Edukira joan

Snooker

Wikipedia, Entziklopedia askea
Snooker
Irudia
Motakirol diziplina
Aurkitzailea edo asmatzaileaNeville Francis Fitzgerald Chamberlain (en) Itzuli

Snooker edo Snookerra (artikuluarekin esanez gero, euskaraz) billar joko eta kirol bat da, 19. mendean asmatu zena, eta 20. mendearen amaieran nazioarteko kirol profesional nahiko hedatua bilakatu dena.

Snooker bolen kokapena partida hasi aurretik, zuria semizirkuluaren edozein puntutan jar dezake hasiko den jokalariak, baina derrigor gorri bat jotzen hasi behar du.

Sei zulo dituen mahai handi batean (6,7 x 4,9 metro, neurriz) jokatzen da Snookerra.

15 bola gorri daude, eta kolorezko 6, gehi tiro egiteko bola zuria (cue delakoa, jokalariek makilarekin jaurtitzen duten bakarra). Takadak (break direlakoak, zulora doazen tiro onak erreskadan egiten dituzunean) hasten dira beti bola gorriarekin, eta txandaka, gorri eta kolorezkoak sartzen joan behar duzu. Gorria zuloa jausiz gero, ez da berriz irteten; kolorezkoak bai, bakoitza bere posizio zehatzera itzultzen da (puntu hori okupatua badago, arau bitxiak aplikatzen dira). Gorria zuloratzeak puntu bat ematen du, kolorezkoak puntuaketa desberdina daukate: horiak 2, berdeak 3, marroiak 4, urdinak 5, arrosak 6 eta beltzak 7.

Bola Balioa
Gorria Puntu 1
Horia 2 Puntu
Berdea 3 Puntu
Marroia 4 Puntu
Urdina 5 Puntu
Arrosa 6 Puntu
Beltza 7 Puntu

Gorria sartu ondoren, kolorekoa sartzeko orduan edozein kolore sar daiteke, baina "izendatu" beharra dago. Hau da, urdina izendatu ondoren, urdina ukitu egin behar da gutxienez (eta sartzen saiatu, break-ean jarraitzekotan). Hortaz, jokalariak abisatu egin behar du zein bola duen helburu. Hala ere, normalean "izendatzea" ez da praktikan gertatzen: makilarekin norabide jakin batean apuntatzen du jokalariak, eta norabide horretan bola bat egon ohi da ukitzeko moduan. Zalantza balego norabidean bola bat baino gehiago ageri direlako elkarrengandik gertu, jokalariak bai "izendatuko" du bat ahots ozenez, edo epaileak hori eskatutakoan izendatuko du bestela.

Gorri guztiak sartuta daudenean, kolorezkoak ordena zehatz batean zuloratu behar dira, oraingoan berriz kanpora irten barik (horitik beltzera, puntu gutxienekotik handienera).

Falta eta hutsak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tiro bakoitzean, tokatzen den bola (dela gorria edo kolore jakin batekoa), derrigor ukitu beharra dago. Beste bola bat ukituz gero, edo batere bolarik ukitu gabe utzita, falta eta hutsa da (fault eta miss). Helburu den bola ukitu ondoren ere egin daiteke faltarik: hau da, gorria tokatzen zaizu ukitzea, eta ukitzen duzu, baina karanbola baten ondorioz gorria zuloratu beharrean, kolorezko bat zuloratzen duzu. Edo helburu-bola ukituta ere, zuria zulora sartzen zaizu. Kasu hauetan, ez da miss edo hutsa, baina bai falta.

Falta egiteak, puntuak ematen dizkio kontrarioari. Lau puntuko falta da gutxienekoa, baina egindako faltan bola urdina, arrosa edo beltza badaude inplikatuta, orduan bola horien balio handiagoa gehitzen da puntu gisa kontrarioaren markagailura (bost, sei edo zazpi puntu alegia). Egindako faltan urdina inplikatuta egoteak ez du esan nahi hura ukitu duzunik nolabait: izan liteke urdina ukitzea tokatzen zaizula, eta batere bolarik ez duzula ukitzen. Kasu horretan ere, urdina inplikatua dagoela kontsideratzen da, eta falta 5 puntukoa da. Falta batean bi bola badaude inplikatuta, ez dira faltaren puntu-kopuruak batzen, baina bai aplikatzen da puntu gehieneko bolaren kopurua: horia (4 puntu falta egitekotan), eta urdina (bost puntu falta egitekotan), biak badaude inplikatuta faltan (biak zuloratu dituzulako, adibidez), urdinaren 5 puntuak gehitzen dira kontrarioaren markagailura.

A jokalariak huts edo miss egindakoan, kontrarioak (B-k) hiru aukera ditu, hiru erabaki har ditzake:

  • 1) bolak geratu diren posiziotik B-k joka dezake, ondo datorkiolako.
  • 2) bolak geratu diren posiziotik, A-k joka dezala erabaki dezake, bereziki posizio zaila izan daitekeen kasuan hala komeni dakioke B-ri.
  • 3) falta gertatu aurretik bolak zeuden posizioa berregiteko eskatu diezaioke epaileari. Posizio zaila bazen, falta eragiteko modukoa, berriz A-k falta egin eta B-k puntuak batzeko aukera izan dezake, edo posizio on bat lortu, eta horregatik bolak ber-kokatzea ohikoa da partida profesionaletan. Epailearentzat bolak nola zeuden gogoratzea eta berkokatzea zaila izan daiteke, baina lehiaketa inportanteetako azken faseetan, telebistako irudien grabatuen eta epaile laguntzaile baten laguntza egon ohi da.

Falta gertatu ondoren, 4. aukera bat ere gerta daiteke, falta egin ez duen jokalariak aprobetxatu dezakeena, Free ball edo bola libreko egoera. Demagun A-k falta egin duela, eta bolak geratu diren posizioan, B-k jokatu behar du orain. Hala ere, posizioak ez du B-ren tiro zuzen garbi bat uzten, alegia, bere bola zuriaren eta helburu den bolaren artean ez dago tiro garbi bat (helburu bolari ezkerretik zein eskuinetik zuzen emateko aukera gisa ulerturik tiro garbia).

Free ball edo bola librearen egoera.

Goiko irudiak erakusten du egoera: A jokalariak falta egin du, eta horrela geratu dira bolak. B-ren txanda da, eta gorria jokatzea tokatzen zaio, baina epaileak free ball dekretatu du: B-k ezin du gorria zuzen jo, bai eskuinetik, baina ez ezkerretik, beltza tartean delako. Epaileak bola librea deitu duelarik, aukera du B jokalariak gorriaren ordezko bola bat izendatzeko: kasu honetan, urdina komeni zaio, ze sartzeko erraza du. B jokalariak urdina izendatuko du free-ball gisa, baina gorriaren ordezkoa denez, gorriak bezala balioko dio sartuz gero (puntu bat). Sartu ondoren, urdina bere puntura itzuliko da, eta B jokalariak kolorezko bola batekin konbinazioa egiten jarraitu beharko du, efektu praktikoetara gorria izan baita bola urdina.

Britainiar Armadako ofizialek asmatu zuten jokoa 19. mendean, Inperioaren zerbitzura zeudela Indian. Black Pool jokoaren adar gisa garatu zuten, 15 bola gorrirekin eta koloreko beste batzuk gehituta. XX. mende hasieran, Erresuma Batura esportatu zuten, eta, ondotik, kirol berriaren araudia ofizialki ezarri zen. Munduko Txapelketaren lehen edizioa 1927an ospatu zen. Bigarren Mundu Gerra zela eta, 1941etik 1945era ez zen lehiaketarik egin; ezta 1958tik 1963ra ere, behera egin baitzuen kirolaren gaineko interesak[1].

20. mendeko parterik handienean Erresuma Batuko joko berezi samar bat izan zen, praktikan, snookerra; akaso, Commonwealth komunitateko herrialdeetan izan zezakeen ezagupena, baina ez handik kanpora.

1977tik, aldiz, urtero ospatu da, Sheffield-en (Erresuma Batua).

Snookerraren historian eta bilakaera nagusia 1969. urtean gertatu zen, non eta BBC kateak erabaki zuen bere telebistaren kolorezko emisio berrietan, joko honen emisioak arreta deitu zezakeen. Ordura arteko telebista zuri-beltzean zen, baina snookerrean, bola desberdinekin jokatzean, hain funtsezkoa da kolorea non apropos aukeratu zuten jokoa, sustapenerako. David Attenborough kazetaria enkargatu zen Pot Black programaren bidez snookerrari ospea ematen.[2][3]

Luzapen batzuez balia daitezke jokalariak jokaldia posizioagatik zuzenean jotzeko zaila denean.

BBCren emanaldiek arrakasta izatearekin batera, jokalari profesionalen jarduna ere bizitu zen: lehiaketa gehiago, jolakari lehiakorragoak, eta 1977. urtetik aurrera, urtero Sheffield hirian, Crucible arteoan, jokatzen den Munduko Txapelketa. BBCk jada 1978ko Munduko Txapelketa osorik erretransmititu zuen, eta nazioarteko arrakasta Irlandara eta Commonwealth-eko herrialdeetara hedatu zen.

1985. urtean, 18.5 milioi ikuslek ikusi zuten BBCn Dennis Taylor eta Steve Davis jokalarien arteko finalaren amaiera, audientziazko arraksata ikaragarri bat.[4]

1990. hamarkadaren bigarren erditik aurrera, jokoa Asian eta Europa kontinentalean hedatzen hasi zen. Europan Eurosport kateak bere errentransmisioetan sartu zuelako.

Barry Hearnen garaia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2010. urtean, Barry Hearn enpresariak snooker profesionala kontrolatzen duen konpainian (World Snooker Ltd., geroargo World Snooker Tour bihurtua) gehiengozko akzio-kontrola erdietsi zuen, eta bultzada handia eman dio jokoari: babesle berriak azaldu dira, Eurosport eta beste telebista batzuen bidez asko zabaldu dira erretransmisioak, tabakoaren publizitatearen debekuarekin galdu ziren babesleak apostu-etxeen publizitatearekin ordezkatu dira, eta jokoak are zabalkunde handiagoa lortu du munduan.

Era berean, hedatu egin da txapelketa profesionalen kopurua, baita sarien dirua ere, eta maila handiko profesionalen agerpena ere etengabea izan da: 147 puntuko jokaldi perfektuak urterik urte handituz doaz (kalitatearen seinale). Dena den, jokoaren dominatzaile nagusiak 2018. urtearen inguruan ere, 1990eko hamarkadan profesionalak izaten hasi ziren jokalari beteranoak dira neurri handi baten: Ronnie O'Sullivan, John Higgins eta Mark Williams (2018ko Munduko Txapelduna), hiruak profesional gisa 1992an hasi ziren jokalariak dira.

Jokalari txinatarren promesa eta eskandalua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Asian, bereziki jokalari on batzuk agertu zirelak 21. mendearen hasieran, zeinen artean nabarmendu zen Ding Junhui. Mastersa eta UK Txapelketa behin baino gehiagotan irabazi arren, Ding-ek ez zuen emaitza onik erdietsi Munduko Txapelketan, nahiz eta askok pentsatu bera izan zitekeela lehen txapeldun asiarra.

Ding-ek batera beste jokalari txinatar batzuk ere nabarmentzen hasi ziren, elitera iritsiz, baina ez rankingeko postu gorenetan.

2022. urtean, eskandalu handi bat piztu zen. Hamar jokalari profesional txinatarri lehiaketetan parte hartzea debekatu zitzaien, ikerketa ireki baitzieten. Ustez apostu sistemetan irabaziak sortzeko partidak eraldatzen zeuden inplikatuta. 2023ko ekainean snookerraren agintaritzak ikerketaren emaitzak jakinarazi zituen, eta zigor gogorrak ezarri jokalarientzat. Li Hang eta Liang Wenbok (azken hau ranking mailako txapelketak irabazitakoa) bizitza osorako egotzi zituzten jokotik, eta urteetako zigorrak jaso zituzten besteek.[5] Horien artean, Zhao Xintong eta Yan Bingtao promesa handikoak ziren bereziki, potentzialki Munduko Txapeldun izateko moduko jokalariak. Yanek Mastersa irabazi zuen 2021ean 20 urte zituela, eta Zhaok UK Txapelketa 2021ean. Hala ere, zigor gogorrak jaso zituzten biek, eta gero, gainera, Txinako snooker federazioak zigorrak hedatu zituen ezin jokatuzko denbora luzatuz; Yanen kasuan hasierako 5 urteko zigorra zazpi urte eta erdira, eta Zhaorena urte eta zortzi hilabetetik 2025. urteko uztailera arte. Beste jokalari txinatarrei ere luzatu egin zieten zigorra Txinako kirol agintariek.[6]

Guztiarekin, jokalari profesional txinatar bikainak geratu ziren zirkuitoan eskandalutik libre, eta 2023tik aurrera jokalari gazte gehiago ere hasi dira profesionalki jokatzen.

Emakumezkoen snookerra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izatez, Snookerraren zirkuitu profesionala ez dago generoak markatuta 21. mendeko 2010eko hamarkadatik. Emakumezkoak lehiatzen ahal dira Snooker txapelketa guztietan, sailkatuz gero, eta Munduko Txapelketa nagusiaren sailkapen faseetan egon izan dira emakumezkoak 2015 urtetik. Hala ere, arrazoiak zein direlarik ere, gizonezkoen maila onenetik urrutik daude emakumezko snooker jokalari onenak.

Emakumezkoentzako ebento propioak egon badira, eta Emakumezkoen Munduko Snooker Txapelketa ere bai.

Munduko txapeldunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatistiketara begira, 1969tik aurrera zenbatzen den jokoaren aro modernoan izandako garaipenak kontuan hartzen dira. Munduko Snooker Txapelketei dagokienez. Hortaz, 2024ra bitartean, aro moderno horretan jokatu dutenen artean Stephen Hendry eta Ronnie O'Sullivan munduko txapeldun arrakastatsuneak direla esan daiteke, bakoitza zazpi garaipenerekin.

Emakumezkoen artean, 2005en lehen munduko txapelketa propioa izan zutenetik, 12 aldiz izan da txapeldun Reanne Evans, lehena 2005ean eta 2014 arte erreskadan garaile, eta azkena 2019an.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Manias, Miren. «Kirolik ez zuzenekorik gabe» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-05-09).
  2. "Pot Black returns" Artxibatua 17 azaroa 2006 hemen: Wayback Machine, BBC Sport, 27 October 2005. Retrieved 24 February 2007
  3. Porter, H. "Cue China" Artxibatua 7 urria 2009 hemen: WebCite, Time, 20 June 2008, (Retrieved 23 June 2008)
  4. "1985: the black ball final" Artxibatua 24 iraila 2003 hemen: Wayback Machine BBC sport
  5. (Ingelesez) McNicol, Andrew. (2023-06-07). «Two Chinese snooker players banned for life for match-fixing, eight others suspended» CNN (Noiz kontsultatua: 2024-05-10).
  6. (Ingelesez) «Snooker match-fixing scandal: Five players have bans increased by Chinese governing body» BBC Sport 2023-06-21 (Noiz kontsultatua: 2024-05-10).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]