Rubén Blades
Rubén Blades Bellido de Luna (Panama Hiria, 1948ko uztailaren 16a) panamar abeslari, musikagile, musikari, aktore, abokatu eta politikaria da. XX. mende amaiera eta XXI. mende hasierako salsa-musikari arrakastatsuenetako eta eragin handienetako bat da. Bere abestietan politika eta gizarte gaiak sartu ohi ditu[1].
1970eko hamarkadatik aurrera, 20 album baino gehiago kaleratu ditu. 1978ko Siembra diskoa, besteak beste Pedro Navaja eta Plastico kantak dakartzana, salsaren historiako salduenetako bat da[2]. Horrez gainera, genero desberdinetako musikari ugarirekin lan egin du, hala nola Paul Simon, Sting, Juan Luis Guerra edo Chayannerekin. 1983an hasi zuen aktore ibilaldia, The Last Fight filmean. Bere interpretaziorik goraipatuenak Robert Redforden The Milagro Beanfield War (1988), Jim Koufen Disorganized Crime (1989) eta Richard Rushen Color of Night filmeetakoak izan dira[1].
2004ko Panamako presidentziarako hauteskundeetan Martín Torrijos sustengatu zuen. 2004 eta 2009 artean Turismo ministroa izan zen[3].
Erreferentziak
- ↑ a b Rubén Blades Encyclopædia Britannica Online. 2012ko urriaren 1ean begiratua.
- ↑ Rubén Blades Tcm.com
- ↑ Rubén Blades regresa a los escenarios tras cinco años como ministro de Turismo de Panamá Blogs.lavanguardia.com
Kanpo estekak
- (Gaztelaniaz) Webgune ofiziala
- (Ingelesez) Rubén Blades Allmusic.com