Amsterdamsche Football Club Ajax, AFC Ajax edo Amsterdamgo Ajax Herbehereetakofutbol talde historikoa da, palmaresik onena daukana. Europako lau kopa eta Kontinente arteko bi ditu. 1972an bi txapelketa horiek eskuratu zituen, eta 1995ean biak gehi Europako Superkopa.
Holandako Liga 33 aldiz irabazi ditu, azkena 2014an, eta Kopa 18 bider, azken aldiz 2010ekoa.
Amsterdamgo Ajax taldea 1900ko martxoaren 18an eratu zen Herbehereetako hiriburuan. Hasiera batean talde apala izan zen eta 1917an iritsi ziren lehenengo garaipenak, bi liga eta kopa bat jarraian irabaziz. 30. hamarkadan ordea herrialdeko talderik indartsuena izan zen eta palmares ikaragarri bati hasiera eman zion.
Taldearen "urrezko aroa" 60. hamarkadaren bukaeran iritsi zen. 1966, 1967 eta 1968ko ligak jarraian irabazi eta 1969an Europako Kopako finalera iritsi zen. Finala AC Milanek 4-1 irabazi zuen. 1971ean berriro iritsi zen finalera eta oraingoan Panathinaikos FC 2-0 ganditu zuen. Hori gutxi balitz, hurrengo bi finalak ere irabazi zituen Europako Kopa beretzat hartuz. 1972an gainera Kontinente arteko Futbol Kopa irabazi zuen. Talde honetan garrantzi berezia zeukan Johan Cruyff aurrelariak. Hau 1973an FC Barcelonara joan zen eta taldearen gainbehera hasi zen Europa mailan, Herbehereetan nagusi izaten jarraitzen bazuen ere.
Harrobi lanak beti izan du garrantzi handia Ajaxen eta jokalari multzo berria agertu zen 80. hamarkadan, besteak beste Marco van Basten eta Frank Rijkaard. Ez zuten aurreko taldearen palmaresik eskuratu baina Europako Errekopa irabazi zuten 1987an. Entrenatzailea Johan Cruyff zen. Hurrengo urtean ere Errekopako finala jokatu zuten baina oraingoan galdu egin zuten. AC Milanek taldeko izarrak fitxatu eta berriz ere behera egin zuen taldeak.
Jokalarien belaunaldi berria agertu zen, ikur nagusia Dennis Bergkamp zen eta berarekin baziren Clarence Seedorf eta De Boer anaiak ere. Louis van Gaal entrenatzailearen eskutik 1992ko UEFA Kopa irabazi zuten eta 1995ean berriz ere Europako Kopa eta Kontinente artekoa eskuratu zituzten. Historia berriz errepikatu zen eta taldeko jokalari guztiek kanpoko taldeetara alde egin zuten hurrengo hiru denboralditan.
Gaur egun Europan apal ari bada ere herrialdeko talde indartsuenetakoa izaten jarraitzen du. Honen adibide mende berrian irabazitako sei Liga eta lau Kopa. 2016-17 denboraldian Europa Leagueko finala jokatu zuen baina Manchester Unitedek garaitu zuen 2-0 emaitzaz. 2018-2019an sekulako taldea egin zuten, eta Real Madril eta Juventus kanpoan utzita, final-erdietaraino iritsi ziren Txapeldunen Ligan. Talde horretako jokalari aipagarri gisa: Onana, De Ligt, Tagliafico, De Jong, Schøne, Van de Beek, Ziyech, Neres, Tadić... Denboraldi honetan Liga eta Kopa irabazi zituzten.
2019-2020 denboraldian lehen postuan zeudela liga bertan behera gelditu zen COVID-19 pandemiaren erruz. Federazioak ez berrekitea erabaki zuen eta AZ Alkmaar taldearekin puntutan berdinduta zeudenez txapeldun titulurik ez ematea erabaki zen[1].