Olga Tokarczuk
Olga Nawoja Tokarczuk[1] (Sulechow, 1962ko urtarrilaren 29a) poloniar idazle, aktibista eta intelektuala da, polonieraz idazten duena. Bere belaunaldiko autore arrakastatsu eta errespetatuenetako bat da. 2018. urteko Literatura Nobel saria jaso zuen 2019an.[2].
Podróż ludzi Księgi (Liburu-gizonen bidaia, 1993), Prawiek i inne czasy (Behinola izeneko lekua, 1996), Dom dzienny, dom nocny (Eguneko etxea, gaueko etxea, 1997) eta Szafa (Armairua, 1998) ipuin liburua idatzi ditu. Psikologoa prestakuntzaz, Carl Gustav Jung, Anton Txekhov edo Edgar Allan Poe daude haren eraginen artean. Bi aldiz irabazi du Poloniako Literaturaren Nike saria (2008an eta 2015ean), eta 2015ean Brückepreis saria, bakea, demokrazia eta kulturen arteko ulermena sustatzeagatik. 2018an, lehen poloniarra izan zen Nazioarteko Man Booker Saria irabazi zuena, Bieguni (Alderraiak) eleberriagatik.
Biografia
aldatuTokarczuk Sulechow herrian jaio zen, Polonian. Literaturan aritu aurretik, 1980an, Psikologia ikasten hasi zen Varsoviako Unibertsitatean. Bitartean, boluntario gisa aritzen zen portaera arazoak zituzten nerabeekin. 1985ean, jada graduatuta, Breslaviara (Wroclaw) joan zen bizitzera, eta, ondoren, Wałbrzych, non terapeuta lanetan hasi zen. Carl Jungen ikasletzat du bere burua, eta haren psikologia aipatzen du literatur inspirazio gisa. 1998tik Tokarczuk herri txiki batean bizi da, Nowa Rudatik gertu, eta bertatik zuzentzen du bere argitaletxea, Ruta. Eskualde honetako paisaia eta kultura bere hainbat literatur lanetan islatzen dira. Prosa-lantegiak zuzentzen ditu Krakoviako Jagellonica Unibertsitatearen Literatur Arteen ikasketetan.
Festiwal Opowiadania (kontakizun jaialdia) antolatzen laguntzen du, non Poloniako eta mundu osoko egileek euren lanak aurkezten dituzten. 2008az geroztik, sormenezko idazketa eskolak ematen ditu Opoleko Unibertsitatean. Partia Zielona alderdiko kidea da, Poloniako “berdeak”, eta haren ideologia ezkerrekoa da.
Literatura-ibilbidea
aldatuTokarczuk-ek inspirazioa aurkitzen du, besteak beste, Carl Gustav Jung, Anton Txekhov, Thomas Mann, Nikolai Gogolen irakurketan, eta Edgar Allan Poeren istorio fantastikoetan.
- 1979an egin zuen debuta, Na przełaj gazte aldizkarian, non Natasza Borodin ezizenarekin argitaratu zituen bere lehen istorioak.
- 1989an argitaratu zen Tokarczuk-en lehen liburua, poesia bilduma bat Miasta w lustrach izenekoa (Hiriak ispiluetan).
- Nobelagile moduan 1993an egin zuen debuta Podróż ludzi Księgi (Liburu-gizonen bidaia) liburuarekin, parabola bat non XVII. mendeko Frantzian bi maitale saiatzen diren “liburuen sekretua” bilatzen. Berehalako arrakasta izan zuen, kritikarena eta publikoaren artean. Liburuak Poloniako Argitaratzaileen Elkartearen saria jaso zuen.
- 1995ean bere bigarren eleberria agertu zen, E. E. Liburuak neska baten istorioa kontatzen du, bat-batean trebetasun parapsikologikoak bereganatu eta bat-batean berdin galtzen dituena.
- Hirugarrena, Prawiek eta inne czasy (Behinola izeneko lekua), 1996an argitaratu zen, eta arrakasta handia izan zuen. Nobela Prawiek herri imajinarioan girotzen da, Poloniaren bihotzean, non biztanle eszentrikoak eta arketipikoak bizi diren. Herria gainbegiratzen duten lau goiangeru daude, eta 1914tik aurrera 80 urtez bizi izan direnen bizimodua azaltzen dute. Unean uneko politika poloniarrarekin loturarik gabe, hizkuntza askotara itzuli zen. Liburu horrek egilearen nazioarteko ospea markatu zuen.
- Ondoren, eleberri generotik aldenduz joan zen, prosazko testu eta saiakera laburretara jotzeko. Hurrengo liburua, Szafa (Armairua, 1997), hiru kontakizun laburren bilduma da.
- 1998an, Dom dzienny, dom nocny (Eguneko etxea, gaueko etxea) izeneko eleberri bat argitaratu zuen. Lan honekin Tokarczuk-ek bigarren aldiz irabazi zuen Nike Literatur sari entzutetsurako izendapena.
- 2000. urtean Lalka i perla (Panpina eta perla) liburua argitaratu zuen, saio bat Bolesław Prus-en Lalka (Panpina) eleberriari buruz.
- 2001ean Gra na wielu bębenkach (Zenbait danborren kontzertua) lana, zeinak 19 narrazio labur zituen, Nike Litertur sarirako izendatu zuten. Liburu honetako bi narrazio zinerako egokitu ziren, Żurek por Ryszard Brylski 2003an eta Ariadna en Naxos 2007an.
- 2004an Ostatnie historie (Azken istorioak) argitaratu zuen. Liburuak Poloniaren eta Ukrainaren historia aurkezten du, familia bereko hiru emakumeren esperientzien bidez. Amona, ama eta alaba.
- 2006an Anna In w grobowcach świata (Anna In munduko hilobietan) liburua argitaratu zuen, sumeriar mitologian oinarritutako eleberria.
- 2007ko urriaren lehen erdian Bieguni (Alderraiak) eleberria agertu zen. Tokarczuk-ek hiru urtez lan egin zuen bertan. Egileak adierazi du ohar gehienak bidaian zeudela hartu zituela. Sarreran idazten du, "Ez da bidaia liburu bat. Ez da monumenturik edo tokirik deskribatzen. Ez da bidaiako egunkari bat, ezta erreportaje bat ere. Bidaiatzeak, mugitzeak, lekuz aldatzeak esan nahi duenaz harago begiratu nahi dut. Zerk du zentzua? Zer ematen digu? Zer esan nahi du horrek?" Berak dioen bezala, "Nobelak idaztea heldutasunean norberak bere buruari ipuinak kontatzea bezalakoa da, haurrek lo egin aurretik egiten duten bezala, ametsaren eta kontzientziaren arteko mugan dagoen hizkera erabiltzen baitute, deskribatzen eta sortzen". 2008ko urriaren 5ean Nike Literatur Saria jaso zuen. 2018ko Man Booker International Saria irabazi zuen Jennifer Croften ingelesezko itzulpenean.
- 2009an, Prowadź swój pług przez kości umarłych (Erabili goldea hilen hezurren gainetik) eleberria atera zuen. Kasu honetan, nobela beltzaren eskemak balio dio Tokarczuki munduaren eta giza ingurunearen konplexutasuna aurkezteko. Euskarazko bertsioa 2020an argitaratu zen, Amaia Apalauza Ollok eta Sonia Kolaczekek itzulita.[3] Gertaerak mendien artean ahaztutako leku batean gertatzen dira (Kotlina Kłodzka, idazlea orain bizi den tokian), non heriotza batzuk gertatzen diren. Istorioaren narratzaileak, emakume nagusi, jardueragabea, inor-ez-bat gaur egungo nobela baten protagonista izateko, indarkeriazko heriotzak kontatzen ditu, eta animalia basatien mendeku gisa aurkezten ditu, haiek hiltzen dituztenen kontra: ehiztariak. Hilketen misterioa azkenean argitzen da. Nobelan presente daude gizakiaren naturarekiko erantzukizuna eta arduragabekeria. Batzuek kritikatu egin zuten liburua, bertan protagonistak eta narratzaileak erakusten duten erradikalismo ekologistagatik, nahiz eta motiborik ez izan ahots horiek egilearen ahotsarekin identifikatzeko. Nobelan William Blake idazlearen aipu asko agertzen dira. 2017an Agnieszka Hollandek eta Katarzyna Adamikek zinemarako egokitu zuten, Pokot izenarekin.
- 2017an Zgubiona dusza (Arima galdua) arte-liburua argitaratu zuen, itxaropenari, pazientziari eta instrospekzioari buruzko istorio hunkigarria, Joanna Concejo artistaren ilustrazioekin. Euskaraz argitaratu da Izaskun Gracia Quintanak itzulita[4].
- 2019an Suediako Akademiak 2018ko Literatur Nobel saria eman zion Olga Tokarczuk idazle eta aktibista poloniarrari.[5]
Erreferentziak
aldatu- ↑ «STOWARZYSZENIE KULTURALNE "GÓRY BABEL" | Rejestr.io» rejestr.io (Noiz kontsultatua: 2019-10-10).
- ↑ Astiz, Iñigo. «Olga Tokarczuk eta Peter Handke idazleek jaso dituzte Literatura Nobel sariak» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-10-10).
- ↑ Aristondo, Amaia Igartua. «Tokarczuk eta Handke: beste bi Nobel euskararentzat» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-12-11).
- ↑ «Arima Galdua | Olga Tokarczuk eta Joanna Concejo» Thule Libros Ilustrados 2020-01-15 (Noiz kontsultatua: 2024-03-26).
- ↑ (Ingelesez) Flood, Alison. (2019-10-10). «Olga Tokarczuk and Peter Handke win Nobel prizes in literature» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2019-10-10).
Kanpo estekak
aldatu