Edukira joan

Ibai-aingira

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau arrainari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Aingira (argipena)».
Ibai-aingira
Iraute egoera

Galzori larrian  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaActinopteri
OrdenaAnguilliformes
FamiliaAnguillidae
GeneroaAnguilla
Espeziea Anguilla anguilla
(Linnaeus, 1758)
Banaketa mapa

Ibai-aingira edo aingira[1] (Anguilla anguilla) anguillidae familiako arraina da, Iparraldeko Ozeano Atlantikoan eta Europa inguratzen duten itsasoetan bizi dena[2]. Euskal Herrian aingira populazio ugari daude, bereziki kantauriar isurialdean.

Aurkitutako ibai-aingirarik luzeenak 133 cm eta 6,6 kg.[3] zituen eta zaharrenak 88 urte[4].

Bere hegaletan ez du hezurrik eta eta berde-marroi koloreko gorputz luzanga du,[5] aurrealdean biribila eta atzealdean zapala dena[6]. Aldeko hegalak luzeak ditu oso,[6] ipurditik ia gorputzaren erdira doazenak[7][5].

Aingira gure ibaiak populatzen dituztenen artean nahastezina da, bere suge itxuragatik eta oso malgua delako. Bere gorputza oso luzanga da eta sekzio zilindrikoa du, nahiz eta alboetatik zertxobait konprimitua isats aldera. Ahoa terminala dena, hortzez hornitutako bi masailezur sendoz osatuta dago, zertxobait txori baten mokoa gogorarazten du. Arrain hauek ez dituzte hegatz bentralik eta bai bizkar-hegatsa, kaudala eta uzki-hegatsa elkartuta dituzte, bizkarreko eta sabeleko atzeko erdian zehar doan hegats jarraitu bat osatuz. Ezkatak errudimentarioak eta oso txikiak, ez dira begi hutsez hautematen. Beraz aingirak eskaintzen duten inpresioa biluzik daudena da; gainera, larruazaleko zelulek jariatzen duten muki-geruza lodi batek estaltzen du guztia, eta horrek animalia oso irristakorra egiten du eta oso zaila da eskuekin eustea.

Kolorea aldakorra da eta, besteak beste, adinaren eta garapen fasearen araberakoa da. Gazteek azal horixka dute. Pixkanaka-pixkanaka bizkarra ilundu egiten zaie, helduen fasean, sexu-heldutasunetik gertu dagoen arte, ugalketaren hurbiltasuna erakusten duen zilar tonua hartzen duten arte.[8]

Habitat eta ohiturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendebaldeko Ozeano Atlantikoan dagoen Sargazoen itsasoan neguaren bukaeran jaioak, larbek 10 hilabeteko bidaia egiten dute Europako kostaldeetara urak lagunduta[5][9]. Europan ibaietan gora egiten dute eta urte asko ematen dituzte metamorfosi egin[2] eta itsasora itzuli arte[10].

Aingira espezie katadroma da, ibaietako ur gezetan bizi eta itsasoan ugaltzen dena. Udazkena eta neguaren hasiera bitartean, sexu-heldutasunera iristear dauden helduek ibaian behera egiten dute migrazioa. Behin itsasora helduta, bidaia luze bati ekiten diote, Sargazosko itsasora, Atlantikoko iparralderaino. Latitude horietan egiten dute ugalketa Atlantikoko aingira guztiek, 300 metrotik gorako sakoneran. Eme bakoitza hainbat miloi arrautza askatzeko gai da, ernaldu ondoren, larba txikiak sortzen dituzte. Leptocéfalo izenez ezagutzen direnak gero izango direnetik oso desberdinak. Luzeran, zentimetro bat baino asko gehiago ez dute neurtzen eta hosto itxurako izaki hauek itsas korronteek bultzatutako kostaldeetara itsulera bidaia egiten dute, eta bizpahiru urteko epean gure ibaien bokaletik gertu kokatzen dira. Denbora horretan zehar larbak, iragazten dituzten mikroorganismo plaktonikoez elikatzen dira. Kostaldera iristean metamorfosi prozesu bat jasaten dute, eta horren bidez, luzera apur bat murriztu egiten zaie eta gorputz luzatu, hosto itxura izateari uzten diote, sekzio zilindriko bat hartzeko; aldi berean ibaian gora igotzen hasten dira eta bizkarra ilunagoa bihurtzen zaie. Haiek dira gure lurraldean hain ezagunak eta estimatuak diren angulak (txitxardinak). Momentu honetatik aurrera, angula txikiak ibaietako uretan bizitzen hasten dira, emeak ibaian gora igotzen direlarik eta arrak gehienak ur gazietako eremuetan edo haietatik hurbil ibaien beheko ibilguetan geratzen dira.

Aingirak nahiko sedentarioak dira, gaueko eta lurraldeko ohiturak dituzte; norbanako bakoitza egunean zehar ezkutuan egon ohi den lurralde batean finkatzen da, kobazulo batean, harrien azpian, lokatzetan edo hondarretan lurperatuta. Iluntzean eta gauean hasten da bere jarduera, batez ere elikatzeko. Ikaragarri jatunak dira, harrapari petoak, eskura dauden harrapakin mota guztiak harrapatzen dituztenak. Haien harrapakinak gama zabala hartzen du, arraienen edo anfibio kumeetatik hasi eta zapaburuak, arraintxoak, igelak, uretako ornogabeak edo ibaien barreneko hondakinak.

Banaketa, habitata eta estatusa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aingiraren banaketa-eremua Europako eta Ipar Afrikako ibai guztietatik hedatzen da, ondorioz iberiar penintsulako ibaietatik barne.

Euskal Herrian aingira bi isurialde hidrografikoetako ibaietan aurkitzen da, nahiz eta gaur egun alde nabarmena egon bi isurialdeetan agertzen den maiztasunarekiko.

Kantauri ibaietan oso espezie ugaria den bitartean, ia ibai guztietan kopuru esanguratsuekin aurkitzen dena, Ebroren arrora isurtzen direnetan egoera prekarioa da eta aingira noizean behin baino ez da agertzen, izan ere, Ebrotik itsasoarekiko komunikazioa eten egiten da gaur egun bere ibilbidean ezarritako presa handien ondorioz. Uren banalerroak lerro diferentziala markatzen du espeziearen egoerari dagokionez, maiz izaten da iparraldean eta arraroa hegoaldean.

Aingirak ur-ibilguak kolonizatzen ditu bere ibilbide osoan zehar; bereziki ugaria da beheko ibilguetan eta itsasoaren bokaletik hurbil dauden eremuetan eta bere kopuruak behera egiten du iturburuetara igotzen den heinean. Korronte biziak dituzten eremuetan eta putzu eta urloetan ere aurkitzen da, nahiz eta ale zaharragoek eta handiagoek normalean azken babeslekuak nahiago izan.

Arrantza eta akuikultura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espezie preziatua da oso, batez ere jaio eta arrainkume direnean ibaietan gora egiten dutenean. Orduan «angula» izenaz ezagunak dira. Arrain-haztegietan ere ekoiztuak dira[2]

Fresko, ketu zein izoztuak errezeta asko daude angulak jateko[11].

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Barrutia, Eneko. (2003). «Arrainen izenak Bizkaian XX. mendean» (pdf) Zainak (Donostia: Eusko Ikaskuntza) (25) ISBN 8484198790. ISSN 1137-439X. Bibcode1137-439X..
  2. a b c C.L. Deelder (1984) "Synopsis of biological data on the eel, Anguilla anguilla (Linnaeus, 1758)" FAO Fish. Synop. 80. alea
  3. Dekker, W., B. van Os eta J. van Willigen (1998) "Minimal and maximal size of eel. L'Anguille Européenne. 10e. Reunion du Groupe de Travail "Anguille" EIFAC/ICES". Bulletin Francais de Peche et Pecherie, Conseil superieur de la peche, Paris, 1998
  4. Bobick, J.E. eta M. Peffer (1993) "Science and technology desk reference". Gale Research Inc.
  5. a b c Rochard, E. eta P. Elie (1994) "La macrofaune aquatique de l'estuaire de la Gironde. Contribution au livre blanc de l'Agence de l'Eau Adour Garonne". J.-L. Mauvais eta J.-F. Guillaudek argitaratutako "État des connaissances sur l'estuaire de la Gironde" liburuan, Agence de l'Eau Adour-Garonne, Éditions Bergeret, Bordele
  6. a b Bauchot, M.-L. (1986) "Anguillidae". P.J.P. Whitehead, M.-L. Bauchot, J.-C. Hureau, J. Nielsen eta E. Tortonesek argitaratutako "Fishes of the north-eastern Atlantic and the Mediterranean". 2. Liburukia, UNESCO, Paris.
  7. Keith, P. eta J. Allardi (2001) "Atlas des poissons d'eau douce de France". Muséum national d’Histoire naturelle, Paris
  8. (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A., 95 or. ISBN 84-7542-639-5..
  9. Riede, K. (2004) "Global register of migratory species - from global to regional scales. Final Report of the R&D-Projekt 808 05 081". Federal Agency for Nature Conservation, Bonn
  10. Matallanas, J. (2005) "A world overview of species of interest to fisheries" FAO-FIGIS
  11. Frimodt, C. (1995) "Multilingual illustrated guide to the world's commercial coldwater fish". Fishing News Books, Oxford. 215. orr.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]