Enpresa talde
Enpresa taldeak hainbat sozietate kontrol bateratuaren pean daudenean sortzen dira, batasun ekonomikoa eratuz.
Gehienetan, sozietate bakoitzak unitate ekonomiko autonomo bat osatzen du baina enpresen errealitatean, behin baino gehiagotan, ez da horrela gertatzen. Tresna juridikoak erabiliz -kontratuak, akzioekiko partaidetza, etab.- sozietate baten agintea beste sozietate baten azpian gera daiteke. Horrela sortzen dira enpresa taldeak edo sozietateen taldeak.
Enpresa taldeen garrantzia gaur eguneko ekonomian
aldatuGaur egungo sistema ekonomikoan enpresa taldeen formula da enpresa handiek antolatzeko erabiltzen duten tresnarik ohikoena. Enpresa handien jarduera esparru ezberdinak bideratzeko tresna egokia izan ohi da enpresa taldea. Askotan, jarduera berdina izanik ere, jarduera hori esparru geografiko ezberdinetan gauzatzeko orduan, sozietate egitura ezberdinak erabiltzen dira.
Enpresa taldeak sozietateen zuzenbidean
aldatuSozietateen zuzenbidearen betiko erreferentziak, guztiz autonomoa den sozietatea arautzeko sortu ziren.
Gaur egungo enpresen errealitatean, bestalde, autonomoak ez diren sozietate asko azaltzen dira, menpeko sozietateak alegia. Sozietateok, nahiz eta itxuraz erabakigune autonomoak izan (barne organoak, zuzendariak, etab. dauzkate), beste sozietate baten azpian daude.
Hori dela eta, hainbat arazo sortu dira egoera horiek arautzeko zuzenbidearen arlo ezberdinetan:
- Sozietateen zuzenbidean bertan (erantzukizunaren mugapena)
- Merkataritza zuzenbidearen beste arloetan (lehiakortasuna)
- Lan zuzenbidean
- Zerga zuzenbidean
Zuzenbidearen arlo guzti hauetan, apurka-apurka, neurriak hartu dira enpresa taldea bera erabakigune gisa onartzeko orduan.
Enpresa taldeen arazo-multzoa
aldatuEnpresa taldeak, gehienetan, akziokako partaidetzen bidezko kontrolean oinarritzen dira. Hau da: sozietate bat beste sozietate bateko akzioen jabe bihurtzen da, bigarren sozietate honen kontrola eskuratu arte.
Hori dela eta, antolaketa egitura horiek kapital sozietateetan daude batez ere. Beste motako erakundeetan: elkarteak, kooperatibak, mutualitateak, etab., askoz zailagoa da sozietate batek beste baten kontrola eskuratzea batzar nagusiaren boto eskubidearen bidez. Azken urteotan, kooperatiben zuzenbidean ere, hainbat tresna hasi dira erabiltzen kooperatiba biren artean antzeko loturak eratzeko asmoz.
Enpresa sareak
aldatuAkziokako partaidetzetatik aparte, sozietateen arteko kontratuak ere izan daitezke sozietateen arteko loturak eratzeko tresna interesgarria. Lotura horiek mota guztietakoak izan daitezke.
Kontratu horien bidez sortzen diren egiturak, oro har, "enpresa sareak" kontzeptuaren barruan kokatzen dira. Sare horiek gero eta garrantzi handiagoa dute enpresa txiki eta ertainak lotzeko eta, enpresa hauen dinamismoa gordez, enpresa handien abantaila batzuk aldi berean eskuratzeko.
Enpresa sareek gero eta garrantzi handiago dute enpresa egitura kapitalistan eta enpresa egitura dinamizatzeko funtsezko tresna bihurtzen ari dira. Sare horiek mota askotakoak izan daitezke. Horien artean, elkarketak edo agrupazioak, edo kontratu bidezko taldeak.
Kontratu bidezko taldeak
aldatuNahiz eta ohikoenak ez izan, interes handikoak dira kontratu bidezko egiturak enpresa taldeak eratzeko orduan.
Nahiz eta batzar nagusian parte hartu ez, posible da kontratu baten bidez sozietate bat beste sozietate baten kontrolaren azpian uztea. Taldeak eratzeko kontratu bidezko tresna hauek, espresuki onartuak daude hainbat legeditan, batez ere, Alemanian, Portugalen, Brasilen eta Suitzan. Euskal Herrian kooperatiben zuzenbidea izan da arlo honetan aitzindari, "kooperatiben taldeak" arautuz.
Bi motako egituraak sortu ohi dira talde hauetan:
- Menpekotasun kontratuak: kontratu hauen bidez sozietate bat beste baten agintearen azpian geratzen da, menpekotasun talde bat eratuz.
- Egitura berdintzaileko kontratuak: kontratu hauen bidez, sozietate batzuk denen artean osatzen duten beste sozietate baten eskuetan uzten dute egitura osoaren kontrola. Horrela eratzen den egitura, "egitura berdintzaileko taldea", "talde horizontala" edo "talde federatiboa" deitu ohi da.
Partaidetzazko enpresa taldeak
aldatuEnpresa talde gehienak horrela eratu ohi dira, sozietate batek beste sozietate bateko batzar nagusian kontrolerako gehiengoa eskuratuz (gehienetan, akzioen jabetzaren bidez).
Partaidetzazko taldea da, mundu osoan, enpresa taldeak sortzeko erabiltzen den tresna nagusia. Egiturok guztiz zabalduta daude, ez soilik enpresa handietan, baita ertain eta txikietan ere.
Partaidetzazko taldeak sortzeko arrazoiak oso ezberdinak izan daitezke:
- Batzuetan, eskumendeko sozietateetan gutxiengoan dauden beste akziodunak onartzeko beharra edo interesa.
- Beste batzuetan, atzerriko herrietan gestionatzen diren jarduerak sozietate ezberdinen bitartez bideratzeko beharra edo interesa.
- Besteetan, jarduera ezberdinen kudeaketan autonomi eta malgutasun handiagoa lortzeko beharra.
- Beste zenbaitetan, arrazoi laboralak dira garrantzitsueneak: lan hitzarmenak ezberdintzeko asmoa, langileen partaidetzazko arauak ebitatazeko asmoa, etab.
- Azkenik, zerga-arazoak ere, batzuetan, talde-egitura sortzeko arrazoia dira, batez ere oinarri ezargarria kontsolidatzeko aukerarik badago.
- Besteetan, eskumendeko sozietateak sortzea akziodunen kontrola ebitatzeko, sozietate nagusiaren kudeatzaileeen tresna bat izan daiteke.
Bestalde, sozietate nagusia kapital sozietatea ez bada, jardueraa edo ondasun zehatz batzuen titulartasunaren kudeaketa malgutzeko tresna bat izan daiteke eskumendeko kapital sozieteen bidez bideratzea.
Sozietateen legedian hainbat arazo sortu da enpresa taldeen hedapenaren ondorioz. Batez ere, arlo hauetan:
- Sozietate nagusien gutxiengoan dauden akziodunen babesa
- Eskumendeko sozietateetan gutxiengoan dauden akziodunen babesa
- Taldearen interesak eta sozietate bakoitzaren interesak kontutan hartzeko beharra
- Eskumendeko sozietateen administratzaileen gestioaren helburuak
- Sozietate nagusiaren aginduen ondorioak
- Talde barruko hitzarmen edo kontratuen ondorioak
- Eskumendekoen hartzekodunen babesa
- Eskumendeko Sozietateen erantzukizunaren mugapena zein punturaino errespetatu behar den.
Kooperatiben eta mutualitateen taldeak
aldatuKooperatibek eta mutualitateek, oro har, ez dute inolako arazorik enpresa talde bateko sozietate nagusia izateko, nahiz eta, kooperatiben kasuan, muga zehatz batzuk ezarri kooperatiben legediak.
Guztiz alderantziz da kooperatibak edo mutualitateak menpeko sozietate gisa eratzeko orduan. Erakundeok kanpotik kontrolatzea ez dator erakunde hauen betiko legediarekin. Hala ere, azken hamarkadotan, funtsezko aldaketa batzuk gertatu dira kooperatiben legedian eta, hauen ondorioz, bideragarria bihurtu da "menpeko kooperatibak" eratzea, beti ere kanpoko erakunde kontrolatzailea beste koooperatiba bat bada.
Zailtasun guzti horiek kontutan harturik, kooperatibek eta mutualitateek, beraien artean harremanetan jartzeko orduan, gehienetan ez dute partaidetzazko talderik eratzen, talde horizontalak baizik. Talde horizontal horien bidez, kooperatiba edo mutualitate batzuk -kontratu baten bitartez- beraiek osatzen duten beste erakunde baten eskuetan uzten dute talde osoaren zuzendaritza edo agintea.