Akueduktu
Akueduktu | |
---|---|
Kokapena | |
Historia eta erabilera | |
Erabilera | transport of water (en) |
Akueduktua ura toki batetik bestera garraiatzeko ubide artifiziala da; ura etengabeko fluxuan garraiatzea ahalbidetzen du, naturan irisgarria den leku batetik urruneko kontsumo-puntu bateraino, normalean hiri edo herrixka bateraino.[1] Historikoki akueduktuak antzinako Grezian, antzinako Egipton, antzinako Erroman[2] eta baita antzinako Mexikon ere erabili ziren. Nekazaritza-gizarteek akueduktuak eraiki dituzte laboreak ureztatzeko eta herri handiak edateko urez hornitzeko.
Egungo ingeniaritzan, hitza ura garraiatzeko erabilitako edozein tutu, ubide, tunel edo beste sistema izendatzeko erabiltzen dute. Akuedukturik handienak Estatu Batuetan eraiki dira hiri handiak hornitzeko. Akueduktu sinpleenak, bestetik, lurrean zulatutako zanga txikiak dira. Akueduktu modernoetan kanal askoz handiagoak erabil daitezke. Akueduktuek, batzuetan, bide osoa edo zati bat egiten dute lurpean eraikitako tunelen bidez. Harriz egindakoak izaten dira baina akueduktu modernoek ere hodiak erabil ditzakete.
Etimologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Akueduktu hitza latinezko aquaeductus hitzetik dator, aqua (ura) eta ductoz osatua. Ducto ducere (eraman) aditzetik dator.[3]
Historia Europan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Edozein giza kokalekuk, txikia izanda ere, ur-hornikuntzarako sistema bat izan behar du, bere bizi-beharrak asetzeko. Antzinatik erabilitako soluzioa ibai edo iturburu baten inguruan herrixka ezartzea zen, bertatik ura kontsumo-puntuetara eramateko. Beste irtenbide bat zen putzuak industea jendea bizi zen eremuan edo inguruan, edo zisternak eraikitzea. Baina populazioa hiri mailara iristen zenean, inguruko tokirik egokienetan ura lortzeko eta biztanleria ezarri zen lekura eramateko eroanbide-sistemak beharrezkoak bihurtzen ziren.
Herrixka edo herria ibai baten ertzean zegoenean ere, hodiak eraikitzea zen hornidura bermatzeko modurik onena, errekatik ura atera beharrean, oso hurbil egon arren, normalean populazioa baino maila baxuagoa baitzuen. Beste batzuetan, akueduktua egiten zen, ura errekakoa baino kalitate hobekoa eskuratzeko. Behar hori betetzeko, ur-hornidura ziurtatzen zuten obra handiak egin zituzten.
Mendebaldean Ekialde Hurbileko antzinako zibilizazioetan aurrekariak bazeuden ere, eta ingeniari greziarrek eroanbide eraginkorrak eraiki bazituzten ere, ingeniari erromatarrak, hormigoiaren erabilerari esker batez ere, Mediterraneoko hiri guztietan zabaldu ahal izan ziren teknikak jarri zituzten abian. Alderdi teknikoetatik haratago, Inperioaren batasun politikoak eta sistema ekonomiko indartsu baten existentziak hiri-garapenerako baldintzak eman zituzten.[4]
Ibilbidearen zatirik handiena ubideetatik egiten zen, oro har estaliak, mendien hegaletan eraikitzen zirenak, nahi zen malda-lerroari jarraituz, eta aldian-aldian ur-kutxak jartzen ziren, azken hauek emaria erregulatzeko. Bide bat gainditu behar zenean, akueduktuaren maila baino pixka bat beherago, sifoiak erabiltzen ziren, ura oztopoaren azpitik pasa eta aurreko mailara igotzeko. [5]
Malda handiagoak gainditzeko, arkuteria edo zubi itxura hartzen zuten eraikinak altxatzen ziren, presio handiei aurre egiteko gai ziren sifoizko hodiak egitea garestiagoa baitzen. Obraren zatirik ikusgarriena zubiak direnez, arkuteriari berari «akueduktu» deitzeko ohitura geratu da.
Askotan, erromatarren akueduktu horiek Erdi Aroan erabiltzen jarraitu zuten, baita garai modernoetan ere, konponketei eta zaharberritzeei esker. Eta, jakina, berriak egiten jarraitu zuten. Erromatarren akueduktuei aplikatutako soluzioak funtsezko aldaketarik gabe erabiltzen jarraitu ziren XIX. mendera arte. XX. mendean, zementuen ekoizpenean izandako aurrerapenek, hodiak eraikitzeko material eta teknika berriek eta ponpaketa-estazio indartsuak eraikitzeko aukerak ur-eroanbideak irauli zituzten, eta lurrerako egokitzapena sinplifikatu zuten.
Antzinako akueduktuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bereziki erromatarrekin lotu ziren arren, akueduktuak askoz lehenago asmatu ziren Grezian, Ekialde Hurbilean eta Indiako azpikontinentean. Egiptoarrak eta Indus haraneko zibilizazioa bezalako herriek ureztatze sistema sofistikatuak eraiki zituzten. Izan ere, erromatarrek akuedukturik garrantzitsuenak eraiki zituzten tamainari eta kantitate handienari dagokienez, lurralde guztietan.[6]
Indian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Indiako azpikontinenteak lehen akueduktuetako batzuk dituela ustea oso zabalduta dago. Gaur egungo Hampin ikus daitezteke horrelako aztarnak. Tungabhadra ibaiaren ondoko akueduktu handiek, aspaldian ureztatzeko ura ematen zutenek, 15 km luze izan ziren noizbait. Kanalek ura ematen zieten errege-bainuontziei.[7]
Jordanian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jordaniako Petran zehar, nabatear ingeniariek iturri natural bakoitza eta neguko euri zaparrada bakoitza aprobetxatu zuten behar zen ura bideratzeko. Akueduktuak eta hodi-sistemak eraiki zituzten, ura mendietan zehar, haitzarteetan zehar, Petrako herritarren tenplu, etxe eta lorategietara joatea ahalbidetzeko. Siqen ibiltzen erraz ikus daitezke ura hiriaren erdigunera bideratzen zuten ubideen aztarnak, bai eta presa indartuak ere, uholde-garaietan ur-goraldiak mugaz mantendu zituztenak.
Grezian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Samos uhartean, Eupalinos tunela Polykratesen erregealdian eraiki zen (K.a. 538-522). Lurpeko akueduktutzat hartzen da eta mila urtez ur geza ekarri zuen Pitagoreora.
Erroman
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erromatar akueduktuak Inperioko toki guztietan eraiki ziren, Alemaniatik Afrikaraino, eta bereziki Erroma hirian, non 415 km baino gehiagoko luzera izan zuten. Inperioko hiri handietan, akueduktuek ur gezaz hornitzen zituzten bainu publikoak eta edateko; ingeniaritza-eredu bat ezarri zuten, mila urte baino gehiagoan gainditu ez zena. Zubiak, arku ugariko harriz eraikiak, erromatarren akueduktuen bereizgarri ziren. Horregatik, "akueduktu" hitza sarritan aplikatzen zaio ura garraiatzeko zubi bati, nahiz eta hitzak zentzu zabalago izan.[8]
Hego Amerikan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Peruko Nazca hiritik gertu, antzinako Puquios izeneko akueduktuen Kolonaurreko sistema eraiki zen, gaur egun oraindik erabiltzen dena. Trinkoki jarritako harriz eginak zeuden, Nazca kulturak asko erabiltzen zuen eraikuntza-material batez. Eraiki ziren denbora-tartea oraindik eztabaidagai dago, baina ebidentzia batzuen arabera, 540-552 urte ingurukoak dira, eskualdeko lehorteei erantzuteko.
Ipar Amerikan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ipar Amerikan ere aurkitu dira horrelako eraikuntzen kasuak. Esaterako Costa Rican, Guayabo Monumentu Nazionalean herrialdeko gune arkeologiko handiena dago. Bertan oraindik erabileran dagoen akueduktu-egitura bat ikus daiteke. Gehienak bolkanikoak diren ibai-harri biribilez eginda daude akueduktuak. Akueduktuen sistema hau eraiki zuen zibilizazioa misterio bat da oraindik arkeologoentzat.[9]
Europarrak Tenochtitlan azteken hiriburura iritsi zirenean, XVI. mendearen hasieran, hirian bi akueduktu zeuden. Horietako bat, Chapultepeceko akueduktua, 1420 inguruan eraikia, espainiarrek ia hirurehun urte geroago berreraiki zuten. Gaur egun, zati bakarra geratzen da Mexiko Hirian.
Sri Lankan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzinako Sri Lankan egindako akueduktuen erabilera estentsiboa aurkitu da. Adibide onena Yoda Ela edo Jaya Ganga kanala da. 87 km.ko luzera zuen eta K.a. V. mendean eraikin omen zen.[10]
Akueduktu motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Akueduktuak bi motan egon ditzakete, erdi lurperatu dagoen akueduktua (lur azpiko dagoen akueduktua) eta lur gaineko dagoen akueduktua.
Diseinua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Akueduktu bat eraikitzeko, lursailaren azterketa zehatza egin behar da. Azterketa horri esker, trazadurarik merkeena aukeratu ahal izango da, malda leun eta iraunkor bat ahalbidetzeko, obraren ibilbidea gehiegi luzatu gabe.[11]
Akueduktu bat ura hartzeko sistema batean abiatzen da. Ura modu kontrolatuan igarotzen da eroanbidera, burualdeko biltegi batetik (caput aquae). Biltegi horri erromatarrek castellum ere esaten zioten, eta handik banatzen zen hiri osoan. Ahal zen guztietan presiorik gabeko kanalak (riui) erabiltzen ziren, eta batzuetan bakarrik jotzen zen presiopean gidatzera.[12] Nolanahi ere, ura giza kontsumorako erabiltzen zen guztietan, kanala gangaz, ganga faltsuz, harrizko plakaz edo tegulaz estalita zegoen.
Akueduktu ospetsuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hemen bakarrik adibide batzuk jaso egin ditugu:
- Segoviako akueduktua, erromatarra, Espainian.
- Água de Pratako akueduktua, XVI. mendekoa, Portugalen.
- Plasenciako akueduktua, XVI. mendekoa, Cáceresko probintzian, Espainian.
- Los Milagros akueduktua, erromatarra, Méridan, Espainian.
- Pont du Gard, erromatarra, Remoulinsen, Frantzian.
- Pegões akueduktua, XVII. mendekoa, Tomarren, Portugalen.
- Aqueduto das águas livres, XVIII. mendekoa, Portugalen.
- Pontcysyllte akueduktua, XIX. mendekoa, Galesen (Erresuma Batua)
- Vanvitelliren akueduktua, XVIII. mendekoa, San Leucion, Italian.
- Águila akueduktua, XIX. mendekoa, Nerjan, Espainian.
- Noaingo akueduktua, XVIII. mendekoa, Euskal Herrian.
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Segoviako akueduktua, Espainian.
-
Los Milagros akueduktua, Merida, Espainian.
-
Aqueduto das águas livres, Lisboan.
-
Vanvitelliren akueduktua, San Leucio, Italian
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ https://definicion.de/acueducto/
- ↑ https://www.hiru.eus/es/historia/pais-vasco-y-romanizacion
- ↑ https://etimologias.dechile.net/?acueducto
- ↑ https://www.jw.org/es/biblioteca/revistas/g201411/acueductos-romanos-ingeniería/
- ↑ https://web.archive.org/web/20050312040650/http://centros5.pntic.mec.es/ies.victoria.kent/Rincon-C/Curiosid/rc-69/rc-69.htm
- ↑ https://www.iagua.es/noticias/locken/17/02/08/pioneros-agua-historia
- ↑ Sewell, Robert (1900). A Forgotten Empire (Vijayanagar): A Contribution to the History of India (Google Books). ISBN 9788120601253.[1]
- ↑ https://www.britannica.com/technology/aqueduct-engineering
- ↑ Alvarado, Guillermo E.; Soto, Gerardo J. (1 de octubre de 2008ko urriaren 1a). «Volcanoes in the pre-Columbian life, legend, and archaeology of Costa Rica (Central America)». Journal of Volcanology and Geothermal Research 176 (3): 356-362. [2].
- ↑ https://www.srilanka.travel/yoda-ela
- ↑ https://web.archive.org/web/20220331191344/http://www.ccpems.exactas.uba.ar/CDs/CDAgua/contents/agua_hombre/agua_hombre_historia/agua_hombre_historia_en_tiempos_romanos.htm
- ↑ https://www.abc.es/viajar/top/20140115/abci-acueductos-romanos-201401071106_1.html
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez):Ur- eta ur-beltzen sistemak Erroma Inperialean.
- (Ingelesez):Roman Aqueducts webgunea.
- (Gaztelaniaz):"Erromatarrek horrela altxatzen zituzten akueduktuak" bideoa.