Edukira joan

Hegoafrika

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
TheklanBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 21:27, 4 urtarrila 2024
(ezb.) ←Bertsio zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb.) | Bertsio berriagoa→ (ezb.)

Hegoafrikako Errepublika
Republiek van Suid-Afrika
iRiphabliki yeSewula Afrika
iRiphabliki yomZantsi Afrika
iRiphabhuliki yaseNingizimu Afrika
iRiphabhulikhi yeNingizimu Afrika
Repabliki ya Afrika-Borwa
Rephaboliki ya Afrika Borwa
Rephaboliki ya Aforika Borwa
Riphabliki ra Afrika Dzonga
Riphabuḽiki ya Afurika Tshipemba
Ereserkia: Hegoafrikako ereserki nazionala
Goiburua: !ke e: ǀxarra ǁke
("Batasuna Aniztasunean")

flag of South Africa (en) Itzuli

coat of arms of South Africa (en) Itzuli
Geografia
HiriburuaPretoria, Bloemfontein eta Lurmutur Hiria
25°44′47″S 28°11′17″E
Azalera1.221.037 km²
Punturik altuenaMafadi (3.450 m)
Punturik sakonenaIndiako ozeanoa (0 m)
KontinenteaAfrika
MugakideakNamibia, Botswana, Lesotho, Zimbabwe, Eswatini eta Mozambike
Administrazioa
Gobernu-sistemaerrepublika parlamentarioa eta demokrazia ordezkatzaile
Hegoafrikako presidenteaCyril Ramaphosa
LegebiltzarraParliament of South Africa (en) Itzuli
Epai autoritateaConstitutional Court of South Africa (en) Itzuli
Harreman diplomatikoak Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria62.027.503
DentsitateaAdierazpen errorea: Ustekabeko < eragilea bizt/km²
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Emankortasun-tasa2,363 (2014)
Eskolaratu gabeko umeak1.815.742 (2005)
Bizi-itxaropena62,774 (2016)
Giniren koefizientea63,1 (2009)
Giza garapen indizea0,713 (2021)
Ekonomia
BPG nominala349.419.343.614,09 $ (2017)
BPG per capita5.723,97 $ (2015)
BPG erosketa botere paritarioa767.166.964.845 nazioarteko dolar (2017)
BPG per capita EAPn13.526,189 nazioarteko dolar (2017)
BPGaren hazkuntza erreala0,3 % (2016)
Inflazioa6,7 % (2016)
Historia
Sorrera data: 1910eko maiatzaren 31
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+27
ISO 3166-1 alpha-2ZA
ISO 3166-1 alpha-3ZAF
Ordu eremua
Elektrizitatea230 V. 50 Hz.europar loki, AC power plugs and sockets: British and related types (en) Itzuli, BS 546 (en) Itzuli eta IEC 60906-1 (en) Itzuli
Internet domeinua.za
gov.za

Hegoafrika[1][2][3] (ingelesez: South Africa), izen ofiziala Hegoafrikako Errepublika (ingelesez: Republic of South Africa), Afrikako hego muturreko estatu burujabea da, Atlantikoaren eta Indiako ozeanoaren artean kokaturik dagoena. Namibia, Botswana, Zimbabwe, Mozambike eta Eswatini ditu mugakide, eta Lesotho guztiz inguratzen du. 1.221.037 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 60,1 milioi biztanle zituen 2021ean.[4] Hiru hiriburu ditu: Lurmutur Hiria (Parlamentuaren egoitza), Pretoria (administratiboa) eta Bloemfontein (judiziala). Hiri handiena Johannesburg da.

Izenak dioen bezala, herrialdea Afrika kontinentearen hego muturrean dago, hegoaldeko latitudeko 22° eta 35° artean, eta ekialdeko longitudeko 16° eta 33° artean. Ipar-mendebaldean Namibiarekin du muga, iparraldean Botswana eta Zimbabwerekin, ipar-ekialdean Mozambike eta Eswatinirekin, hego-ekialdean eta ekialdean Indiako ozeanoarekin, eta hego-ekialdean Ozeano Atlantikoarekin; bestalde, alde guztietatik inguratzen du Lesotho estatu independentea.

Hegoafrikako lurraldea funtsean ordoki zabal batek osatua da, erdialdean Kalahariko sakongunea duena, eta ertzak goratuak. Erdialdean eta ekialdean, sedimentazio materialek antzinako zorua estaltzen dute, ertzetan izan ezik. Oso haran sakonek arrailtzen dute ordokia, eta horien gainean jatorri bolkanikoko gune gogorrak edo muinoak daude (600-1800 metro garai); gainera, giza jarduerak eraginda eta erosio bizkorrak areagoturiko arrakala sakonak ere daude, donga izenekoak.

Ertzetako erliebea era askotakoa da: mendebaldea garaiera txikienekoa da (1.000-1.200 metro); hegoaldeko ertza zabala da eta bertako mendialdeak garaiak (1.600-2.600 metro); ekialdean daude mendirik handienak (Drakensberg mendiak, 3.000 metrotik gorakoak). Ertz horren eta kostaldearen artean ordoki estuak dira, Lurmutur Mendebaldea eskualdean izan ezik; han Karoo Txikia ordokiak bi mendilerro multzo bereizten ditu: Swartberg (2.325 metro) iparraldean, eta Langeberg-Outeniqua hegoaldean.

Hegoaldeko muturrean Esperantza Oneko lurmuturra dago, Indiako ozeanoa eta Atlantikoa banatzen dituena.

Hegoafrikako sare hidrografikoa ez da oso handia, klima oso lehorra baita. Orange da ibai nagusia (1.860 kilometro luze), Drakensbergetik Atlantikora doana. Vaal (Orangeren adarra) eta Mozambiken itsasoratzen den Limpopo (1.600 kilometro) dira beste ibai garrantzitsuak.

Hiru klima mota bereizten dira: mediterraneoa Cape aldean (500 mm euri urteko), hosto iraunkorreko txara ugari duena; tropikal bero eta hezea ekialdean (1.000-1.500 mm), zuhaitzak eta landa-leku oparoak dituen sabana moldatu duena, eta tropikal agorra (400-60 mm) herrialdeko erdialdetik iparraldera eta mendebaldera, larre elkor eta xerofiloak besterik hartzen uzten ez duena (ibaien ertzetan izan ezik, han baso tropikalak baitira).

Sakontzeko, irakurri: «Hegoafrikako historia»

Koloniaurreko garaia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orain dela milaka urte, khoisan herriak bizi ziren hegoaldeko Afrikan. Gure aroaren hasieran, bantu herriak kontinentearen hegorantz eta mendebalderantz hedatuz joan ziren, eta khoisanak Kalahari basamortuko lurralde pobreenetara zokoratu zituzten.

Portugaldarrak, Indiarako bidean, 1487an iritsi ziren Esperantza Oneko lurmuturrera, baina 1652 arte ez ziren europarrak lurralde haietan bizitzen jarri; izan ere, urte horretan, Ekialdeko Indietako Herbeheretar Konpainiak bere ontzidia hornitzeko kokagune bat ezarri zuen lurmuturretik gertu. Herbeheretar nekazariak arribatu ziren handik gutxira, eta frantses higanotak eta alemaniar kolonoak haien ondotik.

Europarrak ekialderantz hedatuz joan ziren (1770. urtean bantuekin egin zuten topo); laster ugaldu ziren, eta beren hizkuntza garatu zuten: afrikaansa. Herbehereak Frantziaren mende geratu zirenean, britainiarrak eraso egin zioten koloniari eta beren inperioaren mende geratu zen lurraldea 1814an. Britainiarrek ingelesak erakarri zituzten, eta afrikanerrak (boerrak) beretzen saiatu ziren.

Esklabotasuna debekatu zutenean, milaka boerrek, beren familia eta esklaboekin, ipar-ekialdeko lurretara jo zuten; Transvaalen, Orangen eta Natalen bizi izan ziren, britainiarren eraginpetik kanpo, eta errepublikak sortu zituzten. Lurralde horietan diamanteak (1868) eta urrea (1886) aurkitu zirenean, britainiarrak Boer errepublikak beretzen saiatu ziren. Boerren eta britainiarren arteko gerrak hiru urte iraun zuen, 1899tik 1902ra, eta Hegoafrika britainiarren mende geratu zen.

1906an, Transvaalek burujabetza lortu zuen eta urte bat geroago Orangek. 1909an britainiar parlamentuak Hegoafrikako estatua onartu zuen; gobernari bat zegoen, ingeles erregearen ordezkari, baina barne arazoetan Hegoafrika eskudun zen. 1910eko maiatzaren 31n, Hegoafrikar Batasuna eratu zen. Lehen Mundu Gerra hasi zenean, Hegoafrikako gudarosteak hego-ekialdeko Afrikan (egun Namibia) sartu ziren eta hango alemaniar kolonia mendean hartu zuten; 1922an, Nazio Elkarteak lurralde harekiko eskubide osoa aitortu zion Hegoafrikari.

"Pertsona zuriek erabiltzeko" – apartheid garaiko jakinarazpena ingelesez eta afrikaansez.

Zurien nagusitasuna ziurtatzeko egindako ahalegina izan zen XX. mendeko Hegoafrikako politikaren ezaugarri nagusia. 1948ko hauteskundeetan aginpidea iritsi zuen alderdiaren programa apartheid edo arraza bereizkerian oinarritzen zen; ordura arte zenari, izenik ez bazuen ere, legearen babesa eman zitzaion. Apartheid politikaren arraza hierarkian, zuriak eta beltzak bi muturretan zeuden eta mestizoak eta asiarrak erdian.

Gobernuaren kontrako jarrerak gogor zigortzen zituen poliziak. 1960an, Sharpevillen, polizia talde batek manifestarien kontra tiro egin zuen eta 69 lagun hil zituen (Sharpevilleko sarraskia). Herritarren eskubideak asko murriztu ziren; gobernua pertsona susmagarriak atxilo hartzeko eskudun zen, inolako epaiketarik egin gabe. Bien bitartean, 1968an, Nazio Batuek aginduta, Hegoafrikak galdu egin zuen hego-ekialdeko Afrikan zuen aginpidea, eta Namibia izena eman zitzaion lurraldeari (1990ean erdietsi zuen independentzia); hala ere, Hegoafrikako gudarosteek bertan jarraitu zuten. Hegoafrikako jarreraren eta apartheid politikaren kontrako salaketak gero eta gehiago ziren mundu osoan; 1974ko azaroaren 13an, Nazio Batuek erakundetik kanpora utzi zuen herrialdea.

Hegoafrikako politikan ez zen aldaketa handirik gertatu 1978an Pieter Bothak aginpidea iritsi zuen arte. 1978 aurreko urteetako egoera larria zen, apartheid legea gero eta estuagoa baitzen: beltzak bantustanetara eraman zituzten indarrean, Steve Biko buruzagia espetxean hil zen... Pieter Botha aginpidean zegoela, beltzen sindikatuak onartu ziren eta debeku batzuk kendu. Halaber, hegoaldeko Afrikako gainerako herriekiko harremanak hobetzen saiatu zen Botha; haren helburua, ordea, auzo herriek beltz gehienen ordezkari zen Afrikako Kongresu Nazionalari (ANC) ematen zioten laguntza kentzea zen. 1985etik aurrera areagotu ziren istiluak. 1988an, gobernuak oposizioko 17 talde debekatu zituen eta hainbat erlijio buruzagi atxilotu zituen, besteak beste Desmond Tutu, Lurmutur Hiriko artzapezpikua eta Bakearen Nobel sariduna.

Apartheidaren amaiera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Frederik de Klerk eta Nelson Mandela 1992ko urtarrilean.

1989an, Frederik de Klerk Alderdi Nazionalaren buruak iritsi zuen aginpidea. De Klerkek apartheida desagerrarazteko eta ANC Afrikako Kongresu Nazionalarekin harremanak izatearen aldeko politikari ekin zion: 1990eko otsailean, ANC-a, Kongresu panafrikarra eta alderdi komunista legeztatu zituen, eta ANC-ren buruzagia, Nelson Mandela, askatu, eta urrian leku publikoetan arraza bereizkeria debekatu zuen. 1992ko martxoan, hautesle zuriek, erreferendum bidez, De Klerk presidentearen erreforma politikoa onartu zuten, alde handiaz gainera (% 68,7 baiezko). 1992ko ekainaren 17an, ordea, Inkatha zuluen alderdiko kideek, segurtasun indarren laguntzarekin, 46 pertsona hil zituzten Boipatongen.

Boipatongeko sarraskiaren ondoren hamaika hilabetez egon ziren etenda negoziazioak. 1993ko apirilean berriz hasi ziren eta, indarkeriak gora egin bazuen ere, berehala egin zutenaurrera, Askatasunaren Aliantzaren kontrakotasuna gorabehera. 1994ko apirilaren 27a finkatu zen lehen hauteskunde demokratikoak eta arrazanitzak egiteko. Behin-behineko konstituzioa onartu zen, 1994tik aurrera aplikatzekoa. Bantustanak berriz ere hegoafrikar lurraldean txertatu ziren, bederatzi probintziatan berregituratuta. 1993an, Frederik de Klerk eta Nelson Mandelari Bakearen Nobel sari bikoitza eman zieten. Bitartean, Estatu Batuek aurrena, Japoniak eta Europako Ekonomia Erkidegoak gero, ekonomia zigorrak altxatzea erabaki zuten.

Aurreneko hauteskunde arrazanitz demokratikoak, istilurik ia batere gabe egin ziren 1994ko apirilean, aurrez ikusi bezala, oso parte hartze handiarekin. ANC garaile izan zen zazpi probintziatan, eta bozen % 62,5 eskuratu zituen; Nazio Alderdiak, mestizoen botoa baliatuz, % 20,39 jaso zuen, eta Inkathak % 10,54. Nelson Mandela izendatu zuten estatuburu, bi presidenteorderen laguntzarekin: Thabo Mbeki, ANCkoa, eta Frederik de Klerk. 1995ean, abian jarri zuen Egia eta adiskidetzea batzordea, apartheidaren garaian gertatu ziren giza eskubideen bortxaren biktimen lekukotasunak jasotzeko. 1996an, konstituzio berria onetsi zen.

Gobernua eta administrazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Parlamentuaren egoitza, Lurmutur Hiria.

Indarrean dagoen 1996ko konstituzioaren arabera, Hegoafrika errepublika parlamentarioa da. Errepublikako presidentea estatuburu eta gobernuburu da. Parlamentuak bi ganbera ditu: Probintzietako Kontseilu Nazionala (90 ordezkari) eta Nazio Biltzarra (400 kide). Nazio Biltzarrak izendatzen du presidentea, 5 urteko agintaldirako.[5]

Banaketa administratiboa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Hegoafrikako probintziak»

Apartheidaren garaian, Hegoafrikako beltz gehienak bantustan izeneko hamar barrutitan bizi ziren, asko eta asko hirietara joan ohi zen arren lanera. 1970eko hamarkadaren bukaera aldetik aurrera, bantustan haietako lau independente egin ziren, eta errepublika bihurtu (Transkei, Ciskei, Venda eta Bofuthatswana), eta seik barne autonomia lortu zuten (haien artean Kwazulu). Banaketa hori, ordea, ez zen onartu ez Nazio Batuetan, ez nazioartean oro har. Izan ere, finantzetan Hegoafrikaren guztiz mendeko ziren, eta langileen hornitzaile: horrez gainera, gobernuak bantustan independenteetakoei hegoafrikar naziotasuna kendu ohi zien eta, hala, beltzak –lana Hegoafrikan eginik–, atzerritarrak ziren beren aberrian. 1994ko hauteskundeen ondoren, Hegoafrikak beretu egin zituen bantustanak eta, egoera berria azpimarratu nahian, lurraldea bederatzi probintziatan banatu zen:

Mapa Probintzia Hiriburua Eremua[6] (km2) Biztanleria (2016)[7]
Lurmutur Ekialdea Bhisho 168.966 6.996.976
Estatu Askea Bloemfontein 129.825 2.834.714
Gauteng Johannesburg 18.178 13.399.724
KwaZulu-Natal Pietermaritzburg 94.361 11.065.240
Limpopo Polokwane 125.754 5.799.090
Mpumalanga Mbombela 76.495 4.335.964
Ipar-mendebaldea Klerksdorp 104.882 3.748.435
Lurmutur Iparraldea Kimberley 372.889 1.193.780
Lurmutur Mendebaldea Lurmutur Hiria 129.462 6.279.730
Hegoafrikako biztanleriaren dentsitatea 2011n (biztanleak/km2)
     <1      1–3      3–10      10–30      30–100      100–300      300–1000      1000–3000      >3000

Hegoafrikak 60,1 milioi biztanle zituen 2021ean.[4] Adinari dagokionez, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak, % 27,9; 15-24 urte bitartekoak, % 16,8; 25-54 urte bitartekoak, % 42,4; 55-64 urte bitartekoak, % 6,8; eta 65 urtetik gorakoak, % 6,1.[5] Bizi itxaropena 65 urtekoa da: 63,7 urtekoa gizonezkoena eta 66,4 urtekoa emakumezkoena (2020ko zenbatespenak).[5] 2009an, 71 urtekoa zen hegoafrikar zurien bizi itxaropena, eta 48 urtekoa beltzena.[8]

Banaketa etnikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gobernuaren estatistika ofizialetan lau multzo etniko bereizten dira:

  • Beltzak (% 80,9 2018an).[5] Etnia askotakoak dira: nguniak (xhosa, zulu, swazi eta ndebele herriek osatua) dira ugarienak, eta Indiako ozeanoko kostaldean bizi dira; basotho herria, erdiko goi-ordokikoa; eta venda eta tsonga herriak, ipar-mendebaldean. Etnia horiek, duela 1800 urte inguru erdialdeko Afrikako Aintzira Handien inguruetatik iritsitako bantu leinukoak dira.
  • Mestizoak (% 8,8).[5] Etnia bat baino, gobernuak legez ezarri duen talde bat da; XVII. mendean Malaysiatik ekarritako esklaboen ondorengoak dira, eta hego muturreko lehen biztanleekin (gaur egun ia desagerturik dauden khoisan leinuko khoikhoi eta boskimanoekin) nahastu dira.
  • Zuriak (% 7,8).[5] Lurraldea kolonizatu zuten herbeheretarren ondoren, Frantziako higanotak iritsi ziren, eta XIX. mendean britainiarrak eta alemaniarrak; XX. mendean, berriz, portugesak eta italiarrak. Bi taldetan banatzen dira: afrikaans hizkuntzaz mintzatzen diren kolonizatzaileen ondorengoak batetik, eta haien ondoren etorri ziren eta ingelesez mintzatzen diren britainiarren ondorengoak bestetik.
  • Asiarrak (% 2,5).[5] Indiar etorkinen ondorengoak gehienak, afrikaansez mintzatzen dira eta hegoaldean bizi.
Hegoafrikako hizkuntza nagusiak udalerrien arabera.
      afrikaansa       tswanera       sothoera       xhosera       iparraldeko sothoera
      hegoaldeko ndebelera       zuluera       vendera       tsongera       swaziera

Hamaika hizkuntza ofizial daude: afrikaansa, ingelesa, hegoaldeko ndebelera, iparraldeko sothoera, hegoaldeko sothoera, swaziera, tsongera, tswanera, vendera, xhosera eta zuluera. Kopuruaren aldetik, Indian bakarrik daude gehiago.

1996ko Errolda Nazionalaren arabera, ama-hizkuntza mintzatuenak zulua (9,2 milioi hiztun), xhosa (7,2 milioi) eta afrikaansa (5,8 milioi) dira eta, bigarren hizkuntza gisa, ingelesa (2,2 milioi hiztun), afrikaansa (1,1 miloi) eta zulua (0,5 milioi).

Horrez gainera, beste zortzi hizkuntza onartzen dira, ofizialak ez badira ere: fanagaloa, khoea, lobedua, nama, ndebelea, phuthia, sana eta Hegoafrikako keinu hizkuntza. Zenbait lurraldetan egoera babestuagoa daukate, baina hiztun kopuru txikia dela eta, ez dute nazio osoko onarpenik. San eta khoikhoi herrien hizkuntzak Namibia eta Botswana aldera hedatzen dira. Nolanahi ere, ehiztari-biltzaile herri horien kultura eta hizkuntza, Afrikako beste herrien aldean hain desberdina, baztertuta egon dira oso, eta galtzeko zorian daude. Hegoafrikar zuri askok beste hizkuntza europarrez hitz egiten dute: portugesez (Angolan eta Mozambiken ere mintzatua), alemanez eta grekoz, besteak beste. Horiekin batera, asiar eta indiar askok Hego Asiako hizkuntzez hitz egiten dute: teluguz, hindiz, gujarateraz eta tamileraz.

Biztanleen % 86 kristauak dira (protestanteak gehienak), % 5,4 Afrikako erlijio tradizionalen jarraitzaileak, % 1,9 musulmanak eta % 5,2 erlijiorik gabeak (2015eko zenbatespena).[5]

Hiri nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Two Rivers platino meatzea, Steelpoort, Limpopo.

Hegoafrika Afrikako bigarren potentzia ekonomikoa da, Nigeriaren ondoren; azpiegitura egokiak ditu, portu modernoak eta meatzaritza indartsua. Munduko herrialde aberatsenen zerrendan 33. postuan dago,[5] eta 2019ko barne produktu gordina 313.905 milioi eurokoa zen.[11] Alabaina, arazo sozioekonomikoak handiak dira, batez ere zurien eta beltzen arteko bizitza maila desberdinen ondoriozkoak. Izan ere, Munduko Bankuaren arabera, desorekarik handienak dituzten herrialdeen artean dago. Langabezia tasa % 28,6ra iritsi zen 2010eko hamarkadaren amaieran; gazte beltzen artean, % 50era.[12]

Nekazaritzak (barne produktu gordinaren  %2,8 2017an) langileen  %4,6 hartzen du.[5] Euri gutxi egiten duen arren, askotariko laboreak lantzen dira. Aipagarriak dira, besteak beste, azukre-kanabera, arto, mahats, laranja, udare, patata, gari eta soja ekoizpenak. Arrantza mendebaldeko kostako eta Namibiako ur hotzetan egiten da bereziki, eta esportatu egiten dute gehiena.

Mineral baliabideak ugariak dira: uranioa, urrea, burdina, manganeso, kromoa, platinoa, paladioa, antimonioa, banadioa eta diamanteak, besteak beste. 2019an, munduko platino,[13] kromo[14] eta manganeso[15] ekoizle handiena izan zen. Meatzaritzako lehengaiek esportazioen  %50 baino gehiago hartzen dute. Industria askotarikoa garatu da mea eskualde garrantzitsuenetan: Gauteng (Pretoria-Johannesburg), KwaZulu-Natal (Durban), eta hegoaldeko metropolietan (Lurmutur Hiria eta Port Elizabeth). Siderurgia, makinak eta garraio hornidurak, janaria, oihal eta kimikaren industriak dira nagusiak herrialdean.

Nadine Gordimer.

Sol Plaatje izan zen eleberri bat argitaratu zuen lehen afrikar beltzetako bat: Mhudi (1930). Beltzen arazoak eta arraza bereizkeria idazle askoren obretan islatzen da: Mothobi Mutloatse, Miriam Tlali, Adam Small, Alex La Guma... Hegoafrikako literatura munduan ezagutzera eman dutenen artean aipatzekoak dira Olive Schreiner, Es'kia Mphahlele, Nadine Gordimer ( Literatura Nobel saria 1991n), Alan Paton, André Brink, Etienne Leroux eta John Maxwell Coetzeek (Literatura Nobel saria 2003an).

Aniztasun gaitza dago Hegoafrikako musikan. 1980ko hamarkadan, musikari beltzek kwaito izeneko estiloa sortu zuten, kontuan hartzeko zabalpena izan zuena. Brenda Fassieri "afrikar poparen erregina" izengoitia eman zitzaion. Ladysmith Black Mambazo abesbatza mundu osoan egin zen ezaguna Paul Simonen bitartez. Arrakasta handiko jazz musikariak dira Hugh Masekela, Jonas Gwangwa, Abdullah Ibrahim, Miriam Makeba, Jonathan Butler, Chris McGregor eta Sathima Bea Benjamin. Johnny Clegg, Die Antwoord bikotea eta Seether taldea, nor bere estiloan, ezagunak dira munduan zehar.

Springbokak 2007ko Munduko Errugbi Kopa irabazi ondoren.

Hamabosteko errugbia, futbola eta kriketa dira kirol nagusiak. Maila handiko errugbilariak izan ziren Francois Pienaar, Joost van der Westhuizen, Danie Craven, Fourie du Preez, Naas Botha eta Bryan Habana. Hegoafrikak antolatu eta irabazi zuen 1995eko Munduko Errugbi Txapelketa; 2007koa[16] eta 2019koa[17] ere irabazi zituen. 2003ko Munduko Kriket Kopa eta 2010eko Munduko Futbol Txapelketa ere bertan jokatu ziren. Bakarkako kiroletan Penelope Heyns eta Tatjana Schoenmaker igerilariek, Oscar Pistorius, Josia Thugwane, Wayde van Niekerk eta Caster Semenya atletek, Ernie Els eta Gary Player golflariek eta Bianca Buitendag surflariak garaipenak lortu dituzte nazioarteko lehiaketetan.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 38. araua. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2010-06-01).
  2. Terminologia Bankua. Euskalterm (Noiz kontsultatua: 2010-06-01).
  3. Hegoafrika sarrera. Elhuyar Hiztegia (Noiz kontsultatua: 2010-06-01).
  4. a b South Africa. citypopulation.de (Noiz kontsultatua: 2021-12-29).
  5. a b c d e f g h i j South Africa. The World Factbook (Noiz kontsultatua: 2022-1-17).
  6. Stats in Brief, 2010. statssa.gov.za (Noiz kontsultatua: 2022-1-17).
  7. Stats in Brief, 2016. cs2016.statssa.gov.za (Noiz kontsultatua: 2022-1-17).
  8. Peoples Budget Coalition Comments on the 2011/12 Budget. NGO Pulse, web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2022-1-18).
  9. Community Survey 2016: Provinces at a Glance. Statistics South Africa, cs2016.statssa.gov.za (Noiz kontsultatua: 2022-1-19).
  10. United Nations, Department of Economic and Social Affairs, Population Division. World Urbanization Prospects: The 2018 Revision, Online Edition. (Noiz kontsultatua: 2022-1-19).
  11. Sudáfrica: datos macro. datosmacro.expansion.com (Noiz kontsultatua: 2022-1-21).
  12. Berasain Tristan, Kristina. Mandelaren ametsa amesten. Berria, 2019ko maiatzak 8, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-1-21).
  13. USGS Platinum Production Statistics. pubs.usgs.go (Noiz kontsultatua: 2022-1-22).
  14. USGS Chromium Production Statistics. pubs.usgs.go (Noiz kontsultatua: 2022-1-22).
  15. USGS Manganese Production Statistics. pubs.usgs.go (Noiz kontsultatua: 2022-1-22).
  16. Hegoafrika txapeldun. Berria, 2007ko urriak 21, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-1-24).
  17. Hegoafrika hirugarrenez munduko txapeldun, Ingalaterrari irabazita (32-12). Berria, 2019ko azaroak 3, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-1-24).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]