Hemokultibo
Hemokultiboa odol-kultura mikrobiologikoa da. Mikrobiologia klinikoan erabiltzen den prozedura da, odolean bakterio edo onddoen presentzia antzemateko (hots, septizemia baten diagnostikoa egiteko).
Hemokultiboaren bidez septizemia baten eragile patogenoa jakin daiteke, ezinbestekoa dena sendagileak tratamendu eraginkorra ezar dezan.
Pertsona osasuntsu baten odola esterila da, ez du inongo mikrobiorik. Bakterio edo beste mikrobioen presentziak odol-infekzioa adierazten du.
Odol-kultura egiteko, 10 ml. odol ateratzen dira ahalik eta era aseptikoenean, eta aerobioentzat eta anaerobioentzat hazkuntza-inguru likidoa duten bi flaskoetan sartzen dira. Azkar burutu behar da prozesua, odolaren gatzapena ekiditeko. Hazkuntza-inguruek antikoagulatzaileak dituzte.
Hazkuntza-ingurua duten bi flaskoak 37 °C-tan inkubatzen dira, gutxienez 5 egunetan. Flasko bat ingurugiro aerobioan eta bestea anaerobioan.
Bost egunetan inkubatu ostean, sedimentu bat agertuko da (eritrozitoak dituena) eta likido bat flaskoaren gainaldean, balizko bakterio patogenoak dituena. Likido horren uhertasunak bakterioen presentzia agerian jarriko du (aldiz, likido hori gardena bada ez da ziur aski mikrobiorik izango).
Bakterioak bakartu edo isolatzeko, inkubatutako flaskoetatik ereintza bat egingo da odol-agar edo txokolate agar izeneko hazkuntza-inguruetan.