Edukira joan

Ahate gorrizta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Netta rufina» orritik birbideratua)
Ahate gorrizta
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
KlaseaAves
OrdenaAnseriformes
FamiliaAnatidae
GeneroaNetta
Espeziea Netta rufina
Pallas, 1773
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masa56 g
1,115 kg
Zabalera87 cm
Kumaldiaren tamaina8,9
Errute denbora27 egun
Ahate gorriztaren banaketa.
Ahate gorrizta arra.
Ahate gorrizta emea.

Ahate gorrizta (Netta rufina) anatidae familiaren ahate ez-domestikoa da.

Udan Hegoaldeko Europan, tartean Euskal Herrian, eta batez ere Erdialdeko Asian bizi da. Neguan iparraldeko Afrikara migratzen dira[1].

Gure artean aurkitzen den ahate urpekari handiena da[2]. 53-57 cm arteko luzera eta 85-90 cm arteko hego-zabalera ditu eta 800 eta 1.500 gramo artean pisatzen ditu. Arrak gaztaina-gorrixka koloreko buru handia du eta moko gorri-gorria, honek gainontzeko ahateekin nabarmen bereiztea dakar. Begia ere gorria da. Lepoa, bularraldea eta atzealdea beltzak ditu eta sabelaldearen alboetan zuria bada ere erdialdean zerrenda beltz batek lotzen ditu bularra eta ipurtaldea. Bizkarraldea arre kolorekoa da baina hegoan barnealdea zuria[3]. Emea berriz erabat bestelakoa da, erabat marroi-arrea da baina masailak eta lepoaren gainaldea zurixkak ditu. Emearen mokoa grisa da[4].

Lurrean ongi ibiltzen da baina ez da uretatik asko urruntzen. Hegan ari denean arrak zein emeak lerro zuri zabal bat agertzen dute hegoen barrenean[5].

Habitata aukeratzerakoan nahiko exigentea da. Aintzira handiak eta sakonak hobesten ditu, inguruan landaretza ugari izango dutenak, eta normalean kontinente barnean kokaturik daudenak[4]. Migrazioetan kostaldeko eremutan ere aurki daiteke.

Europan zehar hainbat tokitan sedentarioa bada ere, ahate gorriztaren gehiengoak Erdialdeko Asian kumatzen du, Itsaso Beltzean hasi eta Mongolia arteko lurretan, Kazakhstan eta Txina ipar-mendebaldea barne. Negua igarotzera Indiara eta Mediterraneo itsasoaren ertzera joaten da. Euskal Herriari dagokionez uda aldera agertzen da Arabako eta Nafarroako aintziretan, Salburuko parkean[6] eta Pitillasko aintziran adibidez[7].

Hegazti orojalea da baina bere dietaren gehiengoa ur hondoetan aurkitzen dituen landareek osatzen dute, Lemna generoko landare akuatikoak batez ere. Tamaina txikiko animaliak ere jaten ditu, zapaburuak, moluskuak, intsektuen larbak eta arrain txikiak[4].

Ugalketa garaia apirila eta abuztuaren artean izaten du. Habia emeak egiten du landare artean eta uretatik gertu. Belar, hosto, ihi eta lumatxaz egindako zulo bat izaten da, 28-45 cm arteko diametroduna eta 10-20 cm arteko sakonera duena. Krema koloreko 8-10 arrautza jartzen ditu eta emeak berak txitatzen ditu 26-28 egunetan zehar[4].

Txitak jaio eta berehala gai dira beren kabuz elikatzeko eta gauez amak zaintzen ditu. 45-50 egun behar dituzte erabat garatzeko[4].

Beste ahate espezie batzuen habiak parasitatzen ditu, bere arrautza bat bestearen arrautzen artean jarriz[4].

Peter Simon Pallas zoologo alemaniarrak deskribatu zuen aurrenekoz 1773. urtean eta Anas rufina izena eman zion, latinez "ahate ilegorria" esan nahi du[8]. 1829. urtean beste zoologo alemaniar batek, Johann Jakob Kaup-ek Netta generoa sortu zuen ahate gorriztarentzako[8]. Ez zaio azpiespezierik ezagutzen[9].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. RSPB A to Z of UK Birds
  2. «Netta rufina Ahate gorrizta» www.euskadi.eus.
  3. Dierschke, V.. (2008). Aves de Europa. Barcelona, España: Ediciones Omega., 256 or. ISBN 978-84-282-1476-6..
  4. a b c d e f «Pato colorado» SEO/BirdLife.
  5. «Pato Colorado» www.pajaricos.es (Noiz kontsultatua: 2020-01-01).
  6. Salburuko ornitologia-albisteak. Ekainaren 8tik 15era « Atariaren bloga. (Noiz kontsultatua: 2020-01-01).
  7. «Ahate gorrizta (Netta rufina)» www.turismo.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2020-01-01).
  8. a b «World Birds Taxonomic List: Genera and species with citations.» www.zoonomen.net (Noiz kontsultatua: 2020-01-01).
  9. www.worldbirdnames.org (Noiz kontsultatua: 2020-01-01).