Edukira joan

Paleontologia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Paleontologo» orritik birbideratua)

Paleontologia (grezierazko παλαιος "antzinako", οντος "izakia" eta λογος "zientzia") iragan denboretako izaki bizidunak eta biosferaren eboluzioa aztertzen duen zientzia da. Lan hau fosilen bidez egiten du. Definizio hau Ducrotay de Blainvillek eta Fischer Von Waldheimek eman zioten 1825 eta 1934an hurrenez hurren.

Fosilak ez ezik izaki bizidunek oro har utzitako arrastoak ere ikertzen ditu paleontologiak. Paleontologia, beraz Biologia eta Geologiaren arteko Zientzia kontsideratuta dago. Paleontologiari esker Denbora Geologikoaren Eskalan sakontzea lortu da, bereziki, Mikropaleontologiak eskaintzen dituen datuak direla eta. Lurrean beste aroetan bizi izan ziren organismoak edo haien jardueraren aztarnak aztertzen ditu hainbat aldetatik, bizi izan ziren ingurunearekin izan zitzaketen harremanak bilatu eta denborazko ordena egokian ezartzen saiatzen dela. Hori dela eta, ez da zientzia deskribatzaile soila, zeren iraganeko izaki bizien ezagupen anitzez sakonagoa lortzea baitu xedea, bai izaki haien bizieraz, bizi izan zireneko giroaz, haien desagerpenaren arrazoiez, etab. Iraganean Biologiaren edota Geologiaren adartzat hartu izan bada ere, zientzia ongi finkatua eta autonomoa da; adjektibo hori du, hain zuzen, egokiena, metodologia berezia eta berezko doktrina duelako. Haren osagai historikoak, iraganaren ikerketa den aldetik, honako hau esanarazi zion Jean Albert Gaudryri: Izadiaren Historia, Paleontologiaren aurkikuntzei esker, Historia da hitzaren zentzu jatorrenean.

Paleontologiaren muina taxonomia da, hau da, fosilak eta animaliak taxon izeneko talde ordenatu eta naturaletan sailkatzea. Taxoi horiek hierarkia mailatan ordenatzen dira, taldeen arteko erlazioak argi ikusi eta eboluzio ikuspegia argi hauteman ahal izango den modua, halakorik ziurta daitekeen neurrian.

Ilustrazio hau (indiar elefante eta mamut barailak) Cuvierren azterlanean agertzen da, elefante biziei eta fosilei buruzkoa.

Antzinatik fosilak gauza deigarria gertatu zitzaizkion gizakiari, animalia ezagunen eitea sumatzen baitzien; fosil asko kuttun gisa erabili zituzten, hainbesteraino non aski maiz gertatzen baita historiaurreko hilobietan horrelakoak aurkitzea. Are bilduma txikiak ere aurkitu izan dira zenbait hobitan. Antzinate Klasikoa arte (K.a. VI. mendea) ez da aurkitzen horien jatorriaren interpretazio gutxi-asko egokirik. Hala, Ovidio, Estrabon edo Herodotok gaia honi buruzko oharrak utzi dituzte; besteren artean lehorra lehenagoko garaietan itsasoak estali ote zuen susmoa azaltzen dute, gertaera horren lekuko maskorrak geratu geratu direlarik. Idatzi horien ondoan, beste zenbait harrigarri gertatzen zaigu, hala nola hain ezagunak diren Nummulites izenekoak piramideak eraiki zituzten langileen janari hondarrak ote zirelakoa (harri bihurturiko dilistakk, hain juxtu). Ehunka urtetan, fosilen inguruko usteak era askotakoak eta guztiz xelebreak izan dira. Batzuentzat ludus naturae edo naturaren jolasak ziren, izadia berez imitatzen saiatzen ziren harriak, lurraren berezko sorkariak, besterentzat Uholde Handiaren edo erraldoi mitologikoen hondarrak, munstro fantastikoak edota, besterik gabe, zerutik erortzen ziren zerak. Zenbaiten ustetan, ordea, Deabruaren asmakariak ziren haiek, Kreatzaileak gizonak nahasteko moldatzen uzten zizkionak.

X. mendean, Ibn Sina (Avizena) arabiar medikuak misteriozko indar kreatzaile edo vis plastica bat aipatzen zuen; Ibn Sinaren arabera indar horrek harriei forma ematen zien baina ez zen iristen bizitza ematera.

Mendetan zehar, lur eremu jakin batzuetan fosilak sortzeko gai den gauza ezezagun bat (vis formativa, spiritus lapidificus, materia pinguis) zegoelako ustea izan zen nagusi.

Paleontologia jakintza Georges Cuvier-ek sortu zuen XIX. mendean. Funtsean ornodunen azterketak egiten zituen eta lan sakonak egin zituen fosilei buruz. Korrelazioen lege ezaguna proposatu zuen. Lege horren arabera gorputzaren atalen artean harreman zehatzak daude, halako eran non organo bakar batean ezin den aldaketarik izan, baldin eta gainerako organoetan ez bada beste horrenbesteko aldaketarik gertatzen; horri esker, animalia baten atal bat ezagututa, animalia osoa ezagutzera irits daiteke: Izaki organiko bakoitza multzo oso bat da eta bere zatiak elkarren osagarri dira, bakoitzak gainerako guztiak mugatzen eta baldintzatzen dituela, eta, hortaz, edozein pusketatik zein animalia den antzeman daiteke; azken finean hezur zati bat nahikoa da animalia hori zein den ezagutzeko.

Paleontologiak biologia zientziekin harreman estuak dituenez, iraganeko izaki bizien alderdi asko argitzen saiatzen da, hala nola haien jatorria, ingurumena, biziera, banaketa geografikoa, iraupena, desagertzea, filogenia, anatomia eta sistematika. Fosilak eta fosil horiek aurkitu diren ingurunea aztertzeak iraganeko bizitzari buruzko berri asko ematen du.

Bereizketa bat egin daiteke izaera orokorra edo interpretaziozkoa duen Paleontologiaren eta Paleontologiaren ikerketa-adar multzoaren artean. Ikerketa adarren artean aipatzekoak dira:

  • Tafonomia, fosilizazio prozesua eta aztarnategiak ikertzen dituena;
  • Paleobiologia, iraganeko organismoak aztertzen dituena;
  • Paleoekologia, iraganeko organismoen arteko erlazioez arduratzen dena;
  • Paleobiogeografia, iraganeko izaki bizien banaketa geografikoa ukitzen duena;
  • Paleontologia Ebolutiboa, iraganeko izakien arteko ahaidetasun loturak, eta gaurkoekikoak, aztertzen dituena;
  • Paleontologia Estratigrafikoa, estratuen datazioaz arduratzen dena, oinarritzat Biokronologiak iraganeko gertakari biologikoei dagozkien eskala erlatiboak ezarri ondoren lorturiko informazioa duela.

Horrenbestez, geruza edo estratuen eduki fosilaren laguntzaz, gertaera geologikoen lotura aztertzea du helburua, eta Lurraren historiako une bakoitzari, eta ez besteri, dagokion animalia multzo bakar eta bereizi bat izatea da diziplina horren oinarria.

Denbora iragan ahala, fauna mota batzuen ordez beste batzuk azaldu ziren eta, hurrenez hurrengo fosil multzo bakoitza sedimentuak eratu zireneko bizitzaren lagina denez, fosil multzoak ere bereiz daitezke.

Deskripzio alderdi soilari doakionez, bi atal bereiz daiteke Paleontologian:

Dena den, sail handi horietako zenbait ikerketa alorrek ezagutza sakona lortu dute, hainbesteraino non alor desberdinak bereiz baitaitezke aipatu diren alor zabal horien barruan ere. Hala, Mikropaleontologiaren gaia fosil mikroskopikoak edo mikrofosilak dira; Palinologiak landareen polen eta esporen azterketa egiten du (balio handiko informazioa izaten da, hain zuzen, antzinako aroetako komunitate botanikoak zehazteko orduan); Paleoiknologiak bizi izan ziren izakien portaera ikertzen du, haiek beren funtzioetan utzitako aztarnen bidez, eta aztarna motei erreparatzen die, etab., etab.

Paleontologia karstaren zientzia garrantzitsuenetako bat da, espeleologiaren baitan kobazuloetako aztarnak ikertzen duelarik.[1]

Zientzia honen xedeak era askotakoak dira; xede horien artean bereiz daitezke, alde batetik, zientifiko soilak eta beste era batekoak, bestetik. Lehenengoetakoak dira, besteren artean: bizitzaren antzinako formen ezagutzea, izaki moten eboluzioaren ikerketa, iraganeko aroei dagozkien giroak berregitea eta orduan bizi ziren izakien arteko harremanak eta zegozkien giroak ikertzea (Paleoekologia). Eta bigarrenekoen artean, estratuen kronologia erlatiboa zehaztea edo elkarretatik urrun diren eremuetako estratuak elkarrekiko erlazioan jartzea.

Paleontologiak gaur egun desagerturik dauden izakiak behinola bizi izan zirela egiaztatzen du eta izaki mota horien eboluzioa ezagutzeko eta frogatzeko bidea ematen du. Aldi berean, iraganean organismoek zuten banaketaren ikerketaren bidez, gaur egungo Biogeografia ulertzen laguntzen du, eta egungo banaketa argitzeko lagungarri diren faktore historikoak ezagutzeko bide ematen du.

Geologiaren ikerketa adar batzuk ere datu paleontologikoetan oinarritzen dira, lehen ere aipatu den Paleontologia Estratigrafikoa, adibidez. Izan ere, estratuak bata bestetik bereiz zitezkeenez, zeuzkaten fosilen bidez ezagut zitezkeela ohartzean ezarri ziren horren oinarriak. Fauna fosilen segida dela eta, denbora geologikoa denbora bitarte desberdinak hartzen dituzten banakoetan banatu ahal izan da. Ez dago oraino geruzak edo estratuak datatzeko prozedura hoberik, estratu horiek dauzkaten fosiletan oinarritzen direnak baino.

Petrolio hobien ikerketak datu mikropaleontologikoen euskarria izan du, zeren eta geruza jakinetan petrolioa agertzea zenbait fosil motaren agerpenarekin erlazionaturik baitago beti.

Oinarrizko printzipioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aktualismo biologikoa: printzipio honen arabera, fosilek ordezkatzen dituzten organismoak bizi zireneko lege biologikoak eta egun bizi direnen gainean agintzen dutenak lege berak dira: izaki haiek premia eta muga berak zituzten fisiologiari dagokionez (arnasketa, elikadura, iraizketa, etab.), bai eta antolaketa berdintsua eta baliokidea ere. Esaterako, koralezko uharri fosilak aurkitzen baditugu, pentsa genezake bizirik zeudenean osatutako koralek egungoen eskakizun berdintsuak zituztela uretako sakonerari, tenperaturari, gazitasunari eta argitasunari dagokienez, giro tropikal batean, sakonera gutxiko ur ongi argituetan bizi zirela alegia.

Anatomia konparatua: fosilen anatomia egungo formekin edo lehendik ezagunak diren beste fosil batzuekin konparatzeak fosilen arteko antza hautematen eta fosilak ezagutzen laguntzen du, baita zati edo hondarrak osorik ez badira ere. Printzipio honek organismoen arteko desberdintasunak eta kidetasunak zehazteko bide ematen du. Horri dagokionez, egun baliokiderik ez duten organismo fosilek berebiziko zailtasuna dute eta, halako kasuetan, antzeko organismoekin konparatzen dira, hau da, antzeko ezaugarri morfologiko eta anatomikoak dituztenekin.

Korrelazio organikoa: printzipio honek izaki bizi baten atalen artean korrelazioa dagoela esaten du, halako eran non animalia baten ataletako bat, besterik gabe, aurkitzen denean animalia ezagutu ez ezik, osatzen zuten atalen itxura ere ondoriozta baitaiteke.

Bi printzipio horietan oinarriturik, dinosauroak nolakoak ziren, azala eta atal bigunak nolakoak zituzten, berregiteko aukera ematen dute, eta haien elikadura mota ezagutzeko ere bat.

Kronologia erlatiboa: sedimentu estratu edo geruzak bata bestearen gainean jarriak diren ordena jalki ziren ordena kronologikoari dagokio; antzinakoenak zutabearen behereneko lekuan aurkitzen dira. Modu horretara, geruza batean aurkitu diren fosilak beheragoko geruzetan azaltzen direnak baino modernoagoak dira eta haren gainean daudenak baino antzinagokoak.

Paleontologo ezagunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historiak hainbat paleontologo garrantzitsu eman ditu. Charles Darwinek fosilak bildu zituen Hego Amerikan Beagleean egin zuen bidaian. Patagonian oihan fosilizatuak aztertu zituen. Mary Anningek bere herrian hainbat fosil garrantzitsu aurkitu zituen eta era sistematikoan klasifikatu. William Buckland, Richard Owen, Gideon Mantell, Georges Cuvier eta Thomas Huxleyk paleontologiaren oinarriak jarri zituzten. Thomas Jeffersonek mamut fosilen hezurrak ikertu zituen. Edward Drinker Cope eta Othniel Charles Marshek XIX. mendean garatu zen Hezurren Gerra abiatu zuten, metodoaren inguruan dudak sortzen zituena baina Ipar Amerikako ornodunen paleontologia garatzeko balio izan zuena. George Gaylord Simpsonek biologia, paleontologia eta genetika bildu zituen "Tempo and Mode" liburuan, biologia ebolutiboan oinarrizko liburua. Steven Stanley, Stephen Jay Gould, David Raup eta Jack Sepkoskik bizitzaren eboluzioaren inguruko jakintza hedatzen lagundu dute, tendentzien inguruko ikerketak eginez. Louis, Mary eta Richard Leakey, Raymond Dart, Robert Broom, Kenneth Oakley, Robert Ardrey eta Donald Johansonek ekarpen handiak egin zituzten paleoantropologian. Rinchen Barsbold mongoliarrak lan handia egin du hegazti eta dinosauroen eboluzioan.

Euskal paleontologo ezagunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Union Internationale de Spéléologie. «UIS Commissions and Working Groups» https://www.uis-speleo.org/ (Noiz kontsultatua: 2018ko abuztuaren 8a).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]