Edukira joan

Aliyah

Wikipedia, Entziklopedia askea
Aliyah (emigrazioa) Palestinako Britainiar Mandatura eta Israelera, 1919 eta 2020 artean

Aliyah (hebreeraz: עֲלִיָּה‎ʿălīyyā, euskaraz: «igoera»), pluralean aliyot, diasporatik Israelgo Lurralderantzako (eta 1948an sortu zenetik, Israelgo Estaturantzako) judu-immigrazioari deitzeko erabiltzen den terminoa da.[1] Aliyah egiten duenari oleh (maskulinoa; pl. olim) edo olah (femeninoa; pl. olot) deitzen zaio. Alderantzizko ekintza, Israeldik beste lurralde edo diaspora oso batera emigratzea, yerida (hebreeraz: ירידה‎; euskaraz: «jaitsiera») izenez ezagutzen da.[2]

Aliyah sionismoan eta judaismoan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Israelgo Lurralderantzako (Eretz Israel) aliyah kontzeptua funtsezkoa da juduen kulturan eta erlijioan, eta sionismoaren funtsezko oinarria da.[3]

Ideia horretan oinarritzen da 1950eko Itzuleraren Legea, munduko edozein juduk Israelera migratzeko, bertan kokatzeko eta Israelgo herritartasuna ia oztoporik gabe lortzeko duen eskubidea bermatzen duena. Aliyah terminoak arrazoi ideologiko, emozional edo praktikoengatiko borondatezko migrazioa barne hartzen du, bai eta jazarritako juduen populazioarena ere. Nahiz eta Israel "etorkinen herrialde" gisa onartu, neurri handi batean, errefuxiatuen herrialdea ere bada. Israelgo judu gehienek gaur egun beren familiaren azken sustraiak herrialdetik kanpo dituzte.

Etimologikoki, aliyah hitza hebreerazko aliyah la'réguel (עלייה לרגל) hitzarekin ahaidetuta dago, "erromesaldia" esan nahi duena, Pessah, Shavuot eta Sukkot jaietarako ezarritako erromesaldietan Jerusalemeraino igotzearekin lotuta. Judu erlijioso askok immigrazioa Agindutako Lurralderako itzulera gisa aldarrikatzen dute, eta Abraham, Isaak eta Jakob patriarka hebrearren ondorengoei Jainkoak emandako promesa biblikoa betetzetzat jotzen dute. Sionera itzultzea judu bakoitzaren betebehar erlijioso gisa jotzen du judu-legeak. Adituek betebeharraren baldintza zehatzari dagokionez ikuspegi ezberdinak izanda ere, bere indar juridikoa hainbat epaietan errepikatzen da, hala nola, ezkontide batek senarrari edo emazteari Israelgo Lurraldera lekualdatzean laguntzeari uko egitea dibortzioa eragiten duela.[4]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. answers.com (Ingelesez)
  2. (Ingelesez) 'Aliyah': The Word and Its Meaning. 2005-05-15.
  3. (Ingelesez) Rosenzweig, Rafael N.. (1989). The Economic Consequences of Zionism. E. J. Brill, 1 or. ISBN 978-90-04-09147-4..
  4. answers.com (Ingelesez)

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]