Burgesia
Soziologian eta politika zientzian, burgesia historian izandako zenbait gizarte talde izan dira. Mendebaldean, XVIII. mendearen bukaeratik gaur egunera arte, burgesia kapitala duen gizarte-klasea da eta, hori dela eta, kultura monopolizatu duena. Bere kideak burgesak edo kapitalistak dira. Adiera zabalean, maila ekonomiko altua duen gizarte-klasea ere bada.
Zenbait ikerlarik burgesiaren jatorria erromatarren garaiko udal antolakuntzan jartzen badute ere, erakundea Erdi Aroan sortu zen. Erdi Aroan, lana, heziketa eta kapitalaren bidez eskuratzen zuten botere sozial eta ekonomikoa burgesek, jaiotzaren bidez lortzen zuen aristokraziak ez bezala. Garai hartako eskulangileak eta merkatariak gazteluen inguruan bildu eta, feudalismoaren bukaeran, burgu izeneko herri-zabalpenak sortu zituzten; hain zuzen, hortik datorkio bere izena.
Nolabaiteko indarra lortu zuenean, feudalismoaren kontra borrokan hasi zen burgesia, gizartearen baitan bere lekua eskuratu nahian. Korporazioak, gremioak eta komunak burgesiaren borrokaren eta aurrerabidearen tresna izan ziren, eta gainera, noblezia burgesiaren alde jarri zen, jaun feudalen agintea murrizteko. Udal batzarrei esker, askatasuna eta segurtasuna handituz joan ziren, eta ondorioz industria ere garatu zen, merkataritza hedatu eta ondasunak gehitu.
Hasieran, burgesiak bi borroka egin zituen, bata jabego higikorrarena, industriatik zetorrenarena, eta lur jabegoarena bestea. Hirietan nekazari giroan baino lehenago lortu zuen arrakasta. Burgesiak eragina izan zuen jopuengan, horiek laguntza jaso baitzuten udal batzarretatik, baina haien gizarte egoera ez zen industria gizonen eta merkatarien egoeraren parera heldu.
XVI. mendeaz geroztik mailatan banatuta geratu zen burgesia hirietan: burgesia handia (industria gizon eta merkatari aberatsak) eta burgesia txikia (merkatari eta industria gizon txikiak, lanbide liberalak zituztenak eta enplegatuak, erdi mailako klasekoak). Burgesiaren artetik atera ziren entziklopedistak, geroago Frantziako iraultza prestatu eta egin zutenak.
Sozialista modernoen esanetan, burgesiaren ezaugarria ekoizpen lanaren aldakuntza da. Bestalde, marxismoaren arabera, "burgesia" hitza langileriaren aldarrikapenen aurkakotzat erabili izan da beti; ikuspegi horretatik, marxismoaren ikuspegitik alegia, desagerrarazi egin behar den klase menderatzailea da. Marxismoaren arabera, produkzio-sistema kapitalistako produkzio-bideen jabegoa duen klase soziala da, arrazoi honengatik klase buruzagia dena (proletalgoari kontrajarriz erabilia).
Burgesia handiaren aurka agertu da burgesia txikia Europan egindako kongresuetan. Horrela, Anberesen 1899ko irailaren 17 eta 18an burgesia txikiaren nazioarteko kongresuan beretzat kaltegarri ziren hainbat gauza azpimarratu ziren: trustak, biltegi handiak, desleialtasuna, etab; irtenbidetzat, burges txikientzat lan askatasunaren arautegia, elkarte ekonomikoak, lanbide heziketak eta abantaila fiskalak proposatu ziren.
Erdi aroko burgesia eta burgesia modernoa
aldatuBurgesia terminoa "burgo"-etako (behe erdi-aroko Europa okzidentaleko hirietan sortzen ziren alderdi berriak) biztanleei izena emateko erabili zen hasiera batean. Burgesak ez ziren jaun feudalak, ezta zerbitzariak ere; ez ziren estamentu pribilegiatuetan sartzen, ezta nekazarietan ere. Euren funtzioa sozioekonomikoa merkataritzan, artisautzan edo lanbide liberaletan parte hartzea zen. Laboratores estamentuan koka zitezkeen.
Eskumen feudalari atxikimendua ez egotea zen oinarria: "hiriko aireak libre egiten zaitu" (Stadtluft macht frei) esaten zen. Burges batzuk hirietako buru politikoak izatera iritsi ziren, nobleziarekin nahasten ziren patriarkatu urbanoari esker. Italiako hirietan, horrek botere subiranoa esan nahi zuen, aldiz, monarkia autoritarioko herrialdeetan Hirugarren Estatua edo herri xehea errepresentatzea esan nahi zuen. Jatorri burgeseko hainbat familia noble bihurtu ziren azkenean (Borghese, Medici, Fugger).
Feudalismotik kapitalismorako trantsizioak bultzatuta, burgesia asko aurreratu eta garatu zen Antzinako Erregimenean eragin handiko indar sozial bezala. Hala ere, bere desegokitasun batzuen ondorioz, Aro Modernotik Aro Garaikiderako trantsizioan "iraultza burgesak" deitzen diren gatazkak gertatu ziren.
Iraultzako garaian
aldatuMerkantilismoak eta Europaren hedapenak mesede egiten zion burgesiari, gauzak horrela, burgesia industriala goratzen hasi zen iraultzen garaian (Industria Iraultza, industria politiko eta sozialak -iraultza amerikarra, iraultza frantsesa, 1820, 1830 eta 1848ko ziklo iraultzaileak). XIX. mendean zehar, nagusitasun sozialaren ondorio gisa, botere politikoak lortzen ditu, beraz, estamentu pribilegaituei kontrajarrita dagoen klase "iraultzaile" bat izatetik, proletariotzari kontrajarriko zaion klase "kontserbadore" izatera igarotzen da burgesia.
Burgesia marxismoan
aldatuHistoriaren interpretazio marxistaren arabera (materialismo historikoa) burgesia produkzio kapitalistan duen paperagatik identifikatzen da, non gizartearen egituran duen posizioa eta beste klaseekin duen erlazioagatik nabarmentzen den. Bere funtzioa produkzio-bideen jabetza izatea da, beraz, horrek desberdintzen du proletarioekiko (hauek ez dituzte produkzio-bideak, beraz beraien lan-indarra saltzera behartuta daude). Gainbalioari esker, aberastasunak metatzen dituzte burgesek.
XX. mendetik, "burgesia" eta "burges" terminoek kutsu gutxiesgarria dute, bereziki polemika sortzea helburu duten kontestu politikoetan; hala ere, erabilera akademikoa ere ematen zaio.
Balio eta programa burgesak
aldatuXVIII. mendeko entziklopedismoak eta Ilustrazioak adierazpen ideologikoa eman zioten burgesiarekin identifikatzen ziren interes eta baloreei (banakoa, lana, berrikuntza, aurrerapenak, zoriontasuna, askatasuna, berdintasuna, Liberté, égalité, fraternité leloan laburbilduta). Horrek programa politiko, sozial eta ekonomiko handizalea ekarri zuen, hurrengo mendean zehar ezarri zena Erregimen Zaharra burgesia klase dominante gisa zeukan Erregimen Berriak ordezkatzen zuelarik.
- Zuzenbidezko estatua, botereen banaketa eta sistema politiko parlamentario eta errepresentatiboa, Konstituzio batean oinarrituta zegoena (gaur egun liberalismo politikoa bezala ezagutzen dena). Gobernu mugatua bilatzen da; hau da, Estatuaren gutxieneko esku hartzea.
- Askatasun zibil edo publikoak; hala nola, erlijio askatasuna, adierazpen eta prentsa askatasuna, biltzeko eta manifestatzeko eskubidea, askatasun ekonomikoa eta merkatu librea... Jabetza pribatua sustatzea batik bat (liberalismo ekonomikoa).
- Klase sozial batetik bestera igarotzeko aukera, beren lan merituen ondorioz (arrakasta ekonomiko edo intelektuala) eta ez pertsonaren odol, herentzia edo estamentu baten parte izatearen ondorioz.
Trataera burgesak
aldatuBalio burgesen arrakasta erabilera sozial guztietara zabaldu zen, trataera protokoloetara ere bai. Erregimen Zaharreko ezaugarri ziren trataera aristokratikoetatik kortesia trataerak unibertsalizatzera igaro ziren. Orduan, denek zeukaten trataera hau jasotzeko eskubidea, berdintasunezko gizarte bat zen heinean. Frantziar Iraultzan zehar citoyen-herritar zen deitzaile lehenetsia; geroago monsieur- jauna zabaldu zen eta vous-berori. Espainian, XX. mendeko lehen herenera arte, don deitzailea (latinezko dominus-etik eratorria) "batxiler" titulurako erabiltzen zen soilik, baina unibertsalizatuz joan ziren. Aldi berean, "licenciado" eta "doctor" terminoak Latinoamerikan eta Alemania bezalako beste herrialde batzuetan erabiltzen dira.
"Zu" erabiltzea, gazteen aldaketa "antiburgesa" izan zen, 1968ko iraultzaren ezaugarrietako bat. Hala ere, falangismoaren ezaugarria ere izan zen hasierako frankismoaren garaiko Espainian.