Edukira joan

Lankide:J88n/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ganorexia
Datuak
Idazlea (2022)
Argitaratze-data2022ko iraila
GeneroaSaiakera
HerrialdeaEuskal Herria
Orrialdeak181
ISBN978-84-9868-762-0

Ganorexia Iñaki Segurola idazle eta hiztegigilearen azken saiakera-lana da. Alberdania argitaletxearen eskutik argitaratu zen 2022ko irailean, Segurola hil ostean, Garbiñe Larrearen albazea lanari esker.

105 iritzi-artikuluz eta hiru ipuin laburren itzulpenez osatua dago liburua. Hasieran idazleak berak idatzitako atarikoa dakar, eta amaieran Garbiñe Larrearen epilogoa.

Estiloa

Idazleak atarikoan agertzen ditu bere estiloaren ezaugarriak, "ongi idazteari" kontrajarrita:

« Nik idazten dut era batean. Estilo batekin, estilo jakin batekin. Beste batzuek ez daukate estilorik. Sinetsarazi diete ez dutela herrenik egin behar inongo aldetara eta ibilera zuzen baten jabe izan behar dutela, eta horrela, munduaz ari -idatzi- behar dutela munduan sekula haizeak inondik joko ez balu bezala. Ondo idaztea hori izango da? Auskalo. Hemen era jakin batean idazten dugu; herren min batekin gabiltza. Hemen idazten dugun -irakurtzen den- munduak herrena egiten du geurekin batean.

Herrena, ezina: ganorexiaren aurreneko seinalea.

»

—Ganorexia, Iñaki Segurola [1]

Liburuko 105 hausnarketak laburrak dira, eta luzeenetik motzenerako hurrenkeran daude ordenatuta. Luzeenak lau orrialde pasa ditu, eta motzenak lerro bakar bat.

Gogoeta hauetan nabarmena da idazleak hizkuntza zukutzeko duen jarrera: hitzen esanahiari erreparatuz, erabilerarekin jolastuz, literaltasunari ere begiratuz... Hitzen "alde-erantzua" erakusten du, eta horrekin batera argi egin nahi dio irakurleari. Artikuluen izenburuetatik bertatik nabari da joera hori: "Bidaiatzea nazionalismoz sendatzen da" edo "Artista ezkertiarrak, artixta eskertiarrak". Bildumaren izenburua ere, "ganora" eta "anorexia" hitzen gurutzaketatik dagor. Iñaki Segurolak atarikoan dion gisa:

« Hitzak gurutzatzen dira. Hitzak gurutziltzatzen eta torturatzen dira gure aho-mihietan. Gurutziltzatze horren bitartez, hitzezko erredentzio koxkor bat egikaritzen da gure bihotz hiztunetan. »

—Ganorexia, Iñaki Segurola [2]


Gaiak

Bilduma honetan ere, Iñaki Segurolak bere ohiko gaiak lantzen ditu, hala nola: hizkuntza, artea, politika, espiritualitatea, eguneroko bitxikeriak, askatasuna, ura, mendia...

Hausnarketa asko eta asko aurrez irratsaioetan komentatu zituen, eta hazi horretatik abiatuta biltzen ditu hemen: "zmz?", "Iniziazioa arrandegian", "Autolaguntza, ezin beltzaren azpiko antolakuntza"...

Liburu-aurkezpena eta estekak

Ganorexiaren aurkezpen ekitaldia hemen ikus daiteke: https://www.youtube.com/watch?v=ju5h4mezmzo

Iñaki Segurolaren omenez egindako ekitaldia, "IÑAKI SEGUROLA etorriko ez litzatekeen ekitaldia (2022 - 12 - 10)": https://www.youtube.com/watch?v=W_b8FNssAdQ&t=78s

  1. Segurola Amutxastegi, Iñaki. (2022). Ganorexia. Alberdania, 11 or. ISBN 978-84-9868-762-0..
  2. Segurola Amutxastegi, Iñaki. (2022). Ganorexia. Alberdania, 14-15 or. ISBN 978-84-9868-762-0..