Galesko Legebiltzarra
Galesko Legebiltzarra Senedd Cymru Welsh Parliament | |
---|---|
VI. legegintzaldia | |
Mota | |
Mota | Ganberabakarra |
Zuzendaritza | |
Mahaiburua (Llywydd) | Elin Jones (Plaid Cymru) 2016. urtetik |
Osaketa | |
Eserlekuak | 60 |
Alderdi politikoak | Gobernua (30):
Oposizioa (30):
|
Hauteskundeak | |
Bozketa sistema | Ordezkaritza proportzional misto |
Azken hauteskundeak | 2021eko maiatzak 6 |
Batzarlekua | |
Senedd, Cardiff. CF99 1NA | |
Webgunea | |
senedd.wales |
Galesko Legebiltzarra (galeseraz Senedd Cymru, ingelesez Welsh Parliament) Gales agintzeko boterea duen legebiltzarra da. 2020ko maiatzaren 6a baino lehen legebiltzarraren izen ofiziala Galesko Biltzar Nazionala zen (galeseraz Cynulliad Cenedlaethol Cymru, ingelesez National Assembly of Wales), baina urtarrilean onartutako lege baten ondorioz biltzarrak parlamentu izaera eskuratu zuen.[1][2] Legebiltzarreko kideak Seneddeko kide izena jasotzen dute (galeseraz Aelodau'r Senedd edo AS).
Galesko Legebiltzarra 1998ko Galesko Gobernuaren Legearen bitartez sortu zen (Government of Wales Act 1998) Galesko Biltzar Nazionala izenarekin, 1997an Galesen autogobernua erreferendum bidez onartu ostean. Hasieran Biltzarrak ez zuen sorrerako zuzenbidea garatzeko botererik, 2006ko Galesko Gobernuaren Legearekin botere murriztuak eskuratu zituen arte. 2011ko martxoaren 3ko erreferendumean baiezkoak irabazi ondoren, 2017ko Galesko Legeak biltzarraren botere legegilea areagotu zuen. Lege horren ondorioz Legebiltzarrak ez dio Erresuma Batuaren gobernuari baimena eskatu behar 20 eskumenei buruz legeak egitean.[3] Eskumen horien artean osasuna, hezkuntza, garapen ekonomikoa, garraioak, ingurumena, nekazaritza eta zenbait zerga-bilketa daude.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Biltzarrerako bidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1949an Gales eta Monmouthsire-rako Kontseilua sortu zen, "gobernuak bere erabakiek Galesko herriaren bizitzetan duten eragina ezagutu dezan". Kontseilua 27 kidek osatzen zuten, eta Galesko agintariek, Galesko Unibertsitateak, Galesko Eisteddfod Nazionalak eta Galesko Turismo Bulegoak hautatzen zituzten. 1951n Galesko Arazoetarako Ministerioa sortu zen, eta 1964an Galesko Estatu Idazkaritza eta Galesko Bulegoa (Welsh Office) sortu ziren, Galesko Kontseiluaren desagerpena ekarriz. Galesko Bulegoaren sorrerak Galesen lurralde gobernantzaren oinarriak ezarri zituen. 1969an Harold Wilson-en gobernu laboristak Konstituzioaren Errege-Batzordea (Kilbrandon Commision) osatu zuen Eskoziari eta Galesi autogobernua emateko aukera azter zezan. Batzordeak Galesko Biltzar baten sorrera proposatu zuen, baina hautesle galesek aukera hori baztertu zuten 1979an izandako erreferendum baten.[4]
1997ko hauteskunde orokorren ondoren, gobernu laborista berriak Biltzar Nazional bat Galesko Bulegoa baino demokratikoagoa litzakela uste zuen, Galesko Bulegoa ez baitzen herritarrengatik hautatua. Gobernuak erreferendum bat antolatu zuen Galesen 1997ko irailaren 18rako, zeinetan hautesleek Galesko Biltzar Nazionalaren sorrera onartu zuten botoen %50,3rekin.[5]
Hurrengo urtean Galesko Gobernuaren Legea onartu zen Erresuma Batuko Parlamentuan, Biltzar Nazionala sortuz. 1999ko uztailaren 1ean Galesko Estatu Idazkariaren botereak eta eskumenak Biltzarrera eskualdatu ziren, eta Galesko Bulegoa desagertu zen.[6]
2002an Galesko Gobernuak batzorde independente bat osatu zuen Biltzar Nazionalaren eskumenak eta hauteskunde sistema aztertzeko eta Galesko herritarren beharrak asebetetzeko ahalmena ziurtatzeko. Batzorde horrek Biltzarrak zenbait arlotan legeak egiteko eskumena edukitzea eta hauteskunde sistema proportzionalago batera aldatzea proposatu zuen.[7] Horren ondorioz, Gobernu Britaniarrak Biltzarraren botere legegilea garatu zuen, baina batzorde independenteak proposatuko neurri asko bertan behera geratu ziren.
2006ko Galesko Gobernuaren Legea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2006ko Galesko Gobernuaren Legeak (Government of Wales Act 2006) Biltzar Nazionalaren botere legegilea areagotu zuen, Biltzarrari jasotako eskumenei buruzko legeak egiteko baimena emanez. Botere legegile zabalagorako eskariek Galesko Estatu Idazkariaren edota Komunen Ganberaren betoa jaso zuten.
Legeak Biltzarra erreformatu zuen egitura parlamentarioa emanez, Galesko Gobernutik bereizitako erakunde gisa ezarriz, baina gobernua Biltzarraren aurrean erantzule izanez.
Legeak Biltzarrerako hauteskunde sistema ere aldatu zuen. Hala nola, hautagai independente bat bere kabuz hauteskundeetara aurkeztea debekatu zuen. Legea oso kritikatua izan zen. Plaid Cymruk, une horretako Biltzarreko oposizio ofizialak, legea kritikatu zuen benetako parlamentu baten botere osoa ez emateagatik, eta autogobernu gehiago galdegin zion Gobernuari.
Biltzarraren aldaketak 2007ko maiatzaren 4an hasi ziren gauzatzen, hauteskundeen ondoren.[8] 2011ko martxoaren 3an izandako erreferendum baten ondorioz, Biltzarrak botere legegile zuzena eskuratu zuen, eta handik aurrera haren eskumenei buruzko legeak egiteko Westminsterreri baimena ez zion zertan eskatu.
2017ko Galesko Legea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Orduko Kontserbadoreen eta Liberalen koalizio gobernuak Galesko Autogobernuaren Batzordea (Commission on Devolution in Wales) sortu zuen, "Zeta Batzordea" ere deitua (Silk Commission). Batzordea Galesko Biltzarreko 4 alderdi politikoen ordezkariek eta zenbait legegile adituk osatzen zuten. Batzordearen proposamenak jarraituz, Gobernu Britaniarrak eskumen berriak eman zizkion Biltzarrari zenbait zerga-bilketa eskumenekin batera.
Gobernu Britaniarrak eta Galesko Gobernuak Biltzarrari eskumen eta botere gehiago ematearen alde daude, "Zeta Batzordeak" proposatutako modelo berrira aldatuz: horren arabera, Gobernu Britaniarrak eskumen zehatz batzuk mantenduko lituzke, beste guztiak Galesko Biltzarraren esku geratuz.[9] Horrek oraingo modeloa ordeztuko luke, zeinekin Gobernu Britaniarrak eskumen batzuk "ematen" dizkio Biltzarrari, gainerakoak Erresuma Batuaren Gobernuarenak izanez.
2017ko Galesko Legea "Zeta Batzordearen" bigarren proposamen multzoan oinarritu zen, eta gobernuaren arlo gehiagoren eskumenak eskualdatzea proposatu zuen; hala nola ur kudeaketa, itsasoak (portuak, ingurumena), energia (subsidioak, petrolio ustiaketa, energia-ekoizteko instalazioen eraikitzea, etab.), burdinbideak eta errepide garraioa.[10]
Izen aldaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2016ko uztailean, "Biltzar Erreforma Programa" izenburuko idatzizko adierazpen baten bidez, Elin Jones Biltzarreko mahaiburuak (galesez Llywydd) baieztatu zuen Galesko Biltzarrak aho batez adostu zuela Galesko Biltzar Nazionalaren izena "Galesko Legebiltzarra" deiturara aldatzea (galeseraz Senedd Cymru edo ingeleraz Welsh Parliament).[11]
Izena aldatzeko legea 2019ko azaroaren 27an izan zen onartua Biltzarragatik, eta Erreginak 2020ko urtarrilaren 15ean berretsi zuen. Lege horrek, izen aldaketaz gain, 16 eta 17 urteko gazteei boto eskubidea eman zien Galesko hauteskundeetan.[12] Erreforma hori urte bereko maiatzaren 6an burutu zen. Legebiltzar berrituaren kideen izena ere aldatu zen: ordura arte Assembly Members (AM) deituak izan zirenak, ordutik aurrera Aelodau'r Senedd (AS) edo Members of the Senedd (MS) deituko ziren.[13]
Izaera aldaketa hori begi onez ikusi da Galesko indar politikoen artea. Elin Jones mahaiburuak adierazi zuenez: "Legeak egiteko eta zergak kobratzeko eskumenekin, izen berriak Seneddaren estatus konstituzionala islatzen du, parlamentu nazional bezala". Bestalde, Adam Price Plaid Cymruko buruzagiak "mugarri garrantzitsua" dela adierazi du, baina Legebiltzarrak eskumen gehiago bereganatzea eskatu du, "Galesko jendeak beren bizitzetan eragiten duten erabakietan zeresana izateko".[2]
Eraikinak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Legebiltzarraren ganberaren eraikina, Senedd deitua, Cardiffko badian dago kokatuta. Eraikina Richard Rogers Partnership arkitektura bulegoak diseinatu zuen, eta Taylor Woodrow eraikuntza konpainiak eraiki. Senedd-ak Legebiltzarraren ganbera eta batzordeak jasotzen ditu. Eraikina Elizabeth II.a Erresuma Batuko Erreginak inauguratu zuen 2006ko martxoaren 1ean, Galesko egun nazionalean.[14]
Senedd ireki baino lehen, Biltzar Nazionalaren ganbera Tŷ Hywel eraikinean zegoen, egungo eraikinaren ondoan, eta legebiltzarkideen bulegoak eraikin horretan daude oraindik. Senedd eta Tŷ Hywel zubi batez daude lotuta, eraikin batetik bestera erraztasunez mugitzeko. Senedd-en ondoan Pierhead Building ere dago. Bertan Bisitarien Bulegoa eta "The Assembly at the Pierhead" Biltzarraren funtzionamenduari eta historiari buruzko erakusketa daude kokatuta.
Eskumenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Galesko Legebiltzarrak 2006ko Galesko Gobernuaren Legeak zehaztutako 20 arlotan legeak egiteko eskumena dauka.[15] Eskumen horiek ondorengoak dira:
- Nekazaritza, arrantza, basoen kudeaketa eta landa eremuaren garapena
- Antzinako monumentuak eta eraikin historikoak
- Kultura
- Garapen ekonomikoa
- Hezkuntza
- Ingurumena
- Suhiltzaile eta salbamendu zerbitzuen kudeaketa
- Janaria
- Osasun zerbitzuak
- Garraioak eta errepideak
- Etxebizitzen kudeaketa
- Udal gobernuak
- Administrazio publikoa
- Gizarte-segurantza
- Kirola eta aisialdia
- Turismoa
- Hirigintza
- Ur kudeaketa eta uholde defentsa
- Hizkuntza
Hauteskunde sistema
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Galesko Legebiltzarrak "ordezkaritza proportzional mistoa" deitutako sistema erabiltzen du biltzarkideak hautatzeko (ingeleraz mixed-member proportional representation). Sistema horren arabera, bi hautetsi ezberdin daude Legebiltzarrean: 40 legebiltzarkidek Gales osatzen duten 40 barrutiak ordezkatzen dituzte, barruti bakoitzak ordezkari bakarra hautatuz (Komunen Ganberarako sistema berdina); eta gainerako 20 legebiltzarkideak hautatzeko Gales 5 eskualdetan dago banatuta (Gales Erdialdea eta Mendebaledea, Ipar Gales, Hego Gales Mendebaldea, Hego Gales Erdialdea, eta Hego Gales Ekialdea), eta eskualde bakoitzak 4 ordezkari hautatzen ditu D'Hont sistema proportzionala erabiliz.[16] Ondorioz, hautesleek bi boto eman behar dituzte hauteskundeetan: hautagai bat hautatu behar dute haien barrutirako, eta alderdi bat eskualderako (bi botoak ez dira zertan alderdi berarentzat izan). Sistema horri esker, Galesko Legebiltzarrerako hauteskundeak Erresuma Batuko Parlamentukoak baino proportzionalagoak dira.
Hauteskundeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Legebiltzarra sortu zenetik bost hauteskunde egon dira, 1999, 2003, 2007, 2011, 2016 eta 2021 urteetan. Normalean parte-hartzea %50etik behera egoten da, parte-hartze handiena %47koa izanez. Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeak 2026an izango dira.
Hona hemen Galesko Legebiltzarrerako hauteskunde guztien laburpena:[17]
Urtea | Parte-hartzea | Eserlekuak | Gobernua | ||||
---|---|---|---|---|---|---|---|
Alderdi Laborista |
Plaid Cymru |
Alderdi Kontserbadorea |
Liberal Demokratak |
Besteak | |||
1999 | 46% | 28 | 17 | 9 | 6 | – | Laborista Laborista - Lib Dem |
2003 | 38% | 30 | 12 | 11 | 6 | 1 (JMIP) | Laborista |
2007 | 44% | 26 | 15 | 12 | 6 | 1 (Ind.) | Laborista Laborista – Plaid Cymru |
2011 | 42% | 30 | 11 | 14 | 5 | – | Laborista |
2016 | 45% | 29 | 12 | 11 | 1 | 7 (UKIP) | Laborista – Lib Dem[a] |
2021 | 47% | 30 | 13 | 16 | 1 | – | Laborista |
Egungo osaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alderdia | Hauteskunde emaitzak (2021) |
Oraingo kideak | |
---|---|---|---|
Galesko Alderdi Laborista | 30 | 30 | |
Galesko Alderdi Kontserbadorea | 16 | 16 | |
Plaid Cymru | 13 | 13 | |
Galesko Liberal Demokratak | 1 | 1 | |
Independenteak | 0 | 0 | |
Guztira | 60 | ||
Gobernua | 30 | 30 |
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Gobernuak gehiengo osoa eskuratu zuen Dafydd Elis-Thomas Plaid Cymruko kideak alderdia utzi eta gobernuan sartu zenean
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) «Bill to introduce new name and lower voting age becomes an Act» National Assembly for Wales 2020/01/15.
- ↑ a b «Galesek legebiltzar propioa izatea lortu du eta bertako hizkuntzan eman diote izena» Argia 2020/05/06.
- ↑ (Ingelesez) «Wales says Yes in referendum vote» BBC News 2011/03/04.
- ↑ (Ingelesez) «The 1979 Referendums» BBC website (Noiz kontsultatua: 2020/04/01).
- ↑ (Ingelesez) «Welsh Referendum results» BBC (Noiz kontsultatua: 2020/04/01).
- ↑ (Ingelesez) «Key Events in the Development of the National Assembly for Wales» National Assembly for Wales: 15. (Noiz kontsultatua: 2020/04/01).
- ↑ (Ingelesez) The Richard Commission Website. (Noiz kontsultatua: 2020/04/01).
- ↑ (Ingelesez) «Assembly powers bill becomes law» BBC News 2006/07/25 (Noiz kontsultatua: 2020/04/01).
- ↑ (Ingelesez) Wales Office (UK Government). Government Response to the Welsh Affairs Committee Report on Pre-legislation Scrutiny of the Wales Bill. (Noiz kontsultatua: 2020/04/01).
- ↑ (Ingelesez) Parliament of the United Kingdom. Wales Bill 2016. (Noiz kontsultatua: 2020/04/01).
- ↑ (Ingelesez) «AMs back new bilingual name for Welsh Assembly» BBC News 2019/10/09 (Noiz kontsultatua: 2020/04/01).
- ↑ (Ingelesez) «Historic Act enables voting for 16 and 17 year olds – renames Assembly to "Welsh Parliament"» Wrexham.com 2020/01/16.
- ↑ (Ingelesez) «Name Change Consultation» Welsh Assembly.
- ↑ (Ingelesez) «The New National Assembly for Wales Senedd opened on St David's Day» National Assembly for Wales.
- ↑ (Ingelesez) «Covernment of Wales Act 2006» Legislation.gov.uk (Noiz kontsultatua: 2020/04/02).
- ↑ (Ingelesez) «The Welsh electoral System» BBC News 1999/06/07 (Noiz kontsultatua: 2020/04/02).
- ↑ (Galeseraz)(Ingelesez) «Election Results» National Assembly for Wales (Noiz kontsultatua: 2020/04/02).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) (Galeseraz) Galesko Gobernuaren Webgune Ofiziala
- (Ingelesez) (Galeseraz) Galesko Legebiltzarraren Webgune Ofiziala