Edukira joan

Rosa Parks

Wikipedia, Entziklopedia askea
Rosa Parks

(1955)
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakRosa Louise McCauley
JaiotzaTuskegee1913ko otsailaren 4a
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
BizilekuaDetroit
Talde etnikoaafro-amerikarra
HeriotzaDetroit2005eko urriaren 24a (92 urte)
Hobiratze lekuaWoodlawn Cemetery (en) Itzuli
Heriotza moduaberezko heriotza
Familia
Ezkontidea(k)Raymond Parks (en) Itzuli
Hezkuntza
HeziketaAlabama State University (en) Itzuli
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakautobiografialaria, giza eskubideen aldeko ekintzailea, eskubide zibilen aldeko ekintzailea, public figure (en) Itzuli eta militante politikoa
Jasotako sariak
KidetzaAlpha Kappa Alpha
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaEliza Metodista Batua

IMDB: nm0663005 Musicbrainz: 4417592c-2221-488b-b945-a1d021679bfd Songkick: 837011 Discogs: 965523 Find a Grave: 12149998 Edit the value on Wikidata

Rosa Louise Parks (jaiotza izena: Rosa Louise McCauley ; Tuskegee (Alabama), 1913ko otsailaren 4a - Detroit, 2005eko urriaren 24a) jostun afroamerikarra, Estatu Batuetako Eskubide Zibilen Aldeko Mugimenduko aktibista garrantzitsua izan zen, 1955eko abenduaren 1ean uko egin baitzion bere eserlekua gizonezko zuri bati utzi eta autobusaren atzealdean esertzeari, orduko AEBetako hegoaldeko legeak zioenaren aurka.[1][2] Ekintza honen ondorioz preso hartu zuten eta askotan aipatzen da hau izan zela Eskubide Zibilen Aldeko Mugimendua piztu zuena.[3]

Eskubide zibilak eta ekintza politikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parks Tuskegeen (Alabaman) jaio zen. Aita arotza zen eta ama irakaslea. Txikitatik izan zituen osasun arazoak (amigdalitis kronikoa). Gurasoak banatzean amarekin joan zen Montgomery (Alabama) ondoan bizitzera. Jostuna izan zen ia bizitza osoan.

Atxilotua (1956-02-22)

1950eko hamarkadaren hasieran Parksek eskubide zibilen aldeko mugimenduarekin bat egin zuen eta erakundean idazkari lanak bete zituen Koloreko Jendearen Aurrerapenerako Elkarte Nazionalaren (National Association for the Advancement of Colored People, NAACP) barnean, Montgomeryn. Highlander Folk Schoolera ere joan zen, langileen eskubideen eta arraza-berdintasunaren aldeko zentrua.

1955eko abenduaren lehen egunean, Rosa Parks Montgomeryko (Alabama) autobus publiko baten atzealdean eseri zen, arraza beltzekoei zegokien tokian. Zurien eserlekuen ostean, zehazki hurrengo lerroan. Arraza zurikoei zegokien aldea beteta zegoen antza, eta beltzen aulkiak behar zituztela argudiatu ostean, gidariak lekutik altxatzeko esan zien Parks eta beste hainbat bidaiariri. Emakumearen erantzuna ezezkoa izan zen, eta, ezezko horren ondorioz, handik gutxira atxilotu egin zuen Poliziak.[1]

Jokabide horren harira, beltzen komunitateko hainbat buruzagik autobus konpainia boikotatzera deitu zuten. Tartean, Robert Graetz apaiza eta Edgar Daniel Nixon zeuden. Nixon Montgomeryko afro-amerikarren komunitatearen buruetako bat zen, eta Rosa Parks atxilotu zutenean berak ordaindu zuen bermea.[1]

Egun bateko boikota egitea zen hasierako asmoa, baina gero eta lagun gehiagok egin zuten bat protestarekin; boikotari eutsi, eta 40.000 pertsonak 381 egunez egin zuten protesta. Egun horietan guztietan oinez joan ziren lanera, eskolara, elizara... Batzuetan, antolatu, eta autoak partekatu zituzten.[1]

1956ko azaroaren 13an, AEBetako Auzitegi Gorenak autobusetako segregazioa amaitzeko erabakia hartu zuen. Hilabete baten ostean, boikota bertan behera utzi zuten parte hartzaileek. Montgomeryko autobusen boikotean eskubide zibilen aldeko pertsona ospetsu askok hartu zuten parte: Ralph Abernathy eta Martin Luther King Jr. apaiz artzainak, besteak beste. [1]

Bien bitartean, 1956an, Parksen kasua Estatu Batuetako Epaitegi Nagusira iritsi zen eta honek garraioetako segregazioa konstituzioaren aurkakoa zela erabaki zuen.

AEBetako presidente Lyndon Johnsonen argazkia, Rosa Park, Martin Luther King. eta eskubide zibilen beste lider batzuekin, Boto-Eskubideen Legea sinatu zuenean, Washington, DC, 1965-06-08

Parks eskubide zibilen mugimenduaren ikono bilakatu zen. 1960ko hamarkadaren hasieran Detroit-era (Michigan) joan zen bizitzera eta han John Conyers demokrataren ordezkari izan zen 1965etik 1988ra.

Mugimenduan izandako paperari buruzko eztabaida

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historialari gutxik jartzen dute zalantzan Parksek eskubide zibilen aldeko mugimenduan izandako garrantzia eta eserlekua ez uzteko izandako adorea, baina zenbaitzuk elementu mitikoenen egiazkotasuna ukatzen dute.

Parksek 1955ean egindako delituaren kontaketa askotan "jostun nekatu" soil gisa agertzen da. Hala ere, Parksek bere My Life (Nire Bizitza) autobiografian aitortu zuen ez zegoela fisikoki nekatua, "hainbeste amore emateaz nekatua (nazkatua)" baizik.

Gainera, hainbatetan izkutatzen saiatu dira aurrez NAACParekin eta Highlander Folk Schoolarekin zuen lotura, pertsona normal bezala azalduz, aktibista politiko ordez.

Istorio askotan ez da azaltzen beltzentzat zehaztutako sekzioan zegoela eserita eta zurientzako sekzioa betea zegoenez, pertsona zuri batek bere eserlekua nahi zuela. Hau da, arazoa ez zen eseri zenean sortu, jaikitzeari uko egin zionean baizik.

Parks ez zen eserlekua uzteari uko egin zion lehen pertsona izan. NAACPak beste antzeko kasu batzuei laguntza eskeinia zien, hala nola, Irene Morgani, hamar urte lehenago. Kasu honetan estatu arteko komertzioan zegoen bereizketarekin amaitzea lortu zen, hala nola, autobus publikoetako estatu arteko bidaietan. Rosa Parksen kasua iraultzailea izan zen estatuko legeei eragiten zielako, ez estatu artekoei.

2002ko Barbershop filmeko eszena batean, protagonistek iraganean beraien eserlekuak uzteari uko egin zioten afroamerikarrei buruzko eztabaida bat dute. Honen ondorioz, Jesse Jackson eta Al Sharpton aktibistak buru zituen filmaren aurkako boikota egin zen.

OutKast-en aurkako demanda

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1999an Parksen abokatuek OutKast musika taldea auzitara eraman zuten bere izena Rosa Parks abestian erabiltzeagatik. Auzia arbuiatua izan zen. Parksek 2001ean Johnny Cochran abokatua kontratatu zuen hel egiteko, baina berriz arbuiatu zuten 1. enmiendak babesten zituela argudiatuz. 2003an Auzitegi Gorenak onartu zuen auzia. 2004an epaileak abokatu inpartzial bat aukeratu zuen, aurrekoak interes ekonomikoa besterik ez omen zuten eta. Auzia oraindik abian da. 2005ean zehar demandan argitaratutakoaren arabera, Parksek dementzia izan zuen bere azken urteetan

Sari eta ohoreak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Rosa Parks, Bill Clinton presidentearekin.
Rosa Parksen omenezko Kongresuaren Urrezko Dominean "Gaur egungo Eskubide Zibilen Aldeko Mugimenduaren ama" irakur daiteke

1979an NAACPak bere saririk garrantzitsuena, Spingarn domina eman zion. Hurrengo urtean Martin Luther King Sr. jaunak jaso zuen sari hau.

Rosa Parks Michigan Women's Hall of Fame-an sartu zuten 1983an, eskubide zibilen alorrean lortutako aurrerapausoengatik.

Bizitza osoan arrazakeriaren aurkako borrokan aritu ondoren, Congressional Gold Medal (Kongresuaren Urrezko Domina) jaso zuen 1999an.

Rosa Parks 2005eko urriaren 24an hil zen, 92 urte zituela, azken urteak igaro zituen etxean. 2004an jarraikako dementzia diagnostikatu zioten.

2005eko urriaren 30ean bere gorpua Kapitolioko biribilgunean omendu zuten. Ohore hau jaso zuen lehen emakumea eta bigarren afroamerikarra izan zen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e Menor, Nerea. «Rosa Parksen etxearen bidaia» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-08-12).
  2. «Rosa Parks, mucho más que una costurera cansada» KienyKe (Noiz kontsultatua: 2022-07-07).
  3. «Biografia de Rosa Parks» www.biografiasyvidas.com (Noiz kontsultatua: 2022-07-07).
  • Parks, Rosa; Haskins, Jim (2019). Rosa Parks : mi historia. Plataforma. p. 200. ISBN 978-84-1788-6110. Edición en inglés (1958).
  • Parks, Rosa (1992). Rosa Parks. Dial Books. ISBN 978-0-8037-0673-6.
  • Postigo Cubo, Virgilio (2009). Dirige tu vida. Cultivalibros. ISBN 9788499230702.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Rosa Parks Aldatu lotura Wikidatan

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]