Francesc Ferrer i Guàrdia
Francesc Ferrer i Guàrdia | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Alella, 1859ko urtarrilaren 14a |
Herrialdea | Katalunia |
Heriotza | Bartzelona, 1909ko urriaren 13a (50 urte) |
Hobiratze lekua | Montjuïceko hilerria |
Heriotza modua | heriotza zigorra: bala zauria |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Léopoldine Bonnard (en) (1899 - 1905) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | katalana gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | irakaslea, pedagogoa, idazlea eta filosofoa |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Mugimendua | anarkismoa |
Francesc Ferrer i Guàrdia (Alella, Maresme, Katalunia, 1859ko urtarrilaren 14a - Bartzelona, Katalunia, 1909ko urriaren 13a) politikari eta pedagogo iraultzailea izan zen, hezkuntza laiko eta arrazionalaren aldezle sutsua. Ruiz Zorrilla buruzagi errepublikazale erradikalaren idazkari izan ondoren, anarkismora jo zuen berehala, eta Parisa ihes egin behar izan zuen (1885). Kataluniara itzulitakoan, Escola Moderna izeneko eskola laiko arrazionala antolatu zuen Bartzelonako aldirietan (1901), eta argitaletxe bat geroago. Marokoko Gerraren denboran (1909), Bartzelonako Aste Tragikoan apaizeriaren kontra izandako istiluen eragiletzat hartu zuten, eta fusilatu egin zuten.[1][2]
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lur txiki batzuen jabe zen sendi katoliko eta erregezale batean jaio zen. Hamahiru urte zituela, aitak Bartzelonara bidali zuen lanera, apezpikuari jarritako salaketa bat zela-eta sendi-arazoetan sartzeagatik. Irin saltzaile lanean zebilela, nagusiak gaueko eskoletara bidali zuen, hamabost urterekin. Han izan zituen errepublikazaleekin lehenengo harremanak.
Francesc gaztea zen Espainiako Lehen Errepublika iritsi zenean. Kultura eta ikasketak gizartean bultzatu nahian, ekintza ugaritan esku hartu zuen. 1883an Bartzelona-Cevere tren lineako txartel-ikuskatzaile hasi zen eta, berehala, garai hartan Frantzian zegoen Manuel Ruiz Zorrilla errepublikazalearen mezulari bihurtu zen.
1886an, Madrilen errepublikaren aldeko matxinadak porrot egin eta gero, Francescek, Teresa Sanmartí emazteak eta haien hiru seme-alabek Parisa ihes egin behar izan zuten. Bizirauteko ardo-saltzaile hasi zen lanean eta jatetxe baten jabe izatera iritsi zen. Azkenik, 1889an gaztelania irakasten hasi zen.
Bien bitartean, eta inongo soldatarik irabazi gabe, Ruiz Zorrillaren idazkari izaten jarraitu zuen. Parisen igaro zituen urte haietan, geroago sortuko zuen «eskola modernoa»ren oinarriak ezartzen hasi zen.
1893an emaztea utzi eta 1899an berriro ezkondu zen, orduko hartan Leopoldine Bonnard maistra eta pentsalari askearekin. Europan zehar bidaiatzeari eman zion. Errepublikano sutsu zena anarkismorantz hurbiltzen ari zen. Ernestina Meunier bere ikasle ohiak milioi bat franko utzi zizkion jarauntsian, eta, hamabost urte Parisen eman ondoren, 1901ean, Bartzelonara itzultzeko modua izan zuen, bere asmoa bideragarria izan zitekeela-eta. Azkenean, Escola Modernak bere ateak ireki zituen. Pedagogia libertarioa oso begi txarrez ikusi zuten sektore kontserbadoreenek eta Eliza Katolikoak; izan ere, eskola laikoek haien interesak mehatxatzen zituzten. Berehala, eskolaren berria estatu osora zabaldu eta nazioarteko pentsalari aurrerakoien artean ere ospe handia lortu zuen.
Greba iraultzarako ezinbesteko tresna zela uste zuen Ferrer Guàrdiak eta La Huelga General egunkaria argitaratzen hasi zen bere kontura; 1906an, Mateo Morral, eskolako itzultzaile eta liburuzain zenak Alfontso XIII.aren aurkako atentatua egin zuen. Ondorio txarrak ekarri zizkion horrek Ferrerri: eskola itxi egin zioten, eta hil batzuk espetxean igaro behar izan zuen, atentatuan lagundu zuen aitzakiaz. Herri-higikunde ugariei esker, hil batzuk espetxean igaro eta gero, 1907an jaregin zuten.
Escola Moderna berriro irekitzen saiatu zen, baina ez zuen lortu. Hurrengo urtean Frantziara eta Belgikara joan zen; bertan Ikaskuntza Arrazionalistaren aldeko Nazioarteko Liga sortu zuen, eta berak sortutako Bruselako egunkaria, L’Éducation Renouvée, asaldura eta zabalkunderako bide bihurtu zuen.
1909an berriro atxilotu zuten Bartzelonako Aste Tragikoan, gertatutako zenbait istiluren errudun izatea leporatuz. Ez zen sekula heren partaidetza frogatu, baina urte bereko urriaren 13an fusilatu zuten Montjuïcen. Horrek istilu asko eragin zuen kaleetan. Nazioartean Mauraren gobernuak kritika izugarriak jasan behar izan zituen, eta honek guztiak haren aginduaren amaiera bizkortu zuen.
Espetxetik eskutitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]« | Carlos Alberti. Lagun maitea. Azkenean albisteak ditut. Ez dira onak. Espainiako Gobernuak egoera probestu eta atsegin hartuko du. Espainia osoan menperatzen duten Elizaren eta Marokoko gerraren aurkako gorroto erakustaldia izan zen Bartzelonako matxinada eta Gobernuak aitzakiatzat hartuko du askatasuna eta garapena esan nahi duen guztia ezabatzeko.
Agintarien irispidetik urrun ipini behar izan dut neure burua, besteen hutsak nik ordaintzea nahi zuten eta. Atzerakoien plana, oraingoz, guztiz antolatuta dago. Lehen esan dudan bezala, Elizaren aurka! dagoen edozein elkarte, erakunde, gizabanako desegitea da helburua. Konturatu zaitezte noraino hel daitezkeen maltzur horiek... Madrilgo eta probintzietako prentsa kontserbadoreak dio gertatutako guztiaren erantzukizuna Eskola Modernoak eta Ferrer zital horrek dutela, eskolen bidez eta Jainkorik gabeko eta Jainkoaren aurkako argitaratzeen bidez kalean amorrua piztu du eta (...). |
» |
Lana
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Haren lanik ospetsuena La Escuela Moderna da.[3] Euskaraz irakur daiteke, Eskola modernoa, Santi Angulo Martin itzultzaileari esker.[4]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Aranbarri, Iñigo. (2017-10-15). «Montjuicek Montjuici» Berria.
- ↑ «Santi Angulo: "Ferrer-en ideiak eskola tradizionalaren metodoen aurkako norabidean zihoazen eta horrek ondorio latzak ekarri zizkion"» www.ueu.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-07).
- ↑ Francesc Ferrer i Guàrdia: La Escuela Moderna, online eskuragarri.
- ↑ «Eskola Modernoa» www.ueu.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-07).