Pazko uhartea
Pazko uhartea | |||
---|---|---|---|
Txile | |||
Administrazioa | |||
Estatua | CHL | ||
Hiriburua | Hanga Roa | ||
Geografia | |||
Koordenatuak | 27°07′S 109°21′W / 27.12°S 109.35°W | ||
Azalera | 163,6 km² | ||
Punturik altuena | Maʻunga Terevaka | ||
Demografia | |||
Biztanleria | 7.750 (2017) | ||
Dentsitatea | 23,17 bizt/km² | ||
Gentilizioa | Rapa Nui, pascuense | ||
Informazio gehigarria | |||
Izen ofiziala | Isla de Pascua (es) Rapa Nui (rap) | ||
Gobernua | Txileko lurralde berezia | ||
Ordu eremua | UTC-6 | ||
Hizkuntza ofiziala | txiletar gaztelaina eta rapanuiera | ||
Ordu eremua | UTC−06:00 | ||
dppisladepascua.dpp.gob.cl |
Pazko uhartea[1][2] (gaztelaniaz Isla de Pascua; Rapa Nuieraz Te pito o te henua) Polinesiako uharte bat da, Txileren jabetzapean dagoena, Ozeano Barearen erdian kokaturik. 163,6 km² azalera du eta 3.837 biztanle, gehienak Hanga Roan, hiriburu eta herri bakarra.
Administratiboki, Juan Fernández uharteekin batera Txileko estatu bereziko bi lurralde bereziak dira. Hala ere, oraindik Valparaíso eskualdekotzat jotzen da.
Pazko uharteak garrantzi turistikoa du, bertoko rapa nuik eginiko moai harrizko estatuak ikusteko. 1935. urtean Rapa Nui Parke Nazionala eratu zen eta UNESCOk 1995ean Gizateriaren Ondare izendatu zuen.
Izena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Uhartearen ohiko izena Rapa Nui da, Tahitiko antzinako biztanleen hizkuntzan uharte handia esan nahi duena. Atzerritarra izan arren, horixe zen rapa nuik erabilitako izena.
Bertoko Rapa Nuiz uhartearen izena Te pito o te henua (euskaraz, "Munduko zilborra") edo Mata ki te rangi (euskaraz, "Zerurantz begiratzen duten begiak") dira. Gero, Rapa Nui uharteari deitzeko ez ezik, bertoko tribuari eta hizkuntzari deitzeko ere erabili zen.
Pazko uhartea izena Jacob Roggeveen nederlandar itsas gizonak jarri zion 1722ko apirilaren 5ean, egun hura Pazko Igandea baitzen, Pasen nederlanderaz Pazkoa delako eta horixe da izen "nazioartekoa". Bertokoek bere burua pazkoartzat (gaztelaniaz, pascuense) dute.
Espainiarrek Isla San Carlos (euskaraz, San Karlosko uhartea) izena jarri zioten, Espainiako Karlos I.aren omenez.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kondairak dio rapa nuiak Hiva izeneko uharte batetik zetozela (zientzialarien ustez, Polinesiatik etorriak dira) eta lehendabizko ariki (erregea) Hotu Matu'a zela IV. mendearen inguruan.
Rapa nuiek krisialdi larriak bizi zituzten XVII. eta XVIII. mendeetan. Hori zela-eta, moaiak eraikitzeari utzi eta Tangata manu (txori-gizona) erritual berria sortu zuten: haren arabera, manu tara txoriaren lehen arrautza lortzen zuena urte osorako buruzagi bihurtu zen.
Gero, europarrek uhartea bisitatu zuten, tartean James Cook eta Jean-François de La Pérouse. 1859 eta 1863 artean, esklabistek 2.000 uhartetar harrapatu zituzten. Horrek sazerdoteak galtzea ekarri zuen (eta, haiekin batera, rongo rongo Polinesiako idazkera bakarra ere galdu zen). Europarrek ekarritako gaixotasunek 110 biztanle utzi zituzten 1877an. Geroago, Policarpo Toro txiletar kapitainak eta Tahitiko Salmon anaiek, Dutrou-Bornierrek eta John Branderrek uharte osoko lurrak erosi zituzten, berez ezin salduzkoak baziren ere.
1888ko ituna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1888ko irailaren 9an, Txilek (Policarpo Toro korbeta-kapitainaren bitartez) eta Atamu Tekena rapa nuien erregeak (bere buruzagien kontseiluak lagunduta) Ituna sinatu zuten. Idatziak Acuerdo de Voluntades izena zuen, eta gaztelaniaz Txileri subiranotasunaren lagatzeaz hitz egin arren, Rapa Nuiz "mau te hoa kona" kontzeptua (euskaraz, "bertokoen laguna" edo protektoratua) gehiago azpimarratzen zen. Lau elementu zituen itunak[3];
- Rapa Nuik Txileko Estatuari ematen dio uhartearen gaineko subiranotasuna.
- Txilek konpromisoa hartzen du Rapa Nui herriko antzinako buruzagiek zituzten ahalmenak errespetatzeko; horrek uhartearen gaineko autogobernua eta autonomia errespetatzea dakar.
- Lurraren gaineko jabetza kolektiboaren eskubidea Rapa Nui herriaren esku geratzen da.
- Txilek konpromisoa hartzen du Rapa Nuiko biztanleak babesteko eta ongizatea eta garapena emateko, «bertokoen lagun» gisa jardunez (Repahoa).
Akordioak Maori herriaren eta Zeelanda Berriaren artean sinatutako Waitangiko Itunaren antzekotasun handia du. Hala ere, Txileko Estatuak sistematikoki bete gabe utzi zuen hitzartutakoa, eta Rapa Nui uhartea Frantziako eta Ingalaterrako konpainia ustiatzaileei errentan eman zien XX. mendearen lehen erdian, bere herrian etengabe urratuz giza eskubideak, bortxaketak eta esklabotza barne. Uharteko indigenek ez zeukaten bidaiatzeko eskubiderik ere.
Izatez, rapanuitarrek ez zuten herritartasun txiletarra eskuratu 1966 arte, 16.441 Legearen bidez, Pazko Legea deitua, lortu zuten hori.
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pazko uhartea Txileko kontinentetik 3.526 kilometrora dago, Pitcairn uhartetik 2.075 km-ra mendebalderantz eta Papeete,4.251 kilometrora. Hiruki itxura du: alde batek 16 km ditu, besteak 18 eta oinarriak, 24 kilometroko. Angelu baikotzean sumendi bat dago. Uharteko lekurik altuena 539 metroko Maunga Terevaka da.
Aldean zenbait uhartetxo ditu, hala nola Motu Nui, Motu Iti eta Motu Kao Kao (hego-ekialdean), Motu Tautara (ekialdean) eta Motu Marotiri (mendebaldean). Pazko uhartearen herri bakarra eta hiriburua Hanga Roa da.
Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pazko uharteak 5.034 biztanle ditu (rapa nui edo pazkoarrak). Hizkuntza ofizialak gaztelania eta Rapa Nui hizkuntza dira.
Klima
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Datu klimatikoak (Pazo uhartea) | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Hila | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) | 36 | 37 | 34 | 31 | 31 | 27 | 27 | 29 | 31 | 33 | 36 | 37 | ' |
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | 25 | 26 | 25 | 24 | 22 | 21 | 20 | 20 | 21 | 21 | 22 | 24 | 22.6 |
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) | 21 | 21 | 21 | 20 | 18 | 17 | 16 | 16 | 16 | 16 | 18 | 19 | 18.3 |
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) | 15 | 16 | 7 | 3 | 10 | 7 | 9 | 7 | 10 | 7 | 12 | 3 | ' |
Iturria: [4] |
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindia. (2013-07-13). 169. araua: Ozeaniako toponimia. .
- ↑ Euskaltzaindia. (2012-05-25). 170. araua: Amerikako toponimia. .
- ↑ «El Mundo Indígena 2020: Rapa Nui - IWGIA - International Work Group for Indigenous Affairs» www.iwgia.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
- ↑ http://www.weatherbase.com/weather/weather.php3?s=096458&refer=&units=us Weatherbase webgunea