Hitita
Hitita Inperioa | |||
---|---|---|---|
ca. k. a. XVIII. mendea – ca. k. a. 1178 | |||
Monarkia absolutu | |||
Hitita Inperioa urdinez | |||
Geografia | |||
Hiriburua | Hattusa | ||
Kultura | |||
Hizkuntza(k) | Hititera | ||
Historia | |||
Hitita[1] indoeuropar jatorriko herria izan zen, Anatoliako penintsularen erdialdean finkatu zena eta Hititen inperioa edo Hatti sortu zuena. Hattusas hiri gotortua zuten hiriburutzat, eta K.a. XVIII. eta K.a. XII. mendeen artean iraun zuten. Indoeuropar hizkuntza zuten, eta bi idazkera erabiltzen zituzten, beraiena eta asiriarrei harturikoa. Diziplina, indarra eta diplomazia erabiliz garaiko inperio handienetakoa sortu zuten, Babiloniar Inperioa eta egiptoar inperioaren alboan. Gudarako gurdi arina hobetu zuten (borroketan abantaila emango zien arma bihurtuz), eta burdina erabiltzen aurrenetakoak izan ei ziren ekialde hurbilean.
Egun, asko dakigu hititen herriaz; baina, nahiz eta bere garaiko inperio boteretsuenetakoa izan, bere suntsipenaren ostean ia guztiz ahazturik gelditu zen XIX. mendea arte, bibliako eta beste testu batzuetako aipamen hutsak besterik ez zeudelarik. Hititen inguruko aurkikuntza arkeologiko garrantzitsuenak XX. mendearen hasieran gertatu ziren, orduan hasi ziren adituak hititen hizkuntza ulertzen, eta beraien historiaren zuzeneko kronikak itzultzen.
Hitita izena erabiltzen dugun harren, ez dakigu ziur zein zen beraiek beren herria izendatzeko erabiltzen zuten hitza. Garaiko asiriar kronikek "Hatti-ko herria" deitzen zioten, eta gerora bibliako erreferentzia ezberdinetatik hartu zen (eraldaturik) hitita hitza.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Telepinu hil zenetik Shubiluliuma I.a (K.a. 1500-1380) errege izan zen arteko aldia ez da ondo ezagutzen, ez baitago Telepinuk osatu zuen errege zerrendaren antzekorik. Garai horretan izan zen Mitanni erreinuaren goraldia, baina Mitannik Sesostris III.a egiptoar erregea izan zuen aurrez aurre. Errege hark indartu egin zuen Antzinako Egiptok Sirian zuen indarra. Tudhalia III.a Hatti inperioa Sirian ezartzen saiatu zen, baina huts egin zuen. Shubiluliumarekin (K.a. 1380- 1346) Hatti inperioa goreneko mailara iritsi zen, Asia Txikia eta Siria mendean hartzea lortu baitzuen.
Mursili II.a (K.a. 1345-1311) errege izan zen bitartean lurraldearen antolamenduak bere horretan iraun zuen; gasgak menderatu eta Arzawaren kontrako garaipenak lortu zituen.
Muwatallis II.arekin (K.a. 1311-1296), berriz, zailtasunak areagotu egin ziren, batez ere, gasgek Hatusa hartu zutenean. Egiptok izan zuen zabalkundearen ondorioz, hititen eta egiptoarren arteko borroka latzak izan ziren Sirian (Qadesh, 1285); bestalde, hititek poliki-poliki Mitanni estatuan zuten eragina galdu zuten, gero eta indar handiagoa baitzuten asiriarrek.
Hattusili III.ak (K.a. 1289-1265) Hattusan jarri zuen berriz ere inperioaren hiriburua, eta inperiotik kanpo zituen hainbat arazo konpondu behar izan zituen. Ramses II.arekin itun bat hitzartu zuen (K.a. 1284): Damaskoren eta Biblosen arteko muga zehazten zen hartan. Tudhalia IV.a aginpidera iritsi zenean (K.a. 1265) Egiptok bere mende zituen lurraldeen hedadura Shubilulimaren garaikoaren berdina bide zen.
Horrez gainera, Zipreko uhartea hititen inperiora lotzea lortu zuen Tudhaliak.
Dena dela, Hatusari buruzko informazioa eten egiten da bat-batean, garai hartan, Mediterraneoaren ekialdean, itsasoko herri saldoak agertu baitziren eta aurre egin behar izan zieten. Ramses III.ak, esate baterako, nola edo hala lortu zuen Niloren deltan herri haiei eustea. Inperio hitita zatitu egin zen eta horrek berarekin ekarri zuen Anatoliaren eta Siriaren arteko batasuna haustea; hala, Anatolia bakarturik eta atzeraturik geratu zen, eta hititak hurritekin eta aramearrekin batera bizi izan ziren aurrerantzean.
Hurrengo mendeetan, Anatolia hego-ekialdean eta Siria iparraldean, hititen inperioaren jaraunspena jaso eta moldatuta, berpiztuko duten erresumak agertzen dira. Historiografia tradizionalak erresuma neohititak deitu izan ditu, baina gaur egun luviarrak, luvio-aramearrak edo hitita-sirioak izendatzen dira.
Estatua eta gizartea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hititen inperioaren garaian garrantzizko aldaketak izan ziren bai gizartean bai estatuan; horien artean nagusia, erregetasunaren kontzeptua izan zen: ekialdeko gainerako estatu ahaltsuen eredu teokratikoa hartu zuen bere gain. Erregea, hortaz, bi munduen bitartekoa zen, ekaitzaren jainko gisa administratzen zuen erreinua, errituen garbitasuna ziurtatzen zuen eta hiltzen zenean jainko egiten zuten.
Erregearen mendeko ez zenak ezin eduki zezakeen harremanik erregearekin, ez bazen aliatu gisa, babestu gisa edo etsai gisa; bestalde, erregearen etsaia zen erregearekiko harremanak hitzarmen baten bidez zehazten ez zituen edonor: sistema horren helburua zen auzoko estatuekin hitzarmen bidezko harreman sistema bat osatzea (horregatik zuen horrenbesteko garrantzia diplomaziak sistema politiko hartan).
Hitzarmen sistema hori bai inperioaren barruan bai inperiotik kanpo erabiltzen zuten: estatuak konfederazio egitura zuela zirudien, baina gehiegizkoa litzateke parametro feudalak maila guztietara eramatea (feudalismoak, errege politikaren barruan, erregearen eta ofizial militarren eta zibilen arteko harremana mugatzen zuen).
Bestalde, sistema horren bidez, nobleen mende zeuden administrazio zentralaren ondasunak, eta administrazio probintziala, berriz, gobernadoreen esku zegoen dekretu bidez; gobernadoreek ahalmen guztiak zituzten, baita erlijioari zegozkienak ere. Noblezia horrez gainera (errege gudarostearen gurdietan zerbitzatzea zen haien funtzioetako bat), jauregiaren edo tenpluaren mende biztanle masa bizi zen, gobernadoreak emandako ondasunen mende alegia.
Lan apalenak ez zituzten esklaboek egiten, baizik eta guduetan deportatuek: landu gabeko lurrak lantzea zen haien lana.
-
Arinako eguzki jainkosaren irudia. Metropolitan arte museoa.
-
İnandık pitxerraren detailea. Terrakotaz egindako eta lau helduleku dituen pitxerra. Erdiko zerrendan, eztei sakratua irudikatzen da. K.a. XVII. mendekoa. Anatoliako zibilizazioen museoa, Ankara.
-
Arslantepen aurkitutako ortostatoa. Libazioa bat egiten dio Alumalli erregeak ekaitzen jainkoari. Ankarako Anatoliako zibilizazioen museoa.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik hartu da. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. (2015-1-30). 174. araua: Antzinateko herriak. Ekialdeko eta Europako herriak. , 3 or..