Apuleio
Apuleio | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | M'Daourouch (en) , 125 |
Herrialdea | Antzinako Erroma |
Heriotza | Kartago, 170 (44/45 urte) |
Familia | |
Ezkontidea(k) | ezezaguna |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | latina |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, filosofoa, eleberrigilea, poeta, erretorikoa eta medikua |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Apuleio Madaurakoa[oh 1] (latinez: Apuleius Madaurensis; Madaura, 124 aldean - 170 ondoren)[1] latinezko prosa idazlea izan zen. Metamorfosis edo Asinus aureus (euskaraz, Urrezko astoa) izenburuko eleberriaren egilea izateagatik da batez ere ezaguna,[1] zeina antzinako literaturatik osorik gorde den eleberri bakarra den[oh 2]. Filosofo platoniko eta erretoriko gisa ere izan zen ezaguna. Zientzia dibulgazio lanak ere idatzi zituen[2].
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Getulia eta Numidia artean kokaturiko Madaura hirian jaio zen. Hiriko buru baten semea zen eta Kartagon gramatika, erretorika eta filosofia ikasi zituen[3]. Atenas hirian filosofia ikasketak sakondu zituen, bere pentsaera platonismora zuzenduz.[4] Ondoren, Erroman ere bizi izan zen. Egipto eta Asia Txikia ere bisitatu zituen bertako filosofiak eta erlijioak ikasiz. Azkenik, Afrikara itzuli zen 30 bat urte zituela. Hasiera batean, Alexandriara joateko asmoa zuen, baina bidean egungo Tripoli hiritik gertu dagoen Oea hirian gaixotu eta bertan Sicinius Pontianus izeneko lagunarekin topo egin zuen. Honek Aemilia Pudentilla bere ama alargunarekin ezkontzeko proposamena egin zion, familiako ondasunak aitaren senideek beretzat hartu nahi baitzituzten. Apuleio Pudentillarekin ezkondu zen 155-156 urteetan. Pontianus hiltzean Pudentillaren sendia Apuleioren aurka jarri eta salaketa jarri zioten, emaztea bereganatu eta bere aberastasunak eskuratzearren sorginkeriak baliatu zituela argudiatuz. Salaketa honen aurka Apologia edo Pro se de magia liber (Apologia edo Magiari buruz) bere buruaren aldeko defentsa-lana idatzi zuen[1][4][3]. Epaiketa Sabratha hirian ospatu zen 156-158 urteetan eta Claudius Maximus prokonsula izan zen epaile. Epaiketaren ostean Kartagon jarraitu zuen bere karrera.
Apuleio erretoriko ospetsu bihurtu zen eta bere omenez estatuak altxatu ziren Kartagon eta Oean, besteak beste. Apuleiok berak jasotako bere hitzaldien zati aukeratuak Florida (Lore-sorta) izeneko lanean aurkitzen dira. Bertan denetariko gaiak aztertzen dira, hala nola historia, mitologia, geografia, etnografia, historia naturala etab. 160. urtetik aurrera ez da berari buruzko berririk gorde. 170 urtearen inguruan hil zen[5][6].
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oso idazle oparoa izan zen, baina tratatu tekniko asko (botanikaz, medikuntzaz, astronomiaz, paremiologiaz eta abarrez zihardutenak) galdu dira. Zenbait obra filosofiko, ideia platoniko eta peripatetikoekin ere badauzka idazlanak: De deo Socratis (Sokratesen jainkoari buruz) liburuan Sokrates gidatzen zuen jenioaz idazten du; De Platone et eius dogmate-n (Platon eta bere doktrina) Platonen dotrinak azaltzen ditu; eta De mundo-n (Munduaz) Aristoteles itzultzen du.
Idatzi erretorikoetatik Florida besterik ez daukagu eta Apologia sorginkeria salaketari aurka egiteko bere hitzaldia (salaketa horrek alargun aberats batekin sorginkeria baliatuz ezkondu zela zioen)[3].
Urrezko astoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Idatzien artean Asinus aureus edo Urrezko astoa, Metamorphosis (Metamorfosiak) izenburuz ere ezagutzen dena, gailentzen da. Luziano Samosatakoak idatzitako Luzio edo astoa lan honen aurrekaria izan daiteke. Bertan antzeko egoerak kontatzen dira, nahiz eta Apuleiorena zabalago eta osatuagoa den. Ez dago argi, hala ere, Luzianoren lanaren data zein den, grekeraz eginiko birmoldaketa bat izan daitekeelako.
Eleberriak Luzio izena duen eta Tesalian barrena bidaiatzen duen saltzaile baten abenturak kontatzen ditu. Bat batean, asto bilakatuko da, bere arima gordez betiere. Asto izanik jabe desberdinak izango ditu: lapurrak, saltzaileak, gudariak, jopuak, eta abar. Hitz egiteko gaitasuna izan ez arren, Luziok entzun eta ikusten dituen gauza guztiak nobelan sartzen diren ipuinen bitartez kontatzen dira[3]. Hauetako bat Kupido eta Psikeren ipuina da, adibidez, Antzinate Klasikoko kontakizunen eredu. Obran zehar komikotasuna da nagusi baina hausnarketa filosofiko eta erlijiosoak ere badira.[4]
Asinus aureus fikzioa den arren, idazlearen datu autobiografikoak ditu, eta heroia bere egilearen erretratu partzial gisa ikusi da.[1][7]
Erdi Aroan Urrezko astoa oso irakurria izan zen; Boccaccio eta Cervantesengan, esaterako, eragina izan zuen.
Euskaratuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Urrezko astoa (Asinus aureus). Ibaizabal,1996. Itzultzaileak: Anjel Lertxundi, Juan Kruz Igerabide.
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Apuleio bere nomen zen. Bere praenomen ezezaguna da. Pizkundean Lucius ezarri zitzaion praenomen gisa Asinus Aureus bere eleberriko pertsonaia berarekin identifikatzen baitzen, eta hori dela eta, Lucius Apuleius izenez ere ezagutzen da. Antzinako eskuizkribuetan Apuleius philosophus Platonicus izena ere ematen zaio.
- ↑ Zaharragoa den Petronioren Satyricon eleberritik zati batzuk bakarrik geratzen dira.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d (Ingelesez) «Lucius Apuleius | Roman philosopher and scholar» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2018-10-23).
- ↑ (Ingelesez) Julia Haig Gaisser:Apuleius: A Celebity and His Image.
- ↑ a b c d Lur entziklopedia tematikoa. Literatura Unibertsala. Lur, 143 or. ISBN 84-7099-426-3..
- ↑ a b c «Luzio Apuleio - Urrezko astoa» www.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-23).
- ↑ (Ingelesez) Jack Lindsay, Apuleio: The golden ass, 5-29 orrialdeak.
- ↑ (Ingelesez) Lucius Apuleius, www.encyclopedia.com webgunean.
- ↑ Bilbao Telletxea, Gidor. (). Latin-literaturarako sarbidea: idazleak eta idazlanak. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 8484380351. (Noiz kontsultatua: 2018-10-25).