Karl Popper
Karl Raimund Popper (Viena, Austria, 1902ko uztailaren 28a - Londres, Erresuma Batua, 1994ko irailaren 17a) austriar-britainiar filosofo, akademiko eta politologoa izan zen. Popper, XX. mendeko zientzia-filosofo garrantzitsuenetako bat, ezaguna da metodo zientifikoari buruzko ikuspuntu induktibista klasikoak arbuiatzeagatik faltsabilitatearen alde eginez. Popper-en arabera, zientzia enpirikoetako teoria bat ezin da inoiz frogatu, baina ezeztatu/faltsatu egin daiteke, eta horrek esan nahi du esperimentu erabakigarriekin azter daitekeela (eta aztertu behar dela). Popper ezagutzaren azalpen justifikazionista klasikoaren aurka agertu zen, arrazionalismo kritikoarekin ordezkatu zuena.
Diskurtso politikoan berriz, demokrazia liberalaren defentsa indartsuagatik eta kritika sozialaren printzipioengatik da ezaguna, bere ustez, loraldian zegoen gizarte ireki bat ahalbidetzen baitzuten. Bere filosofia politikoak ideologia politiko demokratiko nagusien ideiak bereganatu zituen, liberalismo klasikoa, sozialdemokrazia eta kontserbadurismoa barne, eta horiek adiskidetzen saiatu zen.
Bizitza
aldatuFamilia eta heziketa
aldatuKarl Popper Vienan (garai hartan Austria-Hungaria) jaio zen 1902an, klase ertain altuko familian. Popperren aitona-amona guztiak judu asimilatuak ziren; Bere familia luteranismora bihurtu zen bera jaio aurretik eta horregatik bataio luteranoa jaso zuen. Bere aita, Simon Siegmund Carl Popper (1856-1932), Bohemiako abokatua eta Vienako Unibertsitatean Zuzenbideko doktorea zen. Bere ama, Jenny Schiff (1864-1938), silesiar eta hungariar jatorriko pianista izan zen. Popperren osaba berriz, Josef Popper-Lynkeus filosofo austriarra zen.
Karl Raimund Popper jaiotzen ikusi zuen XX. mende hasierako Viena multikulturalean, juduen egoera konplexua zen. Alde batetik, gizartearen maila ertain eta altuetakoak ziren, eta ekonomian eta politikan posizio nabarmenak betetzen zituzten maiz, baina, beste alde batetik, antisemitismoaren adierazpenak ohikoak ziren. Popper laster nabarmendu zen nazionalismo mota ororen gaitzespen goiztiarragatik, eta horrek sionismoaren aurka jarri zuen, eta beti pentsatu zuen Israelgo Estatuaren sorrera «akats tragikoa» izan zela.
Graiko egoera alde batera utzita, bere aita bibliofilo bat omen zen, 12.000 eta 14.000 liburuki artean zituena bere liburutegi pertsonalean eta filosofiaz, klasikoez eta gai sozial eta politikoez interesatzen zen..
Popperrek 16 urterekin utzi zuen eskola, eta matematika, fisika, filosofia, psikologia eta musikaren historiari buruzko hitzaldietara bertaratu zen Vienako Unibertsitatean ikasle gonbidatu gisa. 1919an, marxismoak erakarri zuen Popper, eta, ondoren, Eskola Sozialistetako Ikasleen Elkartearekin bat egin zuen. Austriako Langileen Alderdi Sozialdemokratako (Sozialdemokratische Partei Österreichs) kide ere bihurtu zen, garai hartan ideologia marxista erabat bereganatzen zuen alderdia baitzen. Hörlgasseko kale-guduaren ondoren, 1919ko ekainaren 15ean, poliziak armarik gabeko zortzi alderdikideren aurka tiro egin zuenean, Karl Marx filosofoaren materialismo historikotzat jotzen zuenetik urrundu zen, ideologia alde batera utzi zuen eta liberalismo sozialaren aldekoa izaten jarraitu zuen bere bizitza osoan.
Beranduago eraikuntzan jardun zuen, baina denbora gutxiz, ezin izan baitzion lan astunari aurre egin. Horren ordez, ikasle gonbidatu gisa unibertsitatera joaten jarraitu zuen, eta ebanista gisa ikasten hasi zen. Une hartan umeentzako haurtzaindegi bat irekitzea zuen amets, eta, horretarako, altzariak egiten jakitea baliagarria izan zitekeela pentsatu zuen. Horren ondoren, borondatezko zerbitzua eman zuen Alfred Adler psikoanalistaren haurrentzako klinika batean. 1922an, bere Matura bigarren aukerako hezkuntza baten bidez egin zuen, eta, azkenean, ikasle arrunt gisa sartu zen unibertsitatean. 1924an amaitu zuen lehen hezkuntzako irakasle izateko azterketa, eta arrisku sozialean dauden haurrentzako eskolaz kanpoko arreta-klub batean hasi zen lanean. 1925ean Pädagogisches Institut sortu berrian sartu zen eta filosofia eta psikologia ikasten jarraitu zuen. Garai hartan hasi zen Josefine Anna Henninger ("Hennie") gorteatzen, geroago bere emazte bihurtu zena. Popperrek eta emazteak seme-alabarik ez izatea erabaki zuten, gerraren inguruabarrak zirela eta ezkontzaren lehen urteetan.
1928an, Popperrek psikologian doktoretza lortu zuen, Karl Bühlerren begiradapean, Moritz Schlick tesi batzordeko bigarren presidentea zela. Bere tesia Zur Methodenfrage der Denkpsychologie (Metodoaren arazoak pentsamenduaren psikologian) izan zen. Ondoren, 1929an Popperrek matematika eta fisikako unibertsitate-ikasgaiak emateko gaikuntza eskuratu zuen. Urte horietan Vienako Zirkulua deiturikoarekin harremanetan jarri zen. Hala ere, Popperrek zalantzan jarri zituen beti pentsalari talde horren postulatu esanguratsuenetako batzuk, eta horrek zaildu egin zuen Popperren integrazioa.
Josefine Anna Henninger (1906 – 1985) lankidearekin ezkondu zen 1930ean. Nazismoaren gorakadaren eta Anschluss-en mehatxuaren beldur, arratsaldeak eta gauak erabiltzen hasi zen bere lehen liburua idazteko: Die beiden Grundprobleme der Erkenntnistheorie ("Ezagutzaren teoriaren oinarrizko bi arazoak"). Azkenean, material berriren batekin kondentsatutako bertsio bat, hala nola Logik der Forschung ("Ikerketa zientifikoaren logika"), 1934an argitaratu zuen. Hemen, psikologismoa, naturalismoa, induktibismoa eta positibismo logikoa kritikatu zituen, eta balizko faltsabilitatearen teoria aurkeztu zuen zientzia ez-zientziatik bereizteko irizpidetzat. 1935ean eta 1936an, ordaindu gabeko baimena hartu zuen Erresuma Batura ikastera joateko.
Austrian nazionalsozialismoaren gorakadak, azkenean, Vienako Zirkulua desegitea ekarri zuen eta 1936an Moritz Schlick fundatzailea ikasle batek hil zuen. 1937an, Hitlerren aldekoek boterea hartu ondoren, Popper Zeelanda Berrira erbesteratu zen egoera politiko mehatxagarriaren aurrean, Estatu Batuetara eta Erresuma Batura hainbat aldiz emigratzen alferrik saiatu ondoren.
Bizitza akademikoa
aldatu1937an, Popperrek, azkenean, Zeelanda Berrira emigratzea ahalbidetu zion postu bat lortu zuen, non filosofiako irakasle bihurtu zen Zeelanda Berriko Unibertsitateko Canterbury University Collegen, Christchurch-en. Christchurcheko Canterbury Collegen, Popper isolaturik bizi izan zen, Bigarren Mundu Gerraren zurrunbiloan amiltzen ari zen mundu batetik deskonektaturik. Inguru horretan Popperrek Gizarte irekia eta haren etsaiak [1][2](alemanez Die offene Gesellschaft und ihre Feinde) idatzi zuen. Garai hartakoa da, halaber, John C. Eccles neurobiologoarekin izan zuen laguntasuna eta lankidetza (1977an The Self and Its Brain: An Argument for Interactionism idatziko zuenarekin).
1946an, Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Erresuma Batura joan zen, London School of Economics-en (LSE) logika eta metodo zientifikoko irakasle izateko. Popper Aristoteles elkarteko presidentea izan zen 1958tik 1959ra.
1969an bizitza akademiko aktibotik erretiratu zen. 1985ean Austriara itzuli zen emazteak bere bizitzako azken hilabeteetan ahaideak inguruan izan zitzan; urte hartako azaroan hil zen. Ludwig Boltzmann Gesellschaftek zientziaren filosofia ikertzen zuen adar sortu berri baten zuzendari izendatu ez zuenean, Erresuma Batura itzuli zen 1986an, Kenleyn (Surrey) finkatuz.
Bizitza akademikotik aspaldi erretiratua egonda ere, 1994ko irailaren 17an East Croydon-en (Londres) hil zen arte argitaratzen jarraitu zuen.
Karl Popperren lorpen filosofikoek aitorpen ugari ekarri zizkioten, hala nola Erresuma Batuko Isabel II.a erreginak 1969an zaldun izendatzea. Ohorezko Lankidearen (Companion of Honour) intsignia jaso zuen 1982an, Lippincott saria Zientzia Politikoen Ipar Amerikako Elkartearen eskutik eta Sonning saria. Mont Pelerin Elkarteko kidea izan zen, Friedrich August von Hayek-ek agenda politiko liberala sustatzeko sortutako ikasketa komunitatea, baita Londresko Royal Societykoa ere, eta Zientziaren Nazioarteko Akademiakoa. Besteak beste, Helmut Schmidt kantziler alemaniarraren adiskidetasuna garatu zuen. Popperren ikasle ezagun batzuk Hans Albert, Imre Lakatos eta Paul Feyerabend izan ziren.
Heriotza
aldatuPopper minbiziak, pneumoniak eta giltzurrunetako porrotak eragindako konplikazioengatik hil zen Kenleyn 92 urte zituela, 1994ko irailaren 17an. Bere filosofian etengabe aritu zen lanean bi aste lehenago bat-batean gaixotu zen arte, hil baino bi aste lehenago bere azken gutuna idatziz .
Erraustu ondoren, bere errautsak Vienara eraman zituzten eta Lainzer hilerrian lurperatu zituzten, non bere emazte Josefine Anna Popper lurperatua izan zen. Popperren ondarea Melitta Mew idazkari eta laguntzaile pertsonalak eta Raymond senarrak kudeatzen dute. Popperren eskuizkribuak Stanfordeko Unibertsitateko Hoover Erakundera joan ziren. Klagenfurteko Unibertsitateak Popperren liburutegia erosi zuen 1995ean. Karl Popper artxiboak Klagenfurt Unibertsitate Liburutegian sortu ziren, Popperren liburutegian 6.000 liburu inguru zeudelarik. Etxaldearen gainerako zatiak Karl Popper Charitable Trust-era eraman zituzten. 2008ko urrian, Klagenfurteko Unibertsitateak jabetzaren egile-eskubideak eskuratu zituen.
Pentsamendua
aldatuEpistemologia
aldatuZientziaren filosofiari buruzko bere ikuspegia azaldu zuen orain klasikoa den Logik der Forschung ("Ikerketa zientifikoaren logika") lanean, zeinaren lehen edizioa alemanez argitaratu zen 1934an. Bertan, filosofo austriarrak zientziaren eta metafisikaren arteko mugen arazoari heltzen dio, eta horien artean demarkazio-irizpide deiturikoa bilatzea proposatzen da, ahal bezain modu objektiboan, hau da, teoria ebaluatzeko irizpideak (epidemikoak, metodologikoak…) oinarri hartuta, proposizio zientifikoak eta ez direnak bereizteko.
Garrantzitsua da adieraztea demarkazio-irizpideak ez duela baieztapen baten egiazkotasunaren edo faltsutasunaren inguruan erabakitzen, baizik eta baieztapen hori zientziaren barruan aztertu eta eztabaidatu behar den edo, aitzitik, metafisikaren eremurik espekulatiboenean kokatzen den. Popper-entzat proposizio bat zientifikoa da, baldin eta ezeztagarria izan badaiteke, hau da, uneren batean hura ezeztatzeko saiakuntzak edo frogak proposa badaitezke, saiakuntza horietatik arrakastatsu atera ala ez. Azken hau, aieru eta koiunturaz ere baliatzen den Metodo Zientifikotik abiatuta. Hala ere, aipatu behar da demarkazio zientifikoak egiaren irizpidea ere barne hartzen duela (esplizituki eta inplizituki) zientziaren helburua egia, egiantza...baita.
Puntu honetan, Popper ez dator bat programa positibistarekin, zeinak bereizketa bat ezartzen baitzuen proposizio kontrastagarrien (positiboen) artean, hala nola “Gaur euria ari du” eta, positibisten arabera hizkuntzaren gehiegikeriak besterik ez direnak eta zentzurik ez dutenak, adibidez, “Jainkoa existitzen da”. Popper-entzat, azken proposizio mota horrek badu zentzua eta zilegi da horiei buruz eztabaidatzea, baina zientziatik bereizi behar dira. Bere demarkazio-irizpideak Ludwig Wittgensteinekin gatazka bat ekarri zion nahi gabe, honek ere zentzua duten proposizioak eta zentzurik ez dutenak bereizi behar zirela baitzion. Bereizketa irizpidea, Wittgensteinentzat, esanahiarena zen: proposizio zientifikoek bakarrik zuten esanahia, ez zutenek metafisika hutsa ziren bitartean.
Filosofiaren lana zen bere buruari zientifiko deritzen proposizio askoren zentzugabekeriak agerian uztea, proposizioen esanahia argituz. Popper eskola horretan kokatua izan zen demarkazioari buruzko bere ideia formulatu zuenean, baina berak argitu zuen ez zetorrela bat planteamendu horrekin, eta bere tesia ez zela esanahi-irizpide bat (Popperrek beti ihes egin zuen esanahiak argitzeko edozein saiakeratik teoriak planteatu aurretik). Are gehiago, Popperrek planteatu zuen Wittgesteinentzat esanahia zuten proposizio asko ezin zirela zientziatzat jo, adibidez, psikoanalisia edo marxismoa, edozein kritikaren aurrean edozein ezeztapen eragozten zuten ad hoc hipotesien bidez defendatzen baitziren.
Egia esan, Popper kontziente zen aurreko mendeetan ezagutza zientifikoan izandako aurrerapen izugarriaz, Jainkoaren existentzia edo lege moralaren jatorria bezalako arazoek erremediorik gabe eutsi egiten zutela zirudien bitartean, Grezia klasikotik aurrerapen handirik erakusten ez zutelako. Horregatik, demarkazio-irizpide baten bilaketa galdera honi lotuta dago: ezagutza zientifikoaren zein ezaugarri bereizgarrik ahalbidetu du naturaren gure ulermenean aurrera egitea?
Garai hartako filosofo batzuek erantzuna bilatu zuten induktibismoan, zeinaren arabera lege fisiko bat gure esperientziak behin eta berriz berresten duenean, ziurtzat eman dezakegun edo, behintzat, probabilitate handia eman diezaiokegun. Baina arrazonamendu hori, David Humek jada ikusi zuenez, ezin da irizpide logiko hutsetan oinarritu, hauek ez baitute lege orokor (unibertsal) bat behaketa partikular multzo mugatu batetik ateratzea (induzitzea) ahalbidetzen. Alde horretatik, zientzialariak gauza finituei egin behar diela aurre esaten da.
Popper-ek Humeren kritika gainditzen du, induktibismoa erabat baztertuz eta esanez lehenengo gauza teoriak direla eta bakarrik horien baitan erreparatzen diegula gertakariei. Esperientzia sentigarriak ez dira inoiz teorien aurrekoak (zeinaren oinarri enpirikoak elementu fisikoak dituen egiaztatzeko), eta, beraz, ez dago erantzun beharrik nola pasatzen garen esperientzia partikularretatik teorietara modu faltsazionistan suposatuz. Horrela, Popperrek enpirismoaren eta arrazionalismoaren arteko eztabaida gainditzen du, teoriek egitateen aurretik daudela, baina teoriek esperientziaren beharra dutela (bere kasuan, ezeztapenenen beharra) esanez, zein teoria diren egokiak eta zein ez bereizteko.
Faltsazionismoa
aldatuDilema horri irteera emateko, Logik der Forschung obran proposatutakoa, defendatuko du ezagutza zientifikoak ez duela aurrera egiten lege berriak berretsiz, baizik eta esperientzia ezeztatzen duten legeak baztertuz. Popperrek faltsutzea esaten dio baztertze horri. Interpretazio berri honen arabera, zientzialariaren lana, nagusiki, naturaren legeak eta printzipioak kritikatzea da, horrela eskura dauden behaketa esperimentalekin bateragarriak diren teorien kopurua murrizteko.
Demarkazio-irizpidea honela defini daiteke: proposizio batek ezeztatua edo faltsutua izateko duen gaitasuna. Proposizio zientifikotzat soilik onartuko dira kontra egiten dien esperimentu edo behaketa bat posiblea bada. Horrela, zientziaren barruan, adibidez, erlatibitatearen teoria eta mekanika kuantikoa geratzen dira, eta hortik kanpo, marxismoa edo psikoanalisia.
Hala ere, Quine eta Duhemen tesiak, "holismo afirmazionala" edo "holismo epistemologikoa" ere deituak, argudiatzen du ezin dela frogatu enuntziatu bat faltsatua izan dela.
Holismo konfirmazionalaren bi alderdi daude. Lehenik eta behin, behaketak teoriaren araberakoak dira. Teleskopioaren behaketak onartu aurretik, teleskopioaren optika begiratu behar da, nola dagoen muntatuta, teleskopioa norabide egokian apuntatzen ari dela eta argia espazioan zehar lerro zuzenean doala ziurtatzeko (batzuetan ez da hala, Einsteinek frogatu zuen bezala). Bigarrena da ebidentzia, berez, ez dela nahikoa zein teoria den zuzena zehazteko. Aipatutako aukera bakoitza zuzena izan zitekeen, baina bakarra onartu zen azkenean.
Teoriak beste teoria batzuekin duten erlazioagatik bakarrik frogatu ahal izateak esan nahi du teoria zientifiko bat ezeztatzen dutela diruditen frogen emaitzek ez dutela inola ere ezeztatzen. Horren ordez, esan daiteke emaitza horiek iragarpenekin talka egiten dutela, beste teoriaren bat faltsua edo ezezaguna delako. Agian proba-ekipoa gaizki kokatua dago edo agian unibertsoan materia iluna dago galaxia batzuen mugimendu arraroen eragilea dena.
Ustekabeko datuek zein teoria ezeztatzen duten zehaztea ezinezkoa izateak esan nahi du zientzialariek adostu behar dutela zer teoria onartu eta zein baztertu. Logikak, berez, ez du gida gisa balio erabaki horietan.
Popperren ustez, ez psikoanalisia ezta Karl Marxen historiaren teoria ere ez ziren zientifikoak. Karl Marxek zioen gizarte industrializatuek sozialismoa ekarriko zutela, eta, azkenik, komunismoa. Baina hori gertatzen ez zenean, Marxen teoria okerra zela onartu beharrean, marxistek ad hoc azalpen bat asmatuko zuten gertatutakoa teoriarekin guztiz bat zetorrela frogatzeko.
Adibidez, komunismoaren aurrerapen saihestezina ongizate-estatuaren hobekuntzek aldi baterako moteldu zutela argudia lezakete, horrek proletarioak bigundu eta bere iraultza-gogoa ahultzen zuela defendatuz. Horrela, teoria edozein gertaeraren segidarekin bateratu ahal izango litzateke, psikoanalisiarekin gertatzen zen bezala, eta horregatik ez zituen zientifikotzat hartzen.
Horrela, bada, eta zientziaren beste filosofo batzuen artean, Thomas Kuhnen arabera, faltsatzea komunitate zientifikoa ados jartzen denean gertatuko litzateke, faltsatua izan dela adosten duenean, hau da, Zientziaren Soziologiak aztertutako moda (igarokor edo iraunkor) bat izango litzateke. Gaston Bachelard filosofo frantsesak uste zuen zientziak aurrera egiten zuela oztopo epistemologikoak gaindituz. Bachelarden arabera, epistemologia ez da arrazoiketa zientifikoa justifikatzeko helburua duen filosofia orokorra, zientziaren historiak sortzen dituena baizik. Bachelarden arabera, zientziak ezin du egiarik sortu. Galdetzeko modu hobeak bilatu behar dituzu.
Oztopo epistemologikoren bat gainditzeak nahitaez beste oztopo konplexuago bat dakar, Popperrek uste zuenaren aurka, zeinak gero faltsazionismo sinplea zientziaren logika gisa abandonatu baitzuen, konturatu baitzen behar bezain aberatsa den edozein teoria faltsatua izan daitekeela prestidigitazio logikoko mugimendu trebeetara joz, eta azkenik onartu zuen teoria baten ad hoc aldaketa etengabeek faltsatua izatea ekidin lezaketela.
Arrazionalismo kritikoa
aldatuPopper-en sisteman arrazionaltasunak eta kritikak gure ezagutzaren garapenean duen garrantzi izugarria uztartzen dira. Horregatik, sistema horri arrazionalismo kritikoa izena eman zitzaion.
Popperrek ezagutza zientifikoari buruz dituen ideiak filosofiari egiten dizkion bere gainerako ekarpenen oinarri gisa har daitezke. Gainera, ospe handia izan dute lehen aldiz argitaratu zirenetik, eta, komunitate zientifikoaren barruan behintzat, faltsabilitate kontzeptua biziki sustraitu da, eta eskuarki onartzen da teoria baten errespetagarritasuna epaitzeko baliozko irizpidetzat. Horretaz eta bere teoriek eragin zituzten kritikez jabeturik, Popperrek bere jatorrizko lana zabaldu eta zehaztu zuen hurrengo edizioetan.
Popper-ek Conjectures and Refutations: The Growth of Scientific Knowledge (1963) ("Aieru eta koiunturak") lanean aipatzen du aieru bakoitzarentzat badela, existitu dela eta beti izango dela ezeztapen bat, eta horrek esan nahi du zerbaitek faltsua izateko aukera badu, egia izan daitekeela. Alabaina, zerbait faltsua izan ezin daitekeenean, hain utopikoa da, non inoiz ezingo bailitzateke egiazkoa izan; izan ere, erreala izateko aukera egon dadin, faltsua izateko kontrako aldea ere izan behar du, zerbait erreala izateko, bere alde irreala existitu behar baita. Eta faltsazionismoaren dilema erabiliz, Popperrek azaltzen du, zientzia egon dadin gertaerak edo egiak azaltzen dituzten eredu zientifikoak egon behar direla, eta eredu horiek errealitatean erabat aplikagarriak izan behar dutela, kasu gehienetan funtziona dezaten. Eta, horregatik, kanpoan uzten ditu gizarte-zientzia guztiak, horiek ez baitaude ereduen bidez metodikoki azalduak: patroien eta oinarrien behaketan oinarritzen dira, besterik gabe.
Ezagutzaren ideiari dagokionez, Popper-entzat, zenbat eta espezifikoagoa eta konplexuagoa izan eredu zientifikoa, orduan eta errealitateari atxikiago egongo da, inoiz ahaztu gabe egiazko ereduak eta teoriak existitzeko beti egon beharko dutela hauen kontraparteak eta horiek baliogabetzen dituzten teoria gehiago, horiek ere egiazkoak izanik. Horrek esan nahi du eredu zientifikoetatik edo hipotesi perfektuetatik abiatuta bakarrik sor daitekeela egia bat (edo ezagutza), baina horiek sortzea utopikoa denez, Popper eredua eszenatoki gehienetan funtzionatzeko nahikoa izatearekin konformatzen da, betiere azpimarratuz eta errepikatuz faltsua egiazkoan existitzen dela, eta ideia edo kontzeptu bat inoiz ez dela erabat egiazkoa izango, hura baliogabetzen duten beste ideia edo kontzeptu batzuk existituko direlako.
Popperrek adierazten du, beraz, gure itxaropenen araberako teoriak eta hipotesiak (aieruak) egiten ari garela denbora guztian, eta denbora gehienean horiek esperimentatzen ari garela. Teoria bat kontrastatua izan daitekeen unean, egiaztatu ezin bada ere, faltsagarria da. Zerbait orokortzen denean eta salbuespen bat egon daitekeenean, ezeztapen bat, teoria zientifiko bihurtzen da. Horrela, berak baieztatzen du kontua ez dela teoria bat infinituki egiaztatzea, baizik eta teoria hori faltsu bihurtzen duen zerbait aurkitzea, logiko bilakatuz eta ez metodologiko.
Soziologia eta politika
aldatuEpistemologiari egindako ekarpen nabarmenez gain, Karl Popper bere ikuskeraren arabera totalitarioak ziren sistemen (hala nola komunismoa eta nazionalsozialismoaren) aurrean filosofo, liberalismoaren teoriko eta gizarte irekiaren defendatzaile bezala gogoratzen dute askok.
Karl Popper-en teoria politikoko lanik ezagunena The Open Society and Its Enemies (1945) ("Gizarte irekia eta bere etsaiak") da, Bigarren Mundu Gerran idatzia Zeelanda Berrian erbesteratua zegoelarik. Bertan, egileak zientziari eta ezagutzaren aurrerapenari buruzko bere teoriak aplikatzea du helburu. Aldi berean, Popperrek filosofiaren historia aztertzen du, gerra eta mendebaldeko pentsamenduaren krisi erradikala ekarri zituen totalitarismoaren jatorria azaltzeko. Aipagarria da, bere lehen orrialdeetatik, Popperrek giza izaerarekiko baikortasun sendo batekin heltzen diola arazo armatuari; izan ere, pentsamendu totalitarioa eta horri lotutako suntsipena gizakiek beren izaera eta hurkoena hobetzeko egiten duten ahalegin zintzotik sortzen direla baieztatzen du, nahiz eta haien borondate onak porrot egiten duen filosofia utopiko eta metodologikoki okerrek gidatzen dutenean.
Popperrek bere aurkari ideologikoei ematen dien errekonozimendu morala bereziki nabarmena da Karl Marx tratatzerakoan; izan ere, Gizarte irekia eta bere etsaiak (2008) marxismoari egindako kritika gogortzat har badaiteke ere, Vienako pentsalariak klase apalen baldintzak hobetzeko interes zintzoa aitortzen dio Marxi, bai eta soziologiari egindako ekarpen baliotsuak ere, bere kategoria propioak (erakundeak, esaterako) dituen zientzia autonomo bihurtzeko eta Stuart Millen psikologismoaz gabetzeko. Izan ere, Popper ez dago Manifestu komunistan azaldutako helburuen aurka, mendebaldeko gizarteetan egindakotzat ere hartzen ditu neurri handi batean; horiek lortzeko moduan baino ez da desberdina, aldaketa mailakatuen eta ez bortitzen aldekoa baita, marxismoaren aldaketa drastikoen proposamenaren aurka.
Popperrek pentsamendu politikoaren historiaren interpretazio bat planteatzen du, bi eskola edo mundu-ikuskeraren arteko konfrontazioan oinarrituta: a) erreakzionario bat, tribuaren oinordeko den komunitate itxi eta perfektu bat faltan botatzen duena; Platon (Heraklitoren aurrekariak hartuz) da bere adierazpen gorena, Aristoteles-ek jarraitua eta ondoren Hegelek pentsamendu modernoan berrargitaratua (bere analisiaren tonu argi, sarkastiko eta komikoaz gain, ez dio ezertxo ere aitortzen); eta b) arrazional eta kritiko bat, Antzinate klasikoan Periklesen garaiko "Belaunaldi Handiarekin" jaio zena, zeinari Sokrates eta Demokrito baitagozkio. Ikuspegi horrek giza ezagutza mugatua aitortzen du, zeinari egozten baitio zientziaren benetako izpiritua.
Popper-ek Platonen lanaren exegesia egiten du, eta esentzialismoaren sorrera egozten dio ezagutzaren teorian eta historizismoarena teoria politikoan. Formen eta ideien teoriatik abiatuz, Platonen tesia ideien mundu perfektu bat existitzen dela da, eta bizi garen errealitate materiala endekapenera jotzen duen kopia inperfektu bat besterik ez dela. Ikuspegi hori ez zaio errealitate naturalari bakarrik aplikatzen, baita politikoari eta sozialari ere. Hiriak (polis-ak), greziar munduko funtsezko gizarte-eredua, degeneraziorako eta gainbeherarako joera du, denboran zehar jatorrizko polis perfektutik aldentzen baita. Demokrazia, Platonentzat, beste estadio bat besterik ez da endekapenean, eta tirania azken adierazpena besterik ez da izango.
Platonek honela planteatzen du Atenaseko egoera, bere jaioterria, demokrazia ezarria izanagatik dekadentzian dagoena, eta bere gorabeheretan tiraniara lerratzen dela ikustean. Platonentzat hiri eredu ideala Esparta da, nobleen aristokrazia, obeditzeko funtzioa besterik ez duen gainontzekoengan gobernatzen duena. Batasuna eta egonkortasuna mantentzeko, aristokrazia elkarturik mantendu behar da, luxurik eta desadostasunik sortu gabe. Bere ustez, desadostasun politikoak dira gainbeheraren iturburua, eta gizonen artean erabateko banaketa egon behar da: zuzentzen dutenen eta obeditu behar duten gainerakoen artean. Ordena "perfektu" horri eustean datza Justiziari buruzko bere ikuskera soziologiko osoa. Aristotelesi Popperrek Ideien Teoriaren garapena besterik ez dio aitortzen "potentziaren eta egintzaren" doktrinan eta esentzialismo metodologikoaren ezarpenean.
Aristotelesek Platonen Ideien mundua hartu besterik ez du egiten, baina modu ezkorrean beharrean modu baikorrean. Mundu materialaren garapenak ez du zertan Ideia Jatorrizkoaren gainbehera eta urruntasuna izan, baizik eta Ideien potentzialitateen garapena. Ideia hori errepikatuko luke Hegelek, zeinak, teoria politiko beldurgarri bat eraikitzeko, Gilen Prusiakoaren botere absolutua legitimatzeko helburu bakarrarekin. Heraklito, Platon eta Aristotelesen ideia zaharrak berrargitaratu besterik egiten ez duena Popperren ustez.
Hegeli egozten dio, halaber, "historizismoaren" sendotze modernoa, XIX. mende osoan Europako kontinentean gizarte-zientzien bertsio ofiziala izango zena. Marxek, politikoki Hegelen estatu-ereduaren aurkakoa izan arren, metodo historizista garaiko gizarte industrialaren azterketan aplikatu besterik ez zuen egingo, eta ondorioztatu zuen klase-borroka historiaren benetako motorra zela, eta, "metodo zientifiko" bat aplikatuz, gizartea kapitalismoaren azken krisira ezinbestean zuzentzen dela dioen iragarpenera iristen da, Estatua desegin eta gizakiak benetako askatasuna lortuko duen klaserik gabeko gizartea ezartzeko.
Lan horretan, Popperrek behin eta berriz kritikatu ditu esentzialismo metodologikoa eta historizismoa, baina, gainera, kritikatu egiten ditu "ezagutzaren soziologismoa" edo "historismoa", "historizismoarekin" nahastu behar ez dena. Doktrina horren arabera, gure ezagutza gure zirkunstantzia historikoen ondorio besterik ez da, eta horregatik gure gaur egungo ezagutza ez da beste edozein baino hobea, ezta okerragoa ere, horrela edozein egia, ez morala, baizik eta zientifikoa ere, existitzen dela ukatuz. Popper-ek, doktrina horren erabat kontrakoa denak, giza ezagutzak egiaren bilaketa plantea dezakeela dio, ez egia absolutu gisa ulertuta, baizik eta egiara gero eta hobeto hurbiltzea, errealitatea beste batzuk baino hobeto azaltzen duten eta ezeztatu daitezkeen teorien bidez.
Karl Popperren beste lan ezagun bat The Poverty of Historicism (1961) ("Historizismoaren miseria") opuskulua da. Karl Marxen Misère de la philosophie (1847)("Filosofiaren miseria") izenburua parafraseatzen du. Lan horretan Popperrek soziologiak historiaren nondik norakoa iragartzeko duen gaitasuna komunean duten "historizista" deitzen duen doktrina talde bat kritikatzen du.
Doktrina horiek bi taldetan banatzen ditu: a)antizientifikoak eta b)prozientifikoak.
Lehenengoek diote errealitate soziala eta errealitate fisikoa erabat desberdinak direla, lehenengoak izaera aldakorra eta konplexua duelako, eta, beraz, natur zientzietan hainbesteko arrakasta izan duten metodo zientifikoak ez dira aplikagarriak. Alternatiba metodo "holistikoaren" aplikazioa da, hau da, gizarte-errealitateen intuizio "esentzialista eta osoa", eta errealitate horien bilakaera historikoaren azterketa, hori baita haien kualitate guztiak atzeman eta haien esentzia aurkitu ahal izateko aukera bakarra (potentziaren eta egintzaren ideia Aristotelikoaren errepikapena besterik ez dena).
Kategoria esentzialista horiek (Estatu eta Inperio Handiak, Zibilizazioak, Klaseen Borroka, Armadak) dira soziologiarako interesgarriak diren bakarrak, eta haien elkarreragin eta bilakaera historikoa aztertzeak, intuizioz, haien etorkizuna aurreikustea eragin diezaguke. Popperrek espresuki kritikatzen du "metodo holistikoa", errealitaterik aztertzeko gai ez delako. Metodo horrek eraman ditu utopia moderno handiak eta erabateko gizarte-plan handiak, eta egilearen arabera, inoiz ez dituzte beren helburuak lortu, eragotzi egiten baitute kontrol zientifiko oro, "gizarte osoa eraldatu" nahi dutelako.
Popper-ek alternatiba gisa metodo nominalista proposatzen du, hau da, errealitateak gure teorien beharren arabera izendatzea, gauzek haien atzean definizioekin atzeman behar den "esentzia" bat ezkutatzen dutela pentsatu gabe. Gainera, "ingeniaritza sozial mailakatua" edo "piecemeal social technology" proposatzen du gizartearen eta historiaren utopia eraldatzaile handien alternatiba gisa.
Bigarrenek, doktrina pro-zientifikoek, defendatzen dute, zientzia planetek eguzki-sisteman izango duten bilakaera iragartzeko gai izan den bezala, soziologia gai dela, metodo zientifikoak kopiatuz eta historian zehar, historiaren etorkizuna kalkulatzeko. Doktrina horiek duten zientziaren ideia okerretik abiatuz kritikatzen ditu Popperrek.
Popper-entzat zientzia behin-behineko teoria edo hipotesi multzo bat besterik ez da, hasieran ebidentziek eusten badiete ere, baliozkotasunari eusteko ezeztatzen saiatu behar direnak. Teoria horiek gertaeren azalpen kausalean agertzen dira beti, eta errealitateak horien aurka egiten duenean, arazo bat sortzen da, teoria zahar bat ezeztatzeko eta arazo hori konponduko duten hipotesi berriak planteatzeko oinarri izan daitekeena. Popper-ek dio zientzia guztiek (soziologiak barne) gauza bera egiten dutela, baina ez doktrina prozientifikoek defendatzen duten moduan. Gertaera historikoak ezin dira teoria bakar baten bidez azaldu, ezta hainbat teorien bidez ere, bakarrak direlako, eta horretan izaera desberdineko hamaika teoriak esku hartzen dutelako.
Doktrina prozientifikoek nahastu egiten dituzte joera bat dena lege unibertsal saihestezinekin. Popper-ek, amaitzeko, zientzia guztien (gizarte-zientziak barne) batasuna sostengatzen du. Etorkizuneko historia iragartzea ezinezkoa delako, etorkizuneko aurkikuntza zientifikoak iragartzea ezinezkoa delako, eta azkenik, historiak, errealitateak bezala, hamaika alderdi dituelako eta horri buruzko teoriek eta gure ikuspuntuek bakarrik, "istorio" ugari idazteko aukera ematen digutelako.
Influentzia
aldatuPopperrek zientziaren filosofia filosofiaren barruan diziplina autonomo gisa ezartzen lagundu zuen, bai bere obra oparo eta eraginkorren bidez, bai bere garaikide eta ikasleengan zuen eraginaren bidez ere. 1946an, Popperrek Filosofia, Logika eta Metodo Zientifikoaren Saila sortu zuen London School of Economics-en (LSE), eta han Imre Lakatos eta Paul Feyerabend-engan, hurrengo belaunaldiko zientziaren bi filosofo nagusienengan, eragina izan zuen. (Lakatosek nabarmen aldatu zuen Popperren posizioa, eta Feyerabendek erabat arbuiatu zuen, baina bien lanak Popperren eragin handia jasan zuten).
Eragin-kontuei buruzko eztabaida dagoen arren, Popperrek Friedrich Hayek ekonomialariarekin adiskidetasun handia izan zuen, hau ere Vienatik LSEra ekarria izan zelarik. Bakoitzak laguntza eta antzekotasunak aurkitzen zituen bestearen lanean, eta sarritan aipatzen zuten elkar, baina ez ñabardurarik gabe. Popperrek Hayeki eskaini zizkion bere “Conjectures and Refutations” (1963). Bestalde, Hayekek Studies in Philosophy, Politics, and Economics (1944-1967) izeneko paper bilduma eskaini zion Popperri.
Popperrek, gainera, adiskidetasun luze eta eragin handikoak izan zituen Ernst Gombrich arte historialariarekin, Peter Medawar biologoarekin eta John Carew Eccles neurozientistarekin. Reinhold Zippelius legelari alemaniarrak Popperren "proba eta errorearen" metodoa erabili zuen bere filosofia juridikoan.
Popperren eragina, bai zientziaren filosofian egindako lanagatik, bai filosofia politikoagatik, akademiatik harago ere hedatu da. Popperren LSEko ikasleetako bat George Soros izan zen, geroago inbertitzaile milioidun bihurtu zena, eta haren oinarri filantropikoen artean Open Society Institute dago, Popperren Gizarte irekia eta bere etsaiak delakoaren omenez horrela izendatutakoa.
Kritika
aldatuThomas Kuhnek, The Structure of Scientific Revolutions (1962) ("Iraultza zientifikoen egitura") izeneko eragin handiko lanean argudiatu zuen zientzialariek gutxitan jokatu dutela faltsazionismoaren postulatu popperiarrei zorrotz jarraituz. Aitzitik, garai bakoitzeko pentsamoldea menderatzen duten paradigmen bidez zientziak aurrera egin duela dioen tesia defendatzen du Kuhnek: garapen zientifiko berriak erabiltzen den paradigmaren argitan soilik aztertzen dira, eta gutxitan gertatzen da paradigma bera zalantzan jartzen duen iraultza bat. Imre Lakatosek, Popperren ikasleak, jarrera hori bere irakaslearenarekin adiskidetzen saiatu zen, kritika- eta faltsutze-xede izango ziren ikerketa-programak sartuz Popperrek aipatzen zituen proposizio unibertsalki baliozkoenen ordez. Testuinguru horretan, Quine eta Duhem-en tesiak hipotesi isolatu bat kontrastatzea ezinezkoa dela baieztatzen du, hipotesi hori beti teorien sare interdependente baten parte baita. Popperren beste ikasle batek, Paul Feyerabendek, jarrera erradikalagoa hartu zuen: ez dago metodo orokorrik gure ezagutza zabaltzeko edo aztertzeko, eta aurrerapen zientifikoaren deskribapen bakarra anything goes da (denak balio du).
Gizarte zientzietan, Popperrek eztabaida bizia izan zuen, Alemaniako soziologiaren eztabaida positibista (Positivismusstreit) izenez ezagutzen dena. Eztabaida, Popperrek 1961ean Alemaniako Soziologia Elkartearen Tubinga Tübingen-eko kongresuan aurkeztu zuen Gizarte Zientzien Logika izeneko saiakera batek ireki zuen. Vienako filosofoak eta bere dizipulu Hans Albertek adierazi zuten uzi zientifikoak dituen teoria oro, baita gizarte-zientzien barruan ere, faltsagarria izan behar zela. Soziologiaren ikuspegi horren aurka agertu ziren Frankfurteko Eskolako dialektikoak, Theodor Adorno eta bere ikasle Jürgen Habermas. Testuinguru horretan ulertu behar da Popper-en gutun bat, Against Big Words ("Hitz handien aurka"), 1970ean Die Zeit astekari alemanean bere baimenik gabe argitaratua izandakoa. Bertan, Popperrek gogor erasotzen du Adorno eta Habermasen lana, hizkera puztua eta harroputza baina edukirik gabea erabiltzen dutela salatuz.
Pentsamenduaren historian, Karl Popperrek partetik, autore klasikoen, bereziki Platonen, lana ebaluatzeko kategoria ahistorikoak erabili izana kritikatu da. Kloskok (Philosophy of the Social Sciences.1996) nabarmentzen du Gizarte irekia eta bere etsaiak lanean Popperrek totalitarismo modernoaren aurrekari gisa aurkezten duela Platon. Kritika horren arabera, Popperrek ezagutza historikoa bere berehalako erabilera politikoaren azpian jartzen du, eta pentsamenduaren historia onaren kezka metodologikoak alde batera uzten ditu, hala nola filologiara jotzeko beharra eta zentzuaren berreraikuntza kontestualizatua, antropologikoki urrun dagoen Grezia klasikoa bezalako errealitate batera hurbiltzeko.
Adolf Grünbaum filosofoak The Foundations of Psychoanalysis (1984) ("Psikoanalisiaren oinarriak") liburuan argudiatzen du Popperren iritzia, alegia, teoria psikoanalitikoak, printzipioz behintzat, ezin direla faltsatu, okerra dela. Roger Scruton filosofoak Sexual Desire-en (1986) ("Desira sexuala") argudiatzen du Popperrek oker esan zuela teoria freudiarrak ez dakarrela behaketa frogagarririk eta, beraz, ez duela benetako ahalmen predikatzailerik. Scrutonek dio teoria freudiarrak "termino teorikoak" eta "eduki enpirikoa" dituela. Freuden errepresioaren teoriaren adibidea aipatzen du, bere ustez "eduki enpiriko sendoa" duena eta ondorio frogagarriak dakartzana. Hala ere, Scrutonek teoria freudiarra benetan zientifikoa ez dela ere ondorioztatu zuen. Charles Taylor filosofoak, bestalde, Popperri leporatzen dio mundu mailan epistemologo gisa duen ospea baliatu izana XX. mendeko tradizio kontinentaleko filosofoen garrantzia gutxitzeko. Taylorren arabera, Popperren kritikek ez dute oinarririk, baina merezi ez duten arretaz eta begirunez hartzen dira.Bestalde, John Gray filosofoak dio Popperren metodo zientifikoaren kontakizunak Charles Darwin eta Albert Einsteinen teoriak onartzea eragotziko zukeela.
Eta amaizteko, Michel ter Hark filosofo eta psikologoak Popper, Otto Selz and the rise of Evolutionary Epistemology (2004) ("Popper, Otto Seiz eta Epistemologia Ebolutiboaren igoera") liburuan idatzi zuen Popperrek bere ideietako batzuk Otto Selz psikologo alemaniarrarengandik hartu zituela. Selzek ez zituen inoiz bere ideiak argitaratu, neurri batean nazismoaren gorakadagatik, 1933an bere lana uztera behartu zuena eta bere ideiei aipamenik egitea debekatu ziona.
Obrak
aldatu- Logik der Forschung, 1934 (Ikerketa zientifikoen logika): Alemanian agertu zenean ia oharkabean igaro zen, eta 1959an ingelesera itzuli zenetik soilik hasi zen kontuan hartzen. 1968an berrargitaratua izanik, lana neopositibismotik aldenduko da.
- The Open Society and Its Enemies, 1945 (Gizarte irekia eta haren etsaiak): Erbestean eman zituen urteetan idatzi zuen lehen edizioa, ingelesez. Popperrek oso kritikoki aztertzen ditu Platonek, Hegelek eta Marxek sostengatutako ikuspegi politikoak. 1966an edizio berrikusi bat agertu zen.
- The Poverty of Historicism, 1961 (Historizismoaren miseria): Jatorriz ingelesez argitaratua, marxismoaren kritika da, bere aurreko lanaren ildotik. 1961ean bigarren bertsio zuzendu bat argitaratu zen.
- Conjectures and Refutations: The Growth of Scientific Knowledge, 1963 (Aieru eta koiunturak: Ezagutza zientifikoaren hazkundea): Egileak 1972an berrikusia, hainbat urtetako lanaren emaitza da; bere idazkietako batzuk modu independentean argitaratu ziren hemen bilduta agertu aurretik.
- Objective Knowledge: An Evolutionary Approach, 1972 (Ezagutza objektiboa: Ikuspegi Ebolutiboa): Lehen edizioa, ingelesez[3].
- Unended Quest; An Intellectual Autobiography, 1976 (Amaierarik gabeko bilaketa; autobiografia intelektuala): Bere obran behin eta berriz errepikatzen diren arazo filosofikoen errepasoa.
- The Self and Its Brain: An Argument for Interactionism, 1977 (Nia eta bere burmuina: interakzionismoaren argudioa): John C. Eccles-ekin batera. Bere lehen edizioa ingelesez izan zen; gogoaren filosofiarekin lotutako hainbat arazo jorratzen ditu, horietakoren batzuk Conjectures and Refutations lanean jada landuak. Mario Bungek Popper eta Ecclesen gogoaren filosofia "erdi landuta" dagoela esan zuen, energiaren kontserbazioaren printzipioa urratzen duela eta biologia ebolutiboaren aurka egiten duelako.
- Die beiden Grundprobleme der Erkenntnistheorie - Aufgrund von Manuskripten aus den Jahren 1930-1933, 1979 (Epistemologiako Oinarrizko Bi Arazoak - 1930-1933 urteetako Eskuizkribuetatik abiatuta, Troels Eggers Hansen-ek argitaratua).
- The Open Universe: An Argument for Indeterminism, 1982 (Unibertso irekia: Indeterminismoaren aldeko eztabaida)
- Realism and the Aim of Science, 1982 (Errealismoa eta zientziaren helburua)
- Die Zukunft ist offen 1985. Konrad Lorenzekin batera (Etorkizuna zabalik dago)
- The Lesson of this Century, 1992. Elkarrizketak: Giancarlo Bosetti (Mende honetako irakaspena)
- The World of Parmenides, (Parmenidesen mundua)
- The Myth of the Framework: In Defence of Science and Rationality, 1994 (Esparru komunaren mitoa: zientziaren eta arrazionaltasunaren defentsan
- Knowledge and the Mind-Body Problem: In Defence of Interactionism, 1994 (Ezagutza eta gogo-gorputz arazoa: interakzionismoaren defentsan)
- Quantum Theory and the Schism in Physics, (Teoria kuantikoa eta zisma fisikan)
- In Search of a Better World, (Mundu hobe baten bila): Popper-ek argitaratutako azken lana da, eta bertan aitorpenaren teoriarekin lotutako gaiak nahiz politikari eta arteari lotutako beste batzuk jorratzen dira.
Euskarara itzuliak
aldatu- Ezagutza objektiboa: ikusmolde ebolutibo bat. Bilbo: EHU Klasikoak, 2002. (Euskaratzailea, Alberto Gabikagojeaskoa ; berrikuslea, Andoni Ibarra)
- Gizarte irekia eta haren etsaiak. Bilbo: EHU Klasikoak, 2008. (itzultzailea, Josu Zabaleta Kortabarria)
Erreferentziak
aldatu- ↑ «KLASIKOAK bilduma - UPV/EHU» www.ehu.eus ISBN 84-96455-41-2. (Noiz kontsultatua: 2024-03-26).
- ↑ «KLASIKOAK bilduma - UPV/EHU» www.ehu.eus ISBN 84-96455-23-8. (Noiz kontsultatua: 2024-03-26).
- ↑ «KLASIKOAK bilduma - UPV/EHU» www.ehu.eus ISBN 84-88303-19-X. (Noiz kontsultatua: 2024-03-26).
Bibliografia
aldatu- Eizagirre, X. 1998: Zientzi razionaltasun berriranzko urratsak: Popper ala Kuhn?, Bilbo, EHU ISBN 84-8373-101-0