Edukira joan

Hesteari loturiko ehun linfoide

Wikipedia, Entziklopedia askea
GALT» orritik birbideratua)
Hesteari loturiko ehun linfoide
Xehetasunak
Identifikadoreak
FMA62820
Terminologia anatomikoa

Hesteari loturiko ehun linfoidea (GALT, ingelesezko sigletan), immunitate-sistemaren zatirik zabalena eta konplexuena da, hesteetan dagoena. Mukosei loturiko ehun linfoideren zati bat da, eta sistema linfatikoaren funtsezko elementua. Gai da modu eraginkorrean bereizteko patogeno kaltegarrien eta kalterik egiten ez duten antigenoen artean (azken hauek elikagaietatik edo heste-floratik datozenak) [1].

Heste-mukosaren %25 inguru ehun linfoidez osatuta dagoela kalkulatzen da.

Hesteari loturiko ehun linfoideak Peyer-en plakez eta gongoil linfatiko mesenterikoz, alde batetik, eta ehun zehaztugabeaz (linfozito intraepitelialez) osatuta dago. GALT horretan immunitate-sistemaren zelula mota asko daude: T linfozitoak, zelula plasmatikoak, mastozitoak, zelula dendritikoak eta makrofagoak. Gizabanako osasuntsuengan beren presentziak ez du inongo patologiarik sortzen, zelula horiek guztiak erregulazio-mekanismo zorrotzen pean daudelako. Azpimarratu behar da hesteari loturiko ehun linfoidean dagoen zelula plasmatikoen kopuru handia (antigorputzak sortzen dituztenak): sistema linfatikoen mota honetako zelula gehienak GALTen daude [2]

Hesteak, normalean, nolabaiteko iragazkortasuna du, elikagaiak odolera pasatzea ahalbidetzen duena, eta , aldi berean, hesi funtzioa mantetzen du kaltegarriak izan daitezkeen substantziak (antigenoak, adibidez) hesteetatik irten eta organismoan zehar, odolaren bidez, zabaldu ez daitezen [3]. Horretarako, enterozitoen arteko loturak oso estuak izan behar dira [4].

Heste-mukosa iragazgaitza da makromolekula edo heste-florarekiko. Bertan dagoen mukiak bakterioak eta euren endotoxinak heste-hormatik igarotzea eragozten du (bakterioak mukosara atxikitzea eragozten du). Hesteei loturiko ehun linfoideak ere (dituen zelula immunitarioen bidez) antigeno arrotzak heste-hesitik igarotzea ekiditen du [5]

Peyer-en plakak gongoil linfatiko bereziak dira, hesteetako ileonen daudenak, hesteetako mukosaren azpian eta heste-lumenaren aldera. Peyer-en plakak dauden tokietan ez daude ohiko enterozitoak, M zelulak baizik. Enterozitoen aldean, M zelula horiek ez dituzte mikrobiloxkak, eta ezta glikokalixen estaldura ere. Zelula berezi horiek Peyer-en plaken gainean daude eta heste-lumenaren antigenoak harrapatu ohi dituzte, Peyer-en plaketara gero pasatzen direnak.

Peyer-en plakak aberatsak dira T eta B linfozitoetan, makrofagoetan eta zelula dendritikoetan. Immunitate sistemaren osagai garrantzisuak dira plaka horiek, hesteetara iristen diren mikrobio edo antigeno kaltegarriak neutralizatzen dituztelako. Bertako B linfozitoeek, bereziki, A immunoglobulina kopuru handietan ekoizten dituzte.

Plakek, hodi linfatikoen bidez, gongoil linfatiko mesenterikoekin lotura dute. Hauek hesteetako mesenterioan daude, eta Peyer-en plakek dituzten antzeko zelula immunitarioak dauzkate (B eta T linfozitoak, zelula dendritikoak, zelula plasmatikoak...)


Hesteari loturiko egun linfoidea etengabeko harremanetan dago heste-florarekin. Ematen du flora mikrobiar horrek funtseko zeregina betetzen duela GALTaren heltze prozesuan eta tolerantzia immunologikoaren garapenean.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. E. Ramiro-Puig, F. J. Pérez-Cano, C. Castellote, A. Franch y M. Castell El intestino: pieza clave del sistema inmunitario Revista Española de Enfermedades Digestivas (2008)
  2. Goldsby, R. A.; Osborne, B. A.; Kindt, T. J.; Kuby, J. (2007ko urtarrilaren 1ean) Kuby immunology W.H. Freeman
  3. M. Campieri; C. Fiocchi; S.B. Hanauer (31 March 2002) Inflammatory Bowel Disease: A Clinical Case Approach to Pathophysiology
  4. Fasano, A (2011 Jan) [https://web.archive.org/web/20150826081610/http://physrev.physiology.org/content/91/1/151.long Zonulin and Its Regulation of Intestinal Barrier Function: The Biological Door to Inflammation, Autoimmunity, and Cancer] Physiol Rev 91 (1): 151-75
  5. García de Lorenzo y Mateos, A., Acosta Escribano, J. Rodríguez Montes, J.A.: Importancia clínica de la translocación bacteriana Nutrición Hospitalaria, Vol. II, supl. 2 (2007)

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]