Hapax
Hapax edo hapax legomenon hizkuntzalaritzan eta lexikografian erabiltzen den terminoa da, greziera klasikotik datorrena: 'απαξ (λεγόμενον), hapax (legomenon), "behin baino ez (zen esan)". Corpus batean behin baino agertzen ez den hitz, hitz-forma edo adierazpidea da. Askotan, hapaxa idazkera akatsa baino ez da, baina hizkuntza aspaldikoa bada edo hila bada, zaila da behin bakarrik agertzen den forma hori zuzena den edo ez jakitea. Maiz ez da posible jakitea zein esanahi zuen, testuinguruak asko laguntzen ez badu behintzat. Gutxitan agertzen diren hitzek ere izen bereziak dituzte, nahiz hauek gaur egun nekez erabiltzen diren, euskaraz behintzat: dis legomenon (birritan dokumentatu diren hitzak), tris legomenon (hirutan dokumentatu diren hitzak), eta tetrakis legomenon (lautan dokumentatu diren hitzak). Bost bider agertzea askitzat jotzen da hitza lexiko "normalean" kokatzeko.
Hitz bat behin bakarrik dokumentatzeko arrazoiak: edo arrakasta eskasa izan duen neologismoa da, edo ia erabat galdu den arkaismo baten azken testigantza, testigantza bakarra da.
Testu batean zenbat eta arkaikoagoa izan eta zenbat tradizio literario txikiagoko hizkuntza aldaera batean idatzita egon, orduan eta aukera handiagoa hapax bat edo beste agertzeko. Horrela, mendebaldeko euskara zaharrean idatzita dagoen Refranes y Sentencias (1596) testuan, hainbat hapax identifikatu dira: alaune "majada", alberdau "regocijado", alogadu "alquilar", altamia "taza", andera "estimada señora"...
Hapax adibideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- nortelrye ('hezkuntza'), Erdi Aroko Chaucer ingeles poetaren testu batean.
- αυτογυος (autoguos), Hesiodoren lan batean: esanahia ez da argia, baina 'goldea' proposatu izan da.
- açaga "postrimería" Landuccioren euskara hiztegian, ustez Gasteiz inguruko hizkera islatzen duena. Hapax hau zaila da, ez baitakigu ziur azaga ala atzaga letraldatu behar den [1].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Zuazo, Koldo, 1992, “Azaga = Postrimería?” ASJU 26-3: 1003-1006