Bai Euskal Herriari
Bai Euskal Herriari ekimena 2000ko ekainaren 10ean aurkeztu zen. Aurkezpen adierazpena[1] Euskal Herriko esparru eta aniztasun politiko anitzek[2] sostengaturik plazaratu zen.
Abiapuntu gisa sinadura bilketa erraldoi bati ekin zion. Euskal herritarrok, munduaren aurrean garen bezala agertzeko dugun borondatea jaso asmoz. Horretarako herriz herri, auzoz auzo, milaka eta milaka sinadura jasotzeari ekin zioten.
125.000 Euskal herritarrek beren sinaduraren bitartez agerian utzi zuten beren izatea eta nortasuna munduaren aurrean. Horrekin batera, ariketa hori burutzeko bitarteko eza ere agerian utzi zuten, horregatik Euskal Herriko lehen instituzio jaioberri zen Udalbiltzari luzatu zizkioten eskaerak.
Urtebete beranduago, 2001eko martxoan, Udalbiltzak Euskal Herriko Naziotasun Aitormena (EHNA) bideratzea erabaki zuen. Honen bitartez, "euskal herritarrek, libre eta demokratikoki, euskal nazioaren partaide izan nahi dutela adierazteko eskubidea izango dute". Aipatutako eskubidea "norbanakoena eta kolektiboa da eta gure kasuan ukatua izan zaigu" adierazi zuen Udalbiltzak, hori bideratzeko konpromisoa berretsiz. Betiere herritarren borondatea izango dela Euskal Herriko Naziotasunaren Aitormenaren oinarria argi utzi zuen Udalbiltzak.
Behin, Euskal Herriko Naziotasun Aitormena (EHNA) eskuan izanik, Euskal Herri luze zabalean tresna horren garrantzia eta erabilgarritasuna zabaltzeari ekin zioten.
Euskal herritarron eskubide zibil eta politikoen aldeko iharduna areagotuz eta indartuz joan izan da urteetan barrena. Lurraldetasunetik hasi, hizkuntz eskubideak eta autodeterminaziotik jarraituz, EHNA bultzatzerainokoa izan da jarduna.
Azken urteetan Bai Euskal Herriari herri ekimenaren lana naziotasun esparruaren baitan kokatu zen. Nortasun ikurrak, selekzio nazionalak, euskal egutegia, EHNA edo eta Geurea Ikurrina bezalako arlo eta egitasmoak sortu, sustatu eta lantzea.
15 urte beranduago, 2015eko urriaren 14an plazaraturiko Azken adierazpen publikoan[3] jakinarazi zuen Bai Euskal Herriari ekimenak bere jarduna eten eta eragile gisa bere jarduna amaitzeko erabakia hartu zutela Bai Euskal Herriari ekimena osatzen zuten kide guztiek aho-batez.