Zaharkitze programatu
Zaharkitze programatua[1] produktu baten bizitza erabilgarriari aldez aurretik bukaera zehatza ezartzea da. Ekoizleak berak produktua diseinatzean kalkulatzen eta aurreikusten du zer bizitza erabilgarri izango duen produktuak, erabiltzaileak behar baino lehen baztertu behar izan dezan, ekoizleak produktu horretarako ordezko piezarik eskaintzen ez duelako, edo produktua konpontzeko zerbitzu teknikoa bertan behera utzi duelako, besteak beste. Politika honen helburua kontsumoa areagotzea da. Izan ere, zaharkitze programatuak produktu berriak behar baino lehen erostera behartzen du kontsumitzailea.
Terminoaren sorrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Terminoa Bernard Londonek sortu zuen, 1932 urtean, eta lehen aldiz Ending the Depression Through Planned Obsolescence (Depresioari bukaera eman Zaharkitze Programatuaren bidez) panfletoan erabili zuen. Hala ere, Brooks Stevens (estatubatuar industria-diseinatzaile bat) izan zen terminoaren erabilera sustatu zuena, 1954. urtean, Minneapolisen eman zuen hitzaldi baten ondoren. Stevensek definizio hau eman zion: «Erosleak zerbait berrixeagoa, hobexeagoa eta behar baino lehenxeago erosteko duen desioa».
Lehen erabilpenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zaharkitze programatua jasan zuen lehen produktua bonbilla izan zen. 1924 urtean, munduko bonbilla-ekoizle nagusiak elkartu ziren Ginebran, eta mundu osoko bonbillen bizitza erabilgarria mugatu zuten, produktu honen kontsumoa areagotzeko. Sortutako planari Phoebus deitu zioten. Plan horrek 1000 ordura mugatu zuen bonbillen bizitza; ordura arte, 2500 orduko bizitza izan zezaketen bonbillek. Diseinatzaileak beren produktuen diseinua aldatzera behartu zituzten, bonbilla berriek 1000 orduko iraupena baino luzeagorik ez izateko.
Zaharkitze motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Funtzio-zaharkitzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Produktu bat diseinatzerakoan, honen gutxi gorabeherako erabilpen-iraupena zehazten da. Produktu horren zati bakoitza iraupen konkretu horri egokitzeko sortzen da, eta, bide batez, produkzio-kostuak ahalik eta gehien txikitzen dira.
Funtzio-zaharkitzea kasu hauetan gelditzen da agerian, besteak beste: produktu bat konpontzea berria erostea baino garestiagoa denean, edota konponketa-zerbitzurik zein ordeko piezarik ez dagoenean.
Hainbat bide erabiltzen dituzte ekoizleek zaharkitze mota hau merkaturatzeko:
- Aurreko teknologia ordezten duen teknologia berria sortzea da horietako bat. Funtzio bera betetzen duen produktu berri bat sortzen dute, baina zaharrak ez du berriaren funtzionalitate bera. Produktu berriak formatu berria ekarri ohi du, eta hori ez da zaharrarekin bateragarria izaten.
- Beste bide bat aurreko teknologiaren bertsio berriak sortzea da, horiek aurrekoekin bateraezinak direla. Modu horretan, kontsumitzailea bertsio berriak erostera behartuta dago, bertsio berria nagusitzen den heinean, zaharra erabiltzea ezinezkoa edo oso zaila delako.
- Abisu bidezko zaharkitzea ere oso ohikoa da. Zenbait ekoizlek produktuaren erabilpen-bizitza noiz bukatzen den jakinarazten dute. Horrela, erabiltzaileak produktu berria edo produktu horretarako pieza berriak erosi beharko ditu. Batzuetan, abisua jasotzearekin batera uzten dio funtzionatzeari produktuak.
Desio zaharkitzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zaharkitze mota honi zaharkitze psikologikoa ere esaten zaio, eta produktu baten diseinu-aldaketetan oinarritzen da[2]. Fabrikatzaileek produktuen diseinu berriak zabaltzen dituzte publizitatearen bidez, eta aurreko produktuak zaharkituta gelditu diren ustea zabaltzen dute erosleen artean, diseinu berriko produktuen beharra senti dezaten.
Zaharkitze programatuaren ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kontsumismoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zaharkitze programatuaren ondorio nagusia da kontsumismoa. Kontsumitzaileak produktu berriak erosi beharko ditu, dituenak ezin dituelako erabili. Horrela, ondasunen kontsumoa eta pilaketa bultzatzen da.
Kutsadura eta hondakinak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Produktu berriak ekoizteak kutsadura sortzen du. Horretaz gain, zaharkituta gelditu diren produktuen hondakinak askotan ez dira birziklatzen, eta hauek herrialde pobreetako zabortegietan pilatzen dira.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ “Zaharkitze programatu” ageri da Euskalterm-en, baina “Zaharkitzapen programatu” Elhuyarren.
- ↑ Kontsumobide. (2017ko irailak 14, 2017). Zaharkitze programatua: zergatik bonbilla batek 1901. urtetik irauten du eta mugikor batek, bi urte. Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saila..
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ¡Corta vida al producto! Publico egunkarian zaharkitzapen programatuari buruz idatzitako artikulua (gaztelaniaz)
- Comprar, Tirar, Comprar Zaharkitzapen programatuari buruz RTVE-k egindako dokumentala (gaztelaniaz)
- London, B. (1932) Ending the depression through planned obsolescence Testu osoa (ingelesez)