Eskoziako Alderdi Nazionala
Eskoziako Alderdi Nazionala (Eskoziako gaeleraz: Pàrtaidh Nàiseanta na h-Alba; eskozieraz: Scottis Naitional Pairtie; ingelesez: Scottish National Party) Eskoziako zentro-ezkerreko alderdi politiko bat da, Eskoziaren independentzia aldarrikatzen duena.
Eskoziako Alderdi Nazionala | |
---|---|
Datuak | |
Izen laburra | SNP |
Mota | alderdi politikoa |
Herrialdea | Erresuma Batua |
Ideologia | Eskoziar nazionalismoa, sozialdemokrazia, Eskoziar nazionalismoa eta europazaletasuna |
Kokapen politikoa | zentro-ezkerra |
Jarduera | |
Kidetza | Europako Aliantza Askea |
Kide kopurua | 72.186 (2023ko martxoaren 16a) |
Eskumendekoak | |
Agintea | |
Lehendakaria | John Swinney |
Egoitza nagusi | |
Historia | |
Sorrera | 1934ko apirilaren 7a |
Sorlekua | Edinburgo |
Ordezkatzen du | National Party of Scotland (en) eta Scottish Party (en) |
Koloreak | |
webgune ofiziala |
Gaur egun Eskoziako alderdi politikorik handiena da, kideei dagokionez, eta Erresuma Batu osoko hirugarrena, laboristen eta kontserbadoreen atzetik. Europako Parlamentuan Eskoziak dituen 6 eserlekuetatik 2 ditu, Erresuma Batuko Komunen Ganberan hirugarren indarra da Eskoziako 59 eserlekuetatik 54 izanda, eta Eskoziako Parlamentuan 129tik 63 ditu. Era horretan, lehen indarra da Eskoziako Parlamentuan eta Eskoziako Gobernua osatzen du, John Swinney buru dutela.
Historia
aldatu1934. urtean sortu zen, National Party of Scotland eta Scottish Party alderdiek bat egin zutenean. 1945ean lortu zuen lehen eserlekua Erresuma Batuko komunen ganbaran, baina Robert McIntyrek uko egin zion postua hartzeari bere burua independentistatzat zeukalako.
1967an Winnie Ewingek laboristak garaitzea lortu zuen ordura arte beraien barruti sendoa zen Hamiltonen. Horren ondoren, SNPren indartzea areagotu egin zen Eskozia osoan zehar. 1974an Eskoziako botoen herena lortu zuten, eta 11 eserleku irabazi zituzten Westmisterren.
1999an Eskoziako devolution prozesuaren ondoren zabaldutako parlamentuan bigarren indarra izan dira, laborista eta liberal demokratek osatutako gobernuari oposizioa eginez.
2007ko maiatzaren 3an egindako hauteskundeetan (Eskoziako parlamentua berritzeko hauteskundeak) Eskoziako alderdi bozkatuena izan da, urte askotan nagusitasuna eduki duen Alderdi Laborista bigarren postuan utziz.
Errereferendumean ezezkoa atera eta Salmondek dimitutu ostean azaroan egingo zuen batzarra SNP Eskoziako Alderdi Nazionalistak. Orduan utziko zuen Alex Salmondek Eskoziako lehen ministro kargua eta SNPko buruzagitza, eta han erabakiko zuten zein izango zen haren ordezkoa[1].
2014ko irailaren 24an, Nicola Sturgeonek iragarri zuen bere burua aurkeztuko zuela. Glasgown egindako agerraldi batean iragarri zuen Eskoziako lehen ministrorde kargua utziko zuela SNPko buruzagitza eta lehen ministro kargua hartzeko asmotan[1].
Egun berean zabaldu zenez, SNPk 32.000 afiliatu zituen lehen, eta erreferendumari esker, 57.000 zituen. Erresuma Batuko alderdi handienetan hirugarrena zen[2]. Urriaren 15ean jakin zenez, irailaren 18ko erreferendumaren kanpaina hasi aurretik, 25.000 afiliatu zituen SNPk. Independentziaren aldeko beroaldiari esker, 80.000 baino gehiago zituen, eta Erresuma Batuko hirugarren alderdia bilakatu zen[3].
Irailaren 14ean, Nicola Sturgeonek SNPko agintea hartu zuen Eskozian[4].
Ideologia
aldatuGaur egun zentro-ezkerreko alderditzat jotzen den arren, historian zehar bilakaera garrantzitsu baten ondorio izan da. Eztabaida ideologikoak egon ziren National Party of Scotlandeko ezkertiarren eta Scottish Partyko eskuindarren artean.
1960ko hamarkadan hasi zen ezkerreko bilakaera. Alderdiaren batzar nazionalean onartutako zenbait dokumentuk sozialismoaren aldeko jarrera azaltzen zuten. William Wolferen gidaritzapean izaera sozialdemokrata indartzeko nahia agertu zuten, hauteskundeetan laborismoaren aldeko zen beraien herrian arrakasta handiagoa lortu ahal izateko. Horretarako sindikatuen elkartea sortu zuten, besteak beste.
1970eko hamarkadan zehar, alderdiko buruzagitzak ezkerrerako joera indartzeko asmoa agertu zuen, baina kontserbadoreekin lehian zeuden zenbait alderdikidek (historian zehar kontserbadoreenak izan diren hauteskunde barrutietako kideek) joera hori moteltzea nahi zuten, kontserbadoreei ere lehia irabazi ahal izateko.
1979an alderdi barneko talde batek izaera sozialdemokrata kendu eta sozialista jartzea eskatu zuen. Beste talde batek, aldiz, ezker-eskuina ardatza gainditu eta SNP Eskoziaren alderdia bihurtzea eskatu zuen, alde abertzalea indartuz.
Ezker-eskuin gatazkaz gain, SNPren baitako eztabaida garrantzitsuena gradualisten eta fundamentalisten artekoa da (independentzia lortzeko bideei buruzkoa): lehenengoek pausoz pauso lortu nahi dute, devolution prozesua probestuz; bigarrenek, ordea, independentzia lortzeko indar gehiago egitea eskatzen dute.
Europako Parlamentuan EFA-Europako Aliantza Librea alderdian lan egiten dute. Bereziki Galesko Plaid Cymru alderdi abertzalearekin dute harreman estuena.
Hauteskundeen emaitzak
aldatuUrtea | botoen %a | legebiltzarkideak |
---|---|---|
1999ko Eskoziako Legebiltzarrerako hauteskundeak | %27,3 | 35 (129tik) |
2003ko Eskoziako Legebiltzarrerako hauteskundeak | %20,9 | 27 (129tik) |
2007ko Eskoziako Legebiltzarrerako hauteskundeak | %31,0 | 47 (129tik) |
2011ko Eskoziako Legebiltzarrerako hauteskundeak | %44,0 | 69 (129tik) |
2016ko Eskoziako Legebiltzarrerako hauteskundeak | %41,7 | 63 (129tik) |
Alderdiaren buruzagiak
aldatu- Alexander MacEwan (1934-1936)
- Andrew Dewar Gibb (1936-1940)
- William Power (1940-1942)
- Douglas Young (1942-1945)
- Bruce Watson (1945-1947)
- Robert McIntyre (1947-1956)
- James Halliday (1956-1960)
- Arthur Donaldson (1960-1969)
- William Wolfe (1969-1979)
- Gordon Wilson (1979-1990)
- Alex Salmond (1990-2000)
- John Swinney (2000-2004)
- Alex Salmond (2004-2014)
- Nicola Sturgeon (2014-2023)
- Humza Yousaf (2023–2024)
- John Sweeney (2024–)
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b «Salmonden ordezko izateko hautagaitza aurkeztuko du Sturgeonek»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2014-09-24
- ↑ «Nicola Sturgeon, SNPko buruzagi izateko hautagai Alex Salmonden ordez», Berria, 2014-09-25
- ↑ «80.000», Berria, 2014-10-16
- ↑ «SNPko buruzagitza hartu du Eskozian Nicola Sturgeonek», Berria, 2014-11-15
- ↑ https://web.archive.org/web/20121201030921/http://www.parties-and-elections.eu/scotland2.html
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- (Ingelesez) Eskoziako Alderdi Nazionalaren webgunea