Edukira joan

Kraba arrunt

Wikipedia, Entziklopedia askea
Inprimatzeko bertsioa dagoeneko ez dago onartuta, eta baliteke errepresentazio erroreak izatea. Egunera itzazu zure nabigatzaileko laster-markak, eta horren ordez erabil ezazu nabigatzaileko inprimatze funtzio lehenetsia.
Kraba arrunt
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaActinopteri
OrdenaPerciformes
FamiliaSerranidae
GeneroaSerranus
Espeziea Serranus cabrilla
(Linnaeus, 1758)

Kraba arrunta, kabra arrunta[1] edo ahuntzarraina[2] (Serranus cabrilla) Serranidae familiako ur gaziko arraina da. Oso espezie arrunta eta haragi onekoa da.

Artisau- eta kirol-arrantzako pieza da. Hondartza-arteekin, tresmailez, hondoko tretzaz eta kanaberarekin arrantzatzen da. Leku batzuetan beita bizi gisa erabiltzen da.

Morfologia

Kraba arruntak oso azal koloretsua du, marroi gorrixkatik horira doana. Zeharkako zortzi zerrenda marroik estaltzen dute gorputza, eta luzetarako lerro zuri batek eteten ditu saihetsaren erdian. Luzetarako marra laranjek ere beheko saihetsak estaltzen dituzte. 12 cm-tik 25 cm-ra bitarteko luzera izan ohi du, baina 40 cm-tik gorakoa ere izan daiteke.

Gorputza luzea eta nahiko garaia da. Burua luzanga da eta operkuluan eta masailetan ezkatak ditu. Begiak globo-formakoak eta nahiko handiak dira. Zakatz-irekiera lodia da. Operkuluan hiru hezur daude. Hegats dortsal luze bat du eta uzkikoa ere luzea da, Bularrekoak zabalak dira, ordea.

Ekologia[3]

Arrain bentonikoa da. Plataforma kontinentalean eta ezpondan bizi da, 10 eta 500 m artean. Itsasertzean itsas belardietan eta hondo harritsuetan bizi da. Sakonera handiagoetan, hondo harritsu eta hareatsuetan agertzen da. Oso jatuna da, eta arrainak, krustazeoak, anelidoak eta moluskuak jaten ditu. Beste Serranus batzuk bezala, aldi bereko hermafrodita da eta aleek bi sexu-organoak dituzte. Sexu-heldutasuna 4 urtera iristen da, 15 cm-ra iristen denean. Udaberria eta uda bitartean ugaltzen da.

Banaketa

Mediterraneo osoan (Itsaso Beltza barne), ekialdeko Atlantiko osoan (Britainiar Uharteetatik Hego Afrikara) eta Indiako Ozeanoaren hegoafrikar zatian bizi da. Itsaso Gorrian ere bada, baina eztabaida dago Suezko kanala zeharkatuz ailegatu diren edo bertan baziren lehenagotik ere[4].

Erreferentziak

  1. Barrutia, Eneko. (2003). «Arrainen izenak Bizkaian XX. mendean» (pdf) Zainak (Donostia: Eusko Ikaskuntza) (25) ISBN 8484198790. ISSN 1137-439X. Bibcode1137-439X..
  2. «OEH - Bilaketa - OEH» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-08).
  3. «Marine Species Identification Portal : Comber - Serranus cabrilla» species-identification.org (Noiz kontsultatua: 2020-12-08).
  4. (Ingelesez) Bos, Arthur R.; Ogwang, Joel; Bariche, Michel; Horoiwa, Mizuki; Megahed, Menna; Ouf, Amged; Yasuda, Nina. (2020-08-05). «Anti-Lessepsian migration rectified: the Comber Serranus cabrilla (L. 1758) existed in the Red Sea prior to the Suez Canal opening» Marine Biology 167 (9): 126.  doi:10.1007/s00227-020-03748-0. ISSN 1432-1793. (Noiz kontsultatua: 2020-12-08).

Kanpo estekak