mina eta sufrimendua adierazten dira. Bertikaltasunarekin guztiz hausten duen eskultura da. Eskola neoatikoan, jainko-jainkosen gaia alde batera utzi zen, eta eguneroko pertsonaiak eta ekintzak irudikatu zituzten; adibidez, zahartzaroa, haurtzaroa, inperfektua zena… Gai guzti horiek garai klasikoan ez ziren agertu ere egiten. Eskola honetako lan adierazgarri bat Spinarioa da.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Torres, Rafael Agusti. (2020-01-01). «CERÁMICA GRIEGA DEL PERIODO GEOMÉTRICO» CERÁMICA GRIEGA DEL PERIODO GEOMÉTRICO (Noiz kontsultatua: 2024-10-02).