Gloria Macapagal-Arroyo
Gloria Macapagal-Arroyo (San Juan, Luzon, 1947ko apirilaren 5a - ) filipinar politikaria da, Filipinetako 14. presidentea 2001etik 2010era. 2005ean, Forbes aldizkariak 4. postua eman zion munduan botere gehien zuten emakumeen artean. Margaret Thatcheren jarraitzaile sutsua zela adierazi zuen.
Bizitza eta ikasketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aurreko lehendakariaren, Diosdado Macapagalen, eta Evangelina Macaraegen alaba da. 1968an Jose Miguel Arroyorekin ezkondu zen eta 3 seme-alaba dituzte: Juan Miguel (1969), Evangelina Lourdes (1971), eta Diosdado Ignacio José María (1974).
Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasketak La Asunción komentuan egin zituen eta 1964an graduatu zen. Arte eta Ekonomia arloko Batxilergoa egin zuen La Asunción Unibertsitatean eta 1968an lortu zuen graduazioa. Ondoren Georgetown Unibertsitatean ikasi zuen eta Washington-eko unibertsitatean Bill Clintonen, Estatu Batuetako lehendakari ohiaren, gela-kide izan zen. Filipinetara itzuli zenean, Ekonomian lizenziatu zen Manilako Ateneo Unibertsitatean eta doktoratu egin zen. Hezkuntzan aritu zen lanean 1977tik 1987ra, Filipinetako Unibertsitatean eta Manilako Ateneo Unibertsitatean, batez ere.
Politikagintza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1986an hasi zen Corazón Aquinoren legegintzaldian. Oihal Esportazioko Juntaren zuzendari izendatu zuten hasieran eta gero Komertzio eta Industria azpi-idazkaritzan aritu zen lanean.
1992an izendatu zuten senadore eta 1995ean berriro. LDP alderdia eskuindarra zen eta LE-NUCD izan zen gerora, Fidel Ramosen alderdiarekin bat egin ondoren. Alderdi honen liderrarekin Edgardo Angararekin, haserretu ondoren, Angara gobernu koaliziotik atera egin zen eta Macapagal-Arroyok bere alderdi propioa osatu zuen, KAMPI, beste alderdi eskuindar batzuekin aliatuz. 1998an lehendakariorde izan zen, Joseph Estradak lehendakaritza okupatu zuenean. Gizarte Ongizate eta Garapeneko ministro izendatu zuten eta postu honetatik pobreziaren aurkako neurriak hartzen saiatu zen.
Estrada erabat desprestigiatuta erori zen, ustelkeria eta gaitasun eza zela-eta. Ministerioa utzirik Macapagal-Arroyo oposiziora joan zen 2000an. 2001ean egin zen lehendakari. 2004an berriro aukeratu zuten. Liberalismo ekonomikoaren esparruan beti ere, turismoaren sustatzaile sutsua izan da. Gizarte arloan kontserbadore, Eliza Katolikoarekin harreman onak izan ditu.
Oposizioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2001ean jada, Estradaren jarraitzaileak joan ziren bere aurka eta iraultza egiten saiatu ziren. Estrada kartzela berezi batean zegoen garai hartan, Manilatik 45km-tara, eta lasaitasuna eskatu zien bere jarraitzaileei. Bost egunetan matxinada egoera dekretatu zuen lehendakariak eta atxiloketa ugari egiteko aukera eman zion horrek. Hainbat manifestari hil zen eta ehun zauritu inguru izan ziren. Oposizioaren liderra ere atxilotu zuten, Juan Ponce Enrile.
2003ko uztailaren 26an, 300 militarrez osatutako taldeak berriro egin zuen bere aurka, korrupzio salaketak medio. Magdalo izena hartu zuten militar kolpista hauek, XIX. mendean Espainiaren aurka borrokatu zuten filipino iraultzaile haien omenez. Berriro dekretatu zuen matxinada egoera delakoa eta 17 ordu beranduago estatu kolpea itzalia zegoen. Hala ere, Defentsa Ministroak kargua utzi behar izan zuen eta gobernuaren kontrako manifestazioak jarraitu zuten. Macapagal-Arroyok heriotza-zigorra berrezarri zuen, bahiketak ugaritzen ari ziren aitzakiaz.
2004ko maiatzaren 10ean Joseph Estradaren lagun zen Fernando Poe Jr-i irabazi zion. 12,5 milioi boto atera zuen eta bere kideak lehendakariordetza 15 milioi botoz. Oposizioak iruzurra izan zela esan zuen eta Makapagal-Arroyo berak ere balizko iruzurraren inbestigazioa bultzatuko zuela agindu zuen. 2006ko otsailaren 24an emergentzia egoera deklaratu zuen Macapagalek, estatu-kolpe baten ateetan zeudela-eta. 10.000 pertsona elkartu ziren neurri honen aurka protestatzeko.
Bitxikeriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Academia Filipina de la Lengua Españolako kide da. 1973an, Marcosen diktaduraren garaian, espainiar hizkuntzak ofizialtasuna galdu zuen Filipinetan eta Cori Aquinoren garaian konfirmatu egin zen hori. Badirudi, Gloria Macapagal-Arroyok berriro eman nahi diola ofizialtasuna 2008an.
- 2007ko abenduaren 5ean Ordiziara etorri zen, Andres Urdanetaren urteari hasiera emateko.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Gloria Arroyo webgunea