Edukira joan

Anemona arrunt

Wikipedia, Entziklopedia askea
Anemona arrunt
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaCnidaria
KlaseaAnthozoa
OrdenaActiniaria
FamiliaActiniidae
GeneroaAnemonia
Espeziea Anemonia sulcata
Pennant, 1777

Anemona arrunta edo itsas anemona arrunta[1] (Anemonia sulcata) Actiniidae familiako anemona da, Mediterraneoan eta Ozeano Atlantikoaren ipar-ekialdean bizi dena.

Espainia hegoaldean "ortiguilla" izena ematen zaio eta jan egiten da. Akuikultura jarduera zabala ere badu.

Gure kostaldean ugariagoa den itsas anemona arrunta (Anemonia viridis) haren sinonimotzat hartzen dute hainbat adituk, oso antzeko animaliak baitira, eta oraindik ebatzi gabe dagoen auzia da[2]. Anemonia sulcata Thomas Pennant naturalista galestarrak deskribatu zuen 1777. urtean[2].

Euskal izendegia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anemonia sulcata izendatzeko izen asko daude Euskal Herrian:

Izena Erabilera-eremua (udalerria)
anemona arrunta
itsas anemona arrunta Urdaibai[3], Donostia[1]
itsas asuna Zarautz[4]
itsas lorea[5]
Anemona arruntak. Garro berdeen muturretan orban moreak.

Anemonatan ohikoa den bezala gorputz zilindrikoa du, arroken arteko arrakalatan itsasten dena.

Zilindroaren goiko diskoaren erdigunean ahoa du eta sei zirkulutan kokaturiko garro luze, lirain eta ziri itxurakoek inguratuta. 20 cm-ko luzera hartzen dute garroek eta diskoa bera estaltzen dute[1]. Anemona honek kolore zurixka du, tono berde, gris edo marroi apalekin. Garroen muturretan knidozistoak kokatzen dira, zelula ziztatzaileak, eta more edo arrosa koloreko orbana osatzen dute[6][1].

Bi ekotipo agertzen ditu anemona arruntak; I ekotipoa txikiagoa da, 2-5 cm arteko diametroa duena eta 192 garro baino gutxiago dituena, gehienetan 142-148. II ekotipoa aldiz handiagoa da, 15 cm inguruko diametroduna eta 192 garrotik gora dituena, 348 ere izan ditzake[6].

Mediterraneo guztian zabaldurik dagoen anemona da. Bizkaiko golkoan ere aurkitzen da eta ez da erraza itsas anemona arruntarengandik bereiztea.

Marearteko eremuetako arrokei itsatsita bizi da, aurkitzen dituen arrakaletan. I ekotipoa gehienez ere 5 metrotako sakoneran aurkitzen da eta II ekotipoa 3-25 metro arteko sakoneran[6]. Ohikoa da olatuek eraginda garroak alde batera eta bestera mugitzea[1].

Anemona arrunta

Zooxantela alga mikroskopikoarekin sinbiosi harremana du. Zooxantelak ehunetan txertaturik dauzka eta fotosintesiaren bidez konposatu energetikoak ematen dizkio.

Garroen bidez krustazeo txikiak, bestelako ornogabeak eta arrain txikiak harrapatu eta pozoiarekin paralizatu ondoren ahora eramaten ditu. Knidozisto izeneko zelula erregarriek ezten mikroskopikoa erabiliz paralizatzen dituzte harrapakinak, baina beren burua babesteko ere erabiltzen dute. Asun landareak bezalako efektua sortzen du, baina luzaroago irauten du eta zauri sakonak eragin ditzakete, oso astiro orbaintzen direnak[1].

Espezie dioikoa da, hau da, sexu desberdineko aleak daude. 20 gramo pisatzen dituenean eta diskoak 22,5 mm-ko diametroa hartzen duenean lortzen du sexu heldutasuna. Ez du gonadarik; gametoak mesenterioan sortzen dira eta epitelioa zeharkatuz gorputzaren barrunbera doaz eta ur zutabean askatzen dira. Oozitoek dagoeneko badituzte zooxantelak barnean. Arrautzeen ernalketa itsasoko uretan gertatzen da. Ugalketa urte guztian zehar gertatzen bada ere martxoa eta maiatza artean izaten da ohikoena[7].

Ugalketa asexuala ere badu anemona arruntak[7].

Gastronomia eta ekoizpena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
"Ortiguilla frijituak"

Iberiar penintsulako hainbat eskualdetan kontsumitzen da, Andaluzian (Cádiz aldean batez ere[8]) eta Ebroren delta inguruan. Ortiguillas esaten zaie. Italiako hainbat eskualdetan ere jaten da, Sardinian, Katanian eta Sizilian, Capelli di Venere ("Venusen ilea") esaten zaio[9]. Kostaldeko platera da, izan ere uretatik ateratzerakoan berehala oxidatu eta galdu egiten baita.

Erresumingarria denez ozpinetan marinatzen da aurrena eta ondoren irineztatu eta frijitu egiten da. Anemona txikiak osorik jaten dira eta handiak zatitu egiten dira eta arrautzarekin tortila egiten da, arrozarekin ateratzen da, ravioliak egiten dira eta entsaladatan ere jaten dira[9].

Azken urteetan anemona arruntak haztegietan ekoizten hasi dira. Koral uharrietan funtzio garrantzitsua betetzen du eta haiek erauzteak kalteak eragiten ditu ekosisteman. Aspaldian kontsumorako ezezik akuarioetarako ere erabiltzen da, Finding Nemo filmaren ondoren pailazo arrainekiko sinbiosia oso popularra bihurtu delako eta bestetik lore deigarrien itxura dutelako[10].

Garroetan dituen knidozistoetako pozoiak erreakzio alergikoak eragin ditzake larruazalean. Neurotoxikotasuna ere eragin dezake sodio-potasio ponpengan eraginez eta zelula mintzaren zitolisia ere eragin dezake[11].

Untxiengan egindako ikerketetan ikusi da haien miozitoetako Na+/Ca2+ ponpei eragiten diela eta bihotzaren homeostasia elementu bi horietan oinarritzen denez bihotzekoa izateko arriskua handitzen du eta zelulen apoptosia arriskua ere handitzen du[12].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f (Indonesieraz) Yumpu.com. «Donostiako Itsas Ornogabeak - adeve.es» yumpu.com (Noiz kontsultatua: 2024-02-13).
  2. a b «WoRMS - World Register of Marine Species - Anemonia sulcata (Pennant, 1777)» www.marinespecies.org (Noiz kontsultatua: 2024-02-13).
  3. «Urdaibai.org. Urdaibaiko Galtzagorriak» www.urdaibai.org (Noiz kontsultatua: 2024-02-13).
  4. Joxe Mikel Garmendia, Javier Franco. (2016). Zarautz inguruko itsas biodibertsitatea. Zarauzko udala, AZTI, 34 or..
  5. Mikel Estonba Mintxero. (1995). Euskal Herriko kostaldea (IX): Itsaslabarretako bizia. Elhuyar aldizkaria, 3 or..
  6. a b c «Anemonia sulcata, Snakelocks anemone» www.sealifebase.ca (Noiz kontsultatua: 2024-02-13).
  7. a b «Frontiers | The reproduction of Anemonia sulcata (Pennant, 1777) (Cnidaria: Anthozoa) in southern Spain» www.frontiersin.org  doi:10.3389/conf.fmars.2016.05.00205/event_abstract. (Noiz kontsultatua: 2024-02-13).
  8. (Gaztelaniaz) Cañas, Jesús A.. (2023-05-10). «Ortiguilla, la anémona urticante que se consumía en los años del hambre y ahora es un manjar» El País (Noiz kontsultatua: 2024-02-13).
  9. a b (Gaztelaniaz) Viveur, Bon. «Ortiga de mar: qué es, usos en la cocina y precauciones de esta anémona comestible» Bon Viveur (Noiz kontsultatua: 2024-02-13).
  10. (Gaztelaniaz) Ortiguilla de mar: reproducción, alimentación, acuicultura y consumo. 2022-03-12 (Noiz kontsultatua: 2024-02-13).
  11. Tezcan, O. D. eta O. Gozer.. (2015). Severe Toxic Skin Reaction Caused by a Common Anemone and Identification of the Culprit Organism. Journal of Travel Medicine 22:, 269–271 or..
  12. Cao, Z., Z. Liu, P. Zhang, L. Hu, J. Hao, P. Zhang, Y. Tian, Z. Song, Q. Zhou, and J.-hua Ma. (2018). Sodium Houttuyfonate Inhibits Voltage-Gated Peak Sodium Current and Anemonia Sulcata Toxin II-Increased Late Sodium Current in Rabbit Ventricular Myocytes. Pharmacology 102, 253–261 or..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]