Ugarit[1] (ugariteraz: 𐎜𐎂𐎗𐎚‎, ʼUgart; arabieraz: أُوغَارِيت‎ Ūġārīt edo أُوجَارِيت Ūǧārīt; hebreeraz: אוּגָרִית‎Ugarit) Siriako kostaldeko antzinako hiria, Latakia hiriaren iparraldean zegoena. Hiriaren hondakinak 1929az geroztik aurkitu izan dira Ras Shamran (arabieraz: رأس شمرة). Hondakinen arabera, bost bizialdi zehaztu dira. Maila horietako zaharrena (V.a) Neolito Aroari dagokio, eta bizialdi berriena (I.a) eten egiten da Itsasoko Herriek (Ekialde Hurbilera migratu zuen Brontze Aroko herri-talde bat) suntsitu zutelako hiria K. a. 1200. urtea baino lehentxeago. VI. eta III. mailak IV. eta III. milurtekoei dagozkie alde batean, eta bertan aurkitu diren zeramika-puskak mesopotamiarrei dagozkie. III. mailako zeramika-puskek feniziarrak ere han bizi izan zirela adierazten dute. II. eta I. mailek hiria merkataritza- eta kultura-gune garrantzitsua izan zela erakusten dute. II. maila izan zen garaian Egiptorekin harremana izan zuen eta I. mailan Hititen Inperioarekin. Maila horietan aurkitu dira monumenturik garrantzitsuenak ere: Dagon (II. milurtekoaren hasierakoa) eta Baal jainkoei eskainitako tenpluak, gotorlekua eta jauregia. Jauregian ugarit hizkuntzan, hau da, idazkera kuneiformezko hizkuntzan idatzitako artxiboak aurkitu dira.

Ugarit
𐎜𐎂𐎗𐎚
Kokapena
Herrialdea Siria
Siriako muhafazahLatakia eskualdea
Koordenatuak35°36′07″N 35°47′08″E / 35.60194°N 35.78556°E / 35.60194; 35.78556
Map
Historia eta erabilera
IrekieraK.a. VI. milurtekoa
SuntsipenaK.a. 1190(e)ko hamarkada

Errege Jauregia. Ugariterazko testuak. Beste indusketa batzuk

aldatu

1928an, Mahmoud Mella az-Zir nekazari alauiak Ugariteko Nekropolirako sarbidea aurkitu zuen. Hori izan zen hiriaren aurrien kokapen zehatzaren aurkikuntza modernoa, ordura arte erreferentzia historikoak besterik ez baitziren. 1928an aurkitutako lekua mapan adierazten duten ontzi kretatarretan grabatutakoekin alderatuz gero, hiri galduaren kokapena baieztatu zuten.

Aurkikuntza arkeologiko modernoari esker, esplorazio-eremu garrantzitsua ireki zen, eta Claude Schaeffer frantziar arkeologoa aritu zen horretan batez ere. Haren aurkikuntzetako asko Aurrehistoria eta Galiar-erromatarren Museoan daude, Estrasburgon (Frantzia).

Ikerkuntza garrantzitsuenak C. Schaefferrek egin zituen hiriaren garai goreneko aldi handi batean Errege Jauregi izan zitekeen eraikinean. Han 90 gela eta bi liburutegi pribatu topatu ziren, non oholtxoetan idatzitako testuak zeuden. Liburutegi horietako bat Rapanou izeneko pertsona batena izan zen, eta diplomatikoa izan zitekeen, nazioarteko harremanei buruzko eskuizkribu asko aurkitu baitziren bertan. Liburutegi oparoa da, testu diplomatikoak ez ezik, erlijiosoak, politikoak —Ugariteko errege-erreginen zerrendak, sumeriarren garaitik inguru horretako herriek zuten erregistro-ohitura zen—, merkataritzakoak, juridikoak —legezko kodeak, lurren salerosketak—, zientziari buruzkoak, administraziokoak eta literarioak ere bai baitzeuden. Testu horiek, gehienbat alfabeto kuneiformez idatziak, tokiko hizkuntzan egoteaz gainera —ugaritena herri semita zen—, Ekialde Hurbileko garaiko hizkuntza nagusietan ere bazeuden; besteak beste, akadieraz, sumerieraz, hurrieraz, luviteraz eta egiptoeraz (azken biak idazkera hieroglifikoan). Horrek agerian uzten du hiriaren kokapen estrategikoa, bai Asia Txikiaren eta Mesopotamiaren arteko lurreko komunikazioei dagokienez, bai Ekialde Hurbileko beste herrialde batzuetara itsasoz sartzeko sarbide gisa.

Bideen gurutzaketa hori K.a. 6.000 urtetik aurrera garatu zen, garai neolitikoetan, baina bereziki nabarmendu zen hiriaren aldi berantiar eta historikoenean, Burdin Aroan, alegia, eta horrek bihurtu zuen hiriaren aldirik klasikoena eta biztanleriari eta garapen ekonomiko eta kulturalari dagokionez oparoena —K.a. XII. mende ingurua—.

Ondoren egin ziren ustiaketetan, 1958an, 1973an (120 oholtxo topatu ziren) eta 1994an (300 oholtxo topatu ziren), liburutegi bat topatu zen bakoitzean; guztira, beraz, bost identifikatu dira (hiru hauek eta aurrez Errege Jauregian topatutako biak). Lehen aurkikuntzako oholtxoak merkatu beltzean saldu ziren, eta ia osorik berreskuratu zuen Claremonteko Teologia Eskolako Antzinatasun eta Kristautasun Institutuak. Horien itzulpen eta interpretazio zientifikoa Loren R. Fisherrek argitaratu zuen, 1971n.

Ugariteko erregeak

aldatu

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu