Edukira joan

Landare-fisiologia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Landare-fisiologiaren laborategi bat, 1901ean.

Landare-fisiologia landareen prozesu fisiologikoak aztertzen dituen botanikaren adarra da.

Zientzia honek botanika, fisiologia, biokimika, biologia zelularra eta biologia molekularraren ezaguerak aintzat hartzen ditu bere azterketak eta ikerketak burutu ahal izateko.

Landareen fisiologia ondo ulertzea ezinbestekoa da beste zientzia batzuen garapenerako ere: izan ere, Biologian ez ezik, aplikazio praktikoak ere baditu Farmazian (fitokimika eta botikagintza) eta nekazaritza ingeniaritzan (uzten etekina maximizatzeko), besteak beste.

Landare-fisiologiak honako prozesu hauek ikertzen ditu:

Sakontzeko, irakurri: «fotosintesi»

Prozesu anaboliko honen bidez landareek materia organikoa (gluzidoak) sintetizatzen dute, atmosferako CO2 eta uretatik (H2O) abiatuta. Prozesu honetan oxigenoa ere (O2) sortzen da, atmosferara askatzen dena.

Prozesu anabolikoa denez, fotosintesiak energia behar du. Argia da energia honen hornitzailea, fotosintesia posible egiten duena.

Fotosintesia landare zeluletako kloroplastoetan burutzen da. Bertan klorofila izeneko pigmentu bat dago, eguzkiaren argia hartu eta kitzikatzen dena, elektroiak askatuz. Elektroien mugimenduak eta garraioak NADP molekula erreduzitzen du (NADPH2) eta energia kimikoa ere (ATP) sortzen du. Bi molekula horiek (NADPH2 eta ATP) fotosintesiaren Calvin zikloan parte hartzen dute gero. Bertan, atmosferako CO2 finkatzen dute landareek, glukosa sortuz.

Sustraietatik, batik bat, hartzen dituzte landareek behar dituzten elikagaiak. Elementu kimiko garrantzitsuak dira horiek: nitrogenoa (NO3 eta NH4+ moduan lurretik hartzen dutenak), oxigenoa (H2O, lurretik eta O2, airetik), hidrogenoa (H2O, lurretik), potasioa eta kaltzioa, fosforoa (H2PO42-), sufrea (SO42-), etab.

Elementu kimiko eta gatz mineralak sustraietatik hostoetaraino iristen dira gorantzko garraio sistema baten bidez. Era berean, hostoetan sortzen diren produktuak (glukosa eta beste azukre batzuk, lipidoak, proteinak...) landarearen beste toki batzuetara garraiatzen dira landare zelulen behar metabolikoak eta energetikoak asetzeko. Izerdi landugabea gorantzko garraio sisteman mugitzen da, eta izerdi landua hostoetatik landarearen beste toki batzuetara doa.

Landareen arnasketa eta transpirazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landareek burutzen duten arnasketan oxigenoa kontsumitu eta karbono dioxidoa (CO2) askatzen da. Gas horiek hostoen estometatik sartu eta irteten dira.

Fotosintesian sortzen diren gluzidoak dira arnasketa prozesuan oxidatzen direnak, ATP ekoiztuz. ATP molekula energetikoa da, landareek erabiltzen dutena haien hazkuntzarako, metabolitoak garraiatzeko, etab. Arnasketa horrek, animalien arnasketaren antzera, hiru etapa nagusi ditu: glukolisia, Krebs zikloa eta arnas katea, eta zeluletako mitokondrioetan burutzen da.

Fotosintesiaren alderantzizko prozesua da landareen arnasketa, prozesu katabolikoa. Fotosintesian sortutako gluzidoen zati bat eta oxigenoaren zati bat arnasketa prozesuan kontsumitzen dira.

Transpirazioen bidez landareek ura galtzen dute hostoetan, ur-lurruna bihurtzen dena. Landareek ur asko xurgatzen dute sustraietatik: ur horren kopuru txiki bat fotosintesian erabiltzen da, eta gainontzekoa hostoen estometan lurrundu egiten da. Euriarekin lurrera erortzen den ur guztiaren %50 eta %85 artean atmosferara itzultzen da landareek burutzen duten transpirazioaren bidez [1]

Landare-hormonak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «fitohormona»

Fitohormona deritzonak dira. Hormona hauek landarearen hazkuntza eta bereizte prozesuak erregulatzen dituzte. Horretaz gain, garrantzi handiko beste gertaeretan ere parte hartzen dute: loraketan, erneketan eta hostoen erorketan, besteak beste.

Auxinak, giberelinak eta azido absizikoa dira fitohormona garrantzitsuenak.

Sakontzeko, irakurri: «tropismo»

Estimulu baten aurrean landareek burutzen duten mugimenduari tropismoa deritzo. Landareen higidura estimulu horiei erantzunez oso motela da, begi-bistaz ezin baita antzeman. Tropismoak positiboak dira landarea estimulurantz mugitzen denean, eta negatiboak estimuluaren aurkako norabidean higitzen direnean.

Fotoperiodikotasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Fotoperiodikotasun»
Poinsettia landarea. Landare honen loraketa prozesua neguan gertatzen da, argiaren orduak urriak direnean.

Fotoperiodikotasuna edo fotoperiodoa landareen erantzun fisiologikoa da argiaren iraupenari (eguna eta gauaren txandakatzearen ondorioz sortzen denari). Landareek ez ezik, animaliek ere erantzun fisiologikoa ematen dute argiaren iraupenaren aurrean.

Gauza jakina da landare batzuen loraketa udaberrian edo udan gertatzen dela, eguna eta argiaren orduak luzeak direnean. Beste batzuek, aldiz, loraketa neguan burutzen dute, iluntasunaren orduak luzeagoak direnean. Azken landare horien loraketa inhibitu daiteke gauean argi artifiziala aplikatzen bazaie.

Fotoperiodikotasunak eragina du ere landarearen beste prozesu batzuetan: zurtoinen hazkuntzan, hostoen erorketan, etab.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. J. Barcello Coll,G. Nicolás Rodrigo, B. Sabater García eta R. Sánchez Tamés. Fisiología vegetal. 5. edizioa. Pirámide. 106 orr.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]