Edukira joan

Altzola (Elgoibar)

Koordenatuak: 43°14′11″N 2°24′02″W / 43.23639°N 2.40056°W / 43.23639; -2.40056
Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau Elgoibarko auzoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Altzola».
Altzola
 Euskal Herria
Altzolaren ikuspegi orokorra
  
Map
Kokapena
Herrialdea Gipuzkoa
UdalerriaElgoibar
Geografia
Koordenatuak43°14′11″N 2°24′02″W / 43.23639°N 2.40056°W / 43.23639; -2.40056

Altzola Elgoibarko iparraldean dagoen auzoa da, Mendarorako bidean eta Deba ibaiaren ertzean kokatutakoa. Historikoki, Altzolak berebiziko garrantzia izan zuen Behe Erdi Arotik aurrera, Gaztela eta kostaldearen arteko merkataritza bidean askotariko produktuak kabarretan ibaiz garraiatzeko abiapuntua zelako. XIX. mendetik aurrera ur mineralen ustiaketa hasi zen, hasieran bainuetxe eta ostalaritza arloan, eta gero ur botilatuaren ekoizpenean.

Albizkua edo Naparkua etxe/lonja.

Historikoki, etxe eta lonjak ibaiaren eskuin aldean kokatzen ziren. Ibaiaren ezker aldean baratzak, etxe bakarren bat, eta zubi ondoan San Anton eliza eta ospitala zeuden. San Anton eliza egon zen lekuan gero Bainuetxeko sukurtsala egon zen eta 1996ean Zubia jatetxea aurkitzen zen.[1]

Antzinan Mendaroko bailaran kokatzen bazen ere, Altzola Elgoibarko auzo da azken herri hau sortu zenetik, 1346tik alegia.[2]

Altzola garraio ontzien portu garrantzitsua izan zen Debara arte doan ibaiaren tartean. Burdinolekin lotutako gaiez gain (lehen aipu dokumentala 1442koa da[2]), Gaztela aldetik ekartzen zen artilerako ere puntu estrategikoa zen; horraino mandoz garraiatutako fardelak bertan itsasora zuzenean eramateko aukera baitzegoen, ala edo gallupa izeneko enbarkazioetan,[3] denbora eta dirua aurreztuz. Auzoko biltegietan salgai asko pilatzen ziren: Gasteiztik etorritako artilea; Leintz-Gatzagatik etorritako zamarien generoa; Arrasateko altzairua; Oñati, Elgeta eta Elorrioko azkonak eta pikak; Bergara, Soraluze, Elgoibar eta Ego ibarreko armak; bale-koipea, bakailaoa, linazia eta beste.[4]

Halere, dokumentazioan "puerto fluvial de Alzola" honen aipuak ugariak izan arren, historiografian ez da hainbeste ikertu izan.[4] Adibidez, Esteban Garibaiek Deba ibaiaren ibilbidea deskribatzearekin batera aipatu zuen Altzola, 1571ean, Elgoibarri zegokion zatian zera adieraziz: "media legua más abaxo está el lugar de Alzola, de donde se navega este río hasta el mar con barcos pequeños, que llaman alas, que son largas y angostas al modo de las góndolas venecianas, en las quales baxan y suben muchas mercadurías".[5]

Bizkaiko Meatzaldetik zetozen itsasontziek, esate baterako, ibaian gora egiten zuten Iruroguen (Iruroin) izeneko errenteriaraino, Debatik 3 bat kilometrotara. Puntu horretan ibaiaren sakonera txikiak garraio mota aldaketa eskatzen zuen, eta generoa (itsasuntzi bakoitzak 400 kintal garraiatzen zituen) ur ertzeko harritzan lagatzen zen, ibaian gora eramango zuten alak etorri arte (20 bat zmtako zingoa zutenak[6]). Iruroguen ez zen Deba eta Altzola arteko errenteria bakarra, beste puntu batzuetan ere (Aunçuriça, Recabarren, Astigarribia) deskarga eta kontroleko gune gehiago baitzeuden.[4]

Burdinoletako arduradunen ohizko bilerak San Anton elizan egiten ziren.[1]

Negozioaren beste zati handi bat bale-koipeari zegokion. Altzolan biltegi asko zeuden, Andaluziatik ekarritako buztinezko tina handiekin. Tina hauek itsasotik ekarritako bale-koipea gordetzeko alokatzen ziren; hortik saldutako koipea zahagietara aldatzen zen, zamarietan Gasteiz eta Gaztela aldera eramateko. Esate baterako, 1546 urtean Andres de Alzolaren etxean (Olaetxeako biltegia, agian?) 63 tina zeuden, eta haien alokairua (bakoitzarengatik 5 erreal eta erdi urtean) bere diru iturri nagusia zen.[4]

XVI. mende amaieran, ibaiaren ezker aldean beste eliza bat eraiki zen, bertako semea zen frai Domingo Altzola apezpiku domingotarrak Guadalajaratik (Mexiko) bidalitako oinplano eta diruari esker.[1]

Altzolako biztanleria

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c ARRIETA, Pello. 1996. Txokorik txoko, Altzola. Barren aldizkaria, 1996-IV-12.
  2. a b ARRIETA, Pello. 1996. Txokorik txoko, Altzola. Barren aldizkaria, 1996-III-29.
  3. «Lanbide gogorra - Aintzinako lanbideak» ORAIN Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2021-10-09).
  4. a b c d Azpiazu, José Antonio; Maiztegi, Xabier Elorza. (2009). «El trayecto fluvial Altzola-Deba» Itsas memoria: revista de estudios marítimos del País Vasco (6): 163–190. ISSN 1136-4963. (Noiz kontsultatua: 2021-10-03).
  5. (Ingelesez) «Los XL libros d'el compendio historial de las chronicas y vniuersal Historia de todos los reynos de España [Texto impreso / compuestos por Esteuan de Garibây y Çamálloa ... - Garibay y Zamalloa, Esteban de - Libro - 1571»] bdh.bne.es (Noiz kontsultatua: 2021-10-06).
  6. Amatiño. «De Deba a Altzola, río arriba» Eibar.ORG | Eibarko peoria (Noiz kontsultatua: 2021-10-09).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa