[[Kategoria:Hezkuntza Programa/pene ]] Etika (grezierazko ήθος, "íthos", hitzetik; euskaraz, ohitura), batzuetan filosofia moral ere deitua, ona, egokia eta moralari jarraiki zuzena denaren oinarriak aztertzen dituen filosofiaren adarra da. Askatasuna modu egokian kudeatzeko jakinduria moduan ere definitzen da.[1] Bertutetsu eta zoriontsu izateko nola bizi, norberaren helburuak baliozkoak diren eta horiek lortzeko nola jokatu behar den eta norberaren jokabidea zuzena den epaitzean kontzientzia, agintea edo arrazoia kontuan hartu behar ditugun aztertzen ditu etikak. Moralak irizpide filosofiko, erlijioso eta kulturalen arabera ona eta txarra, zuzena eta okerra, besterik gabe bereizten ditu; etikak, ordea, ona eta txarra bereizten dituzten printzipio eta irizpideak arrazionalki ikertzen ditu. Arrazionalki gogoeta eginez, etikaz hausnartuz, alegia, zuzena dena etikoa dela ere esaten da. Beraz, etika eta morala estuki loturik daude, epai etikoak egitean pertsona, egoera edo ekintza baten moraltasuna ere baloratu egiten baita. Hain zuzen ere, epai etikoek eta arau moralek ona, txarra, zuzena, okerra, nahitaezkoa bezalako adjektiboak partekatzen dituzte.

Etika hiru adar nagusitan banatzen da. Batetik, metaetika deiturikoak printzipio etikoen jatorria eta zentzua aztertzen ditu. Bigarrenik, etika normatiboak egoera orokorretan nola jokatu behar dugun erabakitzerakoan sortzen diren galderak aztertzen ditu (balio moralen inguruan, axiologia atalean; bizitza zoriontsuari buruz, eudemonologian; eta betebeharren inguruan, deontologian). Azkenik, etika aplikatuak egoera eztabaidatsu konkretuak aztertzen ditu, hala nola abortuaren auzia, eskubideak  edo heriotza zigorra. Etika aplikatuaren baitan bioetika adarra nabarmentzen da.

Hiru adar nagusi horietaz aparte, badago etika deskriptiboa deiturikoa ere, zeinak pertsonen uste eta sinesmen moralak aztertzea duen helburu.

Adarrak

aldatu

Metaetika

aldatu
 
George Edward Moore filosofoa.

Metaetika[2] etikaren adar bat da zeinetan kontzeptu etikoen jatorria eta esanahia ikertzen diren.  Ez hori bakarrik, pentsamenduaren, hitzaren eta praktika moralaren presuntzio eta konpromiso metafisiko, epistemologiko, semantiko eta psikologikoak ulertzeko saiakera ere bada. Metaetikaren barruan ez dira sartzen “jan behar al nuke tarta zati hau?” bezalako galdera konkretuak (horrelako galderak etika aplikatuaren eremukoak dira); aldiz, “moraltasuna gustu-kontua al da egia-kontua baino gehiago?”, “kulturalki erlatiboak al dira arau moralak?”,  “ba al dago gertaera moralik?”, “gertaera moralak badaude, zein da horien jatorria?” metaetikaren esparruko galderak dira. Izan ere, galdera metaetikoak abstraktuak dira eta beste galdera konkretu askorekin erlazionatzen dira, hala nola balioen, ekintzaren arrazoien eta giza motibazioaren arteko loturak esploratzen dituzte.

Kontzeptuaren jatorriari dagokionez, 1903an George Edward Moorek Principia Ethica liburua argitaratu zuen, eta bertan topatu ditzakegu metaetikaren hastapenak, hitza bere horretan azaldu ez arren. Obra horrek, adibidez, falazia naturalista (propietate moralak propietate naturalak direla dioen baieztapenari kritika) aurkezten digu. Izan ere, Moore-rentzat definizo naturalista oso tranpatia da, eta galdera irekiaren argudioa erabiltzen du hori justifikatzeko[3]. Hortik aurrera, metaetikaren esparruetan barrena hazkuntza nabari bat egon da, eta gaur egun ez du termino eta kontzeptu moralei buruz soilik hitz egiten, enuntziatu moralen logikari buruzko auziak ere jorratzen ditu.

Azkenik, aipatu beharra dago metaetikan bi ikuspegi nagusi bereizten direla: kognitibista eta ez-kognitibista. Ikuspegi kognitibistaren arabera, adierazpen moralak proposizioak dira, eta beraz egiazkoak edo faltsuak izan daitezke. Jarrera honi ere errealista esaten zaio, eta kognitibistek etikarako zein entitate, propietate eta egoera mota diren beharrezko azaldu behar dute, baita haien balioa zein den eta nola eragiten duten gure ekintzetan ere. Ez-kognitibistek, ordea, uste dute adierazpen etikoak ez direla proposizioak, alegia, ezin direla ez egiazkoak ez faltsuak izan, eta beraz uste dute jakintza morala ezinezkoa dela. Haientzat, ekintzen gaineko iritziak soilik existitzen dira, eta etikak ez du ontologia zehatz bat behar. Jarrera honi ere anti-errealista deitzen zaio.

Etika materialak eta zoriontasunaren bilaketa

aldatu

Zoriontasunaren etikek ertzunkizunaren etikek edo etika materialek diote jokabide moralak emaitzen arabekoak direla. Moralki egokia izateko, jokabide batek helburu bat erdiesten lagundu behar digu, eta normalean helburu hori zoriontazunarekin lotuta egoten da.

Teoria etiko horien artean daude, eudomonismoa, hedonismoa, estoizismoa, etika kristaua eta utilitarismoa.

Eudomonismo

aldatu

Eudemonismoaren sortzaile, Aristoteles izan zen (K.a.IV. mendean).

Bere zoriontazunaren etikan, Aristotelesek onartutzat eman zuen zoriontasuna dela gizaki guztiok helburu dugun ongi gorena. Hausnarketa etikoaren lana izango da zoriontasuna zer den eta nola lor daitekeen ikertzea. Gizaki zoriontsua da, bere esentzia eta funtzio bereizia ahalik eta modu perfektuenean garatzen dituenean. Elikatzea ugaltzea eta haztea izaki bizidun guztion jarduerak dira, baina pentsatzeko eta arrazoitzeko gaitasuna da bakar-bakarrik gizakien jarduera propioa.

  • Bertute etiko edo moralak

Gure emozioei, sentimenduei eta desirei erdi bidean eusten datza. Adibidez; neurritasuna eta erdibidea libertinajearen eta sentibeheratasunetik ezaren artean.

  • Berturte dianoetikoak edo intelektualak

Printzipio arrazionakak atzematea helburua dute. Bi dira: zihurtzia eta jakituria.

Aristoteles
aldatu

Adibidez, Aristoteles esan zuena: Teoria honen oinarria da gizakien jokabideak ongi jardutera zuzenduta egon behar duela, hau baita zoriontasuna ematen duena. Gizakiak zorionaren bilaketa nekaezina du motibazio nagusi, zoriontsu izateko irrika, beti modu naturalean jardunez.

 
Aristoteles K.a.384-322

Hedonismoa

aldatu

Hedonusmoaren sortzailea, Epikuro izan zen (K.a. IV.- III. mendean)

Teoria horren arabera, ongi gorena,zoriontasunera eramango gaituen hori plazera. Plazera, mazimizatzea eta mina minimizatzea da gure bizitzako lehentasunzko helburua. Ataraxia, Epikuroren moralaren ideala, minik ezak dakarren plazer egoera da. Kalkulu hori egin ahal izateko, Epikuro hiru desira mota bereizi zituen:

  • Desira berezkoak eta beharrezkoak

Desirak baino gehiago oinarrizko beharrak dira, behar biologikoa. Horiek asetzeak beti zoriontsu egiten du gizakia.

  • Desira berezkoak eta ez beharrezkoak

Aldatzeko eta bizitzan plazer gehiago lortzeko gizakien desiratik sortzen dira. Adibidez; jateko gogoa plater bikain bat janda asetzeak, eta ez ogi zati bat janda. Desira horiek neurtu egin behar dira.

  • Desira ez berezkoak eta ez beharrezkoak

Luxua, boterea, aberastasuna, fama, loria, ospea eta ohoreak. Desira horiei uko egin behar diegu.

Etika normatiboa

aldatu

Etika normatiboak jokabide etikoa aztertzen du. Etikaren adar honi dagokio hausnartzea nola jokatu behar dugun, alegia, jokatzerakoan zein modu den egokia edo desegokia. Bere helburua sistema normatiboak sostengatuko dituen arau orokorrak bilatzea da, eta zergatik kasu batzuetan arau batzuk izatea onuragarria den aztertzen du. Horren adibide da “urrezko araua” (gainontzekoak tratatzea haiek zu tratatzea nahiko zenukeen moduan).

Etika normatiboaren barruan hiru jarrera nagusi ezberdindu daitezke:

Konsekuentzialismoa[4]

aldatu
 
[Betiko hautsitako esteka]Immanuel Kanten inperatibo kategorikoak zera dio: "joka ezazu zeure jokabidea lege orokor bihurtzea nahi bazenu bezala"
 
Aristotelesen arabera, bertuteen garapena da bizitza on eta zoriontsurako giltza.

G.E.M. Anscombek izendatutako jarrera hau daukatenek uste dute ekintzak baloratu behar direla ekintza horien ondorio onuragarrien arabera. Hau da, jokatzerako orduan, ondorioari soilik begiratu behar zaio, eta helburua ahalik eta ondorio onuragarriena lortzea da. Kontsekuentzialismoak aldaera asko ditu: haien artean, ultilitarismoa (ahalik eta jende kopuru handienarentzat zoriontasun mailarik altuena lortzea), egoismo etikoa (egoerak baloratu, erabakiak hartu eta besteekiko harremanetan soilik edo nagusiki bere interesei begiratzen dien pertsonaren jarrera eta jokabidea) eta  Auguste Comteren altruismoa (besteari laguntza eskaintzea, maitasun soilagatik eta trukean ezer jaso beharrik gabe). Ikus daitekeenez, jarrera hauek guztiek, ezberdinak izan arren, ondorio desiragarriak bilatzea dute helburu.

Deontologia

aldatu

Deontologiaren [5] arabera, ekintzek badute berezko balioa emaitzari edo ondorioei erreparatu beharrik gabe. Korronte honen arabera, pertsonek egintza gisa berez onak diren gauzak egin behar dituzte, eta hori betebehar moduan ikusten dute, ondorioa negatiboa izan badaiteke ere. Immanuel Kanten inperatibo kategorikoa da jarrera honen adibide.

Bertuteen etika[6]

aldatu

Korronte honen arabera, morala pertsona bakoitzaren barne ezaugarrietatik sortzen da, bere bertuteetatik, alegia. Teoria honen oinarriak Platonengan eta Aristotelesengan bilatu behar ditugu, uste baitzuten jarrera bat etikoa zela pertsona bertutetsu batek egiten bazuen.

Adibide bat jartzearren: konsekuentzialistek uste dute behartsuenei lagundu behar zaiela ekintza horren ondorioa onuragarria delako, deontologistek uste dute lagundu behar zaiela laguntzea gure eginbeharra delako, eta bertuteen etikaren arabera behartsuei laguntza eman behar zaie karitatetsua eta onbera delako.

Etika aplikatuak

aldatu

Filosofiaren diziplina hau saiatzen da teoria etikoa bizitza errealeko egoeretara aplikatzen. Galdera moral zehatz eta arazotsuei erantzuna ematen saiatzen da. Etika aplikatuak azpiadar ugari ditu.

Bioetika

aldatu

Bioetikak, adibidez, biologiarekin eta medikuntzarekin egindako aurrerapenak dakartzan auziak aztertzen ditu, hala nola abortua, eutanasia eta organoen donazioa. Orobat, esparru honetan sortzen diren galderak bizitza-zientzia, bioteknologia, medikuntza, politika, zuzenbidea eta filosofiarekin erlazionatuta egoten dira. Halaber, lehen mailako arretan eta medikuntzaren beste adar batzuetan sortzen diren balio arruntenei buruzko auziak ere aztertzen dira. Gainera, bioetikak ere landu behar ditu bioteknologia eta etorkizuneko aurrerakuntzak. Aurrerakuntza hauen barruan klonazioa, terapia genetikoa, giza genetika, ingeniaritza, astroetika eta espazioko bizitza eta horrelako eremuak aurkitu ditzakegu, eta bioetikak alor hauetan sortzen diren arazo etikoak aztertzen ditu.

Negozioen etika

aldatu

Negozioen etikak negozioen munduan aplikatzen diren printzipio etiko eta moralak aztertzea du helburu. Adar honek bi dimentsio ditu: normatiboa edo arauemailea eta deskriptiboa. Enpresa-praktika eta lanbide-espezializazio gisa, esparrua batez ere arauemailea da. Hala ere, enpresa-portaera ulertzen saiatzen diren akademikoek metodo deskribatzaileak erabiltzen dituzte. Enpresen etikarekiko interesa nabarmen hazi zen 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, bai enpresa handietan, bai mundu akademikoan. Adibidez, enpresa handi gehienek balio ez-ekonomikoekiko konpromisoa sustatzen dute (sustatuko beharko lukete) gaur egun, etika-kodeak eta gizarte-erantzukizuneko gutunak bezalako epigrafeenpean. Negozioen etikaren barruan, mota honetako galderak proposatzen dira: noren intereserako kudeatu behar dira enpresak? Nork zuzendu beharko lituzke? Zer zor diete enpresek haien langileei, eta zer zor diete langileek enpresei? Zein arau moraletan oinarritu beharko lirateke enpresek bezeroekin duten konpromisoa? Enpresek saiatu behar al lukete arazo sozialak konpontzen? Zein paper bete behar dute enpresek prozesu politikoan? [7]

Makinen etika

aldatu

Inteligentzia artifizialaren etikaren zati bat da, eta adimen artifizialdun izakien jokabide morala aztertzea du xede. Ez da nahastu behar beste zenbait kontzepturekin, hala nola roboetikarekin (gizakien jokabide moralean zentratzen da makina inteligenteak diseinatu, eraiki eta erabili bitartean), konputagailu etikarekin (konputagailuen eta informazioaren erabileraren portaera profesionalean zentratzen da), eta teknologiaren filosofiarekin (teknologiaren efektu sozial orokorrez arduratzen den adarra). Makina batek zentzu etikoa izan dezan programatzeak espezifikotasun berri bat eskatzen du gure teoria arauemaileetan, batez ere zentzu komunekoak izan ohi diren alderdiei dagokienez. Adibidez, makinek, gizakiek ez bezala, ikasteko algoritmo sorta zabala jasan dezakete, eta aukera horien meritu etikoei buruzko eztabaida sortu da. Horrek etika normatiboan eztabaida klasikoak berriro ireki ditzake, termino berrietan hitz eginda.

Etika militarra

aldatu

Soldaduaren indarraren eta etikaren aplikazioari buruzko gaiez arduratzen da, eta askotan etika profesional aplikatu bezala ulertzen da. Gerra justuaren teoria, oro har, etika militarraren sakoneko terminoak ezartzen dituena da. Herrialdeek eta norbanakoen tradizioek, ordea, arreta eremu ezberdinak dituzte. Etika militarraren barruan barne-eremu batzuk topa ditzakegu:

  1. Zeintzuk (egotekotan) izan beharko ziratekeen gerraren legeak
  2. Indar militarrari hasiera emateko justifikazioa
  3. Gerran helburua izan daitekeenari buruzko erabakia
  4. Armamentua aukeratzeari buruzko erabakiak, eta arma horiek izan ditzaketen albo-ondorioak
  5. Preso militarrak kudeatzeko arauak
  6. Gerrako legeen urraketak tratatzeko metodoak

Etika politikoa

aldatu
 
[Betiko hautsitako esteka]Nikolas Makiavelo filosofo politikoa.

Moral politikoa edo etika publikoa ere deitua, ekintza politikoari eta eragile politikoei buruzko judizio moralak egiteko praktika da. Bi arlo biltzen ditu: lehenengoa prozesuaren etika da (edo karguaren etika), funtzionario publikoei eta erabiltzen dituzten metodoei buruzkoa. Nikolas Makiavelo-ren eragina nabarmena da arlo honetan.  Bigarren arloa, politikaren etika (edo etika eta politika publikoa), politikei eta legeei buruzko epaiei buruzkoa da. Hala ere, etika politikoa ez da justizia idealaz arduratzen nagusiki, baizik eta balio moralak gauzatzeaz herritarrak (eta filosofoak) justizia idealaren inguruan ados ez dauden gizarte demokratikoetan. Gizarte pluralista batean, nola justifika dezakete gobernuek zerga politika progresibo bat, diskriminazio positiboa, abortatzeko eskubidea, osasun arreta unibertsala eta abar? Konpromiso politikoaren beharrak planteatutako arazo moralez ere arduratzen da etika politikoa.

Harreman etika

aldatu

Arretaren etikarekin lotuta dago. Ikerketa kualitatiboan erabiltzen da, bereziki etnografian eta autoetnografian. Harreman-etika erabiltzen duten ikertzaileek beren buruaren eta ikertzen ari diren pertsonen arteko lotura baloratzen eta errespetatzen dute. Harreman etikak ere gai zailak lantzen laguntzen die ikertzaileei, hala nola, hil diren gertuko pertsonei buruzko ikerketak egiterakoan eta ikerketaren parte-hartzaileekin adiskidetasunak garatzerakoan.

Animalien etika

aldatu

Gizakien eta gizaki ez direnen izakien arteko harremanari ematen dio izen. Gai honen barruan beste zenbait kontu lantzen dira, hala nola animalien ongizate eta eskubideak, animalien legea, espezismoa, gizaki ez diren animalien moraltasuna eta pertsonalitatea, faunaren kontserbazioa, animalien erabileraren historia eta animalien justizia.

Etika deskriptiboa

aldatu

Etika deskriptiboa edo konparatiboa pertsonen moralitateari buruzko usteen azterketa da. Adibidez, “jendearen ustez, zer da zuzena?” etika deskribatzailearen arloko galdera bat izango litzateke.

Etika deskribatzailea gizabanakoen edo pertsona-taldeen jarrerak ikertzeko modu enpirikoa da. Beste era batera esanda, erabaki moralak hartzeko prozesua behatzeak dakarren etika filosofiko edo orokorraren jarduera da, fenomenoa deskribatzeko helburuarekin. Etika deskriptiboan lan egiten duten pertsonek balioei buruz dauden sinesmenak deskubritzea dute helburu, zein ekintza diren zuzenak eta zeintzuk ez, eta eragile moralen zein ezaugarri diren bertutetsuak. Etika deskribatzailearen ikerketak pertsonen ideal etikoak ere iker ditzake, edo gizarteek zuzenbidean edo politikan saritzen edo zigortzen dituzten ekintzak. Argi dagoena da kultura belaunaldika aldatzen joaten dela, eta ez dela estatikoa. Beraz, belaunaldi berri bat etortzean, bere moral-multzo propioarekin, etika deskribatzailea  etikak oraindik bere lekua mantentzen duen ikuskatzen saiatuko da.

Etika deskribatzaileak ikerketa enpirikoa eskatzen duenez, biologia ebolutiboan, psikologian, soziologian edo antropologian lan egiten dutenek ikertu ohi duten eremua da. Etika deskribatzailetik ateratako informazioa, ordea, argudio filosofikoetan ere erabiltzen da.

Lawrencee Kohlberg:etika deskriptiboaren adibide

aldatu

Etika deskribatzailea lantzen duen psikologoaren adibide da Lawrence Kohlberg. Ikerketa batean, adibidez, Kohlbergek gizon talde bati galdetu zion zein izango zatekeen jokabide zuzena edo okerra dilema moral bati aurre egiten dion gizon batentzat (zehazki, Heinz dilema): droga bat lapurtu beharko luke emaztea salbatzeko, edo ez luke lapurtu beharko, horrek bere emaztea hiltzea ekarriko balu ere? Kohlbergen kezka ez zen zein erabaki hartzen zuten gizonek, baizik eta haien erabakien atzean zegoen arrazoibide morala. Honekin lotutako beste ikerketa batzuk egin ondoren, Kohlbergek giza arrazoibide moralaren garapenari buruzko teoria bat garatu zuen (Garapen moralaren teoria), bere ikerketan parte hartu zutenek benetan gauzatutako azalpen morala islatu nahi zuena. Kohlbergen ikerketa etika deskribatzaile gisa sailka daiteke, gizakien benetako garapen morala deskribatzen eta aztertzen duen neurrian. Aitzitik, gizakiak moralki nola garatu beharko liratekeen deskribatu nahi izan balu, bere teoria etika normatiboaren barruan kokatuko litzateke.

Arazo etikoen zenbait adibide

aldatu

Dilema etikoak

aldatu
 
Tranbiaren[Betiko hautsitako esteka] dilema. Botoia sakatu beharko litzateke?

Dilema etikoa edo paradoxa etikoa bi inperatibo etiko-moral posibleren artean erabakiak hartzeko arazo bat da, eta horietako bat ere ez da zalantzarik gabe onargarria edo hobesgarria. Konplexutasuna egoera gatazkatsu batetik sortzen da, non baten arabera jokatzeak bestea urratzea ekar dezakeen. Batzuetan paradoxa etiko hauek erabili daitezke sistema etiko bat edo kode moral bat ezeztatzeko, edo hura hobetzeko eta paradoxa ebazteko.

Tranbiaren dilema izango litzateke adibide bat, eta hau da bere planteamendua:

Tranbia bat kontroletik kanpo doa bide batetik. Bere bidean bost lagun daude filosofo gaizto batek trenbidera lotuta. Zorionez, tranbia beste bide batetik bideratuko duen botoi bati eragin dakioke; zoritxarrez, beste pertsona bat dago trenbide hari lotuta. Botoia sakatu beharko litzateke?”

Arazo hori aintzat hartzen duten gehienek uste dute baimenduta dagoela norantzaz aldatzeko aukera ematen duen botoiari eragitea. Horietako gehienek ekintza baimendua ez ezik, kasu honetan aukera moralik onena ere badela pentsatzen dute, bestea ezer ez egitea izanik.

Jakina, kalkulu kontsekuentzialista batek erabaki hori justifikatzen du, nahiz eta hau ere defendatu daitekeen konsekuentzialistak ez diren posizioetatik.

Badenaren eta izan behar duenaren auzia

aldatu
 
[Betiko hautsitako esteka]David Hume filosofoa.

David Hume eskoziar filosofoak azaltzen duen bezala, idazle eta pentsalari askok izan behar duenaren baieztapenak egiten dituzte berez badenaren baieztapenetan oinarrituta. Humek deskubritu zuen itxuraz ezberdintasun nabari bat dagoela deklarazio deskriptiboen (badenaren) eta arauemaile edo normatiboen (izan behar duenaren) artean, eta ez dela bistakoa batetik bestera zuzenean emandako saltoa. Arazo honi Humeren legea edo Humeren gillotina ere deitzen zaio.

Humek kontuz ibiltzeko eskatzen du “izan behar duena” “badenetik” eratortzen dela baieztatzen dutenen azalpenik ezarekin. “Baina, nola bideratzen da “izan behar du” bat “bada”batetik?” galdera, Humek adierazitakoa, teoria etikoaren gai nagusietako bat bihurtu da, eta Humeri deribazio hori ezinezkoa delako tesia esleitu ohi zaio.

Antzeko ikuspuntu bat defendatzen du G.E. Moorek bere “galdera irekiaren argudioarekin[8], propietate moralen eta propietate naturalen arteko edozein identifikazio ezeztatu nahi duena. Ustezko “falazia naturalista” hori ez dator bat naturalista etikoen ikuspuntuekin (naturalismo etikoak baztertu egiten du egitateen eta balioen arteko bereizketa: iradokitzen du mundu naturaren gaineko ikerketak gure ezagutza morala areagotu dezakeela, gure ezagutza zientifikoa areagotzen duen modu berean.)

Izatearen eta izan behar duenaren arteko bereizketaren auzia estuki lotuta dago egitateen eta balioen arteko bereizketaren auziarekin.

Zorte moralaren auzia

aldatu

Zorte moralaren arazo etikoa[9] askotan sortzen da agente bat moralki ebaluatzen dugunean, izan ere, batzuetan ematen baitu zuzena dela pertsona bat ebaluatzea, nahiz eta ebaluatzen den hori, neurri handi batean, bere kontroletik kanpoko faktoreen mende egon. Horrelakoetan, "zorte morala"-z mintzatzen da, eta printzipio moral intuitibo batekin talka gertatzen da, hain zuzen, kontrol-printzipioarekin, zeinaren arabera agente bat moralki soilik ebaluatu daitekeen bere kontrolpean dauden faktoreen arabera.

 
Nola[Betiko hautsitako esteka] ebaluatu beharko litzateke gidari bakoitza? Kontuan hartu behar al dira soilik bakoitzaren esku dauden ekintzak?

Auzi hau trafiko-istripu batekin irudika daiteke: A gidariak, arretarik gabeko une batean, semaforo bat gorrian pasatzen du haur bat kalea gurutzatzen ari denean. Gidaria haurra kolpatzea saihesten saiatzen da, baina huts egiten du eta haurra hil egiten da. B gidariak ere semaforo bat gorrian pasatzen du, baina momentu horretan inork ez du errepidea gurutzatzen, eta trafiko isuna baino ez du jasotzen.

Oinezko bati A eta B gidariak moralki ebaluatzeko eskatzen bazaio, B gidariari baino erru moral handiagoa eman diezaioke A gidariari, A gidariaren ekintzaren ondorioa heriotza bat izan delako. Hala ere, A eta B gidariek egindako ekintza kontrolagarrietan ez dago alderik; alde bakarra kanpoko gertaera kontrolaezin bat da, norberaren kontrolpean ez dagoen faktore bat, alegia. Erantzukizun morala agenteak bere borondatez ekintza bat egiten badu edo ez badu egiten bakarrik hartu behar bada kontuan, A eta B gidariek erru bera izan behar dute. Hau intuizioz problematikoa izan daiteke, egoera batek heriotza bat eragin duelako. Kasu horretan, nabaria da dagoen auzi morala.

Auziaren konponbiderako proposamenak hiru talde handitan sailkatu daitezke:

  1. Itxurakeriak gorabehera, zorte morala dagoela ukatzen dutenak.
  2. Zorte moralaren existentzia onartzen dutenak eta kontrol-printzipioaren irismena ukatzea edo mugatzea nahiago dutenak.
  3. Zorte moral mota batzuen existentzia onartzea edo ukatzea inkoherentea dela argudiatzen dutenak. Ez dute ez zorte morala ukatzen ez onartzen; ez zaie problematikoa iruditzen moralitateaz eztabaidatzeko orduan. Arrazoibide honen arabera, ebaluazio moralari dagokionez, ez du axola nola heldu zaren zarena izatera; "zarenarekin" egiten duzuna da garrantzitsuena. Beraz arazoa ez da inoiz azaleratzen.

Auzi honek bere formulazio klasikoa izan zuen Thomas Nagel (1979) eta Bernard Williams (1981) filosofoen lanetan.

Erreferentziak

aldatu
  1. Filosofiako gida : filosofian aritzeko oinarriak : gida bibliografiko eta metodologikoa. Udako Euskal Unibertsitatea 2004 ISBN 84-8438-048-3. PMC 433388431. (Noiz kontsultatua: 2020-04-07).
  2. Sayre-McCord, Geoff. (2014). Zalta, Edward N. ed. «Metaethics» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2020-04-08).
  3. Arrieta Urtizberea, Agustín, 1962-. (D.L. 2015). Filosofiarako sarrera bat. Universidad del País Vasco = Euskal Herriko Unibertsitatea ISBN 84-9082-285-9. PMC 1010849900. (Noiz kontsultatua: 2020-04-07).
  4. Sinnott-Armstrong, Walter. (2019). Zalta, Edward N. ed. «Consequentialism» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2020-04-27).
  5. Alexander, Larry; Moore, Michael. (2016). Zalta, Edward N. ed. «Deontological Ethics» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2020-04-27).
  6. Hursthouse, Rosalind; Pettigrove, Glen. (2018). Zalta, Edward N. ed. «Virtue Ethics» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2020-04-27).
  7. Moriarty, Jeffrey. (2017). Zalta, Edward N. ed. «Business Ethics» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2020-04-27).
  8. Arrieta Urtizberea, Agustín, 1962-. (D.L. 2015). Filosofiarako sarrera bat. Universidad del País Vasco = Euskal Herriko Unibertsitatea ISBN 84-9082-285-9. PMC 1010849900. (Noiz kontsultatua: 2020-04-27).
  9. (Ingelesez) Nelkin, Dana K.. «Moral Luck» plato.stanford.edu (Noiz kontsultatua: 2020-04-09).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
  • Etika, Gizapedian.
  • Etika, Euskaltzaindiaren hiztegian.